50. ALDIZKARIA - 2004ko apirilaren 26a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

L O N G I D A

Udal ordenantzak behin betiko onetsirik

Longidako Udalak, 2003ko urriaren 2an egin osoko bilkuran, erregelamenduzko quoruma bildurik, ondoko ordenantzak hasiera batez onestea erabaki zuen:

_Longida Ibarreko ur horniduraren tasa arautzen duen ordenantza.

_Longida Ibarreko estolderiaren eta hondakin uren arazketako tasa arautzen duen ordenantza.

_Longida Ibarreko udalerrian jaiotzak eta erroldatzeak sustatzeko dirulaguntzak arautzen dituen ordenantza

Hasierako onespenaren iragarkia azaroaren 10ean argitaratu zen, 2003ko 143. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, eta jendaurrean egoteko legezko aldia iragan da inork erreklamaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe. Hortaz, behin betikoz onetsirik gelditu dira Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legeko 325. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Horiek horrela, ordenatza horien testu osoa ematen da argitara.

Longidan, 2004ko otsailaren 12an._Alkatea, Francisco Javier Oliver Carte.

LONGIDA IBARREKO UR HORNIDURAREN TASA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

O i n a r r i a

1. artikulua. Ordenantza hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluan eta hurrengoetan eta 2/1995 Foru Legea eta 6/1990 Foru Legea aldatzen dituen martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legean ezarritakoaren babesean.

Zergapeko egintza

2. art. Edateko urez hornitzeko zerbitzua eskura izatea eta hura erabiltzea dira zergagaiak.

S a l b u e s p e n a k

3. art. Ez da salbuespenik eginen ordainarazpen honi dagokionez.

Subjektu pasiboak

4. art. Zergadun gisa ordainarazpen honen subjektu pasiboak hauek dira: pertsona fisiko edo juridikoak eta Ordenantza Fiskal Orokorraren 8. artikuluak aipatzen dituen entitateak, honako kasuotan:

a) Finkaren jabea, usufruktuduna edo erabilpenaren titularra, sarera lotzeko lizentzia denean.

b) Edateko ur horniduraren zerbitzuari dagokionez, zerbitzu horietaz baliatzen diren udal mugapeko finketako bizilagun edo erabiltzaileak badira, beren titulua edozein delarik ere (jabeak, usufruktudunak, gela bat hartua dutenak edo maizterrak, baita ordaindu gabe norbaitek utzita bada ere).

5. art. Betiere, Ordenantza Fiskal Orokorraren 8. artikuluan ezarritakoa hartuko da ordezko subjektu pasibotzat.

T a r i f a k

6. art. Zerbitzu egiteko tarifak kontzeptu hauengatik izanen dira:

a) Etxerako horniduragatik: 0,30 euro/m³ + NILSAren kanona BEZaren % 7).

b) Ureztaketa: 0,55 euro/m³ + Nilsaren kanona + BEZaren % 7).

c) Industriarako: 0,60 euro/m³ + Nilsaren kanona + BEZaren % 7).

Hiruhilekoan 29 metro kubiko bitarte, etxeko tarifa aplikatuko da. Hiruhilekoan 30 m³tik 79 m³ bitarte, ureztaketako tarifa aplikatuko da, eta hiruhilekoan 80 m³tik goiti industriarako tarifa aplikatuko da.

d) Abeltzaintzarako: 0,30 euro/m³ + BEZaren % 7.

e) Hornidurako hartunea paratzeagatik eta alta emateagatik: 180,30 euro.

f) Kontagailuaren alokairua: 6 euro.

Likidatu beharreko kuota

7. art. Likidatu beharreko kuota aurreko artikuluko tarifak aplikatzearen emaitza izanen da, aipatzen diren kontzeptuen arabera.

S o r t z a p e n a

8. art. Tasa sortzen da eta ordaindu beharra dago zergagaiaren udal jarduera hasten den unean. Hasieratzat hauxe hartuko da:

a) Zerbitzua erabilgarri izan eta mantentzeagatik, hornidura sarera lotzen den unetik beretik. Kasu honetan tasa ordaindu beharko da, kontuan hartu gabe sarera lotzeko baimena lortua den ala ez, eta kontuan hartu gabe baimena eskuratzeko izapidatu beharreko espediente administratiboa abiarazi den ala ez.

b) Kontsumoa: ura erabiltzen hasten denetik. Kasu honetan tasa ordaindu beharko da, kontuan hartu gabe sarera lotzeko baimena lortua den ala ez, eta kontuan hartu gabe baimena eskuratzeko izapidatu beharreko espediente administratiboa abiarazi den ala ez.

c) Hartunea: tasa sortu eta ordainaraziko da hartunea irekitzeko lizentzia edo baimena ematen denean, subjektu pasiboak berariaz eskatzen badu. Ez da izapidatuko behar den ordainketa egin aurretik.

Kudeaketa arauak

9. art. Longidako Udalak instalatuko ditu kontagailuak, Udalaren jabetzakoak izanen baitira, eta 5. atalean aipatzen den tasa kobratuko da, alokairu gisa.

Sarearekiko lotura edo hornidura eskatzen duenaren bizkar izanen dira, baita kontagailua paratu eta hornitzeko behar diren materialak eta lan-eskua ere.

10. art. Prebentzio moduan, etxe edo instalazio barrenean ur-galera dakarten aberiak dituen hartunearen titularrari ur-hornidura moztu ahalko zaio.

11. art. Erabiltzaileak behin ere ez dio urik eman ahalko beste pertsona bati, eta ez die erabiltzen utziko horretarako eskubiderik ez dutenei. Utzikeriagatik izan litekeen iruzur oro saihestu beharko du. Horrelakorik gertatuz gero, erabiltzailea izanen da errudun bakarra.

12. art. Erabiltzaileek berehala jakinaraziko diote Longidako Udalari ura banatzeko sare orokorrean matxuraren bat gertatzean izan litezkeen gorabehera guztiak.

13. art. Erabiltzaileari dagokio kontagailua eta paso-giltza dauden tokia behar bezala zaintzea eta Udalak ematen dituen jarraibideak betetzea.

14. art. Ordenantza honetan aipatzen diren ordainarazpenetako bat ordaindu beharra duten zergadunak behartuak daude kontagailua dagoen tokira sartzen uztera irakurketa egiten duen langile kreditatuari edo bertzelako udal langileei, baldin eta zerbitzuko beharrengatik edo gisako zerbaitengatik zergadunaren etxera edo lokalera sartu beharrean badaude.

D i r u b i l k e t a

15. art. 1. 6. artikuluko a), b), c), d) eta f) ataletan aurreikusitako ordainarazpenak hiruhiletik behin ordainduko dira.

2. Artikulu bereko e) atalean aurreikusitako ordainarazpena sortzapenarekin batera ordainduko da, dena batera.

Arau-hausteak eta zehapenak

16. art. Honako hauek iruzurtzat hartuko dira:

a) Udal langile behar bezala kreditatuek egiten dituzten bisitak oztopatzea.

b) Kontagailuen irakurketa edo ordenantza honetan araututako zerbitzuekin ikustekoa duten egiaztapenak galaraztea.

c) Prezintu, sarraila eta kontsumoa neurtzeko Udalak paratutako aparatuak aldatzea.

d) Kontsumoa neurtzeko aparatuak aldatzeko edo berriak paratzeko Udalak ematen dituen jarraibideak ez betetzea.

e) Kontagailuaren datuak maltzurkeriaz aldatzeko tresna baimendugabeak paratzea.

17. art. Arau-hauste edo zehapenen gainerako kontuetarako, Ordenantza Fiskal Orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio, bai eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta horrekin bat datozen gainerako arauetan xedatutakoari ere.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa._Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, Ordenantza Fiskal Orokorra, martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legea eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenak aplikatuko dira.

Bigarrena._Indarrik gabe gelditu da Meozko ur horniduraren tasak arautzen dituen ordenantza fiskala.

Hirugarrena._Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, haren testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondotik.

ORDENANTZA FISKALA, ESTOLDERIA TASA ETA HONDAKIN-UREN ARAZKETARENA ARAUTZEN DITUENA

O i n a r r i a

1. artikulua. Ordenantza hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluan eta hurrengoetan eta 2/1995 Foru Legea eta 6/1990 Foru Legea aldatzen dituen martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legean ezarritakoaren babesean.

Zergapeko egintza

2. art. Tasaren zergagaia honela eratzen da:

a) Udalak egiten dituen jarduera tekniko eta administratiboak, Toki Entitatearen estolderiaren sarera lotzeko baimena eman ahal izateko behar diren baldintzak betetzen diren ala ez egiaztatzeko.

b) Toki Entitatearen estolderiaren sarearen bitartez gorozkiak, euri-urak, eta ur beltz eta zikinak biltzeko eta horien arazketa-tratamendua egiteko zerbitzua ematea.

3. art. Ez daude tasa honi lotuak finka lurrera eroriak, aurri egoeran deklaratuak edo orube edo lurzati direnak.

S a l b u e s p e n a k

4. art. Ez da salbuespenik eginen tasa hau ordaintzeko.

Subjektu pasiboak

5. art. Zergadun gisa ordainarazpen honen subjektu pasiboak hauek dira: pertsona fisiko edo juridikoak eta Ordenantza Fiskal Orokorraren 8. artikuluak aipatzen dituen entitateak, honako kasuotan:

a) Finkaren jabea, usufruktuduna edo erabilpenaren titularra, sarera lotzeko lizentzia denean.

b) Zerbitzu horietaz baliatzen diren udalerriko finketako bizilagun edo erabiltzaileak, beren titulua edozein delarik ere (jabeak, usufruktudunak, gela bat hartua dutenak edo maizterrak, baita ordaindu gabe norbaitek utzita bada ere), Ordenantza honetako 2.b) artikuluan sartutako zerbitzuen kasuan.

6. art. Betiere, Ordenantza Fiskal Orokorraren 8. artikuluan ezarritakoa hartuko da ordezko subjektu pasibotzat.

Tributu-kuota

7. art. Estolderia eta arazketa zerbitzuagatik eskatzen den tributu kuota ere finkoa izanen da, hain zuzen ere 12,02 euro urtean.

S o r t z a p e n a

8. art. Tasa sortzen da eta ordaindu beharra dago zergagaiaren udal jarduera hasten den unean. Hasieratzat hauxe hartuko da:

a) Sarera lotzeko baimena lortzeko eskabidea aurkezten den egunean, subjektu pasiboak espresuki egiten duenean. Ez da tramitatuko dagokion ordainketa egin gabe.

b) Toki entitatearen estolderiaren sarera egiaz lotzen den egunaz geroztik. Kasu honetan tasa ordaindu beharko da, kontuan hartu gabe sarera lotzeko baimena lortua den ala ez, eta kontuan hartu gabe baimena eskuratzeko izapidatu beharreko espediente administratiboa abiarazi den ala ez.

9. art. Gorozkiak, euri-urak eta ur beltz eta zikinak biltzeko eta horien arazketa-tratamendurako zerbitzuak derrigorrezkoak dira estolderia duten kale, plaza edo bide publikoetara ematen duten fatxada duten Toki Entitateko finka guztientzat, baldin eta finkaren eta sarearen artean ehun metrotik goiti ez badago. Tasa beti kobratuko da, interesatuak sarera lotu ala ez.

Deklarazioa, likidazioa eta dirusarrera

10. art. Zergadunaren ordezko subjektu pasiboek alta eta baja aitorpenak egin behar dituzte tasaren subjektu pasiboen zentsuan. Finkaren titulartasunaren aldaketa egiten denetik hurrengo hilabete naturaleko azken egunera bitartean egin behar dira aitorpenak.

11. art. Aurreko artikuluak aipatzen dituen aitorpenek eragina izanen dute egiten den lehen likidaziotik aurrera, betiere alta eta baja aitorpenak aurkezteko epea bukatutakoan.

12. art. Zentsuan hasiera batez sartzea ofizioz eginen da, sarera lotzeko baimena emandakoan.

13. art. Tasa honen kuotak uraren hornidura eta kontsumoaren ordainagiriek dituzten epe berberetan likidatu eta bilduko dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa._Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, Ordenantza Fiskal Orokorra, martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legea eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenak aplikatuko dira.

Bigarrena._Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, haren testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondotik.

LONGIDA IBARREKO UDALERRIAN JAIOTZAK ETA ERROLDATZEAK SUSTATZEKO DIRULAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea. Ordenantza honen xedea da Longidako Udalak jaiotza-tasa sustatzeko emanen dituen dirulaguntzen baldintzak eta araubide juridikoa arautzea.

2. art. Onuradunak. Longida Ibarrean erroldatu eta benetan bizi diren gurasoek hartu ahalko dituzte ordenantza honek araututako laguntzak, betiere haurra jaio baino 12 hilabete lehenagotik betetzen badira bi baldintza horiek. Onartutako dirulaguntza oro aita-amen alde, hots, batera bien alde, onartuko da.

3. art. Jaiotzak. Haur bat jaiotzearekin batera behar den dirulaguntza hartzeko eskubidea etorriko da. Erditze anizkoitzen kasuan, laguntzen eskala aplikatuko da haurrak jaiotzen diren ordenaren arabera. Adopzioagatik ere dirulaguntzarako eskubidea izanen da.

4. art. Erroldatzeak. Ordenantza honetan agertzen diren laguntzak onartzeko ezinbesteko baldintza izanen da aita edo ama Longida Ibarrean erroldaturik egotea eta benetan bizitzea Longida Ibarreko udalerria osatzen duten hiru Kontzeju edo herrietako batean, dirulaguntzaren iturburua den/diren haurra/haurrak jaiotzen den/diren momentuan. Halaber, erroldaturik eta bizilagun gisa inskribaturik agertu beharko dute laguntzak ordaintzen direnean.

Esanak esan, guraso bakarreko familien kasuan, jaio berriarekin batera familia osatzen duen guraso bakarrari baizik ez zaio eskatuko erroldaturik egotea eta udalerrian benetan bizitzea.

Dirulaguntzaren iturburua den/diren haur jaio berria/k Longida Ibarreko udalerria osatzen duten Kontzeju edo herrietako edozeinetan erroldatu beharko da/dira lehenbiziko aldiz.

5. art. Zenbatekoak. Hauek izanen dira dirulaguntzaren zenbatekoak:

_Lehenbiziko haurrarengatik: 600 euro.

_Bigarren haurrarengatik: 780 euro.

_Hirugarren haurrarengatik eta hurrengoengatik: 1.000 euro bakoitzeko.

Ordenantza hau aplikatzearen ondorioz Udalak aurrekontuko ekitaldi bakoitzean gehienez ere har ditzakeen obligazioek badute muga, aurrekontuan horretarako dagoen diru esleipena alegia.

Eskaeren kopuru handia dela eta, xede horretarako sortutako kontusaila aski ez bada, laguntzak halako proportzio batean murriztuko dira harik eta eskaera guztietarako iritsi arte. Nolanahi ere den, Udalak kontusailak handitzeko erabakia har dezake, egoki juzkatuz gero.

6. art. Betebehar ekonomikoak. Hala gurasoek nola jaioberriek Longida Ibarreko Udalaren Toki Ogasunarekin izan ditzaketen betebehar ekonomiko guztiak eguneraturik beharko dituzte izan dirulaguntza ordaintzen den unean.

7. art. Dirulaguntza onartzeko prozedura. Dirulaguntzaren eskaera Longida Ibarreko Udaletxean aurkeztuko da, dirulaguntzaren oinarria den/diren seme-alaba(k) jaiotzen diren urteko abenduaren 1a baino lehen. Seme-alaba abenduan jaiotzen bada, dirulaguntza eskaera hurrengo urteko abenduaren 1a baino lehen egin beharko du.

Guraso biek sinatu beharko dute dirulaguntzaren eskaera. Guraso bakarreko familietan aski izanen da jaioberriarekin batera familia osatzen duen gurasoak sinaturik egotea.

Eskaerekin batera dirulaguntzaren helburu den seme-alabaren edo seme-alaben jaiotza-agiria aurkeztuko da.

Udalaren administrazio zerbitzuek ondoko alderdi hauen gaineko egiaztagiriak ofizioz erantsiko dizkiote espedienteari:

a) Gurasoak Longida Ibarreko udalerria osatzen duten Kontzejuetariko batean erroldaturik eta benetan bizi direla egiaztatzen duen agiria, erroldatze eguna dakarrena.

b) Dirulaguntzaren helburua den seme-alaba edo seme-alabak Longidan erroldaturik eta benetan bizi direla egiaztatzen duen agiria.

c) Bai gurasoek bai jaioberriek Longidako Udalarekin zerga arloko betebehar guztiak eguneratuak dituztela egiaztatzen duen agiria edo, edozein arrazoi tarteko, toki ogasunarekiko betebeharren bat bete gabe dutela egiaztatzen duena.

Udalak osoko bilkuran onartu beharko du dirulaguntza. Dirulaguntza ordaindu aurretik, gurasoek nahiz jaio berriek Longidako Udalaren toki ogasunarekiko betebehar guztiak eguneraturik izatea baldintza izan daiteke laguntza onartzeko. Orobat, ordaindu aurretik, ordenantza honetan ezarri baldintzak betetzen direla bermatzeko balio duen beste edozein beharkizun ere ezar daiteke, dirulaguntza onartzeko eta iruzurrak edo gehiegikeriak oro saihesteko.

Udalak ordainketa zatitu edo atzeratu dezake, laguntza onartu eta gehienez ere hamabi hilabetetan.

8. art. Araubide juridikoa. Ordenantza honetan espresuki arautzen ez den orotan toki araubidearen gaineko legeria aplikatuko da, baita administrazio prozeduraren gainekoa ere toki entitateei aplikatzen ahal zaien neurrian.

XEDAPEN GEHIGARRIA

2003ko urtarrilaren 1etik aurrera seme-alabaren bat izan duten gurasoak baliatu ahal izanen dira ordenantza honetako dirulaguntzez, betiere onartuak izateko eskatzen diren gainerako baldintzak betetzen badituzte.

AZKEN XEDAPENA

1. Ordenantza honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

2. Ordenantza honek mugagabeko indarraldia izanen du.

Iragarkiaren kodea: L0402800