57. ALDIZKARIA - 2004ko maiatzaren 12a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

A Z K O I E N

Deialdia, Azkoiengo Udaleko udaltzain izateko bi lanpostu oposizio bidez betetzeko

1. oinarria._Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Azkoiengo Udaleko udaltzain izateko bi lanpostu oposizio bidez betetzea.

1.2. Deialdi hau dela medio izendatzen diren izangaiak Azkoiengo Udaleko funtzionario publiko eta udaltzain izanen dira; Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean izena eman eta bertan kidetzeaz gain, sistema horren babespean geldituko dira. Dei honen xede diren lanpostuak betetzeko izendatuko diren funtzionarioek, dagoeneko Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuak eta gainontzeko xedapen gehigarriek jasotzen dituzten eskubide pasiboen eta osasun-zein gizarte-laguntzaren sistemara afiliatuta baldin badaude, honetan segitzeko nahiz Gizarte Segurantzakora afiliatzeko aukera izanen dute.

1.3. Izendatzen diren izangaiek urriaren 14ko 213/2002 Legegintzako Foru Dekretuan eta hori garatzen duten arauetan ezarritako eginkizunak, eskubideak eta betebeharrak izanen dituzte, eta Foru Lege horretan ezartzen diren mailetako C mailaren barnean geldituko dira sailkaturik.

1.4. Lanaldia zerbitzuko beharretara egokituko da.

1.5. Izendatuek beren destinoko lekuan beharko dute bizi, eta horretarako, Azkoiengo udalerrian finkatuko dute beren bizilekua.

2. oinarria._Izangaien baldintzak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) Adinez nagusi izatea eta 35 urte baino gehiago ez izatea.

c) Batxilergoko titulua, Lanbide Heziketako bigarren mailakoa edo baliokideren bat izatea.

d) Eginkizunak betetzeko behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea eta ez egotea deialdiaren 3. eranskinean zehazten diren bazterbide medikoetan.

e) Gutxienez ere, gizonezkoak 1,70 metro luze eta emakumezkoak 1,65 metro luze izatea.

f) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez egotea eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua ez izana.

g) B.T.P. motako ibilgailuak gidatzeko eta A motako gidabaimenak izatea.

2.2. Baldintza horiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako bete beharko dituzte, g) letrako baldintza izan ezik; azken hori, deiaren 5.2.2 oinarrian ezarritakoa betez, oinarrizko prestakuntza ikastarorako izangaien behin-behineko zerrenda publiko egiten den egunean eduki beharko dute.

3. oinarria._Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartu ahal izateko eskabideak Azkoiengo Udalaren erregistro orokorrean beharko dira aurkeztu, edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legean arautzen diren bideetako bat erabilita, hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu ere, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina. Eskabide horiek deialdi honetan argitaratzen den ereduari beharko zaizkio lotu. Eredua Azkoiengo Udaletxean egonen da eskura. Haietan, eskabideak aurkezteko epearen azken egunerako oposizioan parte hartzeko eskatu baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela adierazi beharko dute.

3.2. Eskabidearekin batean, izangaiek 1. eranskinean agertzen diren proba fisikoak egiteko gaitasuna dutela egiaztatuko duen osasun ziurtagiri ofiziala aurkeztuko dute eta izen-emate eskubideetarako, 6 euro ordaindu izanaren frogagiria.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

4. oinarria._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea akiturik, alkateak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik bada, horiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan, alkateak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

5. oinarria._Oposizioaren nondik norakoa.

5.1. Oposizioa 2004ko ekainean hasiko da. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean bertan finkatuko dira ariketak hasteko tokia, eguna eta ordua. Gainerako probak egiteko iragarkiak, azkeneko proba non egin, hantxe emanen da hurrengoaren berri, baita Udaletxeko iragarki oholean ere, 48 ordu lehenagotik.

5.2. Oposizioak fase hauek izanen ditu:

5.2.1. Hautapen aldia; proba hauek izanen ditu:

A) Altueraren neurketa:

Probei hasiera eman aurretik, 2.1.e) oinarrian aipatzen den baldintza betetzen dela ziurtatzeko, izangaien altuera egiaztatuko da.

B) Lehen proba.

1. eranskinean ageri diren ariketa fisikoak egin beharko dira, eta haietako bakoitzak balioko du jendea baztertzeko, egiten den markaren arabera. Epaimahaiak finkatuko du ariketak egiteko ordena eta erabakiko du egun bakarrean edo gehiagotan egin behar diren.

Izangai guztiak antidoping kontrola egitera behartuta egonen dira, ariketak egin bitartean edo noiznahi, epaimahaiak hala eskatuz gero. Praktika debekatuak atzeman edo egiaztatzeko analisiak dagokion organo espezializatuak eginen ditu. Horretarako, debekatuta egonen dira galarazitako substantzia eta talde farmakologikoei eta kirolean arauz kanpokoak diren doping metodoei buruz Kiroletako Kontseilu Gorenak emandako 1996ko urtarrilaren 25eko Ebazpenaren eranskinean (1996ko otsailaren 8ko 34. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua) heldu diren substantziak, talde farmakologikoak, doping metodoak eta manipulazioak. Bazterturik geldituko dira kontrol horretan positibo ematen duten izangaiak.

C) Bigarren proba.

Idatzizko ariketa hauek egin beharko dira:

a) Proba objektiboan, 2. eranskinean ageri diren gaien gaineko galderak erantzutea.

b) Matematikako, Fisikako edo Kimikako hamar problema ebaztea. Horretarako, aski izanen da Batxillergoko, Bigarren Mailako Lanbide Heziketako edo horien pareko ezagupenak izatea.

c) Ortografiako ariketa bat.

d) Udaltzaingoaren eginkizunekin zerikusia duen gai bat idatziz garatzea.

Epaimahaiak finkatuko du ariketak egiteko ordena eta erabakiko du egun bakarrean edo gehiagotan egin behar diren.

D) Hirugarren proba.

Proba psikoteknikoak egin beharko dira, izangaiak lanpostuaren soslai profesiografikoaren eskakizunei noraino egokitzen zaizkien neurtu beharrez. Proba hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuaren laguntzaz eginen da.

Hautapen aldiko proba guztiak dei bakarraren bidez eginen dira, eta bazterturik geldituko dira erraten den egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein delarik ere.

5.2.2. Oinarrizko prestakuntzako ikastaroa.

Oinarrizko prestakuntzako ikastaroak gutxienez ere sei hilabete iraunen du eta Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren menpeko Segurtasun Eskolak emanen du.

Hautapen aldia gainditu ondotik, epaimahaiak argitara emanen du ikastarora behin-behinekoz onartutako izangaien zerrenda, lortzen duten puntuazioaren arabera ordenatua, eta kopurua ez da deialdiko lanpostuena baino handiagoa izanen.

Prestakuntza ikastaroan parte hartu ahal izateko, izangaiek, onartuen behin-behineko zerrenda jendaurrean jarri eta hamabost egun naturaleko epean, egiaztatu beharko dute 2.1 oinarriko a), b), c) eta f) baldintzak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea amaitzen denerako, eta, era berean, oinarrizko prestakuntza ikastarora behin-behinekoz onartuak izan diren izangaien zerrenda argitara ematen denean, aipatutako oinarri bereko g) baldintza betetzen dutela; hartarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

_Jaiotze aktaren ziurtagiria, dagokion Erregistro Zibilak luzatua, edo nortasun agiriaren fotokopia konpultsatua.

_Batxilergoko titulua, Lanbide Heziketako 2. mailakoa edo baliokideren bat.

_B.T.P. eta A motetako gidatzeko baimenen fotokopia konpultsatua.

_Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik berezia ez izanaren zinpeko aitorpena.

Epaimahaiak izangai horien osasun azterketa egiteko agindua emanen du, 3. eranskinean zehaztutakoaren arabera, beren gaitasun fisikoa frogatzeko. Bazterturik geldituko dira eskumena duen fakultatiboak egiten duen txostenean "ezgai" agertzen diren izangaiak.

Aipatu tramiteak eginik, epaimahaiak argitara emanen du oinarrizko prestakuntza ikastarora onartutako izangaien behin betiko zerrenda. Behin-behinekoz onartutako izangairen batek ez badu eskatzen zaion dokumentazioa aurkezten edo osasun azterketa gainditzen, probak gainditu eta puntuazio handiena duen izangaiarekin ordeztuko da behin betiko zerrendan, bere dokumentazioa bete eta osasun azterketa iragan ondotik.

Nafarroako Segurtasun Eskolaren antolaketaren eta funtzionamenduaren gaineko Erregelamenduak arautuko du Udaltzaingoaren Oinarrizko Prestakuntza Ikastaroa (100/2003 Foru Dekretua, maiatzaren 12koa; 70. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, 2003ko ekainaren 4koa). Ikastaroa utziz gero, izangaia deialditik baztertuta geldituko da.

Ikastaroak iraun bitartean, izangaiak Azkoiengo Udalaren zerbitzuko praktiketako funtzionarioak izanen dira, erregelamenduz dagozkien lansariak jasoko dituzte eta praktiketako funtzionario gisa dagozkien gainerako eskubideak izanen.

Prestakuntza ikastaroa amaiturik, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak izangaien kalifikazioa igorriko dio epaimahaiari.

6. oinarria._Proben balorazioa.

6.1. Lehen probako ariketak "gai" edo "ezgai" kalifikatuko dira, 1. eranskineko gutxienekoak gainditu edo ez. Bazterturik geldituko dira edozein ariketatan "gai" kalifikazioa eskuratzen ez duten izangaiak.

6.2. Hautapen aldiko bigarren probako ariketa bakoitza 0tik 25 puntu bitarte kalifikatuko da. Proba gainditzeko, ariketa bakoitzean 12,5 puntu atera beharko dute, gutxienez.

6.3. Hautapen aldiko hirugarren probako ariketa psikoteknikoetan, 0tik 20 puntu bitarteko kalifikazioa emanen zaie izangaiei, eta baztertuta geldituko dira 10 puntu eskuratzen ez dutenak.

6.4. Oinarrizko prestakuntza ikastaroak 0tik 800 puntu bitarteko kalifikazioa izanen du. Baztertuta geldituko da ikastaroko arloren bat gainditzen ez duena, Segurtasun Eskolak ezarri arauen arabera.

6.5. Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa ateratzeko, hautapen aldiko puntuazioa eta oinarrizko prestakuntza ikastarokoa batuko dira.

7. oinarria._Epaimahaiaren osaketa, eraketa eta jarduera.

7.1. Ondokoek osatuko dute epaimahaia:

Mahaiburua: Sagrario Guinduláin Guerendiáin, Azkoiengo Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Juana María Silvestre Escudero, Azkoiengo Udaleko lehen alkateordea.

1. mahaikidea: María Jesús Goiburu Imaz, Nafarroako Gobernuko Segurtasun Eskolak izendatutako mahaikidea.

Ordezkoa: Fernando Plano Izaguirre, Nafarroako Gobernuko Segurtasun Eskolak izendatua.

2. mahaikidea: José Manuel Paredes González, Azkoiengo Udaleko zinegotzia.

Ordezkoa: Jesús María Moreno Moreno, Azkoiengo Udaleko zinegotzia.

3. mahaikidea: Jesús María Angos Jaso, langileen ordezkaria.

Ordezkoa: Luis Fernando Pérez Pérez.

Mahaikide-idazkaria: Miguel Chivite Sesma, Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Julia Irisarri Moreno, Azkoiengo Udaleko kontu-hartzailea.

7.2. Epaimahaia probak hasi baino lehenago eratuko da, lehendakariak deituta.

7.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen erabateko gehiengoa, gutxienez, bertan ez bada.

7.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi honetako oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sor daitezkeen gorabeherak oro.

Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

8. oinarria._Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

8.1. Oinarrizko prestakuntza ikastaroa amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, guztira ateratako puntuazioaren arabera ordenatua, eta izangai aprobatuak izendatzeko proposamena eginen du.

8.2. Izendapen proposamena banan-banan jakinarazi ondoko hogeita hamar egun naturalen barrenean, zerrenda horretako izangaiek zin egin beharko dute, edo hitz eman, Nafarroako Foru Araubidea begiratu eta defendatuko dutela, Konstituzioari eta Legeei men eginen dietela eta karguko eginkizunak zintzo beteko dituztela.

8.3. Finkatu epearen barrenean zin egin edo hitz ematen ez duena, behar adina frogaturiko ezinbesteko kasuetan salbu, ez dute karguan izendatuko.

9. oinarria._Izendapena eta jabetza hartzea.

9.1. Alkateak Azkoiengo funtzionario eta udaltzain izendatuko ditu aurreko atalean aipatu proposameneko izangaiak, baldin eta 8.2 oinarrian xedatutakoa betetzen badute, eta izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

9.2. Izangai izendatuek hilabeteko epea izanen dute lanpostuaren jabetza hartzeko, izendapena jakinarazten denetik hasita. Aipatu epearen barrenean izangairen bat karguaz jabetzen ez bada, funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu, behar adina frogaturiko ezinbesteko kasuetan salbu.

10. oinarria._Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat paratzen ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Sailari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratzen denetik aitzina.

Azkoienen, 2004ko apirilaren hamahiruan._Alkatea, sinadura ulertezina.

1. ERANSKINA

Lehen probari dagozkion ariketak

1. Urean aritzeko gaitasunari buruzko testa (igeriketa).

Abiatzeko jarrera: zutik, igerilekuaren kanpo-ertzean. Ezin izanen da erabili urpean igeri egiteko betaurrekorik ez beste baliabiderik ere, baina bai igeri egiteko betaurrekoak.

Egiteko modua: ateratzeko seinalea entzun ondoan, izangaia urean murgildu eta 50 metro igerian egitea, ur azalean nahiz urpean, ahalik eta denbora laburrenean. Irteeratik 10 metrora bi metrotan urpean eginen du igeri, horretarako propio jarritako tartean, eta gero kontrako paretaraino segituko du, han buelta eman eta irteerara itzuliko da. Arestian aipatu tartera iristean berriz ere urpean eginen du igeri bi metrotan, eta paretaraino segituko du gero.

Izangaiak baztertzeko arrazoiak:

a) Kortxoetan edo igerilekuaren ertzean pausatu edo haietaz baliatuz bultzada hartzea.

b) Igerilekuaren hondoa ukituz bultzada hartzea.

c) Kalez aldatzea.

d) Urpean ibiltzeko tartean burua uretik ateratzea.

Kanporatuak geldituko dira, halaber, baliorik gabeko bi irteera egiten dituztenak (ateratzeko seinalea eman baino lehen).

Kalifikazioa: egindako denborak kontuan hartuz.

GIZONEZKOAK EMAKUMEZKOAK KALIFIKAZIOA

55" baino gehiago 58" baino gehiago Ez gai

55" edo gutxiago 58" edo gutxiago Gai

Marka ehunenak kenduta kalkulatuko da.

2. Erresistentzia proba: Course Navette-ren testa.

Izangaiek ahalik eta denbora laburrenean lasterka egin beharko dute joan-etorrian 20 metro luzera duen tarte batean, magnetofoiaren bidez agintzen zaien erritmoan. Izangaiek, seinalea entzutean, ibilbidearen bi muturrak seinalatzen dituzten marrak zapaldu behar dituzte, lehenik bat eta gero bestea. Buelta emanen da oin baten gainean pibotatuz eta marra zapalduz. Zintak soinua emanen du tarte erregularren arabera; probaren hasieran abiadura motela izanen da, baina gero eta azkarragoa.

Testaren xedea da magnetofoiak markatzen duen erritmoari eustea.

Honako kasu hauetan kanporatuko dira izangaiak:

a) Izangaia gelditu egiten bada.

b) Izangaia berari dagokion kaletik ateratzen bada.

c) Izangaiak bazterreko lerroak zanpatuz tarte osoa korritzen ez badu.

d) Izangaiak hiru aldiz jarraian ez badu lerroa zanpatzea lortzen seinale akustikoak agintzen dionean (metro bateko tartea onartuko da marratik seinaleak jotzen duen unean).

Kalifikazioa: iraganiko aldien arabera emanen da. Izangaia gelditu aurretik grabazioan entzun den azken aldira arte kontatuko da.

GIZONEZKOAK EMAKUMEZKOAK KALIFIKAZIOA

10 baino gutxiago 8 baino gutxiago Ez gai

10 edo gehiago 8 edo gehiago Gai

3. Besoetako indarraren testa.

Abiatzeko jarrera: barratik zintzilik egonen da izangaia, besoak flexionatuta, esku ahurrak gibelera begira, zangoak luze-luze eta oinak lurra ukitzen ez dutela. Kokotsa barraren gainetik, barra eta eskuak ukitzeke. Eskuak hutsik, eskularrurik edo beste inolako lagungarririk gabe.

Egiteko modua: helburua da hasierako posizioari eustea eskatutako denboran, gutxienez. Kronometroa martxan jarriko da izangaia hasierako posizioan modu egokian jarri bezain laster. Ondokoak izanen dira izangaiak kanporatzeko arrazoiak:

a) Izangaiak barra zein eskuak kokotsarekin ukitu edo kokotsa barra baino beherago jaisten badu.

b) Izangaiak zangoak flexionatzen baditu.

c) Izangaiak gorputza kulunkatzen badu.

Kalifikazioa: proba bukatutzat ematen den arte, izangai bakoitza hasierako posizioan egondako denboraren eta ondoko eskalaren arabera:

GIZONEZKOAK EMAKUMEZKOAK KALIFIKAZIOA

40" baino gutxiago 25" baino gutxiago Ez gai

40" edo gehiago 25" edo gehiago Gai

Denbora kalkulatuko da ehunenak kontuan hartu gabe.

4. Gorako jauziaren testa.

Abiatzeko jarrera: zutik "Bosco System" plataformaren barnean. Izangaiak besoak mugi ditzake eta enbor-belaunak tolestu ere bai, baina oinak mugitzerik ez du, ezta lurretik osorik nahiz apur bat bereizterik ere, jauzia egin aitzin.

Egiteko modua: izangaiak ahalik eta jauzi altuena egin behar du eta airean egon ahalik eta luzeen. Zutik erori behar du plataformaren barruan, oreka galdu eta errebotatu gabe.

Jauzia baliogabetuko da honelakoetan:

a) Izangaiaren oin bat edo biak plataformatik kanpora gelditzen badira erortzen denean.

b) Izangaiak plataforma ukitzen badu oinak ez diren gorputzaren beste edozein atalekin.

c) Izangaiak erortzean errebotatu egiten badu plataformatik.

Izangaiak nahi dituen saioak egin ahal izanen ditu bi jauzi teknikoki baliagarri lortu arte.

Kalifikazioa: jauzi egitean izangaiak airean irauten duen denboraren arabera, "Bosco System" plataformak neurtzen duen bezala, hots, zatikiak ehunenetan.

GIZONEZKOAK EMAKUMEZKOAK KALIFIKAZIOA

0"57 baino gutxiago 0"47 baino gutxiago Ez gai

0"57 edo gehiago 0"47 edo gehiago Gai

Denbora kalkulatuko da milarenak kontuan hartu gabe. Kalifikazioa, betiere, plataformak neurtutako denboraren ariora emanen da. Izangaiek jakin dezaten, baliokidetze teorikoen taula hau eransten da, jauzia lortutako garaieraren ariora neurtuta:

GIZONEZKOAK EMAKUMEZKOAK KALIFIKAZIOA

0,39 m baino gutxiago 0,27 m baino gutxiago Ez gai

0,39 m edo gehiago 0,27 m edo gehiago Gai

2. ERANSKINA

Bigarren probarako gai zerrenda

1._Europar Batasuna: sorrera eta bilakaera. Europar Batasuneko erakundeak: Europako Parlamentua, Kontseilua, Batzordea eta Justizia Auzitegia. Europako Kontseilua eta beste organo batzuk. Batasuneko zuzenbidea: haren iturburuak. Amsterdamgo Ituna: ideia orokorrak.

2._Espainiako 1978ko Konstituzioa. Oinarrizko eskubideak: bermeak. Auzitegi Konstituzionala. Erregeren eginkizunak Konstituzioaren arabera. Gorte Nagusiak. Estatuaren antolakuntza lurraldeen arabera.

3._1841eko abuztuaren 16ko Lege Itundua. Itunaren sorrera, negoziazioak eta ondorioak. Edukiaren azterketa. Itun izaera.

4._Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1983 Lege Organikoa. Prestakuntza prozesua. Izaera eta esanahia. Egitura eta sistematika. Atariko titulua.

5._Nafarroako Foru Erakundeak: Nafarroako Parlamentua edo Gorteak. Parlamentuak Gobernua kontrolatzeko duen eginkizuna. Nafarroako Kontuen Ganbera: izaera eta eginkizunak. Nafarroako Kontseilua. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoa.

6._Foru Komunitateko Administrazioaren organo nagusiak. Foru Komunitateko administrazioaren egitura organikoa. Erregelamenduzko xedapenen eta ebazpen administratiboen araubidea.

7._Toki entitateak. Tipologia eta antolaketa. Toki erakundeen autonomia. Toki erakundeen eskumenak.

8._Nafarroako Toki Entitateak. Nafarroako toki entitateen antolaketa eta administrazioari buruzko ideia orokorrak. Nafarroako Administrazio Auzitegia.

9._Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileria. Funtzionarioak, estatutupeko langileak eta lan-kontratudunak: haien araubide juridikoaren gaineko oinarrizko ideiak.

10._Administrazioaren xedapenak eta egintzak. Administrazio prozedura. Kontzeptua. Printzipioak. Guztiendako administrazio prozeduraren faseak. Prozedura bereziak.

11._Errekurtso administratiboak. Kontzeptua. Printzipio orokorrak eta motak. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa.

3. ERANSKINA

Baztertze taula

1._Garaiera.

Gutxieneko altuera: 1,70 metro gizonezkoek, 1,65 emakumezkoek.

2._Loditasuna.

Ondoko formula erabiliz, pisu teorikoa baino ehuneko 15 gehiagoko loditasuna:

Pisu teorikoa = (taila cm-tan -100) x 1,1.

3._Behin-behineko baztertzeak.

Ondoriorik izaten ahal duten eritasun edo kalte larriak, azterketa egiten den momentuan ageri direnak, poliziaren eginkizunak egin ahal izatea oztopatu edo galaraz dezaketenak. Kasu hauetan, eritasuna nolakoa den eta hautapen prozeduraren arabera, azterketarako beste epe bat ematen ahal da.

4._Behin betiko baztertzeak.

4.1. Begiak eta ikusmena.

4.1.1. Begi zolitasuna, zuzenketarik gabe ohikoa den ikusmenaren bi herenak baino txikiagoa bi begietan.

4.1.2. Keratomia erradiala.

4.1.3. Erretina erortzea.

4.1.4. Estrabismoa.

4.1.4. Hemianopsiak.

4.1.6. Diskromatopsiak.

4.1.7. Bestelako prozesu patologikoak, begi zolitasunari nabarmen traba egiten diotenak, epaimahai medikoaren ustetan.

4.2. Belarria eta entzumena.

Belarri zolitasunari dagokionez, 35 dezibeliotan 1.000 eta 3.000 hertzio bitarteko galera izatea edo 45 dezibeliotan 4.000 hertziokoa.

4.3. Bestelako baztertzeak:

4.3.1. Lokomozio aparatua. Ibiltze aparatuaren akatsak, polizi lanean aritzeko eragozle edo trabagarri izan daitezkeenak, edo lanpostuan aritzearen ondorioz, epaimahai medikoaren ustetan, areagotzen ahal direnak (gorputz-adarretako hezur patologia, artikulazio edo giharretan sorburu duten atzerapen edo funtzio mugapenak, bizkarrezurreko akatsak eta hezur, gihar edo artikulazioetako beste gaitz batzuk).

4.3.2. Digestio aparatua: epaimahai medikoaren ustetan lanpostuan aritzea galarazten duen digestio-gaitza.

4.3.3. Bihotz-hodietako aparatua. Edozerk eragindako arteria-hipertentsioa; atsedenean hartutako zifrek ez dute presio sistolikoan 145 mm Hg.-tik goitikoak izan behar, ezta presio diastolikoan 90 mm Hg.-tik goitikoak ere; barize edo zain-gutxiegitasun periferikoa, baita epaimahai medikoaren iritziz lanpostuan aritzeko trabagarri izan daitekeen beste patologia edo lesio kardiobaskular guztiak ere.

4.3.4. Arnas aparatua: bronkioetako asma, bronkopatia kroniko eragozlea, biriketako tuberkulosi aktiboa, eta bestelako gaitz patologikoak, polizi lanean aritzeko eragozle edo trabagarri izan daitezkeenak.

4.3.5. Nerbio sistema: epilepsia, depresioa, txaketenak, edozein motatako daldarak, alkoholismoa, toxikomaniak eta polizi lanean aritzea eragozten ahal duten bestelako gaitz patologikoak.

4.3.6. Larruazala eta fanerak: psoriasia, ekzema, funtzio murriztapena dakarten orbainak eta bestelako gaitz patologikoak, polizi lanpostuan aritzeko galarazi edo mugatzen badute.

4.3.7. Bestelako gaitz patologikoak: diabetesa, aktibo dauden eritasun kutsakorrak, sexu bidezko eritasunak, eritasun inmunologiko sistemikoak, intoxikazio kronikoak, hemopatia larriak, sortzetiko malformazioak, psikosiak eta epaimahai medikoaren ustetan polizi lanpostuan aritzea galarazi edo oztopatzen duten bestelako prozesu patologikoak.

4. ERANSKINA

Eskabide eredua

..................jaunak/andreak, ............... N.A.N.aren jabe, helbidea ..............(e)n, ................... kaleko ...... zk.ko ....... solairuan eta ........ telefonoa dituenak,

Honako hau azaltzen dut:

Azkoiengo Udaleko udaltzain izateko 2 lanpostu betetzeko deialdiak eskatzen dituen baldintza guztiak betetzen ditudala, txanda honetan (dagokiona markatu):

f Txanda irekia.

f Txanda murriztua.

Eskabide honi eransten dizkiodala bai osasun ziurtagiri ofiziala, non frogatzen baita gauza naizela deialdian adierazitako proba fisikoak egiteko, bai izena emateko eskubideei dagokien diruaren ordainagiria ere.

Horiek horrela,

Eskatzen dut:

Eskabide hau epearen barrenean eta behar bezala aurkeztutzat harturik, onartua izatea udaltzain izateko bi lanpostu betetzeko oposizioan.

(Eguna eta sinadura)

Iragarkiaren kodea: L0405733