50. ALDIZKARIA - 2004ko apirilaren 26a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

Z A N G O Z A

Ezkondu gabeko bikote egonkorren udal erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantza behin betikoz onetsirik

Zangozako Udalak, 2003ko urriaren 31n egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Ezkondu gabeko bikote egonkorren udal erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantza.

Espedientea tramitatu zen Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legeko 325. artikuluan xedatzen denari jarraituz, lege hori aldatzen duen 15/2002 Foru Legean onetsi zen idazketa berriak dioenaren arabera, eta kontuan hartuz jendaurreko epean ez dela inolako erreklamaziorik aurkeztu, hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bihurtzen da.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoari jarraituz, osorik argitaratzen da ordenantza horren testua, argitaratu eta hamabortz egun baliodun geroago indarra hartuko duena.

Zangozan, 2004ko otsailaren 16an._Alkate udalburua, José Luis Lorenzo Elvás.

EZKONDU GABEKO BIKOTE EGONKORREN ZANGOZAKO UDALAREN ERREGISTROAREN ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Ezkondu gabeko bikote egonkorren Zangozako Udalaren erregistroak administrazio izaera du eta bertan ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzeak, baita haien iraungitzea ere, inskribatzen ahal dira ordenantza honetan ezartzen den eran eta baldintzetan.

2. art. Bikote guztiek, sexu berekoak izan edo ez, erregistroan inskribatzeko eska dezakete, baldin eta haien adostasun libre eta osoarekin ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatu badute.

Gutienez, elkartutako kide batek egon beharko du Zangozako udalerrian erroldaturik, bertan bizi ohi delako.

Halaber, bi kideek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, ez daudela ezkonduak ezta inskribatuak ere ezkondu gabeko bikote egonkorren bertze erregistroren batean.

3. art. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa egiteko, bi lagunek batera agertu beharko dute erregistroaz arduratzen den funtzionarioaren aurrera, haien artean ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzen dutela deklaratzeko.

Ez da inskripziorik eginen bikoteko bat burujabetu gabeko adingabea bada, edo lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaide badira, nahiz alboko lerrotik bigarren maila bitarteko odolkidetasunezko ahaide badira.

Bikoteko batek akats edo anomalia psikikorik badu, orduan ere ez da inskripziorik eginen. Halakoetan, medikuaren irizpena beharko du, ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzeko gaitasuna aitortzen diona.

Era berean, ukatu eginen da inskripzioa bikoteko bat ezkondua badago edo ezkontzeko gaitasun gabea deklaratua bada.

4. art. Lehenbiziko idazpena egitean, bikoteak nahi dituen argitasun guztiak agertarazten ahalko ditu beren arteko elkartzeari buruz. Orobat, hitzez hitz idazten ahalko dira elkartutako kideen giza eta ondare loturak arautzen dituzten hitzarmenak.

Aurreko lerroaldean aipatutako edukiak geroago ere inskribatzen ahalko dira, bikoteko bi kideak agertuta.

Nolanahi ere, elkartzea bukatu edo iraungitzeko oharpenak egiteko, aski izanen da kide bakar batek hala eskatzea.

5. art. Erregistroa Udalaren idazkaritza orokorrean egonen da.

6. art. Aurreko artikuluetan aipatzen diren inskripzioak erregistratzeko, Liburu Orokorra erabiliko da. Liburua orri mugigarri, zenbatu eta zigilatuez osatua dago, eta irekitzeko eta ixteko eginbideak paratuko dira hasieran eta bukaeran.

7. art. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioak oinarrizko inskripzioaren izaera izanen du eta horren bazterrean geroago Liburu Orokorrean elkartzeari buruz egiten den bertze edozein idazpen agertaraziko da.

8. art. Erregistroak Liburu Lagungarri bat ere izanen du, inskribatuen deituren arabera ordenaturik, eta bertan adieraziko da Liburu Orokorreko zein orrialdetan dauden inskribaturiko bikoteekin zerikusia duten oharpenak.

9. art. Erregistroan inskribatutakoen intimitatea, norbanakoarena nahiz familiarena, babesteko, ez zaio publizitaterik emanen idazpenen edukiari, salbu eta erregistroaren ardura duen funtzionarioak luzatzen dituen egiaztagiriak, bikoteko edozein kidek, epaileek edo auzitegiek hala eskatu ondotik.

10. art. Egiten diren inskripzioak eta luzatzen diren ziurtagiriak erabat doakoak izanen dira.

11. art. Izatezko bikoteen erregistroan inskribatzen diren ezkondu gabeko bizikidetasunezko elkartzeek, ezkontza bidezko elkartzeen tratamendu bera izanen dute Zangozako Udalean.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Ordenantza hau berrikusiko da, legeetan aldaketarik bada gai honen inguruan.

I. ERANSKINA

Zangozako Herriko Etxean, Udal Erroldaren bulegoan, halako egunean ......, honako hauek batera agertu gara:

Izena: .........; jaioterria: .......; helbidea (erroldakoa): ..........., adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitugu); N.A.N. zenbakia: .........

Izena: .........; jaioterria: .......; helbidea (erroldakoa): ..........., adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitugu); N.A.N. zenbakia: .........

Eta adierazten dugu:

Ezkondu gabeko bikote egonkorren Udal honen erregistroan inskriba gaitzatela nahi dugula, horri buruzko ordenantzaren arabera, eta horretarako,

Aitortzen dugu:

Lehenengoa: Aipatu ordenantzan aurreikusitako bizikidetasuna dela eta, gure helbidea honako hau izanen dela: ............... (oroitararazi behar zaio .......... jaun/andreari T.A.O.L.aren 15. artikuluari jarraikiz, erroldatu beharra duela ohiko bizilekuko udalerrian).

Bigarrena: ez gaudela gu biok ezkontzaren bidez lotuak, ez eta gutako inor bertze inorekin ere.

Hirugarrena: gure artean ez dagoela lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaidetasunik, ez eta alboko lerrotik bigarren maila bitarteko odolkidetasunezko ahaidetasunik ere.

Laugarren: gutako inork ez duela akats edo anomalia psikikorik eta ez dela ezkontzeko gaitasun gabea deklaratua izan.

Bosgarren: ez dugula nahi (nahi dugula) erregistroan jasotzerik gure arteko giza nahiz ondare mailako harremanen gaineko hitzarmenik.

Seigarren: baimena ematen dugula Zangozako Udal Erroldan datu hauek egiaztatzeko.

Eta zin egiten dugu gutako inor ez dagoela inskribatua ez Zangozako erregistroan, ez maila eta xede bereko inongo herritako erregistroan ere.

Horiek horrela,

Ezkondu gabeko bikote egonkorren Zangozako Udalaren erregistroan inskriba gaitzatela eskatzen dugu.

Stua.: ................... Stua.: ........................

II. ERANSKINA

Zangozako Herriko Etxean, ................ egunean, honako hauek agertu gara:

Izena: .....................................; N.A.N. zenbakia: ..........., eta

Izena: ....................................; N.A.N. zenbakia: ..............

Eta Ezkondu gabeko bikote egonkorren udal erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantzan zehaztutakoarekin bat, adierazten dugu asmoa dugula gure arteko bikote egonkorra bukatutzat edo iraungitzat jotzeko, izan ere horrelaxe inskribatua dago aipatu udal erregistroan.

Horregatik guztiagatik, eskatzen dugu bukatutzat edo iraungitzat jo dadila aipatutako elkartzearen inskripzioa.

Iragarkiaren kodea: L0403205