57. ALDIZKARIA - 2004ko maiatzaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

53/2004 FORU AGINDUA, 2004ko apirilaren 28koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak emana, indarkeria sexistaren aurkako neurri integralak hartzeari buruzko uztailaren 2ko 22/2002 Foru Legea, martxoaren 7ko 12/2003 Foru Legeak aldatua, garatzeko erregelamenduzko xedapenaren proiektua prestatzeko prozedurari hasiera ematea erabakitzen duena.

Emakumeen kontra izaten den era bateko eta besteko indarkeria beren duintasunaren eta osotasun fisiko zein moralaren kontrako eraso larria da eta, beraz, giza baliabideen urratze larri eta onartezina. Oso arazo handia da gizartean eta familian, dituen eragin eta ondorioengatik, eta kostu sozial eta ekonomiko handia du gizarte osoarentzat. Kalteen eraginez biktimak, maiz, babesik gabeko egoera berezian egoten dira.

Nafarroako Parlamentuak, uztailaren 2ko 22/2002 Foru Legearen bidez, indarkeria sexistaren aurkako neurri integralak hartzea onetsi zuen. Lege horretako zioen azalpenaren arabera, gizarte osoak eta erakunde publiko eta judizial guztiek hartu behar dute parte indarkeria sexista desagerrarazteko ahaleginean. Aipatu arauan zenbait neurri ageri dira indarkeria sexistaren aurrean sentsibilizatu, hari aurrea hartu eta hura desagerrarazteko, bai eta eraso fisiko eta psikologikoetako biktimak babestu eta haiei laguntza emateko ere, Nafarroako Foru Komunitatearen barrenean.

Nafarroako Parlamentuak, martxoaren 7ko 12/2003 Foru Legearen bidez, indarkeria sexistaren aurkako neurri integralak hartzeari buruzko Foru Legea aldatu zuen. Aldaketa hark arauaren xedea zabaldu zuen eta ordura arteko neurriak osatzeko beste batzuk ezarri zituen.

Arau horren azken xedapenetako lehenbizikoak ezartzen du Nafarroako Gobernuak, legea argitaratu eta sei hilabeteko epean, legea garatzeko erregelamendua eman behar duela. Halaber, azken xedapenetako bigarrenaren arabera, Nafarroako Gobernuak urtebeteko epea izanen du gehienez ere, foru legea argitaratzen denetik aitzina, indarkeria sexistaren aurkako neurri integralak hartzeari buruzko Foru Legean jasotzen diren neurriak garatzeko.

Lehen lerroaldean aipatu erregelamenduaren proiektua prestatzeko, harremanetan jarri behar izan da Nafarroako Gobernuaren beste departamentu batzuekin, bai eta beste erakunde batzuekin ere, eta haiekin zenbait jarduketa egin. Hori izan da aipatu foru legeetan jarritako epeak betetzea eragotzi duena.

Beraz, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Indarkeria sexistaren aurkako neurri integralak hartzeari buruzko uztailaren 2ko 22/2002 Foru Legea, martxoaren 7ko 12/2003 Foru Legeak aldatua, garatzeko erregelamenduzko xedapenaren proiektua prestatzeko prozedurari hasiera ematea erabakitzea.

2. Nafarroako Emakumearen Institutua izanen da erregelamenduzko xedapenaren proiektuaren espedientea prestatu eta tramitatzeko ahalmena izanen duen berariazko organoa.

3. Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

4. Foru agindu hau jakinaraztea Nafarroako Emakumearen Institutuari, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari, Toki Administrazioko Departamentuari, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari, Hezkuntza Departamentuari, Kultura eta Turismo Departamentuari, Osasun Departamentuari, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuari eta Nafarroako Eskola Kontseiluari, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALera igortzea, argitara dadin.

Iruñean, 2004ko apirilaren 28an._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilaria, José Ignacio Palacios Zuasti.

Iragarkiaren kodea: F0406808