49. ALDIZKARIA - 2004ko apirilaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

33/2004 FORU AGINDUA, otsailaren 20koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak emana, 2004. urtean prestakuntza beka bat emateko deialdia onesten duena.

Nafarroako Gizarte Zerbitzuei buruzko martxoaren 30eko 14/1983 Foru Legeak 5. artikuluan ezartzen du Nafarroako Gobernuaren eginkizuna dela, besteak beste, gizarte arazoak, horien kausak eta izan litezkeen konponbideak hobeki ezagutzeko azterlan eta ikerlanak sustatzea eta, halaber, gizarte zerbitzuetako langile kualifikatuen prestakuntza bultzatzea.

Eginkizun horri heldurik eta adierazitako helburuak betetzeko asmoz, komenigarritzat jo da jarduketa koordinatu bati hasiera ematea, tituludun eta profesionalei prestakuntza emateko, gizarte zerbitzuen arloetako ikerkuntza sustatzeko bekak banatuz.

Azterturik espedientean dauden txosten tekniko eta juridikoak.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 2004. urtean prestakuntza beka bat emateko deialdiko arauak onestea. Foru agindu honen eranskinean ageri dira.

2. Praktikaldiko tituludunari 610 euroko laguntza ematea hilero, zerbitzua ematen hasten denetik 2004ko abendua arte. 6.710 euro guztira emanen zaizkio gehienez urtean. Diru hori 2004ko ekitaldirako Familia Zuzendaritza Nagusiaren gastuen aurrekontuko "Prestakuntza, beka eta ikerketarako proiektuetarako transferentziak" izeneko 910002-92000-4810-313402 kontusailetik finantzatuko da.

3. Foru agindu hau igortzea Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Familiaren eta Adinez Txikikoen Politiken Plangintza, Segimendu eta Ebaluaziorako Zerbitzura eta Ekonomia eta Administrazio Atalera igortzea.

4. Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2004ko otsailaren 20an._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Reyes Berruezo Albéniz.

E R A N S K I N A

2004. urtean prestakuntza beka bat emateko deialdiko arauak

1._Bekaren xedea eta iraupena.

Deialdi honen xedea 2004. urterako prestakuntza proiektu baterako beka bat ematea da, lehia irekian.

Beka honek gehienez ere haren gaineko ebazpena ematen denetik 2004ko abenduaren 31 arte iraunen du.

Beka gehienez ere noiz ematen den eta hurrengo urteko abenduaren 31 arte luzatzen ahalko da.

Deialdi honetarako bideratu den diru kopurua Nafarroako 2004ko aurrekontu orokorretan ezarriko da, hitzarturiko konpromisoak alde batera utzita. Dirulaguntzak emateko baldintza izanen da ekitaldi horretako aurrekontuetan dirua egotea.

Beharrezkoa bada, kontusailen arteko transferentziak egiten ahalko dira, aurrekontuei buruz indarra duen arautegiaren arabera eta aurkezten diren eskaeren arabera.

2._Proiektua egiteko esparrua.

Prestakuntzarako proiektua Familia Zuzendaritza Nagusian burutuko da eta informatikako eta estatistikako prozesuak aztertuko ditu, familiari eta haurrei buruzko datu baseen bidez. Lan hauen ardatza ekonometriako ikerlanak egitea da, Nafarroako Gobernuak familien ongizatearen arloan eginiko gizarte politiken eragina neurtzen saiatuz, azalpen ereduen barruan. Familia Zuzendaritza Nagusiko Familiarako Plana eta Haurtzarorako Plana egin, jarraitu eta ebaluatzeko Zerbitzuko zuzendaria arduratuko da jarduera honetaz.

3._Betebeharrak.

3.1. Nafarroan bizitzea.

3.2. Unibertsitateko ikasketak bukatuak izatea, 2000. urtean edo ondorengoetan.

3.3. Beka onartzen den unean, istripuetarako eta osasun laguntzarako babesa duela frogatzea.

3.4. Enpresetako Administrazioan eta Zuzendaritzan edo Ekonomian lizentziaduna edo Kudeaketako Informatikan diplomaduna izatea.

3.5. Estatistikako eta ekonometriako teknikak ezagutzen direla frogatzea: MCO estimazioa, MCG, Orotariko Eredu Lineala, Logit Multinomiala.

3.6. Programa hauek ongi erabiltzen jakiten dela frogatzea: ACCES, SPSS, TSP.

4._Aurkeztu beharreko agiriak:

4.1. Bekarako eskabideak. Bekaren eskabidea eta prestakuntzarako proiektua inprimaki normalduetan aurkeztuko dira. Familia Zuzendaritza Nagusian eskuratuko dira, Iruñeko González Tablas kalean, z.g., 31003 posta kodean.

4.2. Erroldatze agiria.

4.3. Eskaeraren funtsa den unibertsitate-tituluaren fotokopia konpultsatua (edo hori eskatu dela frogatzen duen gordekinarena).

4.4. Ikasketetako espedientearen fotokopia konpultsatua.

4.5. Eskatzailearen curriculuma.

4.6. Proiektua:

a) Helburuak.

b) Metodologia.

c) Lanaren egutegia. Proiektua noiz hasi eta bukatuko den.

4.7. Luzapenerako eskaerak, halakorik badago, eskabide ofizialean aurkeztuko dira, 4.6. puntuan ezarri dokumentazioarekin batera.

5._Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabideak amilia Zuzendaritza Nagusian aurkeztuko dira, Iruñeko González Tablas kalean, z.g., 31003 posta kodean.

6._Beken zenbatekoa eta ordaintzeko modua.

Gehienez ere 6.710 euro banatuko dira. Bekaren ordainketa hilabetez hilabete eginen da, bakoitzean 610 euro.

Onetsiriko proiektuaren edozein aldaketa jakinarazi beharko du onuradunak. Familia Zuzendaritza Nagusiko Familiarako Plana eta Haurtzarorako Plana egin, jarraitu eta ebaluatzeko Zerbitzuak baimendu beharko du aldez aurretik aldaketa hori.

Ikerketaren aurrerapenak ezin zabalduko dira argitalpen, komunikazio edo bestelako baliabideen bidez, Familia Zuzendaritza Nagusian azkeneko memoria aurkeztu baino lehen, Familia Zuzendaritza Nagusiko Familiarako Plana eta Haurtzarorako Plana egin, jarraitu eta ebaluatzeko Zerbitzuak espresuki baimentzen ez badu.

Sortzen diren agiri eta lanen jabe intelektualak Familia Zuzendaritza Nagusia eta bekaduna izanen dira.

Beka hartzeak ez du sortzen inolako lan edo administrazio harremanik onuradunarekin eta ez dakar inolako konpromisorik gero hura kontratatzeko.

7._Baloraziorako batzorde teknikoa.

Batzorde Tekniko bat osatuko da, ebazpen proposamena eginen duena. Horretan ebaluazioa eta balorazio irizpideak zehaztuko dira.

Batzordeak kide hauek izanen ditu:

_Familiarako Plana eta Haurtzarorako Plana egin, jarraitu eta ebaluatzeko Zerbitzuko zuzendaria, lehendakari lanetan arituko dena.

_Programazio eta Ebaluazio Ataleko burua.

_Azterlan eta Koordinazio Ataleko burua, idazkari lanetan arituko dena.

Batzorde horren proposamenak lotzaileak izanen dira.

8._Balorazio irizpideak.

Deialdian eskatzen diren baldintza guztiak betetzeak ez du esan nahi nahitaez beka emanen denik.

Laguntzak emateko proposamenak honako irizpide hauei jarraikiz eginen dira:

a) Eskatzailearen curriculuma eta ikasketetako espedientea.

b) Aurkeztutako prestakuntza proiektuaren kalitatea eta bideragarritasuna.

c) Eskatzaileak alegaturiko bestelako merezimenduak, behar bezala frogatuak.

9._Ebazteko epea.

Familia zuzendari nagusiak onartuko du laguntza, ebazpen baten bidez, 7. arauan aipatzen den batzorde teknikoak proposatu ondoren.

Ebazpenak beken onuradun den eskatzailea eduki beharko du. Hala bada, beste eskabideak ezesteko arrazoia espresuki adieraziko du. Gainera, eskabideen lehentasun hurrenkera ezarriko du.

Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta hiru hilabeteko epean horretarako ebazpenik eman eta jakinarazten ez bada, ukatu direla ulertuko da.

Familia Zuzendaritza Nagusiak laguntza emateko ebazpenaren berri emanen dio onuradunari eta, horrekin batera, onespen agiria bidaliko. Agiri hori hartu eta hamar eguneko epean itzuli beharko du, behar bezala betea.

Epe horretan itzultzen ez badu, emandako dirulaguntza hartzeari uko egiten diola ulertuko da eta laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela deklaratuko da ofizioz.

10._Onuradunen betebehar orokorrak.

Deialdi honetako 3. atalean aipatzen diren betebeharrez gain, onuradunak hauexek izanen ditu:

a) Beka emateko arrazoitzat jo den jarduera egitea eta hori frogatzea.

b) Beka bukatu eta hurrengo hilean, eginiko lanari eta lorturiko emaitzei buruz txosten bat aurkeztea, eskabidea abalatu zuen arduradunaren adostasuna barne.

c) Beka emateko betebehar eta baldintzak betetzea.

d) Eskumena duten organoek, eman den bekaren inguruan, egin ditzaketen egiaztapen lan guztiak onartzea.

e) Beka eman duen organoari xede berarekin eskatu edo jaso diren bestelako beka edo dirulaguntzen berri ematea.

f) Dirulaguntza jaso aurretik, frogatzea Nafarroako Ogasun Publikoarekiko beharkizunen ordainketan egunean dagoela.

g) Organo eskudunari jakinaraztea harturiko bekari espresuki uko egin diotela, jarduerak utzi eta gutxienez ere hamabost egun natural lehenago.

h) Beka dela-eta eginiko jardueraren zuzeneko ondorioa den edozein argitalpenetan bekadunak direla adieraztea.

i) Isilpekotzat jo eta prestakuntza jardueran ezagutu diren argibide tekniko edo administratiboen gainean sekretua eta konfidentzialtasuna gordetzea.

11._Laguntzaren jarraipena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrarri buruzko ekainaren 9ko 8/1987 Foru Legearen 21. artikuluak aipatu kasuetan, bidezko izanen da jasotako dirua itzultzea, hartan ezarritako baldintzetan betiere.

Bekaren alderdi guztien jarraipena eta kontrola tutoreak eginen du, eta honek txosten teknikoak nahiz aholkuak eskatu ahalko dizkie ikerketa unitateei eta ospe handiko profesionalei, bai eta, egoki dela ikusiz gero, ebaluaketan espezialista diren erakundeei ere.

Jarraipen horren ondorioz desadostasun txostena ematen bada, zuzendaritza nagusiak kentzen ahalko du beka. Hori, ebazpena ematen denetik aurrera, indarrik gabe geldituko da.

Aurreko lerroaldean xedatutakoa ezertan galarazi gabe, arau-hauste eta zehapenei dagokienez, ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 27. artikuluan eta ondokoetan xedatutakoari jarraikiko zaio.

12._Uko egitea.

Onuradunak bekari, honek indarra dueino, uko eginez gero, proiektuaren iraupena bermatzeko, zerrendan hurrengo gelditu den eskatzaileari proiektu onartuari eusteko aukera eskainiko zaio.

13._Helegiteak.

Deialdi honen oinarrien aurka eta bere aplikazio egintzen aurka gora jotzeko helegitea paratzen ahalko da Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan adierazitakoari jarraikiz.

Iragarkiaren kodea: F0403282