57. ALDIZKARIA - 2004ko maiatzaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

98/2004 FORU AGINDUA, apirilaren 22koa, Hezkuntza kontseilariak emana, ikasketak egiteko zortzi lizentzia emateko deialdia onesten duena. Lizentzia horiek 2004/2005 ikasturterako dira eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari atxikitako langile finkoendako.

Hezkuntzaren Plangintzako Zerbitzuak txostena aurkeztu du eta bertan proposatu ikasketak egiteko zortzi lizentzia emateko deialdia onestea. Lizentzia horiek 2004/2005 ikasturterako dira, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari atxikitako langile finkoendako.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeko 36. artikuluko 2.c) eta d) idatz-zatietan emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Ikasketak egiteko gehienez ere zortzi lizentzia emateko deialdia onestea. Lizentzia horiek 2004/2005 ikasturterako dira, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari atxikitako langile finkoendako.

2. Dirulaguntzak emateko baldintza izanen da kasuko ekitaldiko aurrekontuan horretarako kredituak egotea.

3. Deialdi hau, oinarriak eta eranskinak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

4. Foru agindu hau, oinarriak eta eranskinak igortzea Hezkuntzaren Plangintzako Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura, Euskara Zerbitzura, Irakasleen Prestakuntza Atalera eta Hezkuntza Berriztapenaren Atalera behar diren ondorioak izan ditzaten.

5. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2004ko apirilaren 22an._Hezkuntza kontseilaria, Luis Campoy Zueco.

DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehenbizikoa._1. Ikasketak egiteko gehienez ere zortzi lizentzia emateko deia egiten da, 2004/2005 ikasturterako, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Departamentuari atxikitako irakaskuntzako funtzionario edo lan-kontratu finkoendako. Modalitate hauek ezarri dira:

A) Izaera akademikoko ikasketak:

A.1) Lizentziatura, ingeniaritza, ingeniaritza tekniko, arkitektura edo arkitektura teknikoko azken kurtsoa, aurreko kurtsoko bi irakasgairekin gehienez.

A.2) Doktoretza tesiak.

A.3) Masterra edo graduatu ondoko ikasketak, unibertsitateek abalatuak.

B) Hezkuntza Berriztapenaren Proiektuak. Ahal dela, ondoko gai hauei buruzkoak izanen dira:

_Errespetu, elkarbizitza eta elkartasunezko baloreei buruzko hezkuntza, guztiondako eskola baten barruan.

_Ulermenezko irakurketa hezkuntzaren etapa guztietan: hobetzeko prozesuak eta estrategiak.

_Metodologia eta antolakuntzari buruzko proposamenak, hezkuntza erantzun hobea sustatzen dutenak.

_Ikasleen aniztasunari arreta egitea, ikastetxeetako tutoretza lana eta orientazioaren eginkizunak bultzatuz.

_Irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuetan informazioaren eta komunikazioaren teknologiak aplikatzea eta esperientzia eta erabiltzeko bide berriei buruzko ikerlanak egitea.

2. Ikasteko lizentziak honela banatuko dira:

A.1 modalitatea: bi lizentzia.

A.2 modalitatea: lizentzia bat.

A.3. modalitatea: lizentzia bat.

B modalitatea: lau lizentzia.

3. Lizentziaren bat eman gabe gelditzen bada, A.1, A.2, A.3 eta B modalitateetako eskatzaileei emanen zaie, ordena horretan, lortzen diren puntuazioen arabera.

Ikasketak egiteko lizentzien iraupena

Bigarrena._Ikasketak egiteko lizentziek urte bat edo lauhileko bat iraun dezakete, data hauen arabera:

1. Urte bateko lizentzia: 2004/2005 ikasturte guzia, 2004ko irailaren 1etik 2005eko abuztuaren 31 arte.

2. Lauhileko bateko lizentzia: 2004/2005 ikasturteko lehena edo bigarrena. Ondoan ematen dira hasteko eta bukatzeko datak:

Lehenbiziko lauhilekoa: 2004ko irailaren 1etik 2004ko abenduaren 31 arte.

Bigarren lauhilekoa: 2005eko martxoaren 1etik 2005eko ekainaren 30a arte.

Hautagaiak

Hirugarrena._1. Ikasketak egiteko lizentziak eskatzen ahal dituzte, deialdi honetan, Hezkuntza Departamentuari atxikitako unibertsitatez kanpoko edozein ikastetxe publikotan diharduten irakaskuntzako funtzionario edo lan-kontratatu finkoek, unibertsitatean ari ez badira.

2. A.2 modalitatekoak eskatzen ahal dituzte irakaskuntzako funtzionario edo lan-kontratudun finkoek, unibertsitatean ari ez badira, baldin doktore titulu akademikorik ez badute.

Baldintzak

Laugarrena._Hautagaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Jardunean edo zerbitzu berezietan egotea.

Baldintza hori eskabidea egiten den egunean eta 2003/2004 ikasturte osoan bete behar da.

b) Karrerako irakasle funtzionario zein lan-kontratatu finko gisa, bost urteko antzinatasuna izatea bederen. Ondorio horietarako oraingo ikasturtea ere kontuan hartuko da.

c) Ikasketak egiteko, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak edota bestelako edozein administrazio zentral nahiz autonomikok emandako lizentziarik jaso ez izana.

d) A.1 modalitatea eskatzen dutenek ikasketetarako urtebeteko lizentzia lortzeko, gehienez ere bi irakasgai uzten ahalko dituzte gainditzeke aurreko ikasturteetan, eta azken kurtsoko irakasgai guztiak egin beharko dituzte.

e) A.2 modalitatea eskatzen dutenek, kasuko doktoretza programako 32 kredituak gaindituak izan beharko dituzte, eta, gainera, Ikertzeko Gaitasuna aitortua edo Ikasketa Aurreratuen Agiria. Horretaz gain, tesia egin behar duten unibertsitateko Doktoretza Batzordeak tesi proiektua onetsia izan beharko du.

f) A.3 modalitatean, urtebeteko lizentzia eskatzen dutenek egiaztatu beharko dute graduatu ondoko ikasketak edo masterrak guttienez 50 kreditukoak direla, eta unibertsitateren batek abalatzen dituela.

g) B modalitatea eskatzen dutenek, proiektuko koordinatzaileak izanen direnek, ondoko huek zehaztu beharko dituzte: irakasle laguntzaileen zerrenda, proiektuaren faseetan izanen duten inplikazioa. Gainera, haren bermatzaile izanen dira.

h) Hautatutako proiektuaren koordinatzaileak ikasketak egiteko lizentzia bat izanen du. Talde laguntzaileak diru konpentsazio bat jaso ahalko du, proiektuan duen inplikazioaren araberakoa, 2005eko aurrekontuen kargura.

Oharra: baldintza horiek guztiak deialdi honetako zazpigarren oinarrian eskabideak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denerako bete beharko dira.

Eskabideak eta agiriak

Bosgarrena._Ikasketak egiteko lizentziak deialdi honen arabera jaso nahi dituztenek A edo B modalitaterako eskaera egin beharko dute, 2004/2005 ikasturteko aldi bakarrerako, dela urtekoa, dela lauhilekoa, Hezkuntza Departamentuko Argibide Bulegoan eta irakasleendako laguntza zentroetako bulegoetan hartzen ahal den ereduari jarraituz, Hezkuntzaren Plangintzako Zerbitzuko zuzendariari zuzenduta (Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren Zuzendaritza Nagusia, Santo Domingo kalea, z.g., 31001 Iruña).

Seigarrena._1. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean itxitako zerbitzu-orria edo zerbitzuen ziurtagiria. Giza Baliabideen Zerbitzuak ofizioz gaineratuko ditu atal honi dagozkion merezimenduak.

b) Lizentziak dirauen denboran egin gogo den ikasketa edo berriztapen proiektua, deialdi honetako I. eranskinean agertzen den eskemari jarraituz.

c) Eskatzailearen espezialitateko gaiarekin zerikusia duten eta hark aipagarritzat jotzen dituen ikasketa nahiz lan merezimenduen frogagiriak. Merezimendu horiek egiaztatzeko, deialdi honetako II. eranskineko baremoan zehazten diren agiriak erabiliko dira.

d) Ikasketetarako lizentzia eskatzen duten guztiek zinpeko adierazpena aurkeztu beharko dute, deialdi honetako hirugarren oinarrian edo laugarren oinarriko c) atalean eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela adierazteko.

2. Aurkezten diren agiri guztien zerrenda datatu eta sinatua aurkeztu beharko da, agiriak baremoan agertzen den ordenaren arabera zenbakituz.

3. Alegatu bai baina behar bezala frogatzen ez diren edota deialdi honetako zazpigarren oinarriak aipatzen duen epetik kanpo alegatzen diren merezimenduak ez dira ez baloratu ez kontuan hartuko.

Eskabideak aurkezteko epea

Zazpigarrena._Eskabideak, aipatu agiriekin batera, Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunetik hasita 20 egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira Hezkuntza Departamentuko Erregistroan, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako edozein baliabide erabiliz.

Hautapen Batzordea

Zortzigarrena._1. Honako kide hauek osatuko dute izangaiak hautatzeko batzordea:

Epaimahaiburua:

Hezkuntzako Plangintzaren Zerbitzuko zuzendaria edo berak izendatzen duena.

Batzordekideak:

Irakasleen Prestakuntza atalburua edo berak izendatzen duena.

Hezkuntzaren Plangintzako Zerbitzuko hiru teknikari, zerbitzuburuak izendatuak.

2. Hautaketa batzordera Irakasle ez-unibertsitarioen Batzordeak izendatutako ordezkari bat joaten ahalko da (hizpidea bai baina botorik gabe).

Hautaketa

Bederatzigarrena._1. Aurreko oinarrian aipatzen den Hautaketa Batzordeak oinarri honetako hurrengo ataletan ezartzen diren prozedura eta epeen arabera hautatuko ditu 2004/2005 ikasturtean ikasketak egiteko lizentzia izanen duten irakasleak.

2. Eskabideak aurkezteko epea bukatuta, Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoko iragarki oholean argitaratuko da onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda eta bost egun naturaleko epea hasiko da erreklamazioak egiteko.

3. Hautaketa Batzordeak erreklamazioak ebatzi ondoren, Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoko iragarki oholean deialdi honetako onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko du.

4. Eskabide onartuak II. eranskineko baremoaren arabera baloratuko ditu Batzordeak. Eskatzaile bakoitzak lortzen dituen puntuazioen arabera, batzordeak 2004/2005 ikasturtean ikasketak egiteko lizentzia izateko hautagaien behin-behineko zerrenda prestatuko du eta zazpi egun naturaleko epea hasiko da erreklamazioak egiteko. Zerrenda puntuazio osoaren arabera antolatuko da. Behin-behineko hautatuen artean berdinketarik gertatuz gero, irizpide hauek erabiliko dira hura hausteko:

1. Nork puntuazio altuagoa baremoko 1. atalean.

2. Nork puntuazio altuagoa baremoko 2.1. atalean.

3. Nork puntuazio altuagoa baremoko 3. atalean.

5. II. eranskineko 1. atalean ezarritako baremoan gutxienez ere 5 puntu lortzea, eta gutxienez 12 puntu baremo horretako 2., 3., 4. eta 5. ataletan.

6. Hautaketa Batzordeak erreklamazioak ebatzi ondoren, 2004/2005 ikasturtean ikasketak egiteko hautatutako irakasleen behin betiko zerrenda jendaurrera aterako du Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoko iragarki oholean.

7. Aurreko puntuetan aipatzen den prozesua amaitutakoan, Hautaketa Batzordeak Hezkuntza Zuzendaritza Nagusira deialdi honen Ebazpen proposamena igorriko du, eta horrekin batera behin betiko akta edo aktak, izangai bakoitzari emandako balorazioa dutela, bai eta hautatuen azken zerrenda ere.

Uko egitea

Hamargarrena._1. Aurreko oinarriko 4. atalean erreklamazioak aurkezteko ezarritako epe berean, hautagaiek ikasketak egiteko emandako lizentziei uko egiten ahalko diete.

2. Ukoa idatziz aurkeztuko zaio Hautaketa Batzordeari, Hezkuntza Departamentuko Erregistroan, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38. artikuluko 4. atalean aurreikusiriko beste edozein baliabideren bidez.

Deialdiaren ebazpena

Hamaikagarrena._1. Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak ebatziko du deialdi hau, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko den ebazpen baten bidez.

2. Hezkuntzaren Plangintzako Zerbitzuko Zuzendaritzak jakinaraziko die izangaiei ikasketak egiteko lizentziak emateari buruzko behin betiko ebazpena.

3. Deialdi hau ebatzi ondotik ez da ikasketak egiteko lizentziari uko egiterik onartuko, salbu Zuzendaritza Nagusiak aparteko kasu larriren bat gertatu dela ikusten badu, hautaketa batzordearen txostena ikusita betiere.

4. Hautagai bat, aldi berean, ikasketak egiteko lizentzia jasotzeko, beste lanpostu batean zerbitzu eginkizunetan aritzeko, edo, aldi baterako atxikipena dela-bide, kanpoko lanpostu batean aritzeko hautatua gertatzen bada, Zuzendaritza Nagusiak behar dena ebatziko du, zerbitzuaren beharrak eta aurkezturiko proposamenen sarrera ordena kontuan hartuz.

Urratsez urratseko txostena eta azken memoria

Hamabigarrena._Ikasketak egiteko lizentziak dirauen bitartean, onuradunek Hezkuntzaren Plangintzako Zerbitzuko Zuzendaritzan honako agiri hauek aurkeztuko dituzte:

1. Ikasketak egiteko lizentziak, A edo B modalitatekoak, urtebeteko iraupenekoak:

a) 2005eko otsailean, ordura arte urratsez urrats egindako lanari buruzko txostena. Lizentzia A1 modalitateari badagokio, txosten horri matrikula egin den unibertsitateak luzatutako ikasketen ziurtagiri ofiziala erantsiko zaio eta bertan sartuko dira hautatutako irakasgaiak eta horien ikastorduak kreditutan. Lizentzia A.2 edo A.3 modalitatekoa bada, urratsez urratseko lanaren txostenari, tesiaren zuzendariaren edo masterraren/graduatu ondoko ikasketen arduradunaren ikus-onespen agiria eta unibertsitateko dagokion departamentuko zigilua gaineratuko zaizkio.

b) Ikasketak egiteko lizentziaren denbora amaitzen denean, luzatu ezin den hilabeteko epean, egindako lanaren gaineko memoria orokorra, edo egindako ikasketen ziurtagiri akademikoa, bidezko dena. Lizentzia B modalitatea bada, azken memoria, III. eranskinaren araberakoa, eta prestatutako materialak.

2. Ikasketak egiteko lizentziak, A edo B modalitatekoak, lau hilekoak:

Ikasketak egiteko lizentziaren denbora amaitzen denean, luzatu ezin den hilabeteko epean, egindako lanaren gaineko memoria orokorra, edo egindako ikasketen ziurtagiri akademikoa, bidezkoa dena. Lizentzia B modalitatea bada, azken memoria, III. eranskinaren araberakoa, eta prestatutako materialak.

Egoera administratiboa eta hautatuek bete beharrekoak

Hamahirugarrena._Ikasketak egiteko lizentziak dirauen bitartean, onuradunek nork bere ordainsari oinarrizkoak eta kasuan kasuko irakaskuntza kidegoko osagarriak jasoko dituzte.

Hamalaugarrena._Ikasteko lizentzia bat jasotzen dutenek jardunean edo zerbitzu berezietan dauden funtzionarioei eskatzen zaizkien baterazintasun baldintza berberak izanen dituzte.

Hamabosgarrena._Deialdi honetan xedatutakoa betetzen ez bada, edo egindako ikasketetan edo lanean "gutxiegi" kalifikazioa lortzen badute, ikasketak egiteko lizentzia galdu eta diziplina erantzukizuna izan dezakete, indarra duen Administrazioko Funtzionarioen Diziplina Araubideari buruzko Erregelamenduaren arabera.

Hamaseigarrena._1. B) modalitateko lizentzien kasuan, Hezkuntza Departamentuak zilegi izanen du egindako ikerketaren emaitzen memoriak eta sortutako material guztia erabili eta argitaratzea, bidezkotzat jotzen baldin badu, indarra duen jabetza intelektualari buruzko legeriak dioenari jarraituz.

2. A eta B modalitateetako lizentzien onuradunek zilegi izanen dute egindako lana argitaratzea, Hezkuntza Departamentuak hala baimentzen badu. Argitalpenean, lana prestatzeko jaso duten lizentziaren aipamena egin beharko dute espresuki. Aipamen hori lizentziarekin egin den lana osorik edo zatiren bat argitaratzen den aldiro egin beharko da.

Jarraipena eta kontrola

Hamazazpigarrena._1. Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren Zuzendaritza Nagusiak lizentziak dirauen bitartean egiten diren ikasketa eta proiektuak behar bezala begiratu eta kontrolatzeko neurriak hartzen ahalko ditu.

2. Hezkuntzaren Plangintzako Zerbitzuak lizentzia denboran egindako lan edo ikasketak baloratuko ditu, urratsez urratseko txostenaren bidez. B modalitatearen kasuan, Hezkuntza Departamentuak proiektuen jarraipena eta ebaluazioa eginen du. Horretarako, Hezkuntzaren Plangintzako Zerbitzuko zuzendariak teknikariak izendatuko ditu, Irakasleen Prestakuntza Atalak proposaturik.

Hemezortzigarrena._2004ko urrian, deialdi honetan parte hartzen duten irakasleek eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioa Hezkuntzaren Plangintzako Zerbitzuko Zuzendaritzan hartu ahalko dute, dela zuzenean, dela baimenduriko pertsona baten bidez. Epe hori amaitutakoan, ulertuko da ez dutela jaso nahi eta horren gaineko eskubide oro galduko dute.

Hemeretzigarrena._Deialdi honen aurka, bere oinarri eta egintzen aurka ere, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Nafarroako Gobernuari zuzendua, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi ondoko hilabeteko epean.

I. ERANSKINA

Proiektuaren edukiaren eskema, modalitatearen arabera

A.1 modalitatea._Lizentziatura, ingeniaritza, ingeniaritza teknikoa, arkitektura, arkitektura teknikoa.

1. Zein ikastaro egin gogo den.

2. Egindako ikastaroen ziurtagiri akademikoa.

3. Zein ikastetxetan egin gogo dituen ikasketak (izena, helbidea, herria, probintzia, herrialdea, telefonoa).

4. Ikastaroaren orduak edo kredituak.

5. Egin beharreko ikasketen plan ofiziala.

A.2 modalitatea._Doktoretza tesiak.

1. Tesiaren titulua.

2. Zuzendariaren txostena, zehaztasun hauekin: lanaren hasierako eguna eta zein fasetan dagoen (hasieran, bide erdian, azken idazketan, eta abarretan).

3. Orain arte egindako lana.

4. Lizentziak dirauen bitartean egin beharreko lana.

6. Ziurtagiri akademiko ofiziala, hirugarren zikloko programari dagozkion kredituak gainditu izanarena, ikertzeko gaitasuna edo Ikasketa Aurreratuen Diploma izatearena eta dagokion unibertsitateko doktoretza batzordeak doktoretza tesiaren proiektua onetsi izanarena.

A.3. modalitatea._Masterra edo graduatu ondoko ikasketak, unibertsitateek abalatuak.

1. Zein ikasketa egin gogo den.

2. Zein ikastetxetan egin gogo dituen ikasketak.

3. Ikastaroaren orduak edo kredituak.

4. Egin beharreko ikasketen plan ofiziala.

B modalitatea._Hezkuntza Berriztapenaren proiektuak.

1. Nortasunari buruzko datuak.

1.1. Proiektuaren titulua.

1.2. Ikastetxe inplikatuen datuak.

1.3. Koordinatzailea eta irakasle laguntzaileak. (Deiturak, izena, IFZ eta espezialitatea).

1.4. Proiektua eta jarduera zein hezkuntza etapatan egin behar den.

1.5. Proiektuaren gaia edo esparrua.

2. Gaia lehen eta orain, bibliografia garrantzitsuena ere sartzen dela.

3. Planteamendua eta justifikazioa.

4. Lortu nahi diren helburuak eta lantzen diren edukiak.

5. Lan plana eta metodologia.

6. Aurreikusitako iraupena eta faseak.

II. ERANSKINA

Baremoa

1. Ikasketa akademikoen, doktoretza tesiaren, masterraren, graduatu ondoko ikasketen edo hezkuntzako ikerketen proiektua. 10 puntu, gehienez ere.

_A.1 modalitatea. Lizentziatura, ingeniaritza, ingeniaritza teknikoa, arkitektura edo arkitektura teknikoa.

Honakoak baloratuko dira:

a) Eginen diren ikasketak nola egokitzen zaizkien eskatzaileak irakaskuntzan daukan lanpostuaren ezaugarri akademikoei. Gehienez ere 7 puntu.

b) Lizentziatura edo titulua eskuratzeko beharrezkoak izan eta dagoeneko gainditurik dituzten ikasketak. 3 puntu, gehienez ere.

_A.2. modalitatea. Doktoretza tesiak.

Honakoak baloratuko dira:

a) Egindako lanaren azalpen eta zehaztasunak nolakoak diren. 2 puntu, gehienez ere.

b) Lan horrek irakaslearen lanpostuaren ezaugarriekin duen zerikusia. 6 puntu, gehienez ere.

c) Zein epetan egin gogo den, tesiaren zuzendariaren txostena eta hirugarren zikloko irakasgaietan lortutako kalifikazioak. 2 puntu, gehienez ere.

_A.3. modalitatea. Masterrak edo graduatu ondoko ikasketak.

Honakoak baloratuko dira:

a) Lizentzia eskaeraren xede diren ikasketak nola egokitzen zaizkion hautagaiaren lanpostuari. 6 puntu, gehienez ere.

b) Egindako ikasketak zenbateraino aprobetxatuko dituen gero batean Hezkuntza Administrazioak eta izangaiaren ikastetxeak. 4 puntu, gehienez ere.

_B modalitatea. Hezkuntza Berriztapenaren proiektuak.

Proiektuak hautatzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

1. Proiektuak koordinatzailearen lanpostuaren ezaugarriekin duen zerikusia. 3 puntu, gehienez ere.

2. Proiektuaren onuragarritasuna eta bideragarritasuna, hezkuntza jarduketa hobetzeko proposamena eta ikasgelan zuzenean aplikatzeko aukera den aldetik. 3 puntu, gehienez ere.

3. Agindu honetan proposatutako gaiei buruz duen garrantzia. 2 puntu, gehienez ere.

4. Proiektua burutzeko eta orokortzeko aukeraren bermea. Gehienez ere, 1 puntu.

5. Edukiaren eta metodologia egokitasunaren aldetik duen izaera berritzailea. Gehienez ere, 1 puntu.

2. Irakaskuntza merezimenduak. 12 puntu, gehienez ere.

2.1. Irakaskuntzako zerbitzuak: irakasle lanetan, funtzionario edo lan-kontratatu finko gisa emandako zerbitzu urte bakoitzeko: puntu bat urte osoagatik, bosgarrenetik, hots, eskatu den gutxienekotik aurrera. 8 puntu, gehienez ere.

2.2. Merezimendu berariazkoak: 7 puntu, gehienez ere.

2.2.1. Ikastetxe publikoetan, irakasleendako laguntza zentroetan edo antzeko erakundeetan zuzendari edo alboko zuzendari lanetan karrerako funtzionario edo lan-kontratatu finko gisa aritutako urte bakoitzeko: puntu bat, urte oso bakoitzeko.

2.2.2. Zuzendariorde, alboko zuzendariorde, idazkari, alboko idazkari, ikasketaburu edo alboko ikasketaburu lanetan, karrerako funtzionario edo lan-kontratatu finko gisa aritutako urte oso bakoitzeko: 0,75 puntu, urte oso bakoitzeko.

2.2.3. Zikloaren koordinatzaile, mintegiburu, alboko mintegiburu, departamentuburu, alboko departamentuburu edo tutore lanetan, karrerako funtzionario edo lan-kontratatu finko gisa aritutako urte oso bakoitzeko: 0,5 puntu, urte oso bakoitzeko.

2.2.4. Tutore edo Eskola Kontseiluko kide lanetan karrerako funtzionario edo lan-kontratatu finko gisa aritutako urte bakoitzeko: 0,25 puntu urte bakoitzetik.

2.2.5. Hezkuntza administrazioan emandako zerbitzuak, horien barne direla zerbitzuko zuzendari, atalburu, unitate teknikoko buru, irakaskuntza gaietarako aholkulari eta irakasleendako laguntza zentroetako aholkulari gisa emandakoak, karrerako funtzionario edo lan-kontratatu finko izanda: puntu bat, urte oso bakoitzeko.

Agiriak: izendapenaren egiaztagiriaren jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua, karguetan izan den denbora ere agertzen duena.

Oharra: atal bakoitzari dagozkion puntuazioak ateratzeko, ez dira kontuan hartuko hilabetetik beherako zerbitzualdiak. Hortik gora, hilabete oso bakoitzeko, adierazitako puntuazioaren hamabiren bat emanen da.

3. Etengabeko prestakuntza jarduerak. 10 puntu, gehienez ere.

3.1. Eskatzailearen espezialitatearekin zerikusia duten prestakuntza jardueretan irakasle izateagatik, dela hezkuntza administrazioek eskaturik, dela hezkuntza administrazio batekin hitzarmena sinatua duten eta irakaslegoaren prestakuntza etengabearekin zerikusia duten irabazi asmorik gabeko entitate publiko nahiz pribatuek eskaturik. Irakaskuntza arloko prestakuntzarako aholkularien edo Irakasleen Laguntzarako Zentroetako irakaskuntza arloko aholkularien kasuan, ez dira kontuan hartuko haiei dagozkien eginkizunen aribidean egindako jarduerak: 0,4 puntu 10 prestakuntza orduko. 5 puntu, gehienez ere.

3.2. Eskatzailearen espezialitatearekin zerikusia duten ikastaro, talde egonkor, mintegi eta bestelako jardueretan parte hartzea, baldin eta hezkuntza administrazio batek, unibertsitate batek edo hezkuntza administrazio batekin hitzarmena sinatua duen irabazi asmorik gabeko erakunde batek antolatua bada: 0,10 puntu 10 prestakuntza orduko. 5 puntu, gehienez ere.

Agiriak: egiaztagirien jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

4. Irakaskuntzako irakasgai edo espezialitateari edo diziplina edo pedagogiaren gaineko laguntzari buruzko argitalpen edo ikerketa lanak: puntu bat gehienez lan bakoitzeko. 5 puntu, gehienez ere.

Agiriak: dagozkien ale jatorrizkoak. Argitaratu gabeko ikerketa lanak direnean, aurkezten den aleak ikerketaren ardura izan duen erakundearen abala beharko du.

5. Ikasketa merezimenduak. 2 puntu, gehienez ere.

5.1. Doktore titulu bakoitzeko, A.2 modalitateko eskatzaileendako izan ezik: puntu bat titulu bakoitzeko.

5.2. Bigarren eta gainerako diplomaturak, ondorio guztietarako legez diplomaturen baliokide diren ingeniaritza edo arkitektura teknikoen tituluak, eta Lizentziatura, Arkitektura edo Ingeniaritza bateko lehen zikloko ikasketak: 0,5 puntu titulu bakoitzeko.

Izangaiari ez zaizkio inoiz baloratuko maila horretako lehenengo titulua edo ikasketak.

5.3. Lizentziaturetako, Ingeniaritzetako edo Arkitekturako bigarren zikloko ikasketak edo, ondorio guztietarako, legez haien baliokide deklaratu diren tituluak: 0,5 puntu titulu bakoitzeko.

Agiriak: tituluaren jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua edo behar den unibertsitatean eskatu dela frogatzen duen gordekinarena.

III. ERANSKINA

Memoria prestatzeko gidoia

1. Proiektua zein ingurutan garatu den: horren ezaugarri orokorrak eta kasuan kasukoak.

2. Proiektuko helburuak betetzea:

Hasiera batean proposatuak.

Proiektua bukatzean lortuak.

3. Proiektua abian zela sartutako aldaketak, ondoko alderdiei buruzkoak:

Helburuak.

Metodologia.

Antolaketa.

Egutegia.

4. Proiektuan zehar ebaluatzeko prozesuaren laburpena.

5. Ondorioak:

Proiektuaren lorpenak.

Ikastetxean izan duen eragina.

6. Parte hartu duten irakasleen zerrenda, izena, bi deitura eta NAN zenbakia barne. Egindako lanei eta haietan izan duten inplikazioei buruzko txostena erantsiko da.

7. Prestaturiko materialak.

Iragarkiaren kodea: F0406658