76. ALDIZKARIA - 2004ko ekainaren 25a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

219/2004 FORU DEKRETUA, maiatzaren 31koa, Sarrigurengo Kontzejua, Eguesibarko Udalekoa, desagertzea erabakitzen duena.

Ekonomia eta Ogasun kontseilariak, maiatzaren 9ko 116/2001, otsailaren 20ko 54/2002, otsailaren 11ko 32/2003 eta otsailaren 11ko 33/2003 Foru Aginduen bidez, ofizialtzat jo zituen Nafarroako Kontzejuek 1999, 2000, 2001 eta 2002ko urtarrilaren 1ean, hurrenez hurren, zituzten populazio zifrak.

Datu ofizial horien arabera, Sarrigurengo Kontzejuko populazioa 11 bizilagunekoa izan zen 1999ko urtarrilaren 1ean eta 10ekoa beste datetan. Beraz, hiru urtez elkarren segidan, hamasei bizilagun baino gutxiago izan ditu.

Toki Administrazioko zuzendari nagusiak, apirilaren 9ko 122/2003 Ebazpenaren bidez, Eguesibarko Udalari eta Sarrigurengo Kontzejuari entzunaldia eman eta kontzejua iraungitzeko espedientea jendaurrean paratu zuen. Ebazpena 2003ko 65. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, maiatzaren 23an.

Entzuteko eta jendaurrean egoteko emandako hilabeteko epea bukatu da eta ez da alegaziorik aurkeztu. Gero, 2003ko uztailaren 21ean, Eguesibarko Udalak erabaki bat hartu du, iraungipenarekin bat datorrela adierazten duena, uste baitu horretarako ezarririko legezko baldintzak betetzen direla, Kontzejuaren ondasun eta eskubide guztiak zehatz-mehatz ezagutu beharra deusetan galarazi gabe, Udala horietan sobrogatu ahal dadin.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 44.1 b) artikuluak, besteak beste, zuzenbideko hamasei biztanle izatera iristen ez diren kontzejuak iraungiko direla ezartzen du.

Arau horren 1. xedapen gehigarriak dioenez, 44.1 b) artikuluan ezarritako arrazoiaren bidez iraungiko dira hiru urtez segidan zuzenbideko hamasei biztanle baino gutxiago dituzten kontzejuak, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak indarra hartu ondoren argitaratutako datuen arabera.

Lurralde Mugaketako Batzordeak, 2004ko maiatzaren 18an, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 44.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, Sarrigurengo Kontzejua desagertzearen aldeko txostena eman zuen.

Hori horrela, Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2004ko maiatzaren 31ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Sarrigurengo Kontzejua, Eguesibarko Udalekoa, desagertzea erabakitzea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 44. artikuluan xedaturikoarekin bat.

2. artikulua. Kontzejua iraungitzeko prozedurako arau hauei jarraikiko zaie:

1. Sarrigurengo Kontzejuaren onasun guztien inbentarioa egin eta Eguesibarko Udalarenari gaineratuko zaio.

2. Sarrigurengo Kontzejuaren kontuak itxiko dira. Pagatu gabeko obligazioak eta kobratu gabeko eskubideak Eguesibarko Udalaren aurrekontuei gaineratuko zaizkie. Iraungi den Kontzejuaren baliabide finantzario guztiak Udalaren diruzaintzara pasako dira.

3. Eguesibarko Udalari emaniko ondasun, artxibo eta zigiluen akta eginen da.

3. artikulua. Foru dekretu hau Estatuko Administrazioari jakinaraziko zaio, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legeko 44. artikuluko 2. idatz-zatian aipatzen diren ondorioak sor daitezen.

4. artikulua. Foru dekretu honek bide administratiboa agortzen du. Eguesibarko Udalari eta Sarrigurengo Kontzejuari jakinarazi beharko zaie eta adierazi, haren kontra, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzen ahal dutela, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko salan, jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENA

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean berean hartuko du indarra.

Iruñean, 2004ko maiatzaren 31n._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Toki Administrazioko kontseilaria, Alberto Catalán Higueras.

Iragarkiaren kodea: F0408842