49. ALDIZKARIA - 2004ko apirilaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

55/2004 FORU AGINDUA, martxoaren 9koa, Hezkuntza kontseilariak emana, baimena ematen duena 2004-2005 ikasturtean garatu beharreko Lanbide Heziketako Berrikuntza Proiektuen deialdia egiteko, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren menpean Lanbide Heziketako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoetarako.

Azken urteotan aldaketa sakonak egin dira gure Komunitateko lanbide heziketako sistema arautuan. Irakaskuntza antolatzeko esparru berria ezarri da eta lanbide irakaskuntzak gure produkzio ingurunearen eskarietara moldatu dira. Gainera, nabarmen egin da aurrera heziketa zikloen eskaintza handitzen eta ikastetxeetako ekipo eta instalazioak hobetzen.

Berrikuntza eta hobekuntza prozesu horri lanbide heziketako ikastetxeek egin dioten ekarpena beren lanaren kalitatean eta lanbide irakaskuntza berriak ezartzeko inplikazio eta ahalegin irmoan datza. Hori guztia dela bide, prestakuntzarako eskaintzak gehitu eta hobetu ez ezik, proiektu didaktiko eta teknologiko garrantzitsuak garatu ahal izan dira.

Gero eta gehiago dira prestakuntza sendoa jasotzen duten profesional gazteak. Dagoeneko, prestakuntza horri esker Nafarroako enpresek badute euskarria lehiakortasuna hobetzeko faktore estrategikoetako batean, ongi prestatutako giza baliabideetan, hain zuzen ere.

Lanbide heziketaren hobekuntzari eta berrikuntzari laguntzeko ildo horretatik dator deialdi hau. Alde batetik, ikastetxeetako irakasle taldeen elkarlana eta lan-sistemen hobekuntza profesionala sustatu nahi ditu, eta bestetik, proiektu berriak eta berritzaileak, hala teknikoak nola didaktikoak, egiteko adorea eman.

Irakaslanean, beste lanbide jarduera askotan bezala, garrantzi handiko osagaiak dira gogoeta profesionala eta norberaren jarduna berritu eta hobetzeko gertutasuna. Hori egia da irakasle guztientzat, eta lanbide heziketako sisteman ari diren irakasleentzat erabakigarria ere bada. Ez da ahaztu behar etorkizuneko teknikariei eman beharreko lanbide gaitasunen erreferentzia nagusia non dagoen: teknologiaren eta antolaketaren aldetik etengabe aldatzen ari den lan ingurunean.

Bestalde, lanbide guztietan eta askotariko tekniketan gertatzen den aldaketa teknologiko etengabe eta sakon horren eraginez, ikasgelan eta tailerrean didaktika bereziak garatu beharra sortu da. Azken batean, jakintza teknologikoa berritzea eta eduki desberdinetarako didaktikak garatzea txanponaren bi aldeak direla esan daiteke, eta biek egin behar dute aurrera aldi berean, jakintza profesionala ikasgelara eta tailerrera eramateko prozesuan.

Bi ardatz horiei, teknologikoari eta didaktikoari, irakaskuntza berritzeko prozesuaren beste alderdi bat gehitzen zaie Foru Agindu honetan: ikastetxeek eta enpresek elkarlanean proiektu teknologikoak garatzea. Dimentsio berri hau aintzat hartzea zentzuzkoa da, gure Komunitateko ikastetxeen eta horiekin hitzarmena duten milatik gora enpresen artean lotura garrantzitsu eta emankorrak ezartzen ari direlako.

Horren guztiaren funtsezko printzipioak badaude jasorik Lanbide Heziketa garatzeko Nafarroako Planean, 2001ean onetsi zen hartan. Hain zuzen ere, Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluak egin eta Nafarroako Gobernuak onetsitako agiri estrategiko horretan jada aipatu zen eskuartean duguna bezalako deialdi bat egiteko aukera.

Lanbide heziketa berritzeko prozesuei markoa eta laguntza ematea ez da hezkuntza sistemari bakarrik dagokion kontua; aitzitik, irismen handiko politika ekonomiko eta teknologikoen multzo baten osagaietakoa da. Hala, aipa dezakegu Europako Kontseiluak, Lisboan 2000an egindako goi bileran eta geroago ere, Bartzelonan 2002an egindakoan, besteak beste ondorio hau atera zuela: Europako Batasunak aurrean duela mundializazioak eta jakintzan oinarritutako ekonomia berriak dakarten erronka.

Erronkari erantzuteko asmoz, Europako Batasunak helburu estrategiko berri bat ezarri zuen hurrengo hamarkadarako, alegia, jakintzan oinarritutako ekonomiarik lehiakor eta dinamikoena izatea munduan, gauza izanen dena modu iraunkorrean hazteko, lanpostu gehiago eta hobeagoak eta gizarte-kohesio handiagoa lortuz. Helburu hori betetzeko estrategia orokor gisa, bai informazioaren gizartea eta bai ikerketa, berrikuntza eta garapena sustatzen dituzten politikak hobetzea proposatu da; hori guztia, lehiakortasunaren eta berrikuntzaren aldeko egitura-eraldaketaren esparruan.

Gure Komunitatean, goian aipatutako gidalerroei jarraituz Nafarroako Gobernuak onetsi dituen plan teknologikoen ildoan, programa eta proiektu sektorial batzuk prestatu dira ikerketa, garapen eta berrikuntzaren alorrean. Horien xede nagusiak dira Nafarroako enpresen lehiakortasuna handitzea eta jarduera teknologikoak gehituz eta hobetuz enplegua sustatzea. Bide horretan, 2000-2003 bitartean Lehen Plan Teknologikoa garatu da. Horri esker, lanbide heziketako ikastetxeen instalazio eta ekipoak hobetu ahal izan dira eta ikastetxe askotan punta-puntako teknologiak sartu dira.

Beraz, ikastetxeak instalazio eta bitarteko teknologikoez hornitzea ere berrikuntza teknologikoaren eragilea da, ikerketa didaktikoarekin batera. Aukera hori dagoeneko gauzatu da ikastetxe batzuetan, zenbait proiektu direla bide. Baina horren osagarri, ikastetxe, irakasle eta enpresek lanbide heziketaren esparruan egiten duten lan berritzaileari etengabe lagunduko dion egitura administratiboa eratu behar da. Horra hor, funtsean, arau honen xedea.

Horrenbestez, Lanbide Heziketaren Zerbitzuak Lanbide Heziketako Berrikuntza Proiektuetarako deialdiari buruz aurkeztu duen txostena ikusirik,

AGINDU DUT:

1. 2004-2005 ikasturtean garatu beharreko Lanbide Heziketako Berrikuntza Proiektuetarako deialdia onestea, jarraian ematen den moduan.

"LANBIDE HEZIKETAKO BERRIKUNTZA PROIEKTUAK". DEIALDIA

I._Xedea.

1. Deialdi honen xedea da berrikuntza didaktikoa eta teknologikoa uztartzen dituzten lan sistemak indartzea Nafarroako Gobernuaren menpean ari diren Lanbide Heziketako ikastetxeetan.

II._Deialdiaren ezaugarri orokorrak.

2. Deialdi honetara aurkezten diren ekintza berritzaileek proiektuaren formatua izanen dute, eta modalitate hauetako batean egokituko dira:

2.1. Garapen eta berrikuntza didaktikoa. Modalitate honetan biltzen dira lanbideen irakaskuntzarako didaktika interesgarrietan sakontzeko eta horiek eraberritzeko prozesuak. Proiektu mota hauek aurkezten ahal dira:

_Aplikazioa informatikoak edo multimedia sistemak irakaskuntzarako moldatu eta garatzea.

_Material didaktikoak eta ikasleentzako eskuliburuak prestatzea.

2.2. Ikastetxeko berrikuntza teknologikoa. Modalitate honetan biltzen dira tekniketan eta teknologietan sakontzeko eta horiek eraberritzeko prozesuak, ikasgelara edo tailerrera eramateari dagokionez, kasuan kasuko titulazioan. Modalitate honetan proiektu mota hauek aurkezten ahal dira:

_Eduki teknikoak edo/eta teknologikoak ikasteko prototipo eta maketak egitea.

_Kasuan kasuko lanbide-profilean teknologia aurreratuak edo ezagutza tekniko berriak sartzea, instalazioak birplanteatuz edo/eta sistema teknologiko, tresna zein makina berriak gehituz.

2.3. Proiektuak enpresekin elkarlanean garatzea. Modalitate honen oinarria ikastetxearen eta inguruko enpresen arteko elkarlana da. Kategoria honetan aurkezten ahal diren proiektu motak bi dira:

_Produktu berriak (prototipoak nahiz zerbitzuak) garatzen edo prozesuak hobetzen laguntzea.

_Enpresari sortzen zaizkion arazo praktiko eta zehatzak ebaztea.

3. Proiektuak 2004/2005 ikasturtean garatu behar dira, eta deialdi honetako 16. puntuan aipatzen den memoria egin behar da proiektuaren azkenean. 2005/2006 ikasturtean proiektua garatzen jarraitzeko aukera izanen da, aldez aurretik proiektuaren koordinatzaileak hala eskatu eta 9. puntuan aipatzen den batzordeak baiezko txostena emanik, baldin eta proiektuaren hasierako planteamenduan aurreikusi ez ziren gai interesgarrietan aurrera egiten bada.

4. Deialdi honetan araututako dirulaguntzak berrikuntza proiektua garatu eta gauzatzeko gastuetarako izanen dira eta honako kontzeptu hauetan sailkatuko dira:

a) Ekipamendua. Proiektua garatzeko ezinbestekoa den ekipamendu berriaren erosketak sartuko dira atal honetan.

b) Funtzionamendu gastuak. Atal honetan sartuko dira proiektua gauzatzeko behar diren material kontsumigarrien erosketa, irakasleen prestakuntza, aholkularitzaren ordainketa etab.

c) Joan-etorriak eta dietak. Hemen sartuko dira proiektua garatu bitartean sortzen diren joan-etorri gastuak eta dietak.

5. Eskabidean adierazten diren beharren araberakoa izanen da laguntzaren zenbatekoa, baina ez ditu gaindituko ondoko kopuru hauek:

a) Ekipamendua: 45.000 euro.

b) Funtzionamendu gastuak: 5.000 euro.

c) Joan-etorriak eta dietak: 2.000 euro.

III._Eskabideak.

6.1. Eskatzaileak irakasle-taldeak izanen dira. Taldeko irakasleetako bat proiektuaren koordinatzaile arituko da.

6.2. Talde horietako irakasleek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren menpeko lanbide heziketako ikastetxe berean arituko dira guztiak, lehentasunez.

b) Koordinatzailea irakasle funtzionarioa izanen da eta, lehentasunez, proiektua esleitu zaion ikastetxean behin betiko destinoa duena.

c) Proiektua enpresaren batekin elkarlanean garatzekoa denean, enpresan proiektuaren arduradunak nortzuk diren adierazi beharko da.

6.3. Proiektua koordinatzen duen irakasleak eginkizun hauek izanen ditu:

_Lan-taldearen bilkurak koordinatzea.

_Proiektuaren jarraipenerako agiriak egitea, bai eta amaierako memoria ere.

_Proiektuko irakasle-taldea ordezkatzea.

6.4. Irakasle-taldeak kanpoko profesionalei aholku eskatu ahalko die, benetan beharrezkoa bada, eta proiektuaren funtzionamendu gastuen atalean aholkularitzaren kostua aurreikusita badago.

7. Proiektuaren koordinatzaileak eginen du deialdi honetan parte hartzeko eskabidea, Foru Agindu honen eranskineko ereduari jarraikiz. Proiektuak ikastetxeko zuzendariaren ikus-onespena beharko du. Zuzendariak ikastetxeko Urteko Programazio Orokorrean sartuko du proiektua, onesten baldin badu.

8. Deialdi honetan eskabideak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita. Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira eta Lanbide Heziketaren Zerbitzuaren zuzendariari zuzenduko zaizkio.

IV._Hautatzeko prozesua.

9. Hautapen batzordea eratuko da. Batzordekideak honako hauek izanen dira:

Batzordeburua: Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendaria.

Idazkaria: Lanbide Ikasketak Berriztatu eta Garatzeko Ataleko burua.

Mahaikideak:

_Lanbide Heziketa Berriztatzeko Bulegoko burua.

_Lanbide Heziketako Irakasleen Prestakuntza Bulegoko burua.

_Enpresa-inguruneko teknikari aditu bat.

_Irakasle aditu bat.

10. Gehienez ere sei proiektu onetsi ahalko dira. Aurreko puntuan aipatutako batzordeak proposatuko ditu, ondoko irizpide hauei jarraituz:

_Proiektua noraino egokitzen zaien deialdi honetan eskatzen diren ezaugarriei. Gehienez ere 40 puntu emanen dira (puntuazio osoa gehienez ere 100 izanen da).

_Proiektuaren sistematizazioa eta koherentzia. Gehienez ere 30 puntu emanen dira (puntuazio osoa gehienez ere 100 izanen da).

_Emaitzak ikastetxera edo enpresara eramatea. Gehienez ere 30 puntu emanen dira (puntuazio osoa gehienez ere 100 izanen da).

11.1. Hautapen prozesuak dirauen bitartean proiektuen koordinatzaileekin elkarrizketak egiten ahalko ditu batzordeak, proiektuen edukiaz kontuak argitzeko eta haiek abian jarri eta garatzeko beharrak zehatz-mehatz aztertzeko. Ildo horretan, batzordeak proiektuen aldaketak iradokitzen ahalko ditu, proiektuak egokiagoak izan daitezen.

11.2. Batzordeak adieraziko du zenbat diru esleituko zaion 5. puntuan aipatutako ataletako bakoitzari.

12. Hezkuntza Departamentuak 2004ko maiatzaren 30a baino lehen jakinaraziko du eskabideari baietza ala ezetza eman zaion.

13. Erabaki horren kontra interesatuek erreklamazio idazkia aurkeztu ahal izanen dute hautapen batzordeko buruari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hamar egun balioduneko epean. Epea amaitu eta erreklamazioak ebatzita, ebazpena interesatuei jakinaraziko zaie. Ados ez badaude, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

V._Jarraipena eta ebaluazioa.

14. Lanbide Ikasketak Berriztatu eta Garatzeko Atalak eginen du hautatutako proiektuen jarraipena. Halaber, berak emanen du aholkua eta antolaketarako nahiz administraziorako laguntza. Lanbide Heziketa eta Enpresaren Atalak kudeatuko ditu proiektutik sortzen diren prestakuntza beharrak.

15. Proiektuaren koordinatzaileak aurretiazko balorazioa prestatuko du, lan-taldeak 2004ko abenduaren 31ra arte eginiko lanaren gainean.

16. Proiektuaren koordinatzaileak, 2005eko ekainaren 30a baino lehen, amaierako memoria emanen dio Lanbide Heziketaren Zerbitzuari. Bertan honakoak jasoko dira: burututako prozesuaren nondik norakoak, ezarritako helburuen betetze maila, lortutako produktua edo produktuak, gastuen zerrenda, eta proiektuaren ebaluazioa, eranskinean ageri den moduan.

17. Foru Agindu honen 9. puntuan aipatutako hautapen batzordeak proiektuen azken ebaluazioa eginen du. Horretarako kontuan hartuko ditu txostenak, amaierako memoria, lortutako produktuak eta proiektuaren jarraipeneko datuak.

18. Proiektuen ebaluazioa positiboa edo negatiboa izanen da. Positiboa denean, Hezkuntza Departamentuak proiektuan parte-hartzea ziurtatuko du.

19. Hezkuntza Departamentuak proiektuari amaiera eman ahalko dio, burutu gabe egon arren, helburuak ez direla betetzen ari irizten badio.

VI._Alderdi ekonomikoak.

20. Hezkuntza Departamentuak aurreikusitako laguntzak ikastetxeari transferituko dizkio aurrekontu ekitaldi bakoitzean. Laguntzak ekainaren 6ko 250/1992 Foru Dekretuan eta hura garatzen duten xedapenetan ezarritakoari jarraituz justifikatuko dira.

VII._Garatzen diren materialen jabetza.

21. Proiektuan garatzen den materiala Nafarroako Gobernuaren jabetza bihurtuko da. Horrek erabiltzen ahalko du, baina esan beharko du zer lan-taldek egin duen.

VIII._Errekurtsoak.

22. Foru Agindu honen kontra interesatuek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunetik hilabeteko epean.

2. 162.000 euro arteko gastua baimentzea. 2004ko gastuen aurrekontutik finantzatuko da, honela banaturik: 120.000 euro, ekipamendu gastuetarako, "Lanbide Heziketako ikastetxe publikoen ekipamendua" izeneko 420001-41120-6059-424100 kontusailaren kargura, eta 42.000 euro, gainerako gastuetarako, "Lanbide Heziketaren garapena eta jarraipena" izeneko 420000-41230-2212-422700 kontusailaren kargura.

3. Foru Agindu hau eta bere eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

4. Foru Agindu hau eta eranskina igortzea ikastetxe interesatuetara, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntza Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuari, Lanbide Heziketaren Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzura, Lanbide Ikasketak Berriztatu eta Garatzeko Atalera, Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Lanbide Heziketa eta Enpresaren Atalera, Lanbide Heziketa Berriztatzeko Bulegora eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2004ko martxoaren 9an._Hezkuntza kontseilaria, Luis Campoy Zueco.

E R A N S K I N A

ESKABIDE ORRIA

Lanbide Heziketako Berrikuntza Proiektuetarako deialdia

ESKATZAILEAK

ERREFERENTZIAKO IKASTETXEA

K A R G U A DEITURAK ETA IZENA IKASTETXEA

Koordinatzailea

PROIEKTUAREN EZAUGARRI OROKORRAK

PROIEKTUAREN IZENBURUA

PROIEKTU MOTA

a) Garapen eta berrikuntza didaktikoa.

f Aplikazio informatikoak edo multimedia sistemak irakaskuntzarako moldatu eta garatzea.

f Material didaktikoak eta ikasleentzako eskuliburuak prestatzea.

b) Ikastetxeko berrikuntza teknologikoa.

f Eduki teknikoak edo/eta teknologikoak ikasteko prototipo eta maketak egitea.

f Kasuan kasuko lanbide-profilean teknologia aurreratuak edo ezagutza tekniko berriak sartzea.

c) Proiektuak enpresekin elkarlanean garatzea.

f Produktu berriak (prototipoak nahiz zerbitzuak) garatzen edo prozesuak hobetzen laguntzea.

f Enpresari sortzen zaizkion arazo praktiko eta zehatzak ebaztea.

LANBIDE HEZIKETAKO ZERBITZUAREN ZUZENDARIA

DESKRIPZIO OROKORRA

HELBURUAK

LANAREN ANTOLAKETA

LORTU BEHARREKO PRODUKTUAK

EKIPAMENDUA

KONTZEPTUA KOSTUA

Guztira

FUNTZIONAMENDU GASTUAK

KONTZEPTUA KOSTUA

Guztira

JOAN-ETORRIAK ETA DIETAK

KONTZEPTUA KOSTUA

Guztira

AMAIERAKO MEMORIA

I._PROZESUA

II._HELBURUEN BETETZE MAILA

III._LORTUTAKO PRODUKTUAK

IV._EBALUAZIOA

V._MEMORIA EKONOMIKOA

Iragarkiaren kodea: F0404693