50. ALDIZKARIA - 2004ko apirilaren 26a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

149/2004 FORU DEKRETUA, martxoaren 29koa, Melidako herrilurreko ureztalurretan (Nafarroako Erretena) laborantzako herrilurrak berrantolatuz eta ureztaketa sistema berrituz nekazaritzako azpiegituretan esku hartzea onesten duena.

Melidako Udalak, 2001eko abenduaren 27an egindako bilkuran, erabakia hartu zuen Melidako (Nafarroako Erretena) ohiko ureztalurretan herrilurren berrantolamendua eskatzeko Nafarroako Gobernuari eta, bide batez, ureztaketa sistema berritzeko, hau da, grabitatearen bidezko egungo sistema baztertu eta presioko sistemara aldatzeko.

Nekazaritzako azpiegituretan esku hartzearen helburuak honako hauek dira: alde batetik, herrilurren berrantolamenduaren bitartez egitura eta tamaina egokia ematea eskualdeko nekazaritza ustiategiei, eta, bestetik, ureztaketa sistema modernizatzea, presioko ureztatze sistemaren bidez.

Jarduketa hori urriaren 7ko 212/2002 Foru Dekretuaren eranskinean azaldu zen. Foru Dekretu horren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Ureztatze Planeko jarduketa zerrendan aldaketak onetsi ziren.

Ingurumen zuzendari nagusiak emandako 0137/2004 Ebazpenaren bidez, Melidako (Nafarroako Erretena) herrilurrak berrantolatu eta ureztalurrak berritzeko proiektuari dagokion Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egin zen.

Horrenbestez, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak proposaturik, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Legeak ezartzen duen bezala, Nafarroako Gobernuak bi mila eta lauko martxoaren hogeita bederatziko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Onespena.

Nekazaritzako azpiegituretan esku hartzea onestea, Melidako (Nafarroako Erretena) laborantzako herrilurren berrantolamenduaren bitartez eta ureztaketa sistema berrituz, presioko ureztatze sistemara aldatuta.

2. artikulua. Onura publikoa eta presaz egin beharra.

Onura pulikokotzat eta berehala egitekotzat deklaratzen da Melidako ureztalurretako herrilurrean (Nafarroako Erretena) egin gogo den nekazaritzako azpiegituren gaineko jarduketa, horrela bidezko diren ondasun eta eskubideen desjabetzapena eta lurren okupazioak eta zortasun ezarpenek (aldi bateko nahiz iraunkorrek) bidea izan dezaten.

3. artikulua. Egin gogo diren jarduketen azalpena.

1. Aurreikusitako modernizazioan sartuak daude Nafarroako Erretenetik ura hartzeko egin behar diren lanak, ura biltzeko idoi bat egokitzea eta ponpaketa gunea egitea, banaketa hodien sare bat eta ur emariak behar den presioarekin banatzeko beharrezkoak diren elementu guztiak, aspertsiozko eta tantakako ureztaketa jarri ahal izateko, lurzati barneko ureztatze sistemak barne.

2. Ingurumen zuzendari nagusiak otsailaren 3an emandako 137/2004 Ebazpenaren bitartez Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egin zen, eta hartan agertzen diren baldintzak bete beharko dira. Honako hauek dira, laburbildurik: oso-osorik errespetatzea nahitaez kontserbatu eta babestu beharreko balioak, ahal denean lezkadia kontserbatzea, bideak laboreen aldera zabaltzea, bide nagusien bazterretan zuhaitzak landatzea, mazeletako batean zapaldak kontserbatzen ahalegintzea, apoarmatu istilzaleak lekuz aldatzea, Soto Bajo alderdia ahalik eta gutxien hondatzea, arkeologiaren eta ingurumenaren aldetik jarraipena egitea eta halako proiektuetan ohikoak diren baldintzak harrobiei, makineriaren erabilerari, babestu beharreko eremuen seinalizazio eta balizamenduari eta berriz landareak sartzeari buruz.

3. Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanean proposatu neurri zuzentzaileen arabera, eta Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 11. artikuluarekin bat, ureztapen lurrak eraldatu eta modernizatzeko kasuetan, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak Ureztatzaileen Komunitateak, eraldaketa edo modernizazioaren onuradunak baitira, nekazaritzarako baliabide hidrikoak zuzen kudeatzeko jarduketetan sartuko ditu, zuzenean edo "Riegos de Navarra, S.A." kapital publikoko enpresaren bitartez, Ureztatzaileari Aholkua Emateko Zerbitzuaren bitartez hain zuzen.

4. Ureztaketako uraren kontrol handiagoa egitearren, eta aipatu Foru Legearekin bat, gehieneko dirulaguntzak bakarrik emanen dira egokiak baldin badira bai ureztaldiak eta fertirrigazioa programatzeko prestakuntza teknikoa, bai kontsumoaren kontrola, Erregelamenduan zehaztutakoari jarraikiz.

4. artikulua. Zer prozedura erabiliko den.

Eremu honetan erabiliko den lurzati berrantolamenduko prozedura Nekazaritako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen I. tituluko VI. kapituluaren 2. atalean, laborantzako herrilurren berrantolamendua izenekoan jasotako prozedura berezia izanen da.

5. artikulua. Jarduketaren xedeko lurraldea mugatzea.

Jarduketa eremuaren azalera 776 hektarea ingurukoa da; Melidako herrilurreko ureztalurren (Nafarroako Erretena) mugak honela ezarri dira behin-behinekoz:

Iparraldean: Melidako herrigunea, Aragoi ibaiaren behe terrazaren gaineko malkarrak eta terraza horretan dagoen "Camino de los Pinos".

Hegoaldean: herrilurren eremua eta lur partikularrena bereizten dituen bidea (ura biltzeko idoiaren, ponpaketa gunearen eta ura hartu eta bulkatzeko gainerako elementuen eremua barne).

Ekialdean: Zarrakazteluko udalerria eta "Barranco del Carrizo".

Mendebaldean: "Corraliza de Isidro" (horren bestaldeko herrilurrak ureztatzeko bertan dauden erretenen okupazioak barne), "Barranco de la Torre" eta Melidako industrialdea.

Perimetro horri Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legeko 13.4 eta 17a) artikuluetan xedatutakoaren araberako aldaketak eginen zaizkio.

6. artikulua. Ustiapenaren oinarrizko azaleraren mugak eta laborantzako gutxieneko unitateak zehaztea.

1. Melidako lehorreko lurrean ustiapenaren oinarrizko azaleraren goiko eta beheko mugak 180 eta 36 hektarea izanen dira, hurrenez hurren. Melidako ureztaketa lurrean ustiapenaren oinarrizko azaleraren goiko eta beheko mugak 25 eta 5 hektarea izanen dira, hurrenez hurren. Ureztaketaren oinarrizko azalera 5 hektareakoa izanen da eta ureztaketa lurrak lehorreko lur bihurtzeko indizea 7,2koa.

2. Laborantzako gutxieneko unitateen balioak honako hauek dira: 36 hektarea lehorreko lurretan eta 5 hektarea ureztaketa lurretan.

7. artikulua. Foru dekretuaren ondorioak.

Foru Dekretu hau argitaratzean indarrik gabe geldituko dira ukitutako herrilurretan egin diren adjudikazioak. Dena den, prekarioan lantzen ahalko dituzte ureztatze lur bihurtzeko lanak adjudikatu bitartean.

8. artikulua. Baldintzak.

Foru Dekretu honek bidezko diren Eraikuntza Proiektuak prestatzeko aukera emanen du; prozeduraren une egokian egin beharko dira.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak Eraikuntza Proiektuak onesteko beharrezkoa izanen da Melidako Udalak aldez aurretik:

a) Araudi berezi bat onestea, jarduketaren xede diren laborantzako herrilur loteen aprobetxamendua arautzeko, lehentasun hurrenkera hau ezarriz adjudikaziorako: lehenik eta behin, nekazari gazte batek zuzentzen edo parte hartzen duen familia mailako nekazaritzako ustiategiak; bigarrenik, nagusiki nekazari direnen nekazaritzako ustiategiak, eta hirugarrenik, toki entitateak zuzenean ustiatzen dituenak. Azkenik, loterik sobrante egonez gero, toki entitateak enkante publikoan adjudikatzen ahalko ditu.

Obrak bukatu eta 15 urteko epean, loteen azalera ureztaketaren oinarrizko azalera bezainbat edo handiagoa izanen da.

b) Finantzaketan dagokion zatia ordaintzea, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legeko VI. tituluaren arabera.

9. artikulua. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak foru dekretu hau betetzeko behar diren jarduketak eginen ditu.

10. artikulua. Foru dekretu honek administrazio bidea agortzen du, eta bere aurka, aukeran, helegite hauetariko bat paratzen ahal da:

_Berraztertzeko helegitea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

_Administrazioarekiko auzi-helegitea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Sailari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

11. artikulua. Foru dekretu hau Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari eta Melidako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2004ko martxoaren 29an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, José Javier Echarte Echarte.

Iragarkiaren kodea: F0405118