76. ALDIZKARIA - 2004ko ekainaren 25a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

222/2004 FORU DEKRETUA, maiatzaren 31koa, Agorretako Kontzejua, Esteribarko Udalekoa, desagertzea erabakitzen duena.

Esteribarko Udalak Nafarroako Gobernuari eskatu dio Agorretako Kontzejua toki entitate gisa iraungitzeko espedientearen tramitazioa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 44.1. artikuluko 1. idatz-zatiko a) letran ezarritakoaren arabera. Horrekin batera, eskaera-idazkia aurkeztu du, Kontzeju horretako 19 herritarrek sinatua, hots, legez eskatzen den gehiengoak sinatua, eta, orobat, Udalak horren gainean 2003ko azaroaren 7an hartutako erabakia, eskaerari oniritzia ematen diona.

Toki Administrazioko zuzendari nagusiak, urtarrilaren 19ko 5/2004 Ebazpenaren bidez, Esteribarko Udalari eta Agorretako Kontzejuari entzunaldia eman eta kontzejua iraungitzeko espedientea jendaurrean paratu zuen. Ebazpena 2004ko 19. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, otsailaren 13an.

Entzuteko eta jendaurrean egoteko emandako hilabeteko epea bukatu da eta ez da alegaziorik aurkeztu.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 44.1.a) artikuluak xedatzen du Kontzejuak bertako bizilagun gehienek eskaera idatzia aurkezturik iraungitzen direla, Udalari entzun ondoren.

Uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 44. artikuluko 2. idatz-zatiak xedatzen du Nafarroako Gobernuari dagokiola kontzejuak iraungitzat jotzea, Lurralde Mugaketaren Batzordeak txostena eman ondoren.

Lurralde Mugaketaren Batzordeak, 2004ko maiatzaren 18an, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 44.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, Agorretako Kontzejua desagertzearen aldeko txostena eman zuen.

Hori horrela, Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2004ko maiatzaren 31ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Agorretako Kontzejua, Esteribarko Udalekoa, desagertzea erabakitzea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 44. artikuluan xedaturikoarekin bat.

2. artikulua. Kontzejua iraungitzeko prozedurako arau hauei jarraikiko zaie:

1. Agorretako Kontzejuaren ondasun guztien inbentarioa egin eta Esteribarko Udalarenari gaineratuko zaio.

2. Esteribarko Udala Agorretako Kontzejuaren eskubide eta eginbeharretan subrogatuko da, egiten ari diren obra eta zerbitzuei dagokienez, eta eginkizunei loturiko ondasunen eta haiei dagozkien zerbitzuen oinordekoa izanen da.

3. Agorretako Kontzejuaren kontuak itxiko dira. Pagatu gabeko obligazioak eta kobratu gabeko eskubideak Esteribarko Udalaren aurrekontuei gaineratuko zaizkie. Iraungi den Kontzejuaren baliabide finantzario guztiak Udalaren diruzaintzara pasako dira.

4. Esteribarko Udalari emaniko ondasun, artxibo eta zigiluen akta eginen da.

3. artikulua. Foru dekretu hau Estatuko Administrazioari jakinaraziko zaio, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legeko 44. artikuluko 2. idatz-zatian aipatzen diren ondorioak sor daitezen.

4. artikulua. Foru dekretu honek bide administratiboa agortzen du. Esteribarko Udalari eta Agorretako Kontzejuari jakinarazi beharko zaie eta adierazi, haren kontra, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzen ahal dutela, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko salan, jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENA

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean berean hartuko du indarra.

Iruñean, 2004ko maiatzaren 31n._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Toki Administrazioko kontseilaria, Alberto Catalán Higueras.

Iragarkiaren kodea: F0408838