I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
25/2004 FORU AGINDUA, otsailaren 23koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, Nafarroako Nekazaritzako Kontabilitatearen Informazio Sareko (N.N.K.I.S.) kontabilitate bulegoendako 2004. urteko funtzionamendu arauak ematen dituena.
1988ko maiatzaren 2ko Foru Aginduaren bitartez, Nafarroako Nekazaritzako Kontabilitatearen Informazio Sarea (N.N.K.I.S.) sortu zen. Kontabilitate zentroaren zuzendaritza eta kudeaketa Nekazaritzako Kontabilitate Sarearen Bulegoari dagokio. Gaur egun hau Departamentuko Idazkaritza Teknikoaren Nekazaritzako Baliabideak Ebaluatzeko Atalaren barruan dago. Foru agindu horren 2. artikuluaren b) idatz-zatian hauxe adierazten da: "kontabilitate bulegoak Kontabilitate Zentroaren lotune eta laguntzagune izanen dira nekazaritzako ustiategi kolaboratzaileendako". 3. artikuluak zehazten duenez, Kudeaketarako Institutu Teknikoek kontabilitate bulegoaren izaera eduki dezakete, beren gobernu organoek erabakita hala eskatzen badute.
1989ko apirilaren 24ko Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Nekazaritzako Kontabilitatearen Informazio Sarea (N.N.K.I.S.) osatzen duten kontabilitate bulegoak sortu ziren. Foru agindu horren arabera, Nekazaritzako Kontabilitate Sarearen Bulegoak uste du beharrezkoa dela 2004ko ekitaldiko dirulaguntzak hartzeko arau batzuk ezartzea.
Hori horrela, eta Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeko 36.2b artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. artikulua. Foru agindu honen bidez arautzen diren laguntzek N.N.K.I.S.ko kontabilitate bulegoek jarduteko behar dituzten gastuak finantzatzea dute helburu, bulego horiek sortzeko 1989ko apirilaren 24an eman zen Foru Aginduarekin bat burutuko diren eginkizunak garatzeko asmoz.
2. artikulua. Nafarroako Nekazaritzako Kontabilitatearen Informazio Sareko (N.N.K.I.S.) kontabilitate bulegoak izanen dira laguntza hauen onuradunak.
3. artikulua. Kontabilitate bulegoen betebeharrak, beren nekazaritza enpresen kontabilitateari dagokionez, ondokoak izanen dira:
a) Ekitaldi ekonomiko bakoitzean, ustiategiak izan dituen merkataritza, nekazaritza, finantza eta bestelako eragiketei dagozkien kontabilitate datuak hartzea. Datu horiek eredu gisako "Liburu Nagusi" edo Kontabilitate Koaderno den dokumentu normalduan bildu, sailkatu eta transkribatuko dira edo, bestela, datuak biltzeko behar den sistema informatikoan. Gaztigu-orri normalduak erabili beharko dira.
b) Ekitaldiaren bukaeran, ekitaldiko kontabilitate laburpenak euskarri magnetikoan betetzea, a) puntuaren arabera bildutako informaziotik abiatuta.
4. artikulua. 2004ko ekitaldirako Kontabilitate Bulegoak bere menpe dagoen eta N.N.K.I.S.ko kide den nekazaritza enpresa bakoitzagatik 480,81 euroko dirulaguntza bat hartuko du kontabilitate osoak badira eta 240,40 euroko dirulaguntza sistema integratuko kontabilitateetan, bakarrik sistemaren parte baten datuak biltzen badituzte.
5. artikulua. Nekazaritzako Kontabilitate Sarearen Bulegoak ekitaldiaren barreneko edozein momentutan eskatu ahalko du metatutako informazioaren zerrendak eskuratzea, bai eta egoki deritzen froga guztiak egin ere.
6. artikulua. Nekazaritzako Kontabilitate Sarearen Bulegoak banatuko ditu agiri normalduak. Kontabilitate bulegoei bulego hark emanen dizkie agiri horiek betetzeko jarraibideak, baita kontabilitateak ongi burutzeko beharrezkoak direnak ere.
7. artikulua. Kontabilitate bulegoak nahi hainbat kontabilitate teknikari erabiliko ditu, koordinazioa eta antolakuntza agente bakar batek eginen baditu ere; agente hori bitartekari tekniko gisa Nekazaritzako Kontabilitate Sarearen Bulegoaren aitzinean solaskide ere izanen da.
8. artikulua. Nekazaritzako Kontabilitate Sarearen Bulegoak kasuan kasuko kontabilitate bulegoari nahi hainbatetan egiten ahalko dio bisita. Agerraldiaz aldez aurretik gaztigatu beharko zaio.
9. artikulua. Ustiategi bakoitzari dagokion dokumentazio osoa Nekazaritzako Kontabilitate Sarearen Bulegoaren eskuetan utzi beharko da, euskarri informatikoan, 2004ko apirilaren 30a baino lehenago.
10. artikulua. N.N.K.I.S.ren kolaboratzaile diren nekazaritza ustiategien datu guztiak, kontabilitate bulegoaren esku baldin badaude, sekretu estatistikoaren menpe egonen dira, eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak baizik ez ditu argitaratu edo erabili ahalko, betiere modu anonimoan, eta zenbakia izanik erreferentzia bakarra. Halaber, N.N.K.I.S.an edonola ere diharduten pertsonek sekretu estatistikoari eutsi beharko diote.
11. artikulua. Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiak onartu eta pagatuko ditu dirulaguntzak, ebazpen baten bidez, agiriak aurkeztu eta gehienez ere 6 hilabeteko epean. Epe hori ebazpenik eman gabe bukatzen bada, ulertuko da eskabidea ezetsi dela.
12. artikulua. Behar bezala kobratzen ez diren laguntzak itzultzeko eta zehapenak ezartzeko, dirulaguntzei buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean xedatu bezala eginen da.
Kontabilitate bulegoei dirulaguntzak emateko, gehienez ere 193.526 euro onartzen dira, 2004rako gastu aurrekontuko "Nekazaritzako enpresendako eta N.N.K.I.S.ko bulegoendako ohiko transferentziak" izeneko 700001-71140-4700-551200 kontusailaren kontu.
Foru agindu hau betearazteko ekintzen kontra gora jotzeko helegitea paratzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiondako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114 eta 115. artikuluekin bat.
AZKEN XEDAPENA
Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2004ko martxoaren 23an._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, José Javier Echarte Echarte.
Iragarkiaren kodea: F0405276