57. ALDIZKARIA - 2004ko maiatzaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

38/2004 FORU AGINDUA, apirilaren 15ekoa, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariak emana. Honen bidez Kanpo Merkataritzari buruzko prestakuntza jarduerak egiteko laguntzetarako deia egiten da, Nafarroako Enpresen Nazioartera Ateratzeko 2004ko Planean xedatu bezala.

Nafarroako Enpresak Nazioartera Ateratzeko 2004ko Planean jarduera batzuk aurreikusi dira Nazioarteko Merkataritzan adituak diren profesionalak prestatzeko.

Plan hori garatzeko, beharrezkoa da Kanpo Merkataritzari buruzko prestakuntza jarduerak egiteko laguntzetarako deialdia onestea, besteak beste.

Jarduera hauetarako laguntzak emanez, profesional kualifikatuak lortu nahi dira langile horiek zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresak nazioartera ateratzeko estrategia indartzeko.

Deialdi honi Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legea aplikatuko zaio.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. Kanpo Merkataritzari buruzko prestakuntza jarduerak egiteko laguntzetarako deiaren oinarriak onestea, Nafarroako Enpresen Nazioartera Ateratzeko 2004ko Planean xedatu bezala..

2. Deialdi honetako konpromisoei aurre egiteko, baimena ematen da 40.000 euroko gastua egiteko gehienez ere; gastu hori 2004ko gastuen aurrekontuko "Kanpo Merkataritzarako prestakuntza" izeneko kontusailaren kargura (850001--81410--4810--762102) eginen da.

3. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea. Argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Foru agindu honen aurka gora jotzeko helegitea paratzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

O I N A R R I A K

1. oinarria._Xedea.

Deialdi honek Kanpo Merkataritzari buruzko prestakuntza jarduerak egiteko laguntzak arautzen ditu.

2004ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitarteko jarduerak hartuko dira aintzat.

2. oinarria._Onuradunak.

Irabazi asmorik gabeko erakunde edo entitateek eskatzen ahalko dituzte deialdi honetako laguntzak, egoitza Nafarroan badute eta Kanpo Merkataritzaren arloan prestakuntza jarduerak antolatzen badituzte.

3. oinarria._Diruz laguntzen ahal diren jarduerak.

Ondoren aipatzen diren prestakuntza-jarduerek hartzen ahal dituzte dirulaguntzak, betiere Nafarroan egiten badira eta haietan gutxienez 15 lagunek hartzen badute parte.

3.1. Masterrak.

Kanpo Merkataritzako masterrak. Gutxienez ikasturte akademiko osoa iraunen dute, eta 400 eskola-ordutik goitikoak izanen dira.

3.2. Ikastaroak.

Nazioarteko merkataritzari loturiko gaiei buruzko ikastaroak, gutxienez 60 ikastordukoak.

3.3. Mintegi edo Jardunaldi Teknikoak.

Dirulaguntza jaso ahal izateko, Kanpo Merkataritzari buruzko gaiak landuko dira eta gutxienez 3 ordukoak izanen dira.

4. oinarria._Laguntzen zenbatekoa.

4.1. Masterrak.

Sorturiko defizitaren % 100 arte. Muga gastuen % 50 izanen da eta gehienez ere 12.000 euro eginen du.

4.2. Ikastaroak.

Sorturiko defizitaren % 100 arte. Muga gastuen % 50 izanen da eta gehienez ere 3.000 euro eginen du.

4.3. Mintegi edo Jardunaldi Teknikoak.

Sorturiko defizitaren % 100 arte. Muga gastuen % 50 izanen da eta gehienez ere 900 euro eginen du.

5. oinarria._Dirulaguntza emateko irizpideak:

Dirulaguntzak ondoko irizpide hauei jarraikiz ordainduko dira:

1. Laguntza har dezaketen jarduerei dagokien dirulaguntzaren zenbatekoa aurreko artikuluan ezarritako gehieneko portzentajeen arabera kalkulatuko da.

2. Aurrekontuko diru kopurua aurreko puntuaren arabera eman beharreko dirulaguntza guztien zenbatekoa baino txikiagoa bada, hainbanaketa orokorra eginen da.

3. Aurrekontuan diru gehiago baldin badago eskura 2004an, laguntzaren osagarri bat emanen da, gehienez ere aurreko artikuluan ezarritako portzentajeetara eta diru kopuruetara iristen ahal dena.

6. oinarria._Bateraezintasunak.

Deialdi honetako laguntzak jarduerak antolatzen dituen erakunde edo entitateak hartzen duen beste edozeinekin izanen dira bateraezinak, ICEXetik datozenak izan ezik, horiek osagarritzat joko baitira, baldin eta bien baturak sorturiko defizitaren % 100 baino gehiago egiten ez badu.

7. oinarria._Eskaeren aurkezpena.

1. Laguntzetarako eskabidea Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorraren bulegoren batean aurkeztu beharko da (bulegoen zerrenda Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren antolamendua eta funtzionamendua arautzen duen ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretuaren II. eranskinean ageri da), deusetan galarazi gabe Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan adierazitako gainerako moduak erabiltzeko eskubidea.

2. Hilabeteko epea dago, iragarki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera, Fc7.07.05 ereduaren arabera eskaerak aurkezteko. Eta honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

_Prestakuntza jardueraren izenburua eta haren edukia.

_Zenbat iraunen duen eta non eta noiz eginen den.

_Hartzaileak eta zenbat parte-hartzaile espero diren.

_Aurrera eramateko zer baliabide dauden materialen eta pertsonen aldetik, eta horiek nolako kualifikazioa duten.

_Dirusarrera eta gastuen kontusail nagusien sailkapena.

_Eskatutako dirulaguntzen gaineko zinpeko aitorpena, Fc7.07.07 ereduaren araberakoa.

3. Nolanahi ere, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak, aurkeztutako eskaera behar bezala ulertu eta ebatzi ahal izateko, beharrezko juzkatzen dituen argibide eta agiri osagarri guztiak galdatzen ahal dizkio eskatzaileari.

8. oinarria._Tramitazioa.

Merkataritza Zerbitzuak, eskabideak jasotakoan, edukia aztertuko du, ea ezarritako betebeharrak betetzen dituzten ikusteko, bai alde teknikotik bai ekonomikotik.

Eskatutako dokumentazioa osorik ez badago, hamar eguneko epean osatzeko eskatuko zaio eskatzaileari. Horrela egiten ez badu, uko egiten diola ulertuko da eta espedientea artxibatuko da.

Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiak ebazpena emanen du.

Eskabideen gaineko ebazpena beranduenik eskabideak aurkezteko epea bete eta handik hiru hilabetera emanen da. Epe hori ebazpen espresurik eman gabe betetzen bada, laguntzari ukoa eman zaiola ulertuko da, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztientzako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 1992/20 Legeko 43. eta 44. artikuluetan ezarri bezala.

9. oinarria._Ordainketa

1. 2004ko ekitaldian bukatzen diren prestakuntza jarduerak.

2004ko azaroaren 30a bitarte bukatzen diren prestakuntza jardueretarako dirulaguntza ziurtagiriak aurkeztutakoan ordainduko da, honako hauek alegia:

_Prestakuntza jardueren txosten-ebaluazioa.

_Jarduera bakoitzeko parte-hartzaileen zerrenda eta haien parte-hartzailetzaren eguneroko agiriak, behar bezala sinatuak.

_Dirusarreren eta gastuen likidazioa.

_Egindako gastuen fakturak eta dagozkien ordainagiriak, adibidez erreziboak, letrak eta banku-karguak.

_Prestakuntza jarduera bakoitzerako eginiko publizitatearen lagina.

2. Gainerako prestakuntza jarduerak.

Prestakuntza jarduerak 2004ko azaroaren 30etik aurrera bukatzen badira, dirulaguntza ebazpenean aurreratuko da.

Aurrerakina ziurtagiriak aurkeztutakoan sendotuko da, aurreko 1. atalean xedaturikoaren arabera, baldin eta benetako defizitak aurrekontukoak adina edo gehiago egiten badu.

Jarduera horretako dirulaguntza, benetako defizita ezagututakoan, aurreratu dena baino txikiagoa bada, entitate edo erakundeak soberakina itzuli beharko dio Administrazioari.

3. Ziurtagiriak aurkezteko epeak.

_Dirulaguntza eman aurretik eginiko prestakuntza jardueretarako, dirulaguntza hori eman eta hurrengo hilabetean.

_Bi urte natural desberdinetan eginiko prestakuntza jardueretarako, dirulaguntza jarduera bukatu eta hurrengo hilabetean.

_Oro har, prestakuntza jarduera bukatu eta hurrengo hilabetean, eta betiere abenduaren 15a baino lehen.

10. oinarria._Arau-hausteen egiaztapena eta zehapenak.

Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak beharrezkotzat jotzen dituen ikuskapenak egiten ahalko ditu dirulaguntzaren xede diren kontzeptuak benetan egin diren eta fondoak bere helburuetarako erabili diren egiaztatzeko. Eskatutako agiriak aurkezten ez badira eta dirulaguntzaren xedea den jarduera egiten ez bada, dirulaguntza baliogabetu eginen da.

Deialdi hau ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen bidez ezarririko arau-hauste eta zehapen araubidearen menpe dago.

11. oinarria._Onuradunen betebeharrak.

Laguntzak hartzen dituztenak beharturik daude:

_Jardueren publizitate edo zabalkundean Departamentuaren lankidetza agerraraztera.

_Dirulaguntzaren xede diren jarduerek publizitatea eduki beharko dute eta parte-hartzaileak irizpide objektiboei jarraituz onartuko dira.

Iruñean, 2004ko apirilaren 15ean._Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilaria, José Javier Armendáriz Quel.

Iragarkiaren kodea: F0406187