77. ALDIZKARIA - 2004ko ekainaren 28a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

168/2004 FORU AGINDUA, ekainaren 10ekoa, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo kontseilariak emana, turismoko bitartekotza eta zerbitzuen arloetako enpresa txiki eta ertainendako fondo galdurako dirulaguntzen 2004ko deialdiko arauak onesten dituena.

Lehengo Turismo Zerbitzuak Turismoko Plan Estrategikoa prestatu zuen 2001-2004 denbora tarterako. Gaur egungo Turismorako eta Turismoaren Sustapenerako Zuzendaritzak plan hori berraztertu eta 2006. urteraino luzatu du.

Aipatu plan estrategiko horren xedea Nafarroa turismoko destino bereizi gisara finkatzea da, komunitateko baliabide eta produktu turistikoak antolatuz: natura eta paisaia, ondarea eta kultura, hiri/komunitate aurreratua, gastronomia eta ardoak, eta eskualde guztietan aberastasuna eta enplegua sortuko dituzten produktu berriak ezartzea.

Plan horretako oharren artean, azpimarratu da turismorako sare profesional hartzailea sortzearen beharra. Bestetik, planaren ardatza diren 6 lerro estrategikoetatik laugarrenak beharrezko jotzen du Nafarroa sartzea turismoko merkatuan, eskaintza bereiziarekin, eta, halaber, helburutzat jotzen du hura merkaturatzeko produktuak eta loteak sortzea.

Ildo horretan, Departamentuak ezarritako sustapen politikari jarraipena emateko, bidezkotzat jo da turismoko bitartekotza eta zerbitzuen sektorea, hartzailea den heinean, sustatu eta bultzatzea. Horrela, haren lanak eragina izanen du bere sektorean berean, bai eta turismoko gainerako sektoreetan ere, hornitzaile diferenteekin aritzen diren enpresa bitartekariak baitira.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. Turismo arloko bitartekotza eta zerbitzuen arloetako enpresa txiki eta ertainendako fondo galdurako dirulaguntzen deialdiko arauak 2004rako onestea. Foru agindu honetako eranskinean ageri dira.

2. 25.000 euroko gastua baimentzea, foru agindu honek sortzen dituen konpromisoak betetzeko. Ordainketa 2004ko gastu aurrekontuko "Turismo arloko bitartekotza eta zerbitzuen arloetako enpresa txiki eta ertainendako dirulaguntzak" deritzon A10001-A1120-4709-751200 kontusailetik finantzatuko da.

3. Foru agindu hau eta bere eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Foru agindu honen aurka gora jotzeko helegitea jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Foru agindu hau honakooi jakinaraziko zaie behar diren ondorioak izan ditzan: Turismoaren Sektorea Sustatu eta Antolatzeko Zerbitzua, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Kontabilitate Zentroa eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa.

Iruñean, 2004ko ekainaren 10ean._Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilaria, Juan Ramón Corpas Mauleón.

2004. URTEAN NAFARROAN HARTZAILE LANAK EGITEN DITUZTEN BITARTEKOTZA ETA ZERBITZUEN ARLOETAKO ENPRESENDAKO DIRULAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIAREN OINARRIAK

1._Xedea.

Deialdi honek xede du 2004an Nafarroara etortzen direnei eskaintzen zaizkien aukerak eta zerbitzuak hobetzeko ekintzak sustatzea.

2._Onuradunak.

Turismoko ETEak, xehekako bidai agentziak edo haiek eratutako taldeak, baldin eta, urtean zehar, Nafarroan hartzaile lana jarduera ohikoa eta etengabea badute eta, halaber, turismo arloko administrazioak emaniko baimena badute.

Laguntza jasotzen duten enpresek ETEen definizioan finkatutako mugen barnean egon behar dute, 1996ko apirilaren 3an Batzordeak enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz emandako 96/280 EE Gomendioan ezarritakoaren arabera.

3._Laguntzak jasotzen ahal dituzten inbertsioak.

Dirulaguntza jasotzen ahalko dute 2004ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitarte egiten diren jarduera mota hauek:

_Prestakuntza: enpresako langile finkoendako prestakuntza ikastaroetan edo jarduerarekin zerikusia duten kongresuetan edo mintegietan parte hartzea. (hizkuntza ikastaroetan gutxienez 100 eskola-ordu egiaztatu beharko dira).

_Produktuaren sorrera: produktua diseinatzeko gastuak. Horietan sartuko dira zeregin horretan ari diren agentziako langileen bidai-gastuak eta dietak, bai eta hornitzaileekin egiten diren kontratuek sortutakoak ere.

_Sustatu eta merkaturatzea: turismorako sustaketa materiala sortu eta editatzea; web orrialde bat sortu edo berritzea; turismoaren ikuspuntutik, Nafarroan, sustatzeko ekintzak (azokak, jardunaldiak, aurkezpenak); sustaketa materiala banatzeko gastuak.

_Ingurumenaren gaineko ohitura egokiei eta sentsibilizazioari buruzko eskuliburuak sortu eta argitaratzea.

Dirulaguntza jasotzeko gastuen artean onartuko da, barne kostuen gehikuntza gisa, aurkeztutako aurrekontuaren % 10aren igoera .

4._Laguntzen zenbatekoa.

Fondo galdurako dirulaguntza gisa emanen dira laguntzak; % 70 prestakuntzan egindako inbertsioarengatik, % 50 gainerako gastuengatik. Hornitzaileekin egiten diren kontratuak direla-eta, eskabidea aurkeztutakoan 60 euroko dirulaguntza emanen da sinatutako kontratu bakoitzeko (gehienez ere 4.000 euro kontzeptu horrengatik).

Dirulaguntza kalkulatzerakoan Balio Erantsiaren gaineko Zergaren (BEZa) zenbatekoa kenduko da.

2004ko aurrekontuan xede horretarako kontusail bat dago, 25.000 eurokoa, "Turismoko bitartekotza eta zerbitzuen arloetako enpresa txiki eta ertainendako dirulaguntzak" izenekoa (A10001-A1120-4709- 751200 kontusaila).

Dirulaguntza eskaerek deialdi honi esleitutako kontusaileko dirua gainditzen badute, dirulaguntza kopuruak hainbanatu eginen dira, dagoen diruari egokitzeko.

5._Eskaerak eta agiriak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hilabete batekoa da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaera beteko da horretarako propio eratutako formularioa betez. Delako formularioa eskura dago Turismoaren Sektorea Sustatu eta Antolatzeko Zerbitzuan eta Interneteko helbide honetan: www.navarra.es/home_es/Catalogo+de+servicios/Ayudas/

a) Pertsona juridikoak: I.F.Z.ren fotokopia, sozietatea eratzeko eskritura publikoaren kopia eta horren aldaketena (Merkataritza Erregistroan behar bezala inskribatuak).

b) Dirua transferentzia bidez jasotzeko inprimakia, behar bezala betea.

c) Entitatearen legezko ordezkariaren aitorpena, azken hiru urteetan -aurtengoa barne-Administrazio honetatik edo beste batetik jasotako laguntzei buruzkoa (Europako Batasuneko "de minimis" arauaren menpeko laguntzak betiere).

d) Aurreikusitako jarduketen txostena eta kontzeptuen araberako aurrekontu xehekatua.

Agiriak Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuko erregistroan (Tomás Caballero parkea, 1, Iruña) aurkeztuko dira, edo Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren antolamendua eta funtzionamendua arautzen dituen ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretuaren II. eranskinean aipaturiko Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorreko edozein bulegotan, edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan adierazitako gainerako moduetan.

6._Eskaeren izapidaketa.

Aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago, interesatuari eskatuko zaio 10 eguneko epean okerrak zuzen ditzala; adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela.

Laguntza-eskaerak Turismoaren Sektorea Sustatu eta Antolatzeko Zerbitzuaren bidez tramitatuko dira, ebazpen proposamena igorriko baitu.

Aurkeztutako eskabideak ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, aurkezteko azken egunetik hasita.

Epe horretan ebazpenik ematen ez bada, ezetsitzat jo beharko da.

7._Laguntzen ordainketa.

Kultura eta Turismo Departamentuak onetsitako dirulaguntza behin bakarrik ordainduko da, egindako inbertsioaren faktura eta ordainagiria aurkeztu ondoren.

8._Onuradunen betebeharrak.

Hona hemen laguntza hauen onuradunen eginbeharrak:

a) 2004ko abenduaren 15ean baino lehen, gastuak justifikatzea, fakturak eta ordainagiriak aurkeztuz. Horiek martxoaren 23ko 85/1993 Foru Dekretuaren arabera eginen dira.

b) Dirulaguntzaren xedea diren jardueren txostena aurkeztea eta, kasua bada, egindako erreserba kopurua zehaztea.

c) Dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean ezarritako gainerako betebeharrak.

9._Helegiteak.

Deialdi honen, bere oinarrien eta berau aplikatzeko egintzen aurka gora jotzeko helegitea jartzen ahalko da Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hilabeteko epean.

10._Bateragarritasuna.

Deialdi honetako laguntzak bateragarriak dira beste administrazio publikoek, xede eta helburu bererako, ematen ahal duten beste edozein laguntzarekin.

Administrazio honek edo besteren batek emaniko laguntzek ez dute, inola ere, lagunduriko jardueraren kostua baino gehiago eginen. Kostu hori gainditzen bada, soberakina Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari itzuli beharko zaio.

Foru agindu honetako laguntzak "de minimis" araubidearen menpe daude; hau da, aurreko hiru urteko epean jaso dituen dirulaguntza guztien batura ezin izanen da 100.000 eurotik gorakoa izan.

Iragarkiaren kodea: F0409632