50. ALDIZKARIA - 2004ko apirilaren 26a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

A L T S A S U

Deialdia, Altsasuko Udaltzaingoko kabo izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

O I N A R R I A K

1. Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Altsasuko Udaltzaingoko kabo izateko lanpostu bat betetzea, Altsasuko udaltzainentzako maila igoeraren bidez eta oposizio-lehiaketa sistema erabiliz:

Lanpostuaren titular bihurtzen denak bete beharko ditu ordenamendu juridikoak Udaltzaingoko kaboentzat ezartzen dituen eginkizun eta betekizunak, besteren artean, esaterako, orain aipatuko ditugunak, baina ez hauek bakarrik:

_Lan txanda berean diharduten agenteen gaineko agintea eta erantzukizuna.

_Zehapen espediente guztiak eta haien aurkako errekurtsoak kudeatzea.

_Instruktore lanak eginen ditu zehapen espedienteetan.

_Udaltzaingoaren zerbitzuen antolamendu, plangintza eta zuzendaritza lanak, udaltzain buruarekin koordinaturik eta haren mendean jardunez.

_Udaltzain agenteek haien destinoetan zintzo diharduten eta agindutako egitekoak behar bezala betetzen dituzten begiratzea.

_Udaltzain agenteei laguntzea, zerbitzuaren beharrek hori eskatzen dutenean edo esku-hartzeetan zalantzak sortzen direnean.

_Zerbitzuan diren akatsei buruz ahozko oharrak egitea udaltzain agenteei eta, akats bera berriz eginez gero, buruei horren berri ematea.

_Langileek egindako zerbitzu bikainen eta akatsen berri ematea buruei, jakinarazpena egiteko.

_Udaltzain agenteek beren gain duten materiala egokiro darabilten begiratzea.

_Zerbitzua hobetzeko egindako jarduketa guztiak aztertzea, udaltzain agenteekin batera.

_Bere karguak dituen gainerako eginbeharrak egitea, hori agintzen diotenean.

1.2. Hautatua gertatzen den pertsona, izendatzen dutenean, nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko da, funtzionarioen arloan indarrean dauden xedapenetan aipatzen diren eskubide eta betebehar guztiekin.

1.3. Lanpostuek C mailako lansariak izanen dituzte, eta aplikatu beharreko xedapenen araberako osagarriak.

1.4. Izendatutako izangaiek Altsasuko udal mugapean bizi beharko dute, eta hori betetzeko udalerri horretan finkatuko dute beren bizilekua.

2. Izangaien betebeharrak.

2.1. Lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Gutxienez 2 urteko antzinatasuna izatea Altsasuko udaltzain edo agente lanpostuan.

b) Abiapuntuko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dira baldintza horiek.

3. Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira Altsasuko Udalaren erregistro orokorrean (García Ximénez kalea, 36), edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztientzako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz. Horretarako, hogeita hamar egun naturaleko epea izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita. Aipatu eskabideak deialdian argitaratutako ereduari lotuko zaizkio, Altsasuko Udalaren sarrera erregistroan berean eskuratzen ahal baitira, eta haietan izangaiek adierazi beharko dute eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

3.2. Eskabidearekin batera ondoko agiriak aurkeztu beharko dira:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren bi aldeen fotokopia, behar bezala konpultsatua.

b) Egiaztagiria, Altsasuko Udaltzaingoko agente izendatu izana, lanpostuko antzinatasuna eta bertan duen egoera administratiboa ziurtatzen dituena.

c) Deialdiaren II. eranskineko baremoaren arabera alegatutako merezimenduen egiaztagiriak.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea ezin da luzatu.

4. Onartu eta baztertuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, alkateak lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzen duen ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta egindako akatsak zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea amaitutakoan eta erreklamazioei erantzun ondoren, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

5. Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiko kideak:

Mahaiburua: alkatea edo bere ordez arituko den zinegotzia.

Ordezkoa: alkateordea.

Mahaikidea: Javier Aoiz Pinillos, Atarrabiako udaltzainen burua.

Ordezkoa: Gonzalo Rueda Pérez, Altsasuko Udaltzaingoko kaboa.

Mahaikidea: Iñaki Velasco Alza, Iruñeko Udaltzaingoko sarjentua.

Ordezkoa: Fernando Plano Izaguirre, Iruñeko udaltzaina.

Mahaikidea: ordezkari sindikal bat.

Ordezkoa: beste ordezkari sindikal bat.

Mahaikide-idazkaria: Isaac Valencia Alzueta, Altsasuko Udalaren idazkaria.

Ordezkoa: izendatzen den eskuordea.

Hauta-probak egiten hasi aurretik eratuko da epaimahaia.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, gutxienez ere kideen gehiengo osoa bertan ez bada.

Organo kolegiatu horren eraketa baliozkoa izateko, beharrezkoa izanen da elkartzea mahaiburua eta idazkaria, edo haien ordezkoak, eta gutxienez ere mahaikideen erdiak.

5.3. Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean aipatzen diren abstentzio arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta deialdia egin duen organoari eman beharko diote horren berri.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute mahaikideak errefusatzea, arrazoi horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sor daitezkeen afera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituak hartzen ahalko ditu, proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek dagozkien espezialitate teknikoetan aritzera mugatuko dira, eta epaimahaiari horietan baizik ez diote lagunduko.

6. Lehiaketa.

6.1. Lehiaketaldian baloratuko dira izangaiek alegatu eta behar bezala frogaturiko merezimenduak, ondoko baremoaren arabera. Gehienez ere 77,50 puntu emanen dira lehiaketaldian.

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 35 puntu bitarte.

b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta bestelako merezimenduak: 25 puntu bitarte.

c) Hizkuntzak jakitea: frantsesa, ingelesa eta alemana: 15 puntu bitarte.

d) Sariak: 2,5 puntu bitarte.

Aurreko a), b), c) eta d) ataletan alegatu eta egiaztaturiko merezimenduak epaimahaiak kalifikatu eta puntuatuko ditu, deialdiko II. eranskineko baremoaren arabera. Izangaiek beren merezimenduak azaldu behar dituzte lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkezten duten unean, eta frogatu ere une horretan frogatu behar dituzte, agirien bidez. Epaimahaiak ezin izanen du, inolaz ere, alegatu eta agirien bidez frogatu ez den merezimendurik baloratu, ez eta atal bakoitzean zehaztu gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiatzaileek alegatutako merezimenduen gainean.

7. Oposizioaldia

7.1. Oposizioaldiak honako proba hauek izanen ditu:

a) Hasi aurreko proba, euskarari buruzkoa.

b) Ezagupenen gaineko probak.

c) Proba psikoteknikoak.

d) Trebakuntza ikastaroa.

7.2. Euskarari buruzko proba izangai guztientzat eta baztertzailea izanen da. Epaimahaiak proposatuko du ahoz nahiz idatziz egin beharreko ariketa bat, lanposturako behar den mailarako egokia, eta Sakanako Mankomunitatearen Euskara Zerbitzuko teknikariak arduratuko dira hura burutzeaz.

7.3. Ezagupenen gaineko probetan 150 puntu emanen dira gehienez ere eta honako ariketa idatzi hauek egin beharko dira:

a) Proba objektiboan, III. eranskinean ageri diren gaien gaineko galderak erantzutea. Proba, gehienez ere, ordu betekoa izanen da eta 75 puntu lortzen ahal dira. Baztertu eginen dira 37,5 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

b) Antolaketaren eta/edo esku-hartzearen gaineko kasu bat ebaztea. Proba, gehienez ere, bi ordukoa izanen da eta 75 puntu lortzen ahal dira. Baztertu eginen dira 37,5 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

7.4. Proba psikoteknikoak egin beharko dira, izangaiak lanpostuaren eskakizunei noraino egokitzen zaizkien neurtu beharrez. Proba hau Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak eginen du eta gehienez ere 70 puntu lortzen ahal dira.

Proba psikoteknikoak hasi aitzin, Psikologia Aplikatuaren Zerbitzuak, Alkatetzarekin kontsulta egin ondoren, lanpostuan behar diren ezaugarrien gaineko proposamena igorriko dio Alkatetzari berari. Alkatetzak onetsi eginen du proposamen hori eta deialdiko epaimahaiari jakinaraziko dio.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Zerbitzuak, egoki diren probak egin ondoren, txosten psikotekniko bat emanen du lehiatzaile bakoitzari buruz. Horretan, norbera deialdiaren xede den lanpostuaren izaera eta ezaugarriei nola egokitzen zaien baloratuko da. Zerbitzu horrek txosten psikoteknikoan izangai bakoitzari ematen dion puntuazioa loteslea izanen da epaimahaiarentzat.

Proba guztiak deialdi bakarrean eginen dira. Baztertu eginen dira horietako edozeinetara agertzen ez diren izangaiak.

Baztertu eginen dira 35 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

7.5. Igoerarako trebakuntza ikastaroa: 200 puntu bitarte.

Proba psikoteknikoak egindakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko ditu, Altsasuko Udalaren iragarki oholean eta azken proba egin den tokian, probak gainditu dituzten izangaien behin-behineko zerrenda, lortutako puntuazioa eta txanda adierazita, eta trebakuntza ikastaroa egiteko onartu diren izangaien zerrenda.

Nafarroako Segurtasun Eskolak emanen du trebakuntza ikastaroa, gehienez 214 eskola ordukoa; hautatzailea izanen da eta 200 puntuko balorazioa izanen du.

Epaimahaiak trebakuntza ikastaroa egiteko onartutakoen behin-behineko zerrendarekin batera adieraziko du ikastaroa zein toki, egun eta ordutan hasiko den.

Trebakuntza ikastaroa egin bitartean izangaiak zerbitzu berezien egoeran deklaratuko dituzte haien jatorrizko administrazioek, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 24.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Ikastaroa bukatutakoan, langilea jarduneko egoerara itzuliko da berehala, zerbitzu berezien egoeran deklaratu zenean zuen lanpostura.

Zerbitzu berezien egoeran deklaratzeak ez du aldaketarik sortuko izangaiaren gizarte aurreikuspeneko erregimenean, jatorrizko lanpostuan zuenarekin segituko baitu.

Altsasuko Udalak kabo lanpostuari dagozkion lansariak ordainduko dizkie zerbitzu berezien egoeran deklaratu eta trebakuntza ikastaroan onartzen dituzten izangaiei.

Izangaiak ikastaro hautatzailea uzten badu, ikastaroa uzten duen egunera arte izanen du eskubidea aurreko atalean aipatu lansariak jasotzeko.

Zerbitzu berezien egoera bukatzen denean aurreko atalean aipaturiko lansarien erregimena izateari utziko zaio, eta ez du eskubiderik ekarriko, ez eskubide pasiborik sortuko, ez eta deialdiko lanpostuaren ondoriozko inolako eskubiderik ere.

Izangaiak Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Segurtasun Eskolari atxikiko zaizkio.

Izangaiek hamabost egun naturaleko epea dute, trebakuntza ikastaroan onartu eta baztertu direnen behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik hasita, ikastaroak dirauen bitartean zerbitzu berezien egoeran daudela frogatzeko.

Baztertu eginen dira ikastaroa osatzen duten arloetakoren bat gainditzen ez duten izangaiak.

Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa ateratzeko lehiaketako eta oposizioko puntuazioak batuko dira.

8. Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta izendapen proposamena.

Trebakuntza ikastaroa bukatutakoan, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak epaimahaiari igorriko dizkio ikastaroko puntuazioak, bai eta arlo bakoitzerako eta haren azken kalifikaziorako proposamena ere.

Epaimahaiak izangaien kalifikazioa onetsiko du eta lehiaketa gainditzen duten izangaien zerrenda, azken puntuazioaren araberakoa, Altsasuko Udaleko alkateari igorriko dio.

9. Izendapena eta jabetza hartzea.

9.1. Alkateak Altsasuko Udalaren Udaltzaingoko kabo izendatuko du lehiaketa gainditzen duen izangaia, eta izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

9.2. Izangai izendatuak hamar egun naturaleko epea izanen du lanpostuaren jabetza hartzeko, izendapena jakinarazten denetik hasita. Aipatu epean, eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, jabetza hartzen ez badute, igoerarako eskubidea galduko dute.

10. Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Sailari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.

Epaimahai kalifikatzailearen egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, alkateari zuzendua, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi eta hilabeteko epean.

Altsasun, bi mila eta lauko martxoaren hamaseian. Alkatea, Asun Fernández de Garaialde Lazkano Sala.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ..................., adinez nagusia; N.A.N.: ..............., jaioteguna: ............, jaioterria: ............., probintzia: ............., egungo helbidea (herria, probintzia, kalea, zenbakia, solairua, letra, posta kodea): ........................ etxeko telefonoa: ........., laneko telefonoa: ................., sakelako telefonoa: ...........

Zure aurrean agertu eta adierazten dut:

Onartua izatea eskatzen dudala Altsasuko Udaltzaingoko kabo izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian, ........ Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, .................... egunean argitaratu zen hartan.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean baldintza guztiak betetzen ditudala.

Altsasun, 2004ko ......................(a)ren .....(e)an.

(Izenpea)

ALTSASUKO UDALEKO ALKATEA.

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 35 puntu gehienez.

1) Nafarroako polizia kidego batean, polizia edo agente gisa, egiazki eta lanpostu finkoan egindako zerbitzu urte bakoitzeko: 1,50 puntu.

2) Deialdiaren xede den lanpostu berean, Nafarroako polizia kidegoetan, bitarteko langile gisa emandako zerbitzu urte bakoitzeko, aurreko atalean ezarritakoaren arabera, deitutako lanpostuaren azpian hurrena datorren lanpostuari ematen zaion puntuazioa baino % 10 gehiago emanen da.

3) Administrazio Publiko baten gainerako segurtasun indar eta kidegoetan, lanpostu finkoan, emandako zerbitzuak: 0,50 puntu urte bakoitzeko.

4) Edozein Administrazio Publikotan, lanpostu finkoan, polizia kidegoetakoak ez diren bestelako zerbitzuak: 0,25 puntu urte bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie lehiatzaileei.

2. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

3. Deialdia argitaratu ondoan egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

4. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon den edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu den aldietako zerbitzuak, egoera horietan sartzean zuen lanpostuan eman izan balitu bezala kontatuko dira.

b) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa eta beste merezimendu batzuk: 25 puntu gehienez.

1) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolaturiko prestakuntza ekintzetan parte hartzea: 0,10 puntu kreditu akademiko bakoitzeko edo haren baliokide den eskola aldi bakoitzeko (10 ikastordu), eta gehienez ere 10 puntu.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko prestakuntza jardueretan, ikastorduen zatikiak hainbanatuko dira.

2. Ikastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean sartzen dira, espresuki, sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Itunen barrenean antolatutakoak.

2) Biltzar edo jardunaldietan ponentziak edo komunikazioak aurkeztea, beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea: 3 puntu, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoak, kontuan hartuz lana edo jarduera bakar batek edo taldean egina den eta biltzarra edo argitalpena zein mailatakoa den (tokikoa, eskualdekoa, nazionala edo nazioartekoa).

3) Sektore publikoan prestakuntza ekintzak antolatu edo/eta horietan irakasle gisa parte hartzea: gehienez ere, 2 puntu, epaimahaiak haien iraupenaren arabera baloratu beharrekoak.

4) Titulazio eta espezialitate akademikoak, deialdian eskatutakoak ez direnak: 4 puntu gehienez.

5) Doktore edo lizentziatu gradua, deialdian eskatutako titulazioari buruz: 2 puntu gehienez.

6) Bestelako merezimenduak, epaimahaiak baloratu beharrekoak: besteak beste, hizkuntzak, sektore pribatuan egindako lanak, bekak edo prestakuntza egonaldiak, kontsulta egiteko, aholku emateko, parte hartzeko edo ordezkaritzako organoetan parte hartzea: 4 puntu gehienez.

Oharrak b) atal osorako:

Atal honetan aipatutako merezimenduak bakarrik polizia lanarekin zerikusia izanez gero baloratuko dira. Ez dira inolaz ere baloratuko kidegoan sartzeko edo gora egiteko prestakuntza ikastaroak.

c) Hizkuntzak jakitea: gehienez ere 15 puntu.

1) Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteagatik, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak baitira, 5na puntu gehienez ere.

d) Sariak: 2,5 puntu gehienez.

1) Zerbitzu Goraipagarrien plakagatik: 1,25 puntu.

2) Zerbitzu Goraipagarrien Dominagatik: 0,75 puntu.

3) Jendaurreko Esker Onagatik: 0,50 puntu.

4) Esker On pribatuagatik: 0,25 puntu.

III. ERANSKINA

Gai-zerrenda, ezagupenen gaineko probarako

1._Atxiloketa. Legezko erregulazioa. Noiz behar den; prozedura. Atxilotuaren eskubideak. Kasu bereziak. Habeas corpus prozedura.

2._Delitugilearen identifikazioa eta zitazioa. Atestatua: kontzeptua, legezko balioa, xedea.

3._Froga prozesala. Froga tresnak. Polizia judizialaren esku-hartzea. Begizko ikuskapena. Toki itxi batean sartu eta miratzea.

4._Ibilgailu motordunekin egindako delituak. Trafikoaren segurtasunaren kontrako delituak: edari alkoholiko edo drogen eraginpean gidatzea; ausarkeriaz gidatzea; zirkulaziorako arrisku larria sortzea.

5._Trafikoari buruzko Legea eta Zirkulazioaren Erregelamendu Orokorra. Zehapen prozedura.

6._Ikuskizun Publikoei eta Josteta Jarduerei buruzko Foru Legea; jarduera sailkatuen gaineko legeria.

Iragarkiaren kodea: L0404834