Iragarkia
49. ALDIZKARIA - 2004ko apirilaren 23a
II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK
L E D E A
Ordenantzak behin betikoz onetsirik
Ledeako Udalaren ordenantzak hasiera batean onesteko erabakia 2004ko 12. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, urtarrilaren 28an, eta jendaurreko epean ez da alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza horiek behin betikoz onetsi dira eta osorik ematen dira argitara, behar diren ondorioak izan ditzaten; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Ledean, 2004ko martxoaren 29an._Alkatea, María Beatriz Lucía Olleta Sánchez.
UDAL HILERRIAREN ERABILERA ETA HURA ERABILTZEKO ETA BERTAN ZERBITZU EGITEKO ESKUBIDE ETA TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA
I. KAPITULUA
Hilerriaren erabilera eta erabiltzeko eskubideak
1.artikulua. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearekin, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearekin eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legearekin bat, Ledeako Udalari dagozkio udal hilerriaren administrazioa, zuzendaritza eta zainketa, bestelako agintaritzek honen gainean dauzkaten legezko eskumenak ukatu gabe.
2. art. Administrazio, zuzendaritza eta zaintza horiek ahalmen hauek dakartzate:
a) Hilerriko higienearekin eta osasungarritasunarekin zerikusia duen guztia.
b) Hilotzak eramateari dagokiona eta hilerriaren barne araubidea ukitzen duen guztia.
c) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.
d) Eskubideak eta tasak kobratzea.
3. art. Alkatetzak bere ardura izanen du hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua, horretarako behar adina langile izanen du eta bere eginbehar hori ahalik eta hobekien betetzeko proposamen zehatzak aurkeztuko dizkio Udalari.
4. art. Hilerrian hilobi hutsak izanen dira udalerriko biztanleriaren zentsuaren araberako kopuruan, edo horietarako lur aski bederen bai.
5. art. Ehorzteko ekartzen dituzten hilotz guztiak lurperatuko dira, legezko izapideak bete badira, eta zerbitzu horrengatik ordaindu beharko dira tasen eranskinean aipatzen diren ehorzketa eskubideak.
6. art. Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita beste hilerri batera eramateko ere.
Nolanahi ere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraituz atera behar dira, osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuz.
7. art. Epea amaitzeagatik hilotza atera behar denean, ordea, ez da inolako abisurik eman beharko.
Eskatzaileak hilotza ateratzeko lanak bere kontura eginen ditu. Alkatetzari jakinaraziko dio aurretik, hark lanak ikuskatu ahalko baititu.
8. art. Hilerritik beretik edo beste hilerri batetik ekarritako hilotzak ehorzteko ez da lur berria okupatuko. Gutxienez ere hamar urteko antzinatasuna duen hilobian jarriko dira edo, bertzenaz, hezurtegira eramanen dira.
9. art. Heriotzaren arrazoiak osasun arriskurik ez badu, baltsamatu edo errautsi gabeko hilotzak baldintza hauetan ateratzen ahal dira:
a) Ehortzi zirenetik gutxienez bost urte iragan ondoan, arrunt hezurturik baldin badaude.
b) Noiznahi, hilotza errautsi bazen.
Horiek baino epe laburragoetan ez da hilotzik ateratzeko baimenik emanen, epaile baten aginduz ez bada.
Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da ateratzerik bat ere eginen epaile batek manatu ezean.
10. art. Hilotz baltsamatuak atera eta lekualdatzeko baimena noiznahi eman daiteke, baina zerraldoaren kanpoko kutxa berria ezarri beharko litzateke ongi kontserbaturik ez balego.
11. art. Bai hilotza ehorzten denean, bai lekuz aldatzeko ateratzen denean eta berriz ehorzten denean, horren oharra jasoko da behar diren liburuetan.
12. art. Doan nahiz kostu bidez, hilerriko lur guztiak administrazio-kontzesioaren bidez erabiliko dira, eta kontzesio hori Udalaren eskutik hartu beharko da.
Ez da inoiz-inola epemugarik gabeko kontzesiorik emanen.
Hilerriko lurren kontzesioak gehienez ere 99 urte iraunen du.
13. art. Hilerria ondasun publikoa denez, 1970era arte, hau barne, udal erabakien bitartez egin ziren betiereko kontzesioek eta lur salmentek ez diete titular edo oinordekoei ahalmenik ematen horrela eskuratutako hilerriko lurren jabetza fisikoa eskualdatu zaiela ulertzeko, baizik eta hilerriko lurren erabileraren betiereko kontzesioa egin zaiela. Beraz, titularrek ahalmena dute hilerriko lurretan familiakoen hilotzak ehortzi eta edukitzeko, baina ahalmen hori ezin dute inola ere besterendu, ez doan ez kostu bidez.
14. art. Udalak doan eman ahalko du hilerriaren erabileraren kontzesio administratiboa lurrean hilotz bakarra ehorzteko. Kontzesio hori hamar urteko epe luzaezinerako izanen da; hala ere, lekua urri izateagatik behar denean, legezko eperik laburrena aplikatu ahalko da hilotza ateratzeko.
15. art. Kostu bidez ere hilerriaren erabileraren kontzesio administratiboa eman ahalko da lurreko hilobietarako edo nitxoetarako, laurogeita hemeretzi urteko epe luzaezinerako, ordenantza honetan arautzen diren udal tasak ordainduta.
16. art. Halaber, hilerriko nitxoen erabileraren kontzesio administratiboa hamar urterako eman eta epe hori luzatu ahalko da segidako epe berdinetarako eta, azken epean, bederatzi urterako, laurogeita hemeretzi urteak bete arte. Epe horietatik lehena amaitzean, soil-soilik, behin betiko kontzesioa eskatu ahalko da, lehenbiziko kontzesioa eman zenetik laurogeita bederatzi urteko epea bete arte geratzen den denborarako, eta horretarako ordenantza honetan araututako udal tasak ordainduko dira.
17. art. Lurreko hilobien erabileraren kostu bidezko kontzesio administratiboa laurogeita hemeretzi urterako egiten denean, gehienez ere bi hilobi hartuko dira kontzesio bakoitzeko, familia bakoitzari kontzesio bakarra emanen zaio eta kontzesioaren xede den hilobian ahaideren bat ehortzirik duen familia lehenetsiko da. Titularrak nitxoak eraiki ahalko ditu hilobien gainean, gehienez ere hiru nitxo-ilara lurretik gora. Horretarako kontzesiodunak obra lizentzia beharko du, Udalak emana, eta betiere Hileta Osasunari buruzko Erregelamendua onesten duen urriaren 15eko 297/2001 Foru Dekretuan gaiari buruz ezarritako baldintzei lotuko zaiena. Nitxoak eraikitzen badira, Udalak hilerrian eginak dituen nitxoen irudira eginen dira.
18. art. Lurren edo nitxoen kontzesioek ez dute salmentarik sorraraziko. Ehorzketetarako eta hilobietako elementuak paratzeko baizik ez dira erabiliko, eta horrek ez dakar haien gaineko eskuragarritasun egintzarik.
19. art. Hilobiak kokatzeko eta zulatzeko gastuak, hilotzak edo gorpuzkiak atera eta lekuz aldatzekoak, lurrerauzketa gastuak, eragiten diren kalte-galerak eta gainerako gastu guztiak, lanak bukatu arteraino, kontzesiodunaren kontura izanen dira.
20. art. Hilobi edo nitxoak xahu eta apain atxikitzea kontzesiodunen betebeharra da. Alkatetzak hilobia egokitzeko eskatu ahalko die eta haiek egin ezean Udalak egin ahalko du haien ordez eta kontura. Ordaintzen ez badute, hilobirako eskubidea kenduko zaie, baita gorpukiak hilobitik atera ere, 9. artikuluan ezarritako epeak iraganak badira.
21. art. Udal hilerria osasun publikoa denez, debekaturik dago hilobia edo gainean eraikitako nitxoak doan edo kostu bidez nahi bezala eskualdatzea, kontzesio honek ez baitio jabetza eskubiderik ematen kontzesiodunari.
Hala ere, titularra hiltzen bada, kontzesioa gurasoengandik seme-alabengana, ezkontideen artean eta anai-arreben artean eskualdatu ahalko da, betiere 99 urteko epea iragana ez dela. Hori egiten denean Udalari jakinarazi beharko zaio. Udalak ez du esku hartuko jaraunsleen arteko auzietan, euren arazo pribatuak jurisdikzio zibileko auzitegietan ebatzi behar dituztelako.
22. art. Eskuratutako eskubideak salbu utziz eta hirugarrenei kalterik egin gabe emanen dira kontzesioak.
23. art. Lurreko hilobiaren kontzesiodunak lau aldeetatik mugatu beharko du hartutako lurzatia, zintarria edo katea jarriz, gehienez ere 40 zentimetro gora.
24. art. Lurreko hilobiek neurri hauek izanen dituzte: 2,30 metro luze, 0,80 metro zabal eta 2 metro sakon.
25. art. Ordenari hertsiki jarraituz emanen da nitxoen kontzesioa, kontzesioa lehendik dutenak errespetatuz. Horregatik, Udalak zenbaki bana jarriko die nitxoei eta zein dauden erreserbatuta adieraziko du. Hilerrian erabilgarri dauden nitxo guztiak betetzen direnean, Udalak gorpukiak aterako ditu kontzesioa iraungia duten nitxoetatik eta berriz eginen ditu horien kontzesioak. Kontzesioa iraungia duen nitxorik egon ezean, Udala ez da beharturik egonen halako kontzesiorik egitera.
26. art. Baimena emanen da hilarria jarri eta bertan inskripzioak egiteko, nitxoa ixten den aldean, baina inola ere ez da onartuko nitxoaren kanpo ertzetik bost zentimetro baino gehiago ateratzen den elementurik jartzea nitxoaren estalkian.
27. art. Kontzesioaren epea amaituta, Udalaren esku geldituko dira lurzatia eta gainean eraikitako nitxoak, halakorik baldin bada.
28. art. Udalak noiznahi ikuskatu ahalko ditu kontzesioaren xede diren ondasun eta eraikuntzak. Halaber, epea bukatu aurretik kontzesioa baliogabetu ahalko du herriaren intereserako, ustekabeko gorabeherak gertatzen badira; halakoetan kalteen ordaina emanen zaio kontzesiodunari.
29. art. Epea amaitzen denean, kontzesiodunak hutsik eta Udalaren esku utzi beharko ditu kontzesioaren xede izandako ondasunak. Udalak ahalmena izanen du kontzesioduna egozteko erabakia hartu eta betearazteko.
30. art. Emandako kontzesioak arrazoi hauengatik iraungiko dira: hilerria desagertzeagatik, herriaren intereseko arrazoiengatik, kontzesioaren epea eta, halakorik bada, luzapenak amaitzeagatik, hilerria desafektatzeagatik, kontzesiodunak uko egiteagatik, kontzesioa indargabetzeagatik edo epailearen ebazpenagatik.
BIGARREN KAPITULUA
Hilerrian zerbitzuak emateko tasak
31. art. Zergagaia lurrean edo nitxoan ehorzteko zerbitzuak eta hilerriko bestelako zerbitzuak ematea da.
32. art. Ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen dutenak dira subjektu pasiboak, pertsona fisiko edo juridiko, elkarte, sozietate, jaraunspen banatugabe edo bestelako figura juridikoak izan.
33. art. Zerga oinarria ordenantza honen tarifen eranskinean agertzen da. Tributu kuota eta zerga oinarria berdinak dira.
Zerbitzu orokorrak emateko tasak onetsi ahalko dira. Zenbateko finkoa izanen dute, nitxoa, panteoia edo lurreko hilobia izan, ezarrita dauden edo ezartzen diren kategorien arabera.
34. art. Gorago, 31. artikuluko 1 eta 2 zenbakietan, aipatzen diren zerbitzuei dagozkien tasak ordainduko dira zerbitzuak eman baino lehen, premia larriko kasuetan edo udal bulegoek jaieguna dutenetan izan ezik. Horrelakoetan langileak oharra jasoko du eta horren berri emanen die udal bulegoei, behar den tasa ordainarazteari ekin diezaioten.
35. art. Zerbitzu orokorrak emateko tasak ezarriz gero, Udalak hilerriko nitxo, panteoi eta hilobi guztien errolda edo zentsua eginen du urtero, urtarrilaren bata erreferentzia hartuta, eta zerrenda hori erabiliko da tasak ordainarazteko.
AZKEN XEDAPENA
Bakarra._Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak izanen, haren testua Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean osoki argitaratutakoan, eta Ledeako Udalak osoko bilkuran aldatu arte izanen du indarra.
TASEN ERANSKINA
I. epigrafea._Lurreko ehorzketetarako kontzesioa hamar urteko epe luzaezinerako: salbuetsia.
2. epigrafea._Lurreko ehorzketetarako kontzesioa laurogeita hemeretzi urteko epe luzaezinerako: 420,71 euro hilobiko.
3. epigrafea._Nitxoko ehorzketetarako kontzesioa laurogeita hemeretzi urteko epe luzaezinerako: 420,71 euro hilobiko.
4. epigrafea._Nitxoko ehorzketetarako kontzesioa hamar urteko epe luzaezinerako: 120,20 euro hilobiko.
5. epigrafea._Nitxoko ehorzketetarako kontzesioaren hamar urteko luzapenak, eta laurogeita hemeretzi urteko epea osatu arteko azkena, bederatzi urtekoa: 90,15 euro epe bakoitzeko.
Lehen epea amaitutakoan, 16. artikuluan ematen den aukerari helduz, behin betiko kontzesioa eskatzen bada, lehenbiziko kontzesioa eman zenetik laurogeita hemeretzi urteko epea osatu arte geratzen den denborarako: 300,51 euro hilobiko.
6. epigrafea._Hilerriko bestelako zerbitzuak: Ordenantza honetan zehaztu gabeko edozein zerbitzu eskatzen denean, edo arau orokorraz kanpoko ehorzketa egiten denean, Udalaren baimen berezia behar duena, eskatzaileak bere kontura kontrataturiko langileek egin beharko dute zerbitzu hori.
HIRIGINTZAKO ETA ERAIKITZEKO LIZENTZIAK EMATEKO TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALA
Oinarria
1.artikulua. Ordenantza hau Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 12.1, 100. artikuluetan eta hurrengoetan xedatutakoaren babesean ezarri da.
Zergagaia
2. art. Hona tasen zergagaia: edozein hirigintza-jarduketa tramitatzeari dagozkion zerbitzu tekniko edo administratiboak ematea, hirigintza-jarduketa udal dermioaren edozein tokitan egiten denean, hala lur pribatuan nola publikoan.
3. art. Tasa hauei loturiko udal ekintza hirigintzako jarduketa hauetan gauzatzen da:
A) Arau subsidiarioen aldaketa puntualak izapidatzea.
B) Plan partzial edo bereziak eta haien aldaketak izapidatzea.
C) Lerrokaduren azterlan osagarriak edo xehetasun azterlanak izapidatzea.
D) Unitateen mugapenak eta erabilera aldaketak izapidatzea.
E) Lur-bereizketak izapidatzea.
F) Birzatiketak edo bestelako kudeaketa-tresnak izapidatzea.
G) Urbanizazio proiektuak izapidatzea.
H) Hirigintzako kontsultak.
I) Lurzoru urbanizaezinean onartzen diren erabileretarako eta jardueretarako baimenak izapidatzea.
J) Eta, oro har, aurrekoetan sartzen ez den edozein hirigintza-tramitazio, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeak babestua baldin bada, obra lizentziak izapidatzea ere barne dela.
Ordaindu beharra
4. art. Hirigintzako tramitazioa eskatzen den unean sortzen da tasa ordaindu beharra.
Subjektu pasiboa
5. art. Hirigintza-tramitazioa eskatzen duten pertsona fisiko edo juridikoek ordaindu behar dute.
Tarifak eta karga tasak
6. art. Aplikatu beharreko tarifa, tasa eta karga-oinarriak ordenantza honen eranskinean azaltzen dira.
Alkatetzak eginen du tasen behin betiko likidazioa, eta behar den osoko bilkuran emanen dio horren berri Udalbatzari.
Tramitazioa
7. art. Hirigintza-tramitaziorako eskari orok berarekin beharko ditu Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeak aipatzen dituen edukia eta xedapenak.
Kudeaketa arauak
8. art. Planeamendurako espedienteak tramitatzeko arduradunek, udal teknikarien adostasun txostena hartu ondotik, likidazio-bulegoari igorriko dizkiote espedienteak. Bulegoak likidazioa eginen du, eta hurrengoak aipatuko ditu: subjektu pasiboaren izena, tasa zer kontzepturen arabera likidatzen den, tasaren tarifa eta zenbatekoa.
9. art. Tasen likidazioa onetsi eta gero, interesatuari jakinaraziko zaio, erregelamenduzko epean tasak ordain ditzan.
Salbuespenak eta hobariak
10. art. Edozein hobari eskuratu ahal izateko, ezinbesteko baldintza da hirigintza-tramitaziorako eskaria erregelamenduzko betebehar guztiekin egitea, eta dagozkion egiaztagiriak ere ematea. Zein hobaritarako eskubide izan, hartarako eskaria ere egin beharko da, noski.
Baldintza hori ez da bete beharko obra lizentzia etxebizitzetako fatxadak zaharberritzeko edo etxebizitzan berokuntza instalatzeko eskatzen denean, horrelako obrak ordenantza honetan araututako tasa ordaindu beharretik salbuetsita daudelako, baita Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga ordaintzetik ere.
11. art. Eraikin, etxebizitza eta lokal katalogatuak zaharberritzeko tramitazioei dagokien tasak ehuneko 50eko hobaria izanen du. Behar den egiaztagiria aurkeztu beharko da horretarako.
12. art. Eskatzaileren bati hirigintzako tramitazioa ukatzen bazaio, ehuneko 50eko hobaria izanen du, tramitazioari zegokion tasaren gainean.
13. art. Tasak ehuneko 25 murriztuko dira baldin eta hirigintza-tramitazioen eskatzaileek tramitazioari uko egiten badiote, txosten teknikoak luzatu baino lehen, uko berariazkoa Alkatetzari idatziz zuzenduta.
14. art. Baldin eta, edozein motatako obra egitean, eremu publikoan kaltea eragiten bada, obraren sustatzaileak ordaindu beharko du. Hala egin ezean, Udalak ahalmena izanen du eremu publikoan egindako kalteak konpontzeko eta ondoren haien ordainketa obren sustatzaileari pasatzeko.
AZKEN XEDAPENA
Bakarra._Behin betiko onespena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra ordenantza honek.
HIRIGINTZAKO TRAMITAZIOEN TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZAREN ERANSKINA
1. epigrafea._Antolamendurako plan partzial edo berezien tramitazioa.
Espedienteak izapidatu eta ebazteko tasak likidatuko dira plan bakoitzean hartutako lurzoruaren azaleraren arabera, eskala honi jarraituz:
Azalera._5.000 metro karratu arte: 0,0601 euro metro karratuko.
Azalera._5.000 metro karratutik gora 10.000 arte: 0,0541 euro metro karratuko.
Azalera._10.000 metro karratutik gora 25.000 arte: 0,0481 euro metro karratuko.
Azalera._25.000 metro karratutik gora 50.000 arte: 0,0481 euro metro karratuko.
Azalera._50.000 metro karratutik gora: 0,0421 euro metro karratuko.
II. epigrafea._Aldaketen tramitazioa, arau subsidiarioetan, plan partzialetan, plan berezietan, unitateen mugapenetan, erabilera aldaketetan eta xehetasun azterlanetan
I. epigrafean aipatutakoen ehuneko ehuneko tarifak aplikatuko dira.
III. epigrafea._Birzatiketen tramitazioa.
III-A. Birzatiketa espediente bakoitzaren tramitazioari eta ebazpenari dagozkien tasak azaleraren ariora likidatuko dira, tarifa hauekin bat:
Metro karratu eraikigarri bakoitzeko: 0,0601 euro.
III-B. Birzatiketen aldaketak tramitatzeko, III-A epigrafean ezarritakoen ehuneko 50eko tarifak aplikatuko dira.
IV. epigrafea._Eskatzaileek berek prestatutako hirigintzako proiektuen tramitazioa.
Tasak proiektuaren zenbatekoaren ariora likidatuko dira, eta karga-tasa %1,5 izanen da.
V. epigrafea._Lurzoru urbanizaezinean onartzen diren erabileretarako eta jardueretarako baimenen eta obra lizentzien tramitazioa, eta, oro har, aurreko ataletan agertzen ez diren hirigintzako tramitazioak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen babesean egiten badira, obra lizentzien tramitazioa barne dela.
Udal arkitektoak espedienterako egin behar dituen txostenen kopuruaren arabera likidatuko dira tasak. Hain zuzen ere, udal arkitektoak ematen duen txosten bakoitzagatik 126,21 euroko tasak likidatuko dira, eta udal arkitekto teknikoak ematen duen txosten bakoitzagatik, 12,00 eurokoak.
VI. epigrafea._Gutienez ere ordaindu beharreko eskubideak.
Aurreko epigrafeengatik likidatu beharreko tasak iristen ez badira aipatzen diren gutxieneko kopuruetara, honako kopuru hauek ordaindu beharko dira.
Arauen aldaketak edo plan partzial edo berezien prestakuntza tramitatzea: 360,61 euro.
Plan partzial edo berezien aldaketen tramitazioa: 180,30 euro.
Xehetasun azterlanak: 210,35 euro.
Bananketak (lurzati bakoitzeko): 126,21 euro.
Lerrokaduren azterlanak, unitateen mugapenak, erabilera aldaketak: 150,25 euro.
Kudeaketa figuren tramitazioak: 300,51 euro.
Hirigintza arloko kontsulten tramitazioa: 126,21 euro.
Iragarkiaren kodea: L0405175
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
