57. ALDIZKARIA - 2004ko maiatzaren 12a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

O L A Z T I

E D I K T U A

Olaztiko Udalak, 2004ko martxoaren 22an egin osoko bilkura arruntean, indarra duen Udal Planeko aldaketa hauek onetsi ditu:

1. "Hasiera batean onestea udalerrian indarra duten Eraikuntzaren gaineko ordenantzetako aldaketa, 10. artikuluaren bigarren idatz-zatiari dagokiona. Honela geldituko da idatz-zati horretako testua:

Emandako lizentzia baldintzapean dago eta, ondorio juridikoak ekar ditzan, behar diren lagapenak egin edo lagapen-konpromisoak hartu beharko dira aldez aurretik, eta lizentziaren eskatzaileak eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga ordaindu beharko du. Baldintza horiek bete arte ezin izanen dira obrak hasi.

Baldintza bera aplikatuko da Udalak jarduera lizentziak ematen dituenean".

2. "Hasiera batez onestea Udal Planeko aldaketa hau:

1._Xedea.

Planeko Araudiaren 26. artikulua aldatzea, horra xedea. Artikulu horretan eraikuntzen garaierak arautzen dira.

2._Proposamenaren justifikazioa.

Aldaketa honek ukitzen dituen aldeetan egun indarra duen planak solairu kopuru hau onartzen du: BS+2+teilatupe bizigarria. Teilatu-hegaleraino gehienez 9,70 m-ko garaiera onartzen du, oro har, eta 11 m-koa, kasu zehatz batzuetan.

Hori horrela, teilatupe bizigarria, ia kasu guztietan, etxebizitzetarako diren solairuak bezala planteatzen ari da, mantsardak eta beste elementu batzuk erabiliz teilatupea egokitzeko. Hartara estalkiaren soluzioa zaildu egiten da eta eraikinak ezin du koltxoi gisako gunerik eduki goreneko etxebizitzako sabaiaren eta kanpoko estalkiaren artean. Horrelako guneek eraikinen portaera termikoa hobetzen dute.

Egoera hori saihesteko, garaierari buruzko arauetan ondotik zehazten den aldaketa eginen da. Haren helburua ez da etxebizitzaren azalera handitzea eta ez du biderik ematen horretarako, baizik eta, soil-soilik, Planak dagoeneko onartzen dituen etxebizitzetan bizitzeko baldintzak hobetzeko.

3._Aldaketarako txosten-proposamena.

Lerroalde hau gehitu zaio Araudiko 26. artikuluari:

5. Planeamenduak famili anitzeko etxebizitza-eraikinak (pisuak) egitea aurreikusten duen eremuetan eta solairu kopuru baimendua BS+2+Teilatupe bizigarria duten horietan baimena eman ahalko da eraikinaren garaiera gehienez 12,2 m izateko, teilatu-hegalaren azpialdean neurtuta. Betiere, jarraian zehazten diren baldintzak betetzen direla frogatu beharko da. Horren guztiaren bidez estalkiak garbiagoak izan daitezen lortu nahi da, eta mantsardak neurririk gabe ugaritu ez daitezen, eta etxebizitza izan daitekeen goreneko solairua (orain arte teilatupea) gainerakoak bezalako solairua izan dadin, sabai laukoa. Hartara eraikinak "koltxoi" gisako gunea izanen du goreneko etxebizitzako sabaiaren eta kanpoko estalki makurraren artean eta haren portaera termikoa hobetu eginen da.

Baldintzak eta salbuespenak:

_Eraikinaren garaieraren aldaketa hau baimentzeko arrazoi bakarra konposizioaren eta bizitzeko baldintzen hobekuntza izanen da. Beraz, behin ere ez da handituko etxebizitzarako edo lokalerako erabil daitekeen azalera, garaierei buruzko lehengo arauak kasuan kasuko eraikinari aplikatuta ateratzen zen azaleraren aldean. Horregatik, orain baimenduta dauden BS+3 solairu horiez gain, debekaturik dago teilatupe, solairuarte edo gaineko solairu gehiago egitea. Estalkiaren eta azken solairuko sabaiaren arteko gunea, beraz, ganbara, trasteleku, makina gela edo eraikineko instalazioei lotutako elementuetarako baizik ezin da izan.

_Kasu honetan debekaturik daude mantsardak, velux leihoak eta teilatupea egokitzeko bestelako sistemak, salbu eta aireztatzekoak eta eraikineko instalazioak behar bezala mantentzeko behar direnak.

_Eraikinaren garaiera handitzeko baimena eman dadin, frogatu egin beharko da, proposamen arkitektonikoaren bitartez, osoko emaitza formala eta inguru hurbilarekiko integrazioa egokiak izanen direla eta ez dutela ekarriko behar ez bezalako ondoriorik, hala nola, behar ez diren hastialak edo bolumen neurrigabeak, edo beste edozein, hautatu den soluzioa inguruarekin bat ez datorrela irizten bazaio. Hortaz, Udaleko zerbitzu teknikoek ahalmena izanen dute xehetasun azterlanak eskatzeko, helburu honekin obra lizentziak eman aurretik.

_Elkarren ondoan dauden eraikin edo lurzatien aurrean kalearen sestra aldatzen denean, eraikinen estalki guztiak maila berean egon daitezen, baldin eta horrek bolumen eraikiaren hobekuntza badakar, gehieneko garaiera arautuaren aldaketa txikiak onartu ahalko dira. Xehetasun azterlanaren bitartez frogatu beharko da baldintza horiek betetzen direla."

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 74.1.a) artikuluan xedatutakoa bete dadin, hori guztia jendaurrean egonen da hilabetean, iragarki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Olaztin, 2004ko apirilaren 1ean._Alkatea, Blanca Arza Bergerandi.

Iragarkiaren kodea: L0405778