I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
32/2004 FORU AGINDUA, otsailaren 20koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak emana, zerbitzu hauek sailkatzen dituena: "Familian esku hartzea", "Nerabeen hezkuntza", "Ingurune Irekiko Taldea", "Haurrei eta nerabeei laguntzea" eta "Gizarte egoera zailean dauden eta/edo tratu txarrak jasaten dituzten adingabeen balorazioa egin eta esku hartzeko taldeak".
Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 44. artikuluaren arabera Nafarroak eskumen osoa du, oro har, Gizarte Zerbitzuen arloan, eta berariaz haurren, gazteen eta hirugarren adinekoen aldeko politikan, ongintza eta laguntza elkarteen inguruan eta adingabeen babes eta tutoretzarako eta gizarteratzeko erakunde eta establezimendu publikoen arloan.
Nafarroako Gizarte Zerbitzuei buruzko martxoaren 30eko 14/1983 Foru Legearen bidez Gizarte Zerbitzuen sistema arautu zen. Haren arabera, Nafarroako Gobernuaren eskumenak dira herritarren gizarte ongizatea ahalik eta gehien sustatzeko xedea duten zerbitzu eta jarduketak.
Nafarroako Gobernuari dagozkio, gainera, zerbitzuen plangintza, antolamendua, koordinazioa eta garapenaren zaintza, eta gizarte zerbitzuen arloko araudia betetzen den begiratzea.
Azaroaren 13ko 9/1990 Foru Legeak, Gizarte Zerbitzuen arloko baimen, arau-hauste eta zehapenen araubideari buruzkoak, administrazio jarduketa batzuk ezarri ditu prestazioen kalitatea eta maila hobetzeko eta, horretaz gainera, zehapen sistema bat, arauak betetzen ez diren kasuetarako.
Horri loturik, maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretuak, aipatu foru legea garatzen baitu, gizarte zerbitzuen arloko Zerbitzu eta Zentroak sailkatzen ditu, eta horietako bakoitzak azpiegitura, ekipamendu, langile eta funtzionamendu arloetan bete beharreko baldintzak ezartzen.
"Familian esku hartzea", "Nerabeen hezkuntza", "Ingurune Irekiko Taldea", "Haurrei eta nerabeei laguntzea" eta "Gizarte egoera zailean dauden eta/edo tratu txarrak jasaten dituzten adingabeen balorazioa egin eta esku hartzeko taldeak" izeneko zerbitzuak berriak dira eta ezin dira orain artekoen barruan sartu; horregatik, bakarka sailkatu behar dira, 209/1991 Foru Dekretuaren 4. artikuluak adierazitako moduan. Artikulu horrek dioenez, aipatu Foru Dekretuaren eranskinean ageri ez diren zentro edo zerbitzuak, horietako bakar baten barrenean sartzen ahal ez badira, bakarka sailkatuko dira. Sailkapen hori Gizarte Ongizate kontseilariak foru agindu baten bitartez zehaztuko du.
Horrenbestez, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak,
AGINDU DU:
1. Gizarte zerbitzuen arloko baimen, arau-hauste eta zehapenen araubideari buruzko maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretua garatzea eta, beraz, "Familian esku hartzea", "Nerabeen hezkuntza", "Ingurune Irekiko Taldea", "Haurrei eta nerabeei laguntzea" eta "Gizarte egoera zailean dauden eta/edo tratu txarrak jasaten dituzten adingabeen balorazioa egin eta esku hartzeko taldeak" izeneko zerbitzuak sailkatzea, Foru Agindu honen eranskinean adierazitako moduan.
2. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea. Argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
3. Foru agindu hau Familiaren Zuzendaritza Nagusira igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, bi mila eta lauko otsailaren hogeian._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilaria, Reyes Berruezo Albéniz.
E R A N S K I N A
Gizarte zerbitzuen arloko baimen, arau-hauste eta zehapenen araubideari buruzko maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretuaren Eranskinaren "II. Kapitulua._Zerbitzu eta zentroen sailkapena" garatu egiten da, ondoko puntu hau gehituta:
1.8. Familian esku hartzeko programa.
_Definizioa:
Famili hezitzaile bat izanen da, gurasoei beren seme-alabekiko harremanetan eraginkorrago izaten laguntzeko. Familiaren aldaketa eragile bat da, zehazki gurasoen eta seme-alaben arteko harremanen eredu egokia eman nahi duena, horrela haurrez arduratu eta zaintzeko eta beren jokabideak egoki maneiatzeko beharrezkoak diren gaitasun eta trebetasunak erakusteko.
_Erabiltzaileak:
Krisian dauden eta adingabeko haurrak dituzten familiak, haur horien ongizate fisiko eta/edo psikikoa arriskuan dagoenean horren ondorioz eta gurasoak eta haurrak ez bereizteko ahalegina egiten denean.
Adimen osasuneko arazo handiak dituzten familiak, haurrak ezin badituzte ongi zaindu, nahiz eta beraiekin lotura afektibo ona izan.
Adimen defizitak dituzten familiak, familien egoeretan aldaketa izatea aurreikusten ez bada eta seme-alabak hazten ari direnean laguntza behar badute.
Haurrak babesik gabe gelditzeko arriskuagatik Haur eta Gazteriarentzako Atalean espedientea irekia duten familiak, kasu horietan arrazoi batengatik edo besterengatik egoera baloratzerik ez bada eta hezitzaile batek familiaren egoerari buruzko behatzaile lana egiten badu, ikerketa/ebaluazio prozesua osatzeko.
_Egiten diren zerbitzuak:
a) Egunero etxean agertu bat egitea.
b) Seme-alaben jokabidea maneiatzen ikasteko laguntza ematea.
c) Gurasoei beren buruan konfiantza izaten laguntzea.
_Langileak:
Famili hezitzaileak (gizartean esku hartzeko teknikariak eta gizarte hezitzaileak).
Psikologoak gainbegiratze lana egiteko.
Beste langile batzuk, hezitzaile eginkizunekin.
_Berariazko baldintzak:
Administrazio lanetarako bulegoa.
Gainbegiratze zereginetarako egokitutako bulegoak.
Jendea hartzeko bulegoa.
1.9. Nerabeen hezkuntzarako programa.
_Definizioa:
Familiaren ondoan hezitzaile bat izatea, gurasoei nerabezaroaren garai zailean seme-alabekin harreman eraginkorragoak izaten laguntzeko, horrela nerabeen inguruan sor daitezkeen arazo handiagoei aurrea hartu ahal izateko.
_Erabiltzaileak:
Krisian dauden eta seme-alaba nerabeak dituzten familiak, beren hezkuntza eredua ez denean egokia seme-alabek adin horretan izaten dituzten arazoei aurre egiteko.
Seme-alaba nerabeak dituzten familiak, seme-alaba horiek jokabide arazotsuak agertzen dituztenean.
Beti defizit handiak izan dituzten familiak, babeserako baliabide guztiak agortu dituztenak, eta seme-alabak familiaren etxean bizi badira, nahiz eta familia ez den gauza egoerari eusteko.
Guraso bakarreko familiak, nerabeak sexu bereko erreferentearen gabezia garrantzizkoa izaten duenean.
Gizarteratzeko defizit garrantzizkoak dituzten nerabeak.
Desinstituzionalizazio prozesuan dauden gazteak, barneratze zentro baten eta familiaren arteko urrats gisa.
_Egiten diren zerbitzuak:
Hezitzaile bat etxera era jarraituan agertzea.
Nerabeari haurren mundutik helduenera igarotzen laguntzea.
Nerabeari lana bilatzen eta/edo lanerako egoki prestatzen laguntzea.
Nerabeari erakustea aisia egokiro eta kaltegarria ez den moduan erabiltzen.
Gurasoei beren seme-alaben jokabideei erantzuten eta egoki maneiatzen laguntzea.
_Langileak:
Famili hezitzaileak.
Beste langile batzuk, hezitzaile eginkizunekin.
_Berariazko baldintzak:
Elkarrizketak, administrazio lanak eta beste lan batzuk egiteko bulegoa.
1.10. Ingurune Irekiko Taldea.
_Definizioa:
Diziplina anitzeko taldea, adingabeen erantzukizun penala arautzen duen 5/2000 Legean aurreikusi diren ingurune irekiko neurriak betearazi eta gainbegiratuko dituena: askatasun zaindua; komunitatearen aldeko zerbitzuak egitea; eguneko zentrora joatea; tratamendu anbulatorio psikologikoa, psikiatrikoa edo desintoxikaziokoa; gizarte eta hezkuntza arloko zereginak; hezkuntzarako pertsona edo talde batekin bizikidetasuna izatea eta/edo asteburuan etxean egotea.
_Erabiltzaileak:
14 urtetik 18 urtera bitarteko adingabeak, adingabeen erantzukizun penala arautzen duen 5/2000 Legean ageri den hutsegite edo delituren bat egin eta Adingabeen Epaitegiak aurreko neurrietako bat ezarri badie.
_Egiten diren zerbitzuak:
Hezitzaile batek gazteari lagunduko dio bere bizitza zenbait arlotan bideratzen, teknikariek adingabearentzat ezarritako hezkuntza programari jarraikiz, Adingabeen Epaitegiaren oniritziarekin. Gazte horientzat aurreikusitako baliabide normalizatuak erabiltzen ahalegindu beharko da edo, bestela, horretarako baliabide berariazkoak.
_Langileak:
Psikologiako, pedagogiako, gizarte laneko, hezkuntzako langileak, hezitzaile eginkizunekin.
_Berariazko baldintzak:
Gazteekin eta beren familiekin elkarrizketak egiteko eremu egokiak.
Administrazio lanak egiteko beharrezkoa den materiala.
1.11. Haurrei eta nerabeei laguntzeko taldeak.
_Definizioa.
Diziplina anitzeko taldea, babesik gabe gelditzeko arriskua duten adingabeen familiei laguntzeko.
_Erabiltzaileak:
Familian babes gabezia moderatua jasaten ari diren haur eta nerabeak, Familian Esku Hartzeko Programa baten laguntzarik ez badute.
Haur eta nerabeak, beren familia zabalean egitatezko harreran daudenean, eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen eta Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuaren gaitasuna aski ez denean beraiei jarraipena egiteko.
Desegokitze pertsonalaren, sozialaren eta eskolakoaren sintoma nabarmenak dituzten haur eta nerabeak, delituzko jokabideak garatzeko arrisku handi samarra dutela pentsarazten dutenean sintoma horiek. Hamabi urtetik beherako haurrek izanen dute lehentasuna laguntza horretan.
Haurren babes gabeziako arazoak sortzeko arrisku handia duten familiak, ondoko egoeretan daudenean eta behar besteko laguntza berariazkorik jasotzen ari ez direnean:
.Lehenago babestuta egon diren haurrak dituzten aitak eta amak, beste haur bat izan badute edo izan behar badute.
.Adimen osasuneko arazo larriak dituzten baina laguntzarik ez duten gurasoak.
.Haur bat izan behar duten aita eta ama toxikomanoak.
.Aita eta ama nerabeak, laguntzarik gabeak.
_Egiten diren zerbitzuak:
Oinarrizko Gizarte Zerbitzuei orientazioa ematea.
Babes gabezia kasuren bat dagoela susmatzen denean ikerketa egitea.
Adingabeek jasaten dituzten tratu txarren edo sexu abusuen kasu larriak Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutura bideratzea.
Esku-hartze arloko babes gabezia moderatuko eta handiko kasuen balorazioa egitea.
Familia zabalean harrera egoeran dauden adingabeen jarraipena egitea.
Familiaren etxean esku hartzea babes gabezia arineko eta moderatuko kasuetan.
Oinarrizko laguntzako beste zerbitzu batzuekin koordinatzea.
_Langileak:
Gizarte langilea.
Psikologoa.
Famili hezitzaileak, esku-hartze lanetan aritzeko.
Beste langile batzuk, ematen zaizkien eginkizunen arabera.
_Berariazko baldintzak:
Zeregin hauetarako eremuak dituzten lokalak: administrazioa, elkarrizketak, talde bilerak eta ebaluaziorako eremuak.
1.12. Gizarte egoera zailean dauden eta/edo tratu txarrak jasaten dituzten adingabeen balorazioa egin eta esku hartzeko taldeak.
_Definizioa:
Profesionalen taldeak, Haur eta Gazteriarentzako Atalean esku-hartzearen xede diren arloetan prestakuntza espezializatua dutenak.
_Erabiltzaileak:
Haurrak dituzten familiak, horietan tratu txar fisikoa eta /edo emozionala detektatu denean eta horren arrazoia familia harreman desegokietan dagoela ematen duenean, bestelako gizarte arazo handiagorik izan gabe.
Tratu txarren eta/edo sexu abusuaren egoeran dauden adingabeak, beharrezkoa denean ikerketa, balorazioa eta esku-hartze terapeutikoa egitea.
_Egiten diren zerbitzuak:
Tratu txarrak eta/edo sexu abusuak daudela edo, bestela, gerora izateko arriskua dagoela egiaztatzeko edo ezeztatzeko ikerketa egitea.
Adingabearen eta bere familiaren faktore ahulenak eta familietan aldaketa positiboa sortzeko pronostikoa baloratzea.
Haur eta Gazteriarentzako Atalari esku-hartze plan bideragarria proposatzea kasu bakoitzerako.
Pronostiko positiboa duten kasuetan esku-hartze terapeutikoa eskaintzea, tratu txarra/abusua berriz izateko arrisku faktoreak desagertaraztera eta famili harremanak zein adingabeen zaintza hobetzera bideratuta.
_Langileak:
Psikologiako, gizarte laneko eta psikiatriako profesionalak eta landu behar den arloan berariazko prestakuntza duten beste profesional batzuk.
_Berariazko baldintzak:
Elkarrizketak, ebaluazioa eta administrazio lanak egiteko eremuak, kasu edo eginkizun kopuruaren arabera.
Iragarkiaren kodea: F0403281