57. ALDIZKARIA - 2004ko maiatzaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

36/2004 FORU AGINDUA, apirilaren 15ekoa, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariak emana, Atzerrian ezartzeko Programako laguntzetarako deialdia egiten duena.

Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak Nafarroako enpresa nazioartera ateratzeko 2004. urteko plana prestatu du. Plan hori aurrera eramateko, besteak beste, Atzerrian ezartzeko Programari dagozkion laguntzetarako deia egin behar da.

Programa honen bidez, arlo jakin batean merkatu-kuota adierazgarria lortu duten Nafarroako ETEei aukera eman nahi zaie, bertan unitate bat ezartzeko. Haien lehiagarritasuna hobetzea da helburua, eta alde horretako bezeroei zerbitzu eraginkorragoa eta kalitate hobekoa eskaintzea, betiere horrek ez badakar Nafarroako Foru Komunitateko enpresak lekualdatzea edo balio erantsiaren sorreraren galera.

Foru agindu honetako laguntzak "minimis" araubidearen menpe daude; hau da, hiru urteko epean jaso diren dirulaguntza guztien batura ezin izanen da 100.000 eurotik gorakoa izan.

Deialdi honi Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legea aplikatuko zaio.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. Atzerrian ezartzeko Programari dagozkion laguntzetarako deia egiteko oinarrizko arauak onestea.

2. Deialdi honetako konpromisoei aurre egiteko, baimena ematen da 155.000 euroko gastua egiteko gehienez ere; gastu hori 2004ko gastuen aurrekontuko "Kanpo sustapenerako ekintzak" izeneko kontusailaren kargura (850001--81410--4709--762100) eginen da.

3. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea. Argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Foru agindu honen aurka gora jotzeko helegitea paratzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

O I N A R R I A K

1. oinarria._Xedea.

Deialdi honen helburua da Atzerrian ezartzeko Programa osatzen duten laguntzen oinarri arau-emaileak finkatzea.

2003ko urriaren 1etik 2004ko irailaren 30a bitarte eginiko ekintzak hartzen ditu deialdi honek.

2. oinarria._Onuradunak.

Deialdi honetan ezarritako laguntzak eskatzeko, baldintza hauek bete behar dira:

_Helbide fiskala Nafarroako Foru Komunitatean izatea.

_ETEen beharkizunak betetzea, enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz Batzordeak 1996ko apirilaren 3an emandako 96/280/EB Gomendioan ezarritakoaren arabera.

_Enpresaren jarduera sartua izatea sailkapen jakin batean, hain zuzen ere Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren edo Lizentzia Fiskalaren tarifak eta jarraibidea onesten dituen maiatzaren 28ko 7/1996 Foru Legearen I. eranskineko lehenbiziko atalean ezarritako sailkapenetakoren batean, honako hauek salbuetsirik:

.63tik 69ra bitartekoak.

.75ekoak, 756a salbu.

.81etik 86ra bitartekoak, 845a salbu.

.97.

_Deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denean gutxienez urte batez eratuta egotea.

_Ezarpen-plana homologatua izatea, eskabide-orrian ageri diren edukien araberakoa. Ezarpen planaren ordez bideragarritasun-azterlana aurkez daiteke, betiere aurreko urteetan dirulaguntza jaso bada edo horrelako azterlana egiteko dirulaguntza eskatzen bada deialdi honetan.

_Ezarpenak ez ekartzea berekin Nafarroako Foru Komunitateko enpresak lekualdatzea edo balio erantsiaren sorreraren galera.

_Sukurtsal, enpresa sortuberri edo lehendik baden enpresa baten kapital sozialaren parte baten erosketaren bidez egitea ezarpena.

_Merkaturatze, logistika, laguntza teknikoko egitura propioak, ekoizpen unitateak edo montaketako filialak izatea.

_Enpresa matrizeak filialean edo unitatean duen kapitala % 50 edo hortik gorakoa izatea; hala ere, partaidetza txikiagoak ere aztertuko dira, baldin eta ezarpen-herrialdearen legeek hala agintzen dutelako bada.

_Programan esku hartu nahi duten zerbitzu-enpresek, aurretik aipatutako baldintzez gain, ondoko baldintza berariazko hauek bete beharko dituzte:

._Nafarroako Foru Komunitatean balio erantsi emendiozkoa eta merkaturatzeaz bestelakoa sortzea.

._Zerbitzua ezarpen-herrialdean ematea.

3. oinarria._Diruz laguntzen ahal diren gastuak.

3.1. Bideragarritasunaren azterlana.

Proiektua merkatu aldetik bideragarria dela azaldu behar du, bai eta behar diren inbertsioak eta diruzaintza-plana ere, inbertsio-erabakiak hartzeko behar adinako negozioa dela argi gera dadin.

Gehienez ere, bi azterlanetarako laguntza emanen da hiru urtean, enpresako.

3.2. Kanpoko gastuak.

Aurkeztutako proiektua bideragarritzat jotzen bada, jarraian ematen diren kontzeptuetarako emanen da dirulaguntza, baldin eta kontzeptuok bideragarritasun-azterlana egin ondokoak badira, deialdi honetan atal horretarako dirulaguntza eskatuz gero:

_Enpresa berrian edo egindako ezarpenean lan egiten dutenen soldatak eta gizarte segurantza. Ez da dirulaguntzarik emanen komisio, agente eta ordezkaritza gastuetarako.

_Merkataritza lokal eta bulegoen errentak, eta, behar izanez gero, biltegiena.

_Xede-herrialdeko aholkulariek egindako txosten komertzialak, fiskalak, finantza-txostenak, kontabilitate txostenak edo txosten juridikoak, enpresa matrizak nahiz haren mendeko batek kontratatu. Kanpoko gastuetarako laguntzak eskatzen diren lehen urtean baizik ez dira lagunduko.

4. oinarria._Laguntzen zenbatekoa.

4.1. Bideragarritasunaren azterlana.

Kanpoko kostuaren % 50a bitarte, eta gehienez ere 6.000 euro enpresako.

4.2. Kanpoko gastuak.

3.2. puntuan aipatutako gastuen % 25 bitarte.

Diruz lagunduko den portzentajea enpresak ezarpenean duen partaidetza-mailaren araberakoa izanen da.

Urteko dirulaguntzaren muga 30.000 euro izanen da, eta gehienezko muga 60.000 euro enpresako, gehienez ere hiru urtez gozatzen ahalko direnak, kanpoko gastuetarako lehen laguntzatik kontaturik.

5. oinarria._Dirulaguntza emateko irizpideak:

Dirulaguntzak ondoko irizpide hauei jarraikiz ordainduko dira:

_4. oinarrian ezarritako gehieneko portzentajeen eta mugen arabera kalkulatuko da dirulaguntza jaso dezaketen jarduerei dagokien dirulaguntzaren zenbatekoa.

_Aurrekontuko diru kopurua aurreko puntuaren arabera eman behar diren dirulaguntzen zenbatekoa baino txikiagoa bada, hainbanaketa orokorra eginen da.

_2004ko ekitaldian aurrekontuko diru kopurua igotzen bada, laguntza osagarri bat emanen da, 4. eta 5. artikuluetan ezarritako portzentaje eta kopurukoa, gehienez ere.

6. oinarria._Bateraezintasunak.

Laguntza hauek bateraezinak dira beste edozein erakunde edo organismok egintza beretarako eman dezakeen beste edozeinekin.

PIPE 2000 Programaren partaide direnek ezingo dituzte eskatu laguntza hauek, Programaren hiru faseak amaitu arte; jarraipen-programan dauden enpresek, ordea, irismenean dituzte.

7. oinarria._Minimis.

Laguntza hauek "minimis" dira, Europako Batzordearen 69/2001 Erregelamenduan ezarritakoari jarraituz; beraz, aurreko hiru urteetan "minimis" gisa enpresak hartutakoari gehituta, ez du 100.000 eurotik gora eginen.

Ondorio horrekin, enpresak behartuta daude araubide honi jarraituz aurreko hiru urteetan eskatu edo hartutako laguntzak adieraztera, eskaera aurkezten dutenean.

8. oinarria._Eskaeren aurkezpena.

1. Laguntzetarako eskabidea Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorraren bulegoren batean aurkeztu beharko dute (bulegoen zerrenda Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren antolamendua eta funtzionamendua arautzen duen ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretuaren II. eranskinean ageri da), deusetan galarazi gabe Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan adierazitako gainerako moduak erabiltzeko eskubidea.

2. Hilabeteko epea dago, iragarki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera, Fc7.07.02 ereduaren arabera eskaerak aurkezteko.

_Ezarpen-plana edo bideragarritasun-azterlana, non eta laguntza eskatzen ez den deialdi honetan prestatzeko.

_Eskatutako dirulaguntzen gaineko zinpeko aitorpena, Fc7.07.07 ereduaren araberakoa.

3. Nolanahi ere, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak, aurkeztutako eskaera behar bezala ulertu eta ebatzi ahal izateko, beharrezko juzkatzen dituen argibide eta agiri osagarri guztiak galdatzen ahal dizkio eskatzaileari.

9. oinarria._Tramitazioa.

1. Eskabideak jasotakoan, Merkataritza Zerbitzuak haien edukia aztertuko du, 2. oinarrian eskatutako baldintzak betetzen direla ziurtatzeko.

2. Ondoren, aurkeztutako ezarpen-planak homologatuko ditu.

Eskatutako dokumentazioa osorik ez badago, hamar eguneko epean osatzeko eskatuko zaio eskatzaileari. Horrela egiten ez badu, uko egiten diola ulertuko da eta espedientea artxibatuko da.

Halaber, eskaerek ez badituzte beharkizunak betetzen edo plana homologatua ez bada, laguntzak ukatu eginen dira.

3. Beharkizunak betetzen dituzten eskatzaileei eta ezarpen-plana homologatu zaienei, gutun bat bidaliko zaie horren berri emanez.

4. Dirulaguntzen xede ziren ekintzak burutu direla frogatzen duen dokumentazioa urriaren 25a baino lehen aurkeztu beharko dira. Frogabideak Fc7.07.13 formularioan aurkeztuko dira eta honako dokumentazioa erantsiko zaie:

_Fakturen kopiak.

_Ordainketen frogagiriak, esaterako ordainagiriak, letrak edo banku-karguak.

_Txosten tekniko xehea, frogabideak aurkezten direnean helburuak zein mailatan bete diren adierazten duena.

_Laguntza bideragarritasun-plan baterako eskatu bada, haren kopia aurkeztu behar da, ezinbestekoa izanen baita kanpoko gastuetarako laguntzak emateko.

5. Dirua jaso dezaketen ekintzak justifikatzerakoan dokumenturen bat aurkeztu ezin bada, eskatzaileak gertaera horren arrazoiak eman beharko ditu eta epea luzatzeko eskatu, eta departamentua beharturik dago luzapen hori ematera.

6. Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiak dirulaguntza eman eta ordaintzeko ebazpena emanen du, dokumentazioa osorik baldin badago.

Bestela, laguntza emateko ebazpena emanen da, eta ordainketa, berriz, dokumentazioa osatutakoan eginen da.

10. oinarria._Ebazteko epea.

Eskabideen gaineko ebazpena beranduenik eskabideak aurkezteko epea bete eta handik bi hilabetera emanen da. Epe hori ebazpen espresurik eman gabe betetzen bada, laguntzari ukoa eman zaiola ulertuko da, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztientzako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 1992/20 Legeko 43. eta 44. artikuluetan ezarri bezala.

11. oinarria._Arau-hausteen egiaztapena eta zehapenak.

Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak beharrezkotzat jotzen dituen ikuskapen-jarduketak egiten ahal ditu; hain zuzen ere, dirulaguntzak jaso dituzten kontzeptuak benetan gauzatu direla egiaztatzeko, bai eta fondoak zertarako eman diren horretarako erabili direla egiaztatzeko ere.

Deialdi hau ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen bidez ezarririko arau-hauste eta zehapen araubidearen menpe dago.

Iruñean, 2004ko apirilaren 15ean._Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilaria, José Javier Armendáriz Quel.

Iragarkiaren kodea: F0406185