50. ALDIZKARIA - 2004ko apirilaren 26a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

148/2004 FORU DEKRETUA, martxoaren 29koa, Carcarko "Hoyanda-Caseta" alderdiko lurzatiak berrantolatu eta ureztalur bihurtuz nekazaritzako azpiegituretan esku hartzea onesten duena.

Carcarko Udaleko alkate-udalburuak jabeen izenean eskatu zuen, 2000ko martxoaren 15ean, alderdi hori neguko ureztalur bihurtzeko.

Nekazaritzako azpiegituretan esku hartzearen helburua da alderdia ureztalur bihurtzea, energiaren eta kostuaren aldetik ureztaketako unitate optimizatuak sortuz.

Martxoaren 16ko 7/1999 Foru Legeak, Nafarroako Foru Komunitateko Ureztatze Planean sartutako jarduketa eta obrei buruzkoak, eranskinean aipatzen diren jarduketa eta obren onura publikoa eta interes orokorra deklaratzen du, eta Nafarroako Foru Komunitateko Ureztatze Planeko jarduketen zerrendako aldaketak onesten dituen urriaren 7ko 212/2002 Dekretuaren arabera, Carcarko udal mugapeko "Hoyanda-Caseta" alderdiko obra eta jarduketak ureztalur sozial berrien artean daude, 2003 eta 2005 urteen artean egiteko. Gainera, Carcarko udal mugapeko "Hoyanda-Caseta" alderdiaren eraldaketa ageri da Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko Protokoloan, hain zuzen ere "Plan Nacional de Regadíos-Horizonte 2008" plana Nafarroako Foru Komunitatean abian jarri eta garatzeko, 2004ko abenduaren 31n Plana berraztertzeko eginen diren jarduketen barnean. Bestalde, alderdi horretan aldez aurretik lurzati berrantolamendua egin da, berriki. Horiek horrela, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 13.3 artikulua aplikatu behar da, lurzati berrantolamenduaren prozedura laburtua egiteko aukera ematen baitu.

Ingurumeneko zuzendari nagusiak urtarrilaren 20an emandako 59/2004 Ebazpenaren bidez, Carcarko "Hoyanda-Caseta" alderdiko lurzatiak berrantolatu eta ureztalur bihurtzeko Oinarrizko Proiektuari dagokion Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egin zen.

Horrenbestez, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak proposaturik, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Legeak ezartzen duen bezala, Nafarroako Gobernuak bi mila eta lauko martxoaren hogeita bederatziko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Onespena.

Nekazaritzako azpiegituretan esku hartzea onesten da, Carcarko udal mugapeko "Hoyanda-Caseta" alderdirako, non lurzati berrantolamendua eginen baita eta ureztalurra sortuko.

2. artikulua. Lehentasuna, onura publikoa eta presaz egin beharra.

Lehentasunezkotzat, onura publikokotzat eta berehala egitekotzat deklaratzen da lurzati berrantolamendua egin eta ureztalur bihurtzearen bitartez Carcarko "Hoyanda-Caseta" alderdian egin gogo den nekazaritzako azpiegituren gaineko esku-hartzea, bidezko diren ondasun eta eskubideen desjabetzapena eta lurren okupazioa eta zortasun ezarpenak (aldi bateko nahiz iraunkorrak) egin daitezen.

3. artikulua. Egin gogo diren jarduketen azalpena.

1. Ega ibaiko ura ponpatu eta ur-emaria hidranteetaraino banatzeko behar diren lanak egitea aurreikusi da. Ur-emari horrek behar bezalako presioa izanen du, hau da, ureztatu beharreko unitateetan aspertsiozko eta tantakako ureztaketa jartzeko modukoa. Horrez gainera, aukeratutako ureztaketa sistemaren arabera lurzatietan behar den ekipamendua ere sartzen da, bai eta bide eta saneamendu sarea hobetzea ere.

Obrarako argindar linea bat eraiki beharko da, ponpaketa estazioa hornituko duena.

2. Ingurumen zuzendari nagusiak urtarrilaren 20an emandako 0059/2004 Ebazpenean ezarritako baldintzak bete behar dira, hark egin baitzuen Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa. Honako hauek dira, labur azalduta: ureztatu beharreko eremuak ez du eraginik izanen ureztaketako U-8 unitatean eta U-5aren zati batean, urtero txostenak eginen dira basoilo populazioari lau urtez eginen zaion jarraipenaren gainean, hego aldeko obrak ez dira apiriletik uztailera bitarte eginen, paisaiaren dibertsitate mailak mantenduko dira, jarraipena eginen da arkeologiaren eta ingurumenaren aldetik, eta beteko dira halako proiektuetan ohikoak diren baldintzak harrobiei, makineriaren erabilerari, babestu beharreko eremuen seinalizazio eta balizamenduari eta berriz landareak sartzeari buruz.

3. Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanean proposatu neurri zuzentzaileen arabera, eta Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 11. artikuluarekin bat, ureztalurrak jartzeko eta modernizatzeko kasuetan, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak Ureztatzaileen Komunitateak, eraldaketa edo modernizazioaren onuradunak baitira, nekazaritzarako baliabide hidrikoak zuzen kudeatzeko jarduketetan sartuko ditu, zuzenean edo "Riegos de Navarra, S.A." kapital publikoko enpresaren bitartez, Ureztatzaileari Aholkua Emateko Zerbitzuaren bitartez, hain zuzen ere.

4. Ureztaketako uraren kontrol handiagoa egitearren, eta aipatu Foru Legearekin bat, lurzatia ekipatzeko gehieneko dirulaguntzak bakarrik emanen dira egokiak baldin badira bai ureztaldiak eta fertirrigazioa programatzeko prestakuntza teknikoa, bai kontsumoaren kontrola, Erregelamenduan zehaztutakoari jarraikiz.

4. artikulua. Zer prozedura erabiliko den.

Deklarazioarekin batera, azpiegituretako jarduketa lehentasunezkoa denez eta, lurzati berrantolamendua berria izanik, azpiegitura egokia eta saneamendua badituenez eta jarduketa Ureztaketen Foru Planean dagoenez, prozedura laburtua erabiliko da, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen I. tituluko V. kapituluan ageri den moduan.

5. artikulua. Jarduketaren xedeko lurraldea mugatzea.

Esku-hartzeak Carcarko udalerriko lur batzuk hartzen ditu, 700 hektarea inguru behin-behinekoz, "Hoyanda-Caseta" alderdian. Eraldatzeko behin-behineko eremu ureztagarria 500 hektareakoa da.

"Hoyanda-Caseta" alderdiaren mugak:

Iparraldean: Serranosko bidea eta Ega ibaiaren gaineko malkarrak.

Hegoaldean: Andosillako mugapea.

Ekialdean: Ega ibaiaren gaineko malkarrak, ingurabidea eta Ega ibaiaren eskuinaldea.

Mendebaldean: Andosillako mugapea eta Serranosko bidea.

Perimetro horri Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legeko 13.4 eta 17 a) artikuluetan xedatutakoaren araberako aldaketak eginen zaizkio.

6. artikulua. Ustiapenaren oinarrizko azaleraren mugak.

1. "Hoyanda-Caseta" alderdiko lehorreko lurrean ustiapenaren oinarrizko azaleraren goiko eta beheko mugak 225 eta 45 hektarea izanen dira, hurrenez hurren. "Hoyanda-Caseta" alderdiko ureztaketa lurrean ustiapenaren oinarrizko azaleraren goiko eta beheko mugak 25 eta 5 hektarea izanen dira, hurrenez hurren. Bien arteko bihurketa indizea 9koa.

2. Laborantzako gutxieneko unitateen balioak honako hauek dira: 45 hektarea lehorreko lurretan eta 5 hektarea ureztaketa lurretan.

7. artikulua. Foru dekretuaren ondorioak.

Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko 1/2002 Foru Legearen 14. artikuluan ezarritakoak, jarduketak ukitutakoek duten betebeharrari, atzera eskuratzeko eskubidea iraungitzeari eta eskuratzeko beste eskubide batzuei dagokienez; orobat, prozeduraren une egokian eraikuntza proiektuak prestatzeko baimena ematen du foru dekretu honek.

8. artikulua. Lurren balioa kalkulatzeko aplikatu beharreko moduluak zehaztea.

Lurren balioa ezarri behar da lur fondoaren esleipen-hartzaileek pagatu beharreko prezioa zehazterakoan eta Eraldatu ondorengo Lursail Ureztagarrien Araubideari loturiko lurren transmisioa egiteko Administrazioak baimena ematean; gainera, nekazari sozietateak eratzean jarritako lurrak baloratu behar dira eta ustiapenaren oinarrizko azalerak eratzeko eta nekazaritzako ustiategiak elkartzeko dirulaguntzak kalkulatu behar dira. Hori horrela, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearekin bat, eskualde honetan lurzati berrantolamenduko arauetan lehenengo mailakotzat jo diren lurrei aplikatu beharreko modulu gisa maiatzaren 19ko 116/2003 Foru Dekretuan ageri den lehenengo mailako lurraren balioa ezarriko da. Dekretu horren bidez azaroaren 26ko 334/2001 Foru Dekretuaren eranskina aldatu zen. Horretan Nafarroako Foru Komunitateko ondasun higiezin batzuk baloratzeko prozedura onetsi zen, merkatuko batez besteko prezioak egiaztatuz, Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren eta Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren kudeaketari dagokionez. Bigarren mailatik aurrerakotzat jo diren lurrei aplikatu beharreko moduluak lortuko dira lehen mailako modulua lurzati berrantolamenduko arauetan zehazten diren kasuan kasuko konpentsazio koefizienteekin biderkatuz.

9. artikulua. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak foru dekretu hau betetzeko behar diren jarduketak eginen ditu.

10. artikulua. Foru dekretu honek administrazio bidea agortzen du, eta bere aurka, aukeran, helegite hauetariko bat paratzen ahal da:

_Berraztertzeko helegitea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

_Administrazioarekiko auzi-helegitea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Sailari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

11. artikulua. Foru dekretu hau Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari eta Carcarko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2004ko martxoaren 29an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, José Javier Echarte Echarte.

Iragarkiaren kodea: F0405117