57. ALDIZKARIA - 2004ko maiatzaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

174/2004 FORU DEKRETUA, apirilaren 19koa, Nafarroako Foru Komunitateko Lizitatzaileen Borondatezko Erregistroa arautzen duena.

Nafarroako Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko ekainaren 16ko 10/1998 Foru Legearen 162. artikuluak ezartzen du Kontratazio Administratiboko Batzordearen eginkizunetan, erregelamendu bidez zehaztuko baitira, kontratazio sistemaren alderdi administratibo, tekniko eta ekonomikoetan eragina duten arau, neurri edo jarraibideak proposatzea dagoela eta, azaroaren 14ko 13/1986 Foru Dekretuaren 2. artikuluak xedatzen duenez, Batzordeak, beste eginkizun batzuen artean, kontratazioa egoki antolatzeko behar diren neurriak hartzea proposatuko du, kontratazioaren alderdi ekonomikoen eta administratiboen prozedurak hobetzen saiatuko da eta kontrataziorako irizpideak bateratzea sustatuko du.

Organo aholku-emaile horrek, kontratazio administratiboaren praktika arrazionalizatu beharraz oharturik, Nafarroako Administrazio Publikoek eta 10/1998 Foru Legearen menpeko gainerako entitateek egiten dituzten lizitazio prozedura ugarietan lizitatzaileek aurkezten dituzten agirien artxibo zentralizatua izatearen garrantzia nabarmendu du, kontratazio organo eta mahaiei laguntzen lizitatu nahi duten enpresek bildu behar dituzten nortasun, gaitasun eta ordezkaritzaren gaineko baldintzak betetzen ote dituzten egiaztatzen eta, bidenabar, baliabideak aurrezten.

Beste aldetik, egungo informazioaren gizarteak baliabide telematiko eta elektroniko berriak erabiltzeko eskatzen du, kudeaketa administratiboa zuzena izan dadin.

Premisa horiek Lizitatzaileen Borondatezko Erregistroa sortzeko bidea ematen dute, baina ez erregistro publiko gisa, kontratazioaren lagungarri gisa baizik, parte hartzea erraztu eta kontratazio administratiboaren prozedura arintzeko asmoz.

Agirien artxibo zentralizatu hau, Lizitatzaileen Borondatezko Erregistroa izenekoa, ez da sortuko Nafarroako Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko ekainaren 16ko 10/1998 Foru Legearen 163.2 artikuluak Kontratisten Erregistro Ofizialari esleitzen dizkion eginkizunak betetzeko, baina harekin bilduko den eskarmentua hagitz probetxagarria eta erabilgarria izanen da, gero batean, aipatutako Kontratisten Erregistro Ofiziala, erregistro publikoa eta egun Nafarroak ez duena, sortu eta arautzeko.

Onetsiko den honako xedapen honi Kontratazio Administratiboko Batzordeak, 2003ko urriaren zazpian egindako bilkuran, Toki Araubidearen Foru Batzordeak, 2003ko urriaren 27an egindako bilkuran, eta Nafarroako Kontseiluak, otsailaren 2ko 2/2004 irizpenean, adostasuna eman diote.

Horrenbestez, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak 2004ko apirilaren 19ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko Borondatezko Lizitatzaileen Erregistroa sortzea. Kontratazio Administratiboko Batzordearen Idazkaritzaren menean egonen da eta han izena ematen ahalko dute, borondatez, Nafarroako Administrazio Publikoek eta Nafarroako Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko ekainaren 16ko 10/1998 Foru Legearen menpeko gainerako entitateek egiten dituzten lizitazioetan parte hartu nahi duten merkataritzako sozietate, kooperatiba eta lan sozietateek.

2. artikulua. 1. Enpresa batek Lizitatzaileen Borondatezko Erregistroan izena ematean ziurtagiri bat eginen da, Kontratazio Administratiboko Batzordearen lagun bakarreko organoetako edozeinen baimenarekin, enpresaren nortasuna eta ordezkaritza adieraziko dituena.

2. Ziurtagiriaren kopia, modu elektronikoan interneten bidez eskuratua, eta indarraldiaren gaineko norberaren ardurapeko deklarazioa aurkeztuz gero, Nafarroako Administrazio Publikoek eta Nafarroako Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko ekainaren 16ko 10/1998 Foru Legearen menpeko gainerako entitateek egiten dituzten lizitazio guztietan lizitatzaileak ez du bere nortasunaren eta ordezkaritzaren gaineko beste agiririk aurkeztu beharko.

3. Lizitatzaileen Borondatezko Erregistroan gordeko dira bai ziurtagirian agertzen diren datuak egiaztatzen dituzten agirien kopia konpultsatuak, bai egindako ziurtagiriak ere. Ziurtagiri horiek lizitatzaileek erdiesten ahal dituzte bide elektronikoaren bitartez kontratazio prozedurarako dei egiten den aldiro.

4. Ziurtagiriaren kopiak, interneten bidez modu elektronikoan eskuratuak, ausazko bi gako izanen ditu, kontratazio organo eta mahaiek, hauek ere modu elektronikoen bidez, haren egiazkotasuna begiratzeko.

5. Erregistroan izena emateak berarekin ekarriko du erregistratutako enpresaren baimena erregistroak egindako ziurtagiriaren kopia aurkezten den kontratazio organo eta mahaietan agiriaren egiazkotasuna modu elektronikoan begiratu ahal izateko.

3. artikulua. 1. Lizitatzaileen Borondatezko Erregistroaren jardueraren euskarria web teknologia izanen da eta behar diren neurriak hartuko dira bertan dauden ziurtagirietan bakar-bakarrik sartu ahal izateko interesatuak eta deialdi bakoitzean baimendutako kontratazio organo eta mahaiak.

Erregistroan modu elektronikoen bidez sartzeko baimena izanen dute ziurtagirien kopiak, interneten bidez eskuratuak, egiazkoak ote diren begiratu nahi duten kontratazio organoek eta horiei lagunduz prozeduran parte hartzen duten kontratazio mahaiek. Kopia horiek, betiere, erregistroak emanak izanen dira eta organo horiexek dei egindako kontratazio prozeduretan aurkeztuak.

2. Kontratazio Administratiboko Batzordearen lagun bakarreko organoetako edozeinek baimena eman ondotik enpresaren nortasuna eta ordezkaritza adierazten dituen ziurtagiriak, hasiera batean, urtebeteko balioa izanen du eta urtez urte luzatzen ahalko da, interesatuak, sistema seguru bat erabiliz, hasieran emandako informazioa, ziurtagirian agertzen den bera, baliagarria dela eta ez dela aldatu deklaratu eta ondoan. Nolanahi dela ere, interesatuak berak emandako informazioa dela medio, edo enpresaren edo haren ordezkarien gaitasuna mugatzen duen administrazioaren edo epailearen ebazpena bete behar delakoz, ziurtagiriaren indarraldia murrizten ahal da.

3. Ziurtagiriaren kopia modu elektronikoan erdietsiko dute lizitatzaileek eta Kontratazio Administratiboko Batzordeak ez du paperezko ziurtagiririk egiten ahalko.

4. artikulua. 1. Izena erregistroan eman nahi dutenek, betiere, ondoko agiriak aurkeztuko dituzte: gaitasun juridikoa eta aritzekoa kreditatzen dituzten jatorrizko agiriak, entitatearen izenean eta haren ordezkari lanetan diharduten pertsona fisikoen ordezkaritza kreditatzen duten notario-ahalordeak, pertsona fisiko horien Nortasun Agiri Nazionala (N.A.N.) edo legez ordezkoa izan daitekeen agiria, eta enpresaren Identifikazio Fiskalerako Zenbakia (I.F.Z.) kreditatzen duen agiria.

2. Merkataritzako sozietateek eta lan sozietateek eraketa eta aldaketa eskriturak, xedea adierazten duen eskritura eta administratzailearen izendapenaren eskritura aurkeztuko dituzte, horiek guztiak jatorrizkoak eta, behar den bezala, Merkataritzako Erregistroan inskribatuak. Merkataritzako sozietateak bere ordezkariak administratzaileak ez beste pertsona batzuk izatea nahi baldin badu, emandako ordezkaritzako ahalordeak agertzen dituen jatorrizko eskritura edo notarioak baimendutako kopia, behar den bezala Merkataritzako Erregistroan inskribatuak, aurkeztu beharko du.

3. Kooperatibek dagokien erregistroan inskribatu direla kreditatzen duen jatorrizko agiria aurkeztu beharko dute.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbizikoa._Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Ondare Zerbitzuari atxikitako funtzionarioei baimena ematen zaie interesatuek aurkeztuko dizkieten agiri publiko eta pribatuak konpultsatzeko, Lizitatzaileen Erregistroan izena eman ahal izateko beharrezkoak baitira.

Bigarrena._2. artikuluaren 3. atalean aipatzen den ziurtagiriaren formatua foru dekretu honen I. eranskinean agertzen dena izanen da.

Hirugarrena._Ziurtagiriak indarrean segitzeko norberaren ardurapeko deklarazioa foru dekretu honen II. eranskinean agertzen den ereduari jarraikiz eginen da.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetzen dira foru dekretu honi aurka egiten dioten xedapen maila bereko nahiz apalagoko guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizkoa._Ekonomia eta Ogasun kontseilariari baimena ematen zaio, Kontratazio Administratiboko Batzordeak txostena egin ondotik, behar diren xedapenak eman ditzan foru dekretu hau aplikatzeko eremu subjektiboa, ziurtagiriaren indarraldiaren epea, erregistroko izena ematearen edukia eta haren ondorioak, bereziki zergen alorreko eta Gizarte Segurantzako obligazioak betetzearen gaineko egiaztapenari dagokionez, zabaltzeko. Halaber, ahalmena ematen zaio foru dekretu hau aplikatu eta gauzatzeko behar diren gainerako xedapen guztiak eman ditzan.

Bigarrena._Ekonomia eta Ogasun kontseilariak, foru agindu baten bitartez, Lizitatzaileen Erregistroan izena emateko, hartan aldaketak egiteko eta hura erabiltzeko jarraitu behar den prozesu telematiko eta administratiboa ezarriko du, bai eta web-gunea eta Lizitatzaileen Erregistroa erabiltzeko legezko baldintzak ere. Baldintza horiek interesatuek espresuki onartu beharko dituzte sartu ahal izateko.

Hirugarrena._Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2004ko apirilaren 19an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Francisco J. Iribarren Fentanes.

I. ERANSKINA

NAFARROAKO GOBERNUA

KONTRATAZIO ADMINISTRATIBOKO BATZORDEA

LIZITATZAILEEN ERREGISTROA

ESPEDIENTE zk.: ....................................................

IZENA EMATEAREN ZIURTAGIRIA

Nafarroako Kontratazio Administratiboko Batzordearen Idazkaritzan dauden datuak azterturik, ikusi da .............(e)ko ..................aren ..........(e)an Lizitatzaileen Erregistroan izena hartu zaiola, ..... zenbakiarekin, honako datu hauek dituen enpresari:

1._Izena eta helbide soziala.

Izena:

IFZ:

Helbide soziala:

Herria:

Probintzia:

Posta kodea:

Kontrol zk.:

2._Erregistroko eraketa eta izena ematea.

Notarioa: Protokolo zk.:

Herria: Eguna:

Izena ematearen zk.: Eguna:

Atala: ................................ Liburua: .............................. Orrialdea: .............................. Orria: .............................. Liburukia:

3._Xedea.

4._Ordezkaria.

Izen-abizenak N.A.N.

gisa. Indarraldia: noiztik noiz arte

Eskumenen datuak (1):

Ordezkatu f Lizitatu f Bermeak jarri f Bermeak kendu f Kobratu f

Kontratuak egin f Laga f Kredituak eskualdatu f Besterik f

Mugak

ESKUMEN PARTEKATUAK GAINERAKO ORDEZKARI PARTEKATZAILEEN N.A.N.

f Ordezkatu

f Lizitatu

f Bermeak jarri

f Bermeak kendu

f Kobratu

f Kontratuak egin

f Laga

f Kredituak eskualdatu

Besterik:

(1) "X" batez markatu esleitutako eskumenak edo adierazi "S" ahalordeak solidarioak badira eta "P" partekatuak badira.

5._Ziurtagiriaren indarraldia.

...........(e)ko .............aren ........a arte, betiere aurkeztutako agiriak indarrean badira.

6._Ziurtagiriaren kodea.

II. ERANSKINA

Norberaren ardurapeko deklarazioa, Nafarroako Foru Komunitateko

Lizitatzaileen Erregistroan idatzitako datuak ez direla aldatu adierazten duena. (Deklarazio hau derrigorrez aurkeztu behar da erregistroko izena ematearen ziurtagiriarekin batera lizitazio guztietan)

............................................................... j/a-k, N.A.N. zk. ............, .............................., Nafarroako Foru Komunitateko Lizitatzaileen Erregistroan ................ zenbakiarekin izena eman duen enpresaren ........................ gisa (1) , bere ardurapean deklaratzen du Lizitatzaileen Erregistroak dituen enpresaren datuak indarrean daudela eta ez direla deus ere aldatu, eta Nafarroako Foru Komunitateko Lizitatzaileen Erregistroko izena ematearen ziurtagirian, .................. zenbakiko espedientean, agertzen direnak berak direla. Ziurtagiria agiri honi erantsia dago ...........................(e)k (3) sustatutako .......................... lizitazioan (2) parte hartu ahal izateko.

.....................(e)n, 200...(e)ko ................aren ........(e)an

(Enpresaren zigilua eta sinadura eskuduna)

Stua.: ...............................

(1) Adierazi administratzailea edo ahalduna den.

(2) Parte hartu nahi duen kontratazioaren prozedura.

(3) Lizitazioaren organo sustatzailea.

Iragarkiaren kodea: F0406227