77. ALDIZKARIA - 2004ko ekainaren 28a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.1. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza

583/2004 FORU AGINDUA, maiatzaren 28koa, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, Aranguren Ibarreko Arau Subsidiarioak Entremutilvas deituriko sektorean aldatzeko espedientea, bertako Udalak sustatua, behin betikoz onesten duena.

2003ko abenduaren 18an, Aranguren Ibarreko Udalak eta Nafarroako Gobernuak lankidetza hitzarmen bat sinatu zuten, besteak beste etxebizitzetarako sektore urbanizagarri bat garatzeko konpromisoa hartzeko, gero Iruñerrian etxebibitza babestuen eskaintza handia egin ahal izateko.

Aranguren Ibarreko Udalak idazpuruan azaltzen den espedientea aurkeztu du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan, behin betikoz onets dadin.

Ikusirik ekarritako dokumentazioa eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak emandako adostasun txostena, bidezko da espediente hori behin betikoz onestea, foru agindu honen xedapen zatian azaltzen den zehaztapenarekin.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean xedaturikoarekin bat,

AGINDU DUT:

1. Behin betikoz onestea Aranguren Ibarreko Arau Subsidiarioak Entremutilvas deituriko sektorean aldatzeko espedientea, bertako Udalak sustatua, honako zehaztapen honekin:

_Sektorearen hirigintzako fitxari ondokoa eranstea, "bestelako zehaztapenak" atalean: Plan Partziala Herri Lan Departamentuak 2004ko apirilaren 13an eman eta espedientean dagoen txostenaren edukiari lotuko zaio.

2. Foru agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela adieraztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hura jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114. eta 115. artikuluei jarraikiz. Espedientearen kontra, bestalde, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahalko da, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko Sailari zuzendua, foru agindu hau jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikuluan xedaturikoari jarraikiz.

3. Foru agindu hau Aranguren Ibarreko Udalari eta Herri Lan Departamentuari jakinaraztea eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2004ko maiatzaren 28an._Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, José Andrés Burguete Torres.

Iragarkiaren kodea: F0408985