49. ALDIZKARIA - 2004ko apirilaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

142/2004 FORU DEKRETUA, martxoaren 22koa, Nafarroako Foru Komunitateko etxebizitzetan bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak arautzen dituena.

Nafarroako Foru Komunitatea eskuduna da etxebizitzaren arloan, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoko 44. artikuluko 1. idatz-zatiaren arabera. Hori dela-eta etxebizitza duin eta egoki bat gozatzeko Konstituzioko 47. artikuluan aitorturiko eskubidea erabili ahal izateko baldintzak ezarri behar ditu.

Abuztuaren 1eko 1484/1985 Errege Dekretuaren bidez eraikuntzaren eta etxebizitzen kalitatea kontrolatzeko zerbitzuak eskualdatu ziren Nafarroako Foru Komunitatera.

Etxebizitzetan bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak eskatu beharra herritarrek etxebizitza duin bat gozatzeko duten eskubidearen ondorioa da. Eskubide hori ez dago loturik edukitza moduari eta etxebizitza eskuratzeko moduari.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2003 Foru Legeko 191.2 d) artikuluaren arabera, etxebizitza-eraikin berrietarako udalek eman beharreko lizentzia eman aitzin txosten bat luzatu behar dute haietan bizi ahal izateko baldintzei eta eraikuntzaren oinarrizko arauei buruz, legeetan eta erregelamenduetan xedatu bezala. Legezko artikulu horrek etxebizitza arautzen duen ohiko erregelamenduzko praktika bat nabarmentzen du, gaurkotu behar dena. Bestetik, etxebizitza arloko jarduketa babesgarriak finantzatzeko sistema eta motak arautzen dituen abenduaren 21eko 14/1992 Foru Legeko 6. artikuluko 2. idatz-zatiak adierazten duenez, prezio tasatuko etxebizitzen arautegi teknikoa erregelamenduen bidez ezarri behar dela, prezio libreko etxebizitzen eta etxebizitza babestuen arautegi teknikoaren arloko ohiko erregelamenduak osatu beharrez.

Foru dekretu honen xedea da arloko arauak batzea, sakabanatuak baitira, eta, kalitatea irizpide, etxebizitzen sustapenean eta etxeak zaharberritzeko jarduketetan eskatzen ahal diren gutxieneko baldintzak ezartzea.

Foru dekretuak etxebizitza batean bizi ahal izateko baldintzak gutxieneko izendatzaile komun baten inguruan antolatzen ditu (I. eranskinean), etxebizitza eraiki berrietarako eta erabateko zaharberritzeetarako (II. eranskinean) eta babes publikoko araubideko etxebizitzetarako (III. eranskinean) berariazko moduluak emanez, onartzen ahal diren salbuespenak arautuz.

Bizigarritasun zedula da etxebizitza batean bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak betetzen direla frogatzen duen agiria. Foru dekretuak haren izaera eta hura izapidatzeko modua arautzen ditu. Hori horrela, zedulak "iuris tantum" ustea adierazten du, alegia, bertan bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak betetzen direlakoa. Horrenbestez, etxebizitza batean bizi ahal izateko gutxieneko baldintzetariko bat gerora bete ezik, berehala zedulak indarra galduko du. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak noiznahi ere egiaztatu eta adierazten ahalko du hori, foru dekretuan kontu horri dagozkion artikuluetan xedaturikoarekin bat. Horietan ukituak babestu ahal izateko behar diren berme guztiak biltzen dira.

Nafarroako Kontseiluak 2004ko otsailaren 2an emaniko txostenak dioenez, foru dekretuaren edukia legeei lotzen zaie.

Hori horrela, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta lauko martxoaren hogeita bian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA

Orotariko arauak

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea da Nafarroako edozein etxebizitzatan bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak zehaztea, pertsonek ohiko bizitokitako okupatzeko, baita etxebizitzak eraiki eta erabilitzeko modua ikuskatu eta kontrolatzeko prozedurak ere.

2. artikulua. Etxebizitza batean bizi ahal izateko baldintzak nahitaezkoak dira.

1. Foru dekretu honetan arautzen diren baldintzak nahitaezko eta gutxienekoak dira, etxebizitza berrietarako eta indarra duenean eraikiak daudenetarako. Beterik ere ez du esan nahi hirigintzari buruzko arautegia ere betetzen denik.

2. Nafarroako edozein etxebizitzak, horrelakotzat jo ahal dadin, bizigarritasun zedula eduki beharko du, indarrean, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak luzatua. Eraikin bat ere ezin erabiliko da bertan bizitzeko, gizakien ohiko bizileku gisa, indarreko zedularik ez badu, etxebizitza babestuak eta etxebizitzak zaharberritzeko babes publikoari buruzko arautegiaren arabera zaharberrituak izan ezik, betiere behin betiko kalifikazioko zedula badute, agiri hori ondorio hauetarako A motako bizigarritasun zedularen baliokidea baita.

Horrenbestez:

a) Administrazio Publikoek, zeinek bere eskumenen arabera, neurriak hartzen ahalko dituzte indarreko bizigarritasun zedularik ez daukaten eraikinak gizakien ohiko bizilekutako erabiltzea eragozteko,

b) Ur, gas, argindar edo antzeko kontratuak, etxebizitzak hornitzekoak, ezin izenpetu edo mantenduko dira, indarreko bizigarritasun zedularik ez badute.

c) Notario, erregistratzaile eta ondasun higiezinen jabetzako agenteek indarreko bizigarritasun zedula eskatuko dute, jatorrizkoaren edo kopia kautotuaren bidez, eskubide errealak pagatzerakoan eta sal-erosketako edo errentamenduko kontratuetan balioz haien xede den etxebizitzaren kalifikazioa adieraz dadin.

d) Toki entitateek, etxebizitza berrietarako edo etxeetan bizitzeko baldintzak aldatzen dituzten erreformetarako proiektuetan obretarako lizentziak eman aitzin, bizigarritasun txostena edukiko dute. Haien edukiak bakar-bakarrik bertan bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak eta eraikuntzaren kode teknikoa betetzen direla egiaztatu beharko du.

II. KAPITULUA

Etxebizitza batean bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak

3. artikulua. Etxebizitzaren araberako baldintzak.

1. Edozein etxebizitzak, edozein direlarik haren titularra, adina eta araubidea (salmenta librea edo babes publikoa) foru dekretu honetako I. eranskinean bertan bizi ahal izateko ezarririko oinarrizko baldintzak bete beharko ditu.

2. Edozein etxebizitza berrik, delarik eraikin berria, delarik aurretik zegoen eraikinaren zaharberritzearen ondorioa, I. eranskinekoez gain, II. eranskinean aipatzen diren baldintzak ere bete beharko ditu.

3. Zaharberritzen den eraikin bateko etxebizitzek II. eranskinean aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte zaharberritzearen nolakoa dela-eta komeni baldin bada obra eraiki berriekin parekatzea, II. eranskinean berean xedatzen denarekin bat.

4. Salbuespen gisa, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza zuzendariak ebazpena emanda, II. eranskinean etxe batean bizitzeko ezartzen diren baldintzetatik salbuesten ahalko da, gorabehera hauek gertatzen direnean:

a) Frogatzen denean baldintzak betetzea ezinezkoa edo zail-zaila dela eta, gainera, duda izpirik ez dagoenean betetzen ez den baldintza II. eranskinekoa dela, eta ez oinarrizkoa.

b) Obra herri baten parte zaharrean eraikin berri bat egitekoa denean, haren lurzati-sarea dela-eta ezinezkoa dela baldintza betetzea.

c) Etxebizitzaren antolamendu berriaren arrazoiak kontu bioklimatikoak direnean eta aukerako konponbideak betetzen ez den baldintzaren ondoriozkoen antzezko prestazioak ematen dituenean.

5. Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza zuzendariak ebazpena emanda, I. eranskinean etxe batean bizitzeko ezartzen diren baldintzetatik salbuesten ahalko da, batera gorabehera hauek gertatzen direnean:

a) Eraikina 1944ko martxoaren 1a baino lehenagokoa denean.

b) Bertan bizi direnek eraikinerako eskubidea dutela frogatzen dutenean, baita hura ohiko bizileku gisa erabiltzekoa ere, bi gorabehera horiek 1985eko uztailaren 1a baino lehenagotik. Kasu horretan, ulertuko da bizigarritasun zedularen ondorioz erabiltzeko dagoen baimena bakar-bakarrik bertan bizi direnei ematen zaiela, haiek ez bestek izanen baitute eskumena ur, gas eta argindar hornidurak kontratatzeko.

6. Babes ofizialeko eraikin eta etxebizitzak eta Nafarroako Gobernuaren edozein jarduketa babesgarriri dagozkion etxebizitzak, gainera, I. eta II. eranskinez gain, III. eranskinean xedatura egokituko dira.

4. artikulua. Tokian tokiko planeamendua eta udalen ordenantzak.

Aurreko artikuluan aipatzen diren baldintzak lotesleak dira tokian tokiko planeamendurako eta udalen ordenantzetarako.

III. KAPITULUA

Bizigarritasun zedularen izaera eta edukia eta hura eskatu beharra

5. artikulua. Bizigarritasun zedularen izaera.

1. Bizigarritasun zedula Ingurumen, Nafarroako Gobernuko Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak luzaturiko agiri administratibo bat da, eraikin batean bizitzeko arauak betetzen direla frogatzen duena, alegia, etxebizitzatzat jotzen ahal dela adierazten duena eta, beraz, gizakien ohiko bizilekutako balio duela.

2. Etxebizitza batean bizi ahal izateko gutxieneko baldintzetariko bat gerora bete ezik, berehala zedulak indarra galduko du. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak noiznahi ere egiaztatu eta adierazten ahalko du hori, foru dekretu honetako 12. eta 13. artikuluetan xedaturikoarekin bat.

6. artikulua. Bizigarritasun zedularen edukia.

Bizigarritasun zedulak datu hauek bilduko ditu, gutxienez:

a) Bizigarritasun zedula mota eta haren zenbakia.

b) Etxebizitzaren kokagunea: kalea, ataria, oina, aldea, eta katastroko datuak.

c) Etxebizitzaren atal nagusiak eta haien eremu erabilgarriak, egongelak, sukaldea, logelak, komunak eta bestelako gelak bereiziz.

d) Etxebizitza osoaren eremu erabilgarria eta sabaien garaiera.

e) Etxebizitzaren eta hau dagoeneko eraikinaren adina.

f) Bizigarritasun zedula eman zeneko eguna.

g) Bizigarritasun zedularen mugaeguna.

7. artikulua. Bizigarritasun zedulen kategoria edo motak.

Bizigarritasun zedulen hiru kategoria edo mota ezartzen dira:

1. A mota: etxebizitza berriak edo eraikineko egitura osorik egokitzeko eta bertan arazorik gabe bizitzeko bide ematen duten zaharberritze obretan daudenak. Mota edo kategoria honek lehenbiziko berritzean iraunen du, artikulu honetako 2. idatz-zatian xedaturikoa izan ezik. 30 urterako balioko du, foru dekretu honetako 5. artikuluko 2. idatz-zatian xedaturikoa deusetan galarazi gabe.

2. B mota: A motako zedulen bigarren eta hurrengo berritzeetan eta kasu hauetan emanen da:

Lehenagoko bizigarritasun zedularik gabeko etxebizitzetan.

A motako lehenbiziko berritzean, lehenbiziko zedularen indarraldia agortu eta bost urteko epean egin ez denean.

10 urterako balioko du, foru dekretu honetako 5. artikuluko 2. idatz-zatian xedaturikoa deusetan galarazi gabe.

3. Behin-behineko zedula: salbuespenez emanen da, betiere etxebizitza edo eraikina bertan bizi ahal izateko gutxieneko baldintzetara egokitzen duten obretarako, haren indarraldiaren barruan. 9 hilabeterako balioko du. Epe hori iragatean, ur, gas eta argindar kontratuak, eta etxebizitzak hornitzeko izenpeturiko besteak, indargabetuko dira, haien xedea ez baita egokia izanen, eta haien prestazioak bertan behera utzi beharko dira.

8. artikulua. Ikuskaritza eta kontrola.

Nafarroako Gobernuko Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko zerbitzu teknikoek, ofizioz edo alde batek eskaturik, noiznahi ere begiratzen ahalko du etxean bizitzeko gutxieneko baldintzak betetzen direla, egokitzat jotzen duten bakoitzean, zedula eman, berritu, ukatu, ezabatu eta haren indarraldia galdu aitzin edo ondoren. Halaber, departamentu horrek etxean bizitzeko baldintzen edozein froga eskatzen ahalko du.

Etxebizitzan bizitzeko baldintzak betetzen direla egiaztatzeko bertan sartzea beharrezkoa bada, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 96. artikuluko hirugarren idatz-zatian eta xedapen osagarrietan xedatu bezala eginen da.

IV. KAPITULUA

Bizigarritasun zedularen izapidaketa

9. artikulua. Eskabidea.

1. Bizigarritasun zedula egin edo berritzeko eskabidea zuzenbidezko eskubide baten edozein titularrek edo haren ordezkariak egiten ahalko du.

2. A motako zedulak lortzeko, etxebizitza bezainbat eskabide ez ezik, honakoak aurkeztu beharko dira:

a) Obraren azkeneko ziurtagiria, martxoaren 11ko 462/1971 Dekretuko 6. artikuluan edo geroan ordeztuko duen arauan xedaturikoarekin bat izenpetu eta bisatua, eredu normalduan. Bertan espresuki bukaturiko etxebizitzak zenbat diren adieraziko da. Halakorik bada, azkeneko ziurtagiriari obraren bukaerako planoak gaineratuko zaizkio, bisatuak, hasiera batean txostena harturiko proiektuaren aldean dauden aldaketak biltzen dituztenak. Eskatzaileak, arrazoiak emanda, obraren azkeneko ziurtagiria ezin aurkeztu duenean, obra bukatu ondoren, Nafarroako Gobernuko Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak dei eginen die obra zuzentzen duten teknikariei aurkeztu dezaten, errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik 15 egun balioduneko epean. Azken epea ziurtagiria aurkeztu gabe bukatzen bada, departamentuak zedula egiteko espedientearekin segitzen ahalko du, beren zerbitzu teknikoen ikuskaritzari buruzko txosten baten bidez, bizigarritasun zedula emateko espedienteari lotzeko bakar-bakarrik, behin ere obraren bukaerako ziurtagiriak berezko ondoriorik sortu gabe, eta obra zuzendu duten teknikariei legokiekeen erantzukizuna deusetan galarazi gabe.

b) Udalaren lizentzia, eraikina lehenbizikoz erabiltzekoa, bertan bizitzeko adostasun txostena hartu duen eraikinerako proiektuarena. Lehenbizikoz erabiltzeko lizentziarik egiten ez duten udaletan, obretarako lizentzia aurkeztuko da.

c) Udalaren ziurtagiria, etxebizitzetako helbide osoa eta haien katastroko datuak biltzen dituena, udalaren lizentzian agertzen ez direnean.

d) Eremuak sailkatzen dituen fitxa, non etxebizitza mota berezi bakoitzekoak agertuko baitira.

e) Eraikineko liburuko orotariko datuen fitxa izenpetuak.

3. B motako edo behin-behineko zedulak lortzeko, eskabideekin batera, honakoak aurkeztu beharko dira:

a) Etxebizitzaren jabetza frogatzen duen agiria edo bertan bizitzeko zuzenbidezko beste titulu bat.

b) Udalaren ziurtagiria, txosten tekinikoa edo katastroko agiria, etxebizitzaren adinari buruz, kontu hori atal honetako a) letran aipatzen den agirian agertzen ez bada.

c) Eskatzailearen zinpeko adierazpena, dioena 1985eko uztailaren 1az geroztik etxebizitzan bizitzeko baldintzak edo eremua aldatzen dituen obrarik ez duela egin.

d) Halakorik bada, 1985eko uztailaren 1aren ondoren eginiko obretako proiektuak, proiektu teknikoaren beharra badaukate.

e) Eskatzailearen nortasuna frogatzea, Nortasun Agiri Nazional edo pasaportearen bidez pertsona fisikoa izanez gero eta Identifikazio Fiskalerako Zenbakiaren bidez, eskritura publikoa edo sozietatea osatzeko aktarekin batera, pertsona juridikoa izanez gero. Hala bada, ordezkaritzaren kreditazioa ere bai.

10. artikulua. Obretarako lizentzia eman baino lehenagoko espedienteen izapidaketa.

1. Etxebizitzan bizi aitzin toki entitateek ematen duten txostenarekin batera, proiektu bakoitzaren ale bisatu bat aurkeztu beharko da.

2. Nafarroako Gobernuko Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak jakinaraziko du aurkezturiko eskabidea bat ote datorren foru dekretu honetan eta Eraikuntzari buruzko Kode Teknikoan xedaturikoarekin. Txostena emateko epea bi hilabetekoa izanen da. Epe horretan departamentuak jakinarazten ez badio bere txostena toki entitateari, ulertuko da adostasunezkoa dela eta izapidatzeari lotzen ahalko zaio.

3. Babes publikoko edo zaharberritze babestuko araubide bati loturiko etxebizitzatzat behin-behinekoz jotzen duen zedula artikulu honetan aipatzen den adostasun txostenaren baliokidea da.

11. artikulua. Bizigarritasun zedula luzatu eta berritzea.

1. Nafarroako Gobernuko Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak etxe batean bizitzeko espedientea bukatzean luzatu eta berrituko ditu zedulak, obrako azkeneko agiriak ikuskatu ondoren eta, hala bada, Etxebizitza Zerbitzuak ezartzen duen ikuskaritza egin ondoren.

Aurreko artikuluan ezarririkoa bete gabe eginiko obrak legeztatzeko espedienteetan bizigarritasun zedularen eskaera bat etorriko da foru dekretu honetako 9. artikuluko 1. eta 2. idatz-zatietan xedaturikoarekin eta haiekin batera proiektua edo legeztatze espedientea aurkeztuko da, behar bezala bisatua.

2. Nafarroako Gobernuko Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak udalen esku uzten ahalko du B motako bizigarritasun zedulak luzatzeko eskumenak, ikuskatu eta kontrolatzeko foru dekretu honetako 9. artikuluan aurreikusiriko eskumenak deusetan galarazi gabe.

12. artikulua. Bizigarritasun zedulak indarraldia garaia baino lehen galtzea.

Nafarroako Gobernuko Ingurumen, Lurralde Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak noiznahi ere izapidatzen ahalko du espediente bat bizigarritasun zedula batek garaia baino lehen bere indarraldia galdu duen begiratzeko, etxe batean bizi ahal izateko eskatzen diren gutxieneko baldintzetariko baten bat betetzetik gelditzeagatik.

13. artikulua. Indarraldia garaia baino lehen galdu dela adierazteko prozedura.

1. Etxe batean bizitzeko gutxieneko baldintzak ustez betetzen ez direla dioen jakinarazpen, salaketa edo txostena harturik, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak erabakitzen ahalko du isilpeko informazio bat edo zedulak garaia baino lehen indarraldia galtzeko espedientea irekitzea.

2. Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza zuzendari nagusiak ebazpena emanda irekiko da espedientea. Zuzendari horrexek izendatuko ditu instruktorea eta idazkaria.

3. Akatsak egozteko plegua aurkeztuko da, interesatuei jakinaraziko zaiena, komenigarritzat jotzen dutena alegatu dezaten, hamar egun balioduneko epean.

4. Ebazpen proposamena interesatuei ere jakinaraziko zaie, bost egun balioduneko epean komenigarritzat jotzen dutena alegatu dezaten.

5. Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza zuzendari nagusiak ebazpena emanda bukatuko da espedientea.

6. Emaniko ebazpenean xedaturikoa betetzen dela bermatzeko, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legean arauak nahitaez betearazteko aipatzen diren baliabideak erabiltzen ahalko dira.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Nafarroako Gobernuko Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari dagokio Hirietako Errentamenduei buruzko 29/1994 Legeko 21. artikuluan edo geroan ordeztuko duen arauan xedaturikoaren arabera Administrazioari dagozkiokeen eginkizunak erabiltzea.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Eraikuntzari buruzko Kode Teknikoak indarra hartu arte, ulertuko da haren aipamenak Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko Legeko azken xedapenetariko bigarrenean aipatzen den Eraikuntzari buruzko Oinarrizko Arautegiari dagozkiola.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Foru dekretu honek indarra hartzen duenean, indarrik gabe geldituko dira etxe batean bizi ahal izateko gutxieneko baldintzei buruzko ekainaren 17ko 184/1988 Foru Dekretua, irailaren 25eko 550/1992 Foru Agindua eta maiatzaren 19ko 282/1993 Foru Agindua. Horiek Gizarte Ongizate, Kirol eta Etxebizitza kontseilariak eman zituen eta babes ofizialeko eta prezio tasatuko etxebizitzetako ordenantzak arautzen dituzte.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena._Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari esku ematen zaio behar diren xedapen guztiak emateko, foru dekretu honetan xedaturikoa garatu eta betearaztearren, eranskinetako baldintzak osatu, ulertu edo azaltzeko marrazkiak prestatzekoa barne.

Bigarrena._Foru agindu honek 2005eko martxoaren 1az geroztik izanen du indarra. Egun hori baino lehen, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoren, etxebizitza-eraikinen sustatzaileek aukera izanen dute edo foru dekretu hau baino lehenagoko arautegian xedaturikoa betetzeko edo bestela foru dekretu honetan etxe batean bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak gogoz onartzeko. Halaber, III. eranskineko 9. artikuluan aipatzen diren familia ugariendako etxebizitza babestuak erreserbatu eta eraikitzen ahalko dituzte.

Iruñean, 2004ko martxoaren 22an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, José Andrés Burguete Torres.

I. ERANSKINA

Badauden etxebizitzetarako baldintzak

II. ERANSKINA

Etxebizitza batean bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak

I. KAPITULUA._APLIKAZIO EREMUA

1. artikulua. Aplikazio eremua.

I. eranskinean etxe batean bizi ahal izateko baldintzak etxebizitza orori eta hau dagoeneko eraikinari eskatzen ahal zaizkion oinarrizko edo gutxienekoak dira. Baldintza hauek bete ezik, bizigarritasun zedula ukatuko da edo haren indarraldia garaia baino lehen galduko da, etxebizitzak halakorik badu.

Eranskin honek indarra hartu baino lehen luzaturiko bizigarritasun zedula daukaten etxebizitzek, zedula indarrean egonez gero, hau berritzen ahalko dute, zedula luzatu ondoren etxe berriak egiteko obren antzekoak diren berritze edo zaharberritze obrak egin ez badituzte, II. eranskinean xedatu bezala.

1. artikulua. Aplikazio eremua.

Etxe berriek, bazegoen eraikin batean egitekoek eta zaharberrituek, zaharberritze obrak etxe berriak egiteko obren antzekoak badira, I. eta II. eranskinetan aipatzen diren arauak bete beharko dituzte.

Ulertuko da eraikin baten zaharberritzea etxe berri bat egiteko obraren antzekoa dela, eranskin honi dagokionez, lan horiek eraikin horrek dauzkan etxebizitza guztiak ukitzen dituztenean eta exekuzio materialaren aurrekontuak, ukituriko m² eraikiekin zatiturik, etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarrietarako urtero ezartzen den modulu ponderatuaren % 70 gainditzen duenean.

Zaharberritze obrak hasteko eta obra berri batekin baliokidetzeko lizentzia eskatzen denean, eraikinean egin eta eskabidea aurkeztu baino bost urte lehenago bukaturiko obretako aurrekontuak metatuko dira.

Halaber, zaharberritze obra berriekin baliokidetuko da eraikina erabat husten denean edo solairu armazoien eremuaren % 60 baino gehiago eraitsi edo konpontzen denean, aurrekontua edonolakoa izanik ere.

II. KAPITULUA._ERAIKINAREN BALDINTZAK

2. artikulua. Zerbitzuak eta instalazioak.

Etxebizitzak dauzkan eraikin orok gutxienez ere zerbitzu hauek eduki beharko ditu:

2.1. Lurzatiaren mugaraino autoz joateko bidea, salbu eta sendoturiko bide sareak ezintzen badu.

2.2. Hornidura publikoaren saretik edo hornituko dituzten hartune pribatuetatik edateko uraren hornidura, gutxienez ere 500 litro egunean.

2.3. Argindarraren hornidura, behe tentsioari buruzko erregelamendu eletroteknikoan eta etxebizitzetarako jarraibide osagarrietan ezarririko baldintzak betetzeko bide ematen duena.

2.4. Saneamendu sarea, eraikineko ur beltzak hartu eta orotariko sarera isurtzeko bide ematen duena. Onartuko da putzu septiko batera isurtzea horrek udalaren lizentzia duenean eta teknikoki putzu horiek arautzen dituen berariazko arautegia betetzen duenean.

2. artikulua. Zerbitzuak eta instalazioak.

2.5. Erakinak eta horrek dauzkan etxebizitzek telekomunikazioen instalazioak bilduko dituzte, aplikatzekoa den arautegia betetzen dutenak.

2.6. Atarietan posta-kutxatilak paratuko dira, arautzen dituzten xedapenen arabera.

2.6. Saneamendurako zorrotenak aireztatuak izanen dira.

2.7. Orotariko kolektoreak eta banakako hartuneek osatzen dituztenean aireberritze hodiak, horiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Kolektore batek gehienez ere zortzi oinetarako balioko du. Azken biek hodi bereizi bat edukiko dute. Gainera, gutxienez 400 cm²-ko sekzioa izanen du eta goiko aldean aspiragailu estatiko edo dinamiko bat edukiko du.

b) Hartuneetako hodiek lokal bakar baterako balioko dute, gutxienez ere bi metro luze izanen dira eta haien gutxieneko sekzioa 150 cm²-koa izanen da. Lokala ukitzean, sareto batek babestuko ditu eta aire-bultzagailu edo aire-suburu bat ere ez da lotuko.

c) Kolektore bati ezin lotuko zaizkio aireberritze hodiak eta ke edo gasen irteerak.

3. artikulua. Segurtasun baldintzak.

3.1. Egonkortasuna. Eraikinaren egiturak zama eta gainkargei utziko die jarduten, kasuan kasuko erabilerarako, eraikuntzako jarduketei buruzko arautegiak xedatzen duenaren arabera, pertsonei arriskurik sortu gabe eta sortzen diren akatsek eraikuntzako osagaiak edo instalazioak urratu gabe, horrela haiei eragotziko bailitzaieke beren egitekoa behar bezala egitea.

3.2. Suteen aurkako babesa. Suteen aurkako babesari eta eraikinak husteko baldintzak beteko ditu eraikinak, indarra duen arautegiak eskatzen dizkionak.

3.3. Instalazioak. Berdin, eraikineko instalazioek: argindarrak, igogailuak, tximistorratzek, eta abarrek berariazko arautegiak erabilera eta segurtasunari buruz ezarririko baldintzak bete beharko dituzte.

3.4.1. Korridoreetan 60 cm-tik goitiko aldeak daudenean babesteko osagai bat, karela edo eskudela, paratu beharko da, gutxienez ere 90 cm luze izanen dena.

3. artikulua. Segurtasun baldintzak.

3.4.2. Eraikineko erkidegoaren osagaietan edo etxebizitzei loturiko lokaletan 40 cm-tik goitiko aldeak daudenean, edo haien barrenean 60-tik goitikoak, babesa, karela edo eskudela paratu beharko da, baldintza hauek bete beharko dituena:

a) Goitik beherako eta ezkerretik eskuinerako jarduketei eutsi beharko die, karelaren edozein tokitan, eraikuntzako jarduketei buruz indarra duen arautegiak ezartzen baititu.

b) Edozein tokitan gutxienez ere 95 cm-ko garaiera izanen du, goitik behera neurtua, bukaturiko zoladuratik abiaturik, eta garai horren azpitik ezin pasako da 12 cm-ko diametroa duen esfera bat.

c) 95 cm-tik beheitik esfera horri pasatzen uzten dioten hutsuneak badaude eta osagai hauskorrak ixten badituzte (beirak, zeramikako osagaiek, eta abarrek), bermatuko da, barnetik armatuz edo proiektugileak arrazoituriko bestelako sistemen bidez, kolpe bat hartzean hautsiz gero, ez dela desagertuko eta segitzen ahalko duela bere egitekoa egiten aldatzen den arte.

Trenkadarik ez daukaten eskailerak izanez gero, mailen arteko hutsuneak bide ematen badu 60 cm baino gehiagotik erortzeko, kasu horretan ere eragotziko zaio 12 cm-ko diametroa duen esfera bati mailen artetik iragatea.

3.5. Etxebizitza bat baino gehiago dituzten eraikinetan, kaletik atarian sartzeko bidea ate batek mugatuko du, kanpotik eta etxebizitza bakoitzetik irekitzeko tresna bat edukiko duenak. Posible izanen da bien artean hitz egitea.

3.6. Etxebizitzetarako sarbideko ateak sarraila bat edukiko du, giltzaz irekiko dena, eta behatxulo bat ere bai, kanpotik ikusi ahal izateko.

4. artikulua. Sarbideak.

4.1. Etxebizitza-eraikin guztiek sarbidea izanen dute kaletik eta tarte ireki bat kalearen edo finkaren ondoan, finka horrek bide-zortasunerako eskubideak dituenean.

Etxebizitzek zuzeneko sarbidea izanen du kanpotik aurreko baldintzetan, edo etxebizitzaren berezko tartean edo eraikinean horretarako bakarrik erabiltzen den erkidegoaren tartean barrena. Ezin da joanen beste etxebizitza batzuetan edo bestelako erabilerak dituzten lokaletan barrena, salbu eta merkataritzan edo eskulangintzan diharduten lokalen egoera sendotuetan, zer lokaletatik joaten den eta etxebizitza horretan bizi direnek egiten badituzte.

Eraikinerako eta etxebizitzetarako sarbideek suteen aurkako babesari eta oztopo fisikoei buruzko arauetan eskatzen ahal diren baldintzak bete beharko dituzte.

4. artikulua. Sarbideak.

4.2. Eraikineko eta etxebizitzetako sarbideek 5. artikuluan korridoreei buruz ezartzen diren zehaztapenak beteko dituzte.

4.3. Nahitaezkoa izanen da goitik beherako lotune bakoitzean igogailua paratzea, taldekako etxebizitzen eraikinetan, etxebizitzaren bateko sarbidea eraikineko hirugarren oinean badago (behea kontuan hartu gabe).

Taldekako etxebizitzen eraikin berrietan, igogailua paratzea beharrezkoa ez bada, hutsuneak utziko dira gero paratu ahal izateko eta sarbide, makina eta abarretarako tarteak ere bai, egiazki abian balego izanen lituzkeen baldintzetan.

4.4. Igogailua nahitaez paratu behar deneko eraikinetan, kabinak tamaina hauek izanen ditu barrutik:

1._16 etxebizitza edo gutxiagorako bada, 1,20 m sakon eta 1 m zabal izanen da.

2._16 etxebizitza baino gehiagorako bada, gutxienez ere 1,40 m sakon eta 1,10 m zabal izanen da, 1 x 1,20 m-ko igogailu bat baino gehiago daudenean izan ezik.

Gutxieneko sakonera kabinako ate guztietan neurtuko da, betiere zut.

4.5. Igogailu kopurua 24 etxebizitza igogailuko ez gainditzeko moduan zehaztuko da.

4.6. Oin batzuetan garajeak edo etxebizitzetarako trastelekuak daudenean, igogailuak beste oinetara bezal-bezala joanen dira haietara.

5. artikulua. Barruko korridoreak.

Etxebizitza-eraikinetako korridoreen gutxieneko neurriak, bai joan-etortzekoak, bai eskailerenak, bai arrapalenak, suteen aurkako babesari eta oztopo fisikoei buruzko arautegian ezartzen direnak, kasu bakoitzean aplikatzekoak, eta edozein tokitan gutxienez ere 1,90 m-garaiera librea izanen da.

5. artikulua. Barruko korridoreak.

5.1. Atariak ate bat edukiko du. Hauexek izanen dira haren gutxieneko neurriak: 0,90 x 2,00 m.

5.2. Joan-etortzeko korridoreak edo etxebizitzetaranzko eta haiei loturiko geletaranzko arrapalak gutxienez ere 1 m zabal izanen dira eta 2,40 m-ko garaiera librea izanen dute. 2,50 m baino zabalago ez diren eremuetan gutxieneko garaiera duen solairu armazoi gogorretik sabaizun bat esekitzen ahalko da, 2,20 m-ko garaiera librea uzten badu.

Habeak, hodiak eta sabaitik esekitzen diren osagaien azpitik gutxieneko garaiera 2,10 m-koa izanen da, baldin eta garaiera gutxitzen duen osagaia 0,80 m baino sakonago ez bada.

6. artikulua. Guztiendako eskailerak.

Eskailerek betiere beteko dituzte suteen aurkako babesari eta oztopo fisikoei buruzko arautegian eskatzen diren baldintzak.

6. artikulua. Guztiendako eskailerak.

6.1. Ibiltartea.

Eraikineko eskailerek etxebizitzetarako sarbideak dituzten oinak eta eraikinean sartzekoa lotuko dituzte. Eskailerak garaje-sotoetara ez badoaz, haietatik larrialdietan ateratzeko eskailerek zuzenean kanpoaldera joko dute.

6.2. Luze-zabalak.

Gutxieneko zabalera mailetako edo tarteko eskailera-buruetako edozein tokitan: metro bat. Gutxieneko garaiera libera eskailerako eta eskailera-buruetako edozein tokitan, eskaileraren zabaleraren alderaino, 2,10 m-koa izanen da.

Eskailera-buruak, ateak haietarantz irekitzen ez badira, eskailera bezain zabalak izanen dira gutxienez. Eskailera-buruak, haietara begira etxebizitzak, lokalak edo igogailua badaude, gutxienez 1,20 m. zabal izanen dira. Ateen hutsuneak gutxienez mailarik hurbilenetik 25 cm-ra egon beharko du.

6.3. Argiak eta aireberritzea.

Eskailerek zuzeneko argi eta aireberritzea izanen dute, aurreko aldeko etxarteko baldintzak gutxienez betetzen dituen kanpoaldera edo barneko aldeko etxartera irekirik. Zirrikitu horrek 1 m²-ko eremua hartuko du gutxienez oin batean eta eskaileraren uztai osoa ere bai eta 0,3 m²-ko eremua izanen du aireberritzeko. Eskailerak ez du argirik hartuko terraza pribatuetatik edo arropa hedatzeko tokietatik.

Hutsunea irekitzeko modua eta haren garaiera gutxienez ere bi metroko garaieran eskailera husteko bidean ez sartzeko modukoak izanen dira, horrela talkak saihestuko baitira, kasu horietan gaizki ikusi ohi da eta.

Hutsuneak, beheko oinean izan ezik, eskailera husteko bidea argiztatuko du zuzenean, ibilbide horren ardatzetik gehienez ere 3 m-ra. Kasu guztietan, hori eskailera bezain zabala izanen da.

Eskailerako sabaian argiak onartuko dira, eraikinak baldintza hauek betetzen baditu:

a) Eskailerako erdiko hutsuneak gutxienez 1 m²-ko eremua hartuko du eta oinarrian 0,5 m-ko diametroa duen zilindro zuzena sartzen ahalko da bertan. Hutsunea erdian ez badago, haren gutxieneko eremua 1,3 m²-koa izanen da, zilindroaren oinarriko diametroa 0,8 m-koa eta hutsuneak eskailera ukitzen dueneko gutxieneko aldea, 1,3 m-koa. Betiere, hutsunea ataria dagoeneko oineraino ailegatuko da.

b) Sabaiko argizuloak gutxienez ere 2 m²-ko eremua izanen du ezkerretik eskuinerako planoarekin 45 gradutik beheitiko angelu bat osatzen badu eta 3 m² handiagoa bada. Bi kasuetan argizuloko punturik garaiena atariko kotatik 17 m baino gutxiagora egonen da. Argizuloak 0.80 m²-ko eremua izanen du (edo eskaileratik beretik) airea eten gabe berritzeko. Argizuloa argitzen duen eskailerako hutsunearen gainean egonen da, goitik behera kokatua.

7. artikulua. Etxarteak.

Etxarteek, logelak edo egongelak badaude haietara begira, gutxienez ere 6 m²-ko eremua izanen dute eta haietan 2 m-ko diametroa duen biribil bat sartzen ahalko da. Gutxieneko argi zuzenak 2 m-koak izanen dira.

Etxarteak, bakarrik sukaldeak badaude hartara begira, gutxienez ere 4 m²-ko eremua izanen du eta 1,50 m-ko argi zuzenak.

Lehenagoko etxarte estaliak onartuko dira, gutxieneko neurriez gain, airea eten gabe berritzeko eremuak gutxienez ere 2 m² hartzen dituenean.

7. artikulua. Etxarteak.

Etxarteak, egongelak, logelak edo eskailerak badaude haietara begira, betiere estaligabeak izanen dira eta, etxe horietan bizi ahal izateko baldintzei dagokienez, honelaxe sailkatuko dira:

7.1. Etxe multzoko etxartea.

Hirigintzako planeamenduak arautzen du neurri, lerrokadura eta abarrei dagokienez, zenbat lurzati edo finkak osatzen duten kontuan hartu gabe. Oinarrian 12 m-ko diametroa duen zilindro zuzen bat sartzen ahal bada bertan, kanpoaldeko etxartetzat joko da etxean bizi ahal izateko baldintzei dagokienez. Bestela barnealdeko etxartetzat joko da.

7.2. Barnealdeko edo lurzatiko etxartea.

Lurzati bakar batean sartzen dena edo batzuetan, erkidegoarena bada. Erkidegoaren etxarteen tamaina behar bada handitu ondoren ematen den taularen arabera gutxieneko neurriak izateko, erkidegoak Jabetza Erregistroan izen eman beharko du.

_Gutxieneko neurriak.

Sarturiko zilindora, ø 3 m eta 0,25 H.

Eremua, 12 m² eta H²/10.

Argi zuzenak, 3 m.

Argizulo bateko argi zuzenak hutsuneko eremuko edozein puntutara joan daitekeen oztoporik gabeko gutxieneko perpendikularrak zehaztuko ditu.

Etxartearen H. garaiera haren bidez argiztatzen den lehen oineko zoladuraren kotatik hasita kontatuko da, eraikinaren gailurreraino. Gailurra itxitura, karel edo sabaiko osagaiaren punturik garaienetik kontatuko da, etxartearen perimetroan eta etxartea dagoeneko lurzati berean dagoeneko eraikinean. Garaiera bateratua ez bada, finkako garaien batez besteko ponderatua aterako da, tximiniak eta bestelako kontuak baztertuz, etxartea ukitzen duten aldeak 60 cm. baino gehiago egiten ez badu.

Familia bakar baten etxebizitzetako oin bateko etxarteek I. eranskineko oinarrizko baldintzak bete beharko dituzte.

Lurzatiko edo etxe-multzoko etxarteak estugunerik edo sartunerik badauka, bakarrik argiztatzeko eta aireberritzeko irekitzen ahalko dira haietan, sartuneek gutxienez aurrealdeko etxarteetarako ezarririko neurriak badituzte.

7.3. Kanpoaldeko edo aurrealdeko etxartea.

Kanpoko aurrealdean edo etxe-multzoko etxartean 1,5 m baino gehiagoko sakonera duten sartuneak joko dira aurrealdeko edo kanpoaldeko etxartetzat, betiere baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Irekiriko frontearen gutxieneko zabalera 3 m-koa izanen da eta haren gehieneko sakonera, aurrealdearekiko zut neurtua, haren zabalera halako bat eta erdi.

b) Aurrealdeko etxarteko alboko paretetan egongela izateko hutsuneak irekitzen badira, argitzeko gutxieneko baldintzak betetzeko beharrezkoak baitira, haien hutsuneetako gutxieneko argi zuzenak 6 m-koak izanen dira.

8. artikulua. Garajeak.

Garajeak jarduera sailkatua den aldetik eskatzen ahal zaizkion baldintza guztiak bete beharko ditu, suteen aurka babesteko Eraikuntzari buruzko Kode Teknikoan ezarririko baldintzez eta sarbideen baldintzez gain, aplikatzekoak badira.

8. artikulua. Etxebizitza-eraikinetako garaje egin berriak.

8.1. Orotariko baldintzak.

Ibilgailuak luzaz aparkatzeko tokiari deritzo garaje.

Artikulu hau ez zaie erabilera publikoko garajeei aplikatuko, beren arautegi berezia baitute. Garaje batek batera erabilera publikoa eta pribatua badu, aparkatokiak etxebizitzei loturik, artikulu honetako baldintzak beteko dira, etxebizitzei loturiko aparkatokien eremuan eta haien sarbideetan gutxienez.

Garajea erkidegoarena bada, finka edo atari pribatuak zeharkatzen dituztenak ez dira larrialdietarako irteeratzat joko, bide-zortasun egokia egin ez bada.

Edozein oztoporen gutxieneko garaiera librea, aparkatokiko, arrapalako edo ibilgailuen edo pertsonen korridoreko edozein puntutan neurtua, 2, 10 m-koa izanen da, sartzeko atea barne.

8.2. Sarbideak.

Garaje orok, bertan sartzeko metro bat baino gehiagoko aldea gainditzen duen goitik beherako arrapala bat badu, ezkaratz bat edukiko du. Haren gehieneko malda % 6koa izanen da. Gainera, arrapala baino lehen, gutxienez ere 5 m-ko sakonera izanen da, erabilera publikoko espaloi eta galtzada kontuan hartu gabe. Ezkaratza gutxienez ere 3,5 m zabal izanen da eta atea, 3 m.

Ehun aparkatoki edo gehiago dauzkaten garajeek sarrera eta irteera bana izanen dute ibilgailuendako, edo arrapala eta sarbide bikoitzak. Arrapala bakoitzaren zabalera 5,40 m-koa izanen da gutxienez ere.

Garajean sartzeko arrapalak beren tarte zuzenetan gutxienez ere 3 m zabal izanen dira eta haien gehieneko malda % 20koa izanen da. Tarte bihurrietan, haien bihurtze erradioa 20 m baino gutxiagokoa bada, gutxieneko zabalera 3,5 m-koa izanen da eta gehieneko malda % 15ekoa, biak noranzko bakoitzaren ardatzean neurtuak. Ardatzean gutxieneko bihurtze erradioa 6 m-koa izanen da.

Arrapala bi norabidetakoa bada eta haien bi muturren artean ikusterik ez badago edo 30 m baino luzeagoa bada, uneoro zer norabidek duen lehentasuna adierazten duen gailu bat paratuko da.

Garajeek ibilgailuendako igogailua edo autoak jasotzeko aparatua edukitzen ahalko dute sarbide gisa, teknika eta segurtasun arloan eskatzen ahal diiren baldintzak betetzen badituzte. Ibilgailuen sarbide bakarra izanez gero, aparatu bat izanen da 20 aparkatoki edo zatikiko. Garajeak sei aparkatoki edo gehiago badauzka, bertan sartzeko ezkaratza gutxienez ere 5 m zabal izanen da eta 10 m sakon.

8.3. Korridoreak.

Ibilgailuak joan-etortzeko korridoreetan oztoporik gabeko gutxieneko zabalera 3,5 m-koa izanen da edozein puntutan. Pasabidera begira 45 gradutik goitiko angelu batekin badaude aparkatokiak, gutxieneko zabalera 4,5 m-koa izanen da.

Aparkatoki horien aurrean, pasabideak 4,50 m-ko zabalera izan beharko du aparkatokiaren aurrealde osoan, pasabidearen ardatzarekiko zut neurtua.

Norabide aldaketa eta biraketa guztietan 3 m-ko zabalera duen errei sartzen ahalko da. Horrek bere erdiko ardatzean gutxienez ere 5 m-ko erradioa izanen du biratzeko.

Pertsonak joan-etortzeko korridoreek gutxienez ere metro bateko zabalera izanen dute eta aparkatokien eremuan ez dira sartuko. Aparkatoki batekin bakarrik joaten ahalko da aparkatokiari berari loturiko trastelekura. Oinezkoendako ibilbideek oztopo fisikoei buruzko arautegian xedaturikoa bete beharko dute.

8.4. Aparkatokien eta sarbidearen luze-zabalak.

Aparkatoki bakoitzak eremu lau bat hartuko du, gehienez ere % 6ko malda izanen duena. Haren gutxieneko neurri libreak 2,3 x 4,7 m izanen dira aurretik sartuz gero eta 2,2 x 5 m aparkatoki lerrokatuetan.

Paretak mugatzen badu aparkatokia alde batetik, aparkatoki lerrokatuetan izan ezik, haren gutxieneko neurriak 2,8 x 4,7 m izanen dira. Aparkatokiaren zabalera eraginkorra 2,5 m arte gutxitzen duten osagaiak gehienez ere 2,5 metrotan izaten ahalko dira, aparkatokiaren atzealdetik neurturik.

Aparkatokia alde batetik mugatzen duten osagaiak badaude, 1,2 m baino luzeagoak aparkatokiaren ardatz nagusiaren paretik neurturik, alboko paretarekin parekatuko dira.

Aparkatoki lerrokatuetan izan ezik, aparkatokiaren alboko mugen luzapen zuzenak mugaturiko eremuan oztoporik ez egotea, korridoreraino, izanen da korridoreetatik aparkatokietara joateko bermea (gehienez ere 5 m). 5 m baino luzeagoa izanez gero, korridoreko baldintzak bete beharko ditu.

Proiektuko planoetan aparkatoki guztiek agertu beharko dute, marrazturik, mugaturik eta zenbakiturik, baita arrapalek eta korridoreek, eta frogatu beharko da, hala bada, biratzeko gutxieneko erradioak betetzen direla.

Ezinduendako etxebizitzak egin asmo direneko eraikinetan, garajea edukiz gero, aparkatokiak lotuko zaizkie etxebizitza horiei. Haien gutxieneko neurriak 3,20 m zabal eta 4,70 m sakon izanen dira, edo, handiagoak izanez gero, oztopo fisikoei buruzko arautegian ezartzen direnak. Aparkatokiaren alde batean oztopo bat ere ez badago, korridorearen ondoren, aparkatokia 2,30 m zabal izaten ahalko da.

9. artikulua. Trastelekuak.

Etxebizitzei loturiko trastelekuek suteen aurkako babesari buruzko arautegiko baldintzak bete beharko dituzte, aplikatzekoak badira.

9. artikulua. Trastelekuak.

Eranskin honetan trastelekutzat jotzen dira erregistroaren arabera etxebizitzari loturik dauden lokalak, bakarrik etxebizitzako tresnak biltzeko erabiltzen badira.

Trastelekuetarako sarbideek 4. eta 5. artikuluetan korridoreetarako ezartzen diren baldintzak beteko dituzte. Trastelekura joateko atariak pasabide bat utzi beharko du (70 cm zabal eta 200 cm garai, gutxienez).

Trastelekuek aireberritze sistema bat edukiko du 0,5 bolumen/ordua aireberritzea bermatzen duena, gutxienez.

10. artikulua. Bestelako baldintzak.

10.1. Ezin da bizi sotoan dauden etxebizitzetan.

10.2. Iragazkaiztasuna. Eraikinaren eraikuntzak eragotziko dio urari edo hezetasunari kanpoaldetik edo lokal heze batetik etxebizitzetan, erkidegoaren korridoreetan edo trastelekuetan sartzea.

10.3. Zoladurak. Etxebizitzako, erkidegoaren korridoreetako, garajeko eta trastelekuetako zorua hautsik ez sortzeko eta eraikuntzako osagairik ez erortzeko moduan egonen da zolaturik. Haren gehieneko malda % 2koa izanen da, korridoreetako arrapaletan izan ezik.

10.4. Paretak. Etxebizitza, erkidegoaren korridore, garaje eta trastelekuetako paretak estaliko dira, hautsik ez sortzeko eta eraikuntzako osagairik ez erortzeko moduan. Lokal hezeetako paretek estaltze iragazkaitz bat izanen dute, erraz garbitzen ahal dena.

10.5. Argi artifizialak. Kanpoaldea, etxebizitzak, garajeak, trastelekuak eta abar lotzen dituzten erkidegoaren korridore guztiek argi artifizialak izanen dituzte, arintasunez joan-etorri ahal izateko, eraikinaren osaera ez ezaguturik ere.

10. artikulua. Bestelako baldintzak.

Eraikuntzari buruzko Kode Teknikoa, behe tentsioari eta telekomunikazioei buruzko erregelamenduak, etab. betetzeko eskatzen diren baldintzetatik aparte, materialen kalitateak eta etxebizitza-eraikinen eraikuntzak bermatuko dituzte, I. eranskinean aipatzen diren oinarrizko baldintzez gain, gutxieneko baldintza hauek:

10.6. Beheko oineko etxebizitzak. Logela, sukalde, jantoki edo egongela bat beheko oinean egonez gero, bertan solairu armazoi bat izanen da, lurretik bereizia, 0.5 m-koa, aireztaturiko ganbara bat osatuko duena. Proiektuan frogatzen denean harturiko neurriek lurreko hezetasuna bakartzea lortzen dutela, beste neurri batzuk onartzen ahalko dira.

10.7. Zoruaren gehieneko malda etxebizitzaren barnealdean % 0,5ekoa izanen da.

10.8. Posible izanen da lurzatiko etxarteetara joatea garbitu ahal izateko, salbu eta, etxebizitza baten batek bakarrik erabiltzekoa izanik, horretatik joatea badute. Betiere, euriko urerako hustubide sifonikoa edukiko dute.

III. KAPITULUA._ETXEBIZITZEN BALDINTZAK

11. artikulua. Egitaraua eta eremuak.

11.1. Posible izanen da etxebizitzako gela guztien artean joan-etortzea, hartatik kanpora edo erkidegoaren korridorera atera beharrik gabe. Etxebizitza ezin erabiliko da beste etxebizitza batera joateko ez eta hari loturik ez dagoen zerbaitetan ere.

11.2. Etxebizitza orok gutxienez ere gela hauek izanen ditu:

_Sukaldea. Bereizia badago, gutxienez ere 5 m²-ko eremu erabilgarria izanen du. Bertan 1,80 x 1,20 m-ko laukizuzen bat sartzen ahalko da.

_Egongela. Gutxienez ere 9 m²-ko eremua izanen du. Toki berean sukaldea badauka, gutxienez ere 12 m²-ko eremua izanen du. Bi kasuetan 2 m-ko diametroa duen biribil bat sartzen ahalko da.

_Logela, gutxienez ere 8 m²-ko eremua izanen duena. Bertan 2 m-ko aldeak dauzkan lauki bat sartzen ahalko da eta ezin erabiliko da beste gela batera joateko, logelari berari loturiko bainugela edo jantzigelara izan ezik. Etxebizitzak logela gehiago badauzka, horiek gutxienez ere 6 m²-ko eremu erabilgarria izanen dute.

_Garbigela, 1,7 m²-ko eremua izanen duena, gutxienez. Komun-ontzi hidraulikoa, konketa eta dutxa edo bainuontzia edukiko ditu. Komun-ontzia daukan gelatik ezin da zuzenean sukaldera joanen. Garbigelak bi toki bereizi edukitzen ahalko ditu, batean komuna eta konketa bat eta bestean dutxa edo bainuontzia daudela.

11. artikulua. Egitaraua eta eremuak.

Etxebizitza orok guztira 30 m²-ko eremu erabilgarria izanen du, gutxienez, egongela, logela, bainugela eta sukaldea dituela. Gela guztiek ondoren ematen diren gutxieneko baldintzak beteko dituzte.

Etxebizitzatik ezin joanen da beste toki edo lokal batera. Hori horrela, edozein gela, horretara zuzenean bakarrik etxebizitzaren barnealdetik joaten ahal bada, haren osagaia izanen da ondorio guztietarako.

12. artikulua. Gutxieneko garaiera.

Aurreko artikuluan aipatzen diren eremuak neurtzeko, eremu erabilgarriaren zati bat hartuko da kontuan bakarrik, 1,9 m edo hortik goitiko garaiera librea duena, alegia, lokalaren batez besteko garaiera 2,1 m baino gehiago baldin bada.

Etxebizitzako korridoreak 2 m garai izanen dira gutxienez. Marko, ateburu, habe eta abarren azpitik pasatzeko gutxieneko garaiera 1,90 m-koa izanen da.

12. artikulua. Gutxieneko garaiera.

Sabai horizontalen goitik beherako gutxieneko garaiera librea edo % 30etik behetiko malda duenarena 2,40 m-koa izanen da. Banatze osagaietan, garbigela, sukalde eta arropa zabaltzeko toki estalietan, sabaizun esekiak onartuko dira, 2,20 m-ko garaiera librea uzten badute.

Lehenagoko etxebizitzen zaharberritzean, solairu armazoiak aldatzen ez badira, 2,20 m-ko gutxieneko garaiera librea onartuko da.

Sabaia % 30etik goitiko maldan duten geletan, 2,20 m-ko garaiera librea gainditzen ez duen eremu erabilgarriaren zatia ez da kontuan hartuko gela mota bakoitzerako edo etxebizitzarako eskatzen diren gutxieneko eremuetarako ez eta geletan eskatzen diren irudiak sartzeko ere.

Pasatzeko hutsuneetan edo osagai berezietan, hala nola, ate, arku, habe eta abarretan, gutxieneko garaiera librea 2 m-koa izanen da.

Barneko eskaileretan gutxieneko garaiera librea 6. artikuluan guztiendako eskaileretarako ezartzen dena izanen da.

13. artikulua. Egongela.

Laukian adierazten den gutxieneko eremua izanen du, zenbat logela dituen eta horrela, eta lauki berean adierazten den laukizuzena sartzen ahalko da bertan.

Zenbat logela Eremua, m²tan Laukizuzena, m

1 edo 2 logela 12 2.7 x 3.5

2 logela baino gehiago +2 m²/logela 3 x 4

Logela eta sukaldea toki berean badaude, laukian adierazten diren eremuei 4 m² erantsiko zaizkie eta egongelan gutxieneko laukizuzen berari eutsiko zaio. Egongela eta sukaldea toki berean daudela ulertzeko, ezin bereiziko dira eta bien arteko loturak gutxienez ere 3,50 m²-ko eremua izan beharko du, bien artean obra, altzari finko edo aterik ez dagoela.

14. artikulua. Sukaldea.

Haren gutxieneko eremua 5 m²-koa izanen da logela bakarreko etxebizitzetan eta 7 m²-koa besteetan. Bertan 3 x 1,60 m-ko laukizuzen bat sartzen ahalko da edo 2,20 m-ko aldeak dituen karratu bat.

Egongelan sarturiko sukaldeek bide emanen dute adierazten diren irudiak sartzeko sukalde bereizietan, egongelan sartu behar denarekin bat eginen ez baitu.

Sukalde bereizia ezin erabiliko da geletara joateko, jakitegi, sukalondo edo arropa zabaltzeko tokira izan ezik, eta ez du zuzeneko sarbiderik izanen logela edo garbigelarako.

15. artikulua. Logelak.

Etxebizitza orok gutxienez ere 10 m² edo gehiagoko logela bat edukiko du. 2,50 m-ko aldeak dauzkan lauki bat sartzen ahalko da bertan. Beste logelek 8 m²-ko eremua izanen dute gutxienez. 2,40 m-ko aldeak dauzkan lauki bat edo 4 x 2 m-ko laukizuzen bat sartzen ahalko da bertan.

Logela batetik ere ezin joanen da beste gela bereizi batera, logelari berari loturiko bainugela edo jantzigeletara izan ezik.

Etxebizitzako gela bereizi orok, 4 m²-ko eremua edo handiagoa badu eta argizuloa badu, bigarren mailako logeletarako ezarririko baldintzak bete beharko ditu eta horietarikotzat joko da ondorio guztietarako. Garbigelak eta sukaldea ez ezik, sukalondoak edo jakitegiak baztertzen dira, sukaldea badute sarbide bakarra.

16. artikulua. Bainugela, garbigela eta komuna.

Bainugelak gutxienez ere 2,50 m²-ko eremua izanen du eta dutxa, komuna eta konketa edukiko ditu. Dutxaren ordez 1,40 x 0,70 m-ko bainuontzi bat paratzeko adinako tokia utzi beharko da.

Garbigelak gutxienez ere 1,70 m²-ko eremua izanen du eta dutxa edo bainuontzia, komun-zuloa eta konketa edukiko ditu.

Gutxieneko hornidura, etxebizitzako logelen kopuruaren arabera, hauxe izanen da:

_1 logela: 1 bainugela.

_2 edo 3 logela: 1 bainugela, guztiendako sarbidearekin.

_4 logela edo gehiago: 1 bainugela + 1 garbigela.

Gutxienez etxebizitzako bainugela batean 120 cm-ko diametroko zilindro bat, gainera 70 cm luze dena, sartzen ahalko da, bideta kentzea izanik erreforma bakarra.

Logela bat baino gehiago dagoenean, etxebizitzako korridoreetatik joaten ahalko da bainugela edo garbigela batera. Logela guztietan baldin bada bertakoek bakarrik erabili beharreko bainugela bat, aski izanen da komun bat izatea erkidegoaren osagaitik.

Alde batean bakarrik dauzkaten higiene-ontziak dituzten bainugela edo garbigeletan, paramentuen arteko gutxieneko aldea 1,20 m-koa izanen da. Higiene-ontziak aurrez aurre badaude, gutxienez 1,60 cm-koa izanen da aldea. Betiere higiene-ontziak kokatzen direneko tokiaren zabalera 0,90 m-koa izanen da, gutxienez.

Konketa, komun-zuloa eta bideta nahi bezain zabalak izanen dira. Aparatu horien zabalerak ez du bat eginen 60 cm-ko beste batenarekin.

Komun-zuloa dagoen gelak gutxienez komun-zuloa eta konketa edukiko ditu eta haren gutxieneko eremua 1,50 m²-koa izanen da eta haren zabalera 0,9 m-koa gutxienez.

Sabai okertuko bainugela, garbigela eta komungeletan, aparatuen arteko aldeek eta haien eta atearen artekoak gutxienez ere 2,20 m-ko garaiera librea izanen dute.

Higiene-ontziak dauzkaten gelak lauzen edo antzeko material iragazgaitzen bidez estaliko dira, zoru eta pareetan, gutxienez ere 2 m-ko garaiera arte.

17. Arropa hedatzeko tokiak.

Etxebizitza orotan arropa kanpoaldean hedatzen ahalko da, kaletik ez ikusteko moduan babesturik. 1 m-tik beheitiko tarteetan soka gutxienez ere 6 m. luze izanen da. Tarte batetik bestera edo tarte batetik edozein osagaitara gutxienez ere 20 cm-ko aldea izanen da. Soken azpitik 150 cm-ko garaiera utzi beharko da, oztoporik gabea eta ate batek ezin ukitzeko moduan. Arropa barneko etxarte batean zabaltzen bada, ez da beharrezkoa izanen ikusmena eragoztea.

17.1. Arropa hedatzeko toki irekiak. Sokak kokatzen diren tokiak eta ikusmena eragozten duten osagai eta saretak ez dira traba izanen etxebizitzaren gutxieneko argiztatzerako behar den argizuloko argi zuzenetarako.

17.2. Arropa hedatzeko toki itxiak. Arropa zabaltzeko tokia itxia bada, kanpoaldeak ixteko hozbero, hots eta abarrei buruzko arautegian behartzen diren itxitura eta hutsuneen bidez bereiziko da etxebizitza.

Arropa zabaltzeko toki itxiaren gutxieneko eremua 2,4 m²-koa izanen da. Sokak lehen aipatu diren baldintzak baldintza partzen ahalko dira bertan eta hutsune bat izanen du, kanpotik sartzeko modukoa eta 1,20 m²-koa. Ur hustubidea ere izanen du.

Etxebizitza argiztatu edo aireberritzeko behar den hutsune bat ere ezin egonen da arropa zabaltzeko tokietara begira.

18. artikulua. Korridoreak.

Etxebizitzaren barneko korridoreak 70 cm zabal izanen dira gutxienez.

18. artikulua. Korridoreak.

18.1. Ataria: etxebizitzan sartzeko atearen ondoren 1,10 m-ko aldeak dituen lauki bat sartzen ahalko da.

18.2. Pasabideak. 90 cm zabal izanen dira gutxienez. 70 cm arte estutzen ahalko dira, baldin eta pasabidea estutzera behartzen duen osagaiak libre uzten duen zabalera baino sakonera handiagoa ez badu.

18.3. Ateak. Barnealdeko korridoreetako ateen gutxieneko zabalera 80 cm-koa izanen da.

18.4. Etxebizitzaren barnealdeko eskailerak. Gutxienez ere 90 cm zabal izanen dira eta 27 cm-ko mailagaina eta gehienez ere 19 cm-ko mailarteak izanen dituzte. Baldintza hauek ez dira aplikatzekoak izanen inor bizi ez den tokietarako, ganbaretarako, eta abarretarako sarbideetan.

Maila berdinduek gutxienez ere 27 cm-ko mailagaina izanen dute, mailaren barneko ertzetik 45 cm-ra neurturik.

19. artikulua. Argiak eta aireberritzea.

19.1. Sukaldea, egongela eta logelak zuzenean argiztatu eta aireberrituko dira, kanpoaldetik edo etxarte batetik. Argizuloetako argi zuzenak, 3 m luze izanez gero eta ondoko finka bat joz gero, haren gaineko argi eta ikusmenerako eskubidea frogatu beharko da, salbu eta hirigintzako planeamenduak ondoko finkan atzera ematera behartzen badu, 3 m-ko argi luzeak bermatzeko moduan.

Egongela edo logela bat nahitaez kaletik edo etxe-multzoko etxartetik argiztatu eta aireberrituko dira.

19.2. Ganbara itsuak onartzen ahalko dira, egongelarekin lotzen dituen hutsunea gutxienez ere 1,90 m garai eta 1,30 m zabal denean eta etxebizitzako logela bakarra ez denean.

19.3. Kanpoko argizuloek gutxienez ere 0,8 m²-ko eremua hartuko du, alegia, gelako lehenbiziko 20 m²-en eremu erabilgarriaren % 8. Aireberritze eremuak argiztatze eremuaren heren bat hartuko du gutxienez.

19.4. Zuzenean aireberritzen ez diren garbigelek tiro bortxatuaren bidezko aireberritze hodi bat eduki beharko dute.

19.5. Oin guztiak, behekoa izan ezik, ukitzen ez dituzten zaharberritzeetan, ez da eskatuko tiro bortxatuaren bidezko aireberritzea sabairaino sukaldeetan.

19. artikulua. Argiak eta aireberritzea.

19.6. Argiak. Egongela kanpoaldetik edo etxe-multzo etxartetik argiztatu eta argiberrituko da, familia bakarreko etxebizitzetan izan ezik. Sukaldea, egongela eta logelak lurzatiko etxartera begira egoten ahalko dira. Betiere, 7. artikuluan aipatzen diren gutxieneko argi zuzenak 3 m-koak izanen dira.

Argizuloen gutxieneko eremua 1 m² izanen da, gela bakoitzeko lehenbiziko 30 m²-en eremu erabilgarriaren % 10 alegia. Argizuloak toki ireki edo begiratoki batera begira badaude, argiztatze eremurik txikiena % 50 handituko da. Toki irekian edo begiratokian kanpora begira dagoen argizuloak haren eta hartara begira dauden gelen eremu erabilgarriaren % 10 hartuko du, gutxienez.

Gela bakoitza argiztatu eta aireberritzeko hutsuneak gelan sartu beharreko gutxieneko laukizuzenetik 2 m-ra egonen dira gehienez.

Egongelak eta logelak ezin argiztatuko dira denek erabili beharreko korridoreen bidez.

Administrazioak agindurik, aurrealdeari eusten dioten zaharberritze lanetan, aski izanen da I. eranskineko 19.3 puntuan eskatzen diren gutxieneko baldintzak betetzea.

Gela bakoitza argiztatzeko eremuan, zoladuraren gaineko 95 cm-tik 180 cm-ra bitarteko zerrendan hutsune bat utziko da. Hutsune horrek, ireki ondoren, gutxienez ere 80 x 100 cm-ko eremua utziko du.

19.7. Zuzeneko aireberritzea. Zuzenean aireberritzeko gutxieneko hutsuneek gutxienez argiztatzeko eremurik txikienaren heren bat hartuko dute. Hutsuneak irekitzeko gailua zoladuraren gainean egonen da, gehienez ere 1,50 m-ko garaieran.

19.8. Tiro bortxatuaren bidezko aireberritzea. Sukaldeak, bainugelek, garbigelek eta komungelek tiro bortxatuaren bidez aireberritzeko hodi iraunkor bat izanen dute sabairaino, aire-suburu, galdara eta abarretako erabiltzen direnetatik bereizia. Hodiak pieza aspiratzaile estatiko edo dinamiko baten bidez estaliko dira. Zuzeneko aireberritzerik ez daukaten jakitegiek ere izanen dute hodi hori. Sukaldeek, gainera, hodi bereizi bat edukiko dute, aire-suburua lotzeko sabairaino, gutxienez ere 10 cm-ko diametroa izanen duena.

Garbigeletako ateen beheko aldean gutxienez ere 70 cm²-ko sareta edo hutsune bat izanen da.

Sukaldeak eta egongelak toki bakar bat osatzen dutenean, beharrezkoa izanen da, aireberritze iraunkorraz gain, sabairaino aireberritze mekaniko bat ere egotea, orduan 300 metro kubiko aspiratzeko gaitasuna duena, gutxienez.

20. Etxebizitzetako gutxieneko instalazioak.

Etxebizitza-eraikinetarako 2. artikuluan ezartzen diren gutxieneko zerbitzuak edukiko ditu etxebizitza orok. Haren barnealdean zehar instalazio bakoitzean aplikatzekoak diren erregelamendu teknikoak betez bideratuko dira.

Sukaldeko eta garbigeletako ur hotz eta beroko sareek 1 kg/cm²-etik 4,5 kg/cm² -ra bitarteko presioa edukiko dute. Uraren lastertasuna 1,5 m/s-koa izanen da, gehienez ere. Ura berotzen duen tresnak 13 litroko bat-bateko kontsumoa bermatuko du minutuko, 40 &deg.C-tan, edo 75 litroko kontsumo metatua. Iturgintzako instalazioa daukan gela bakoitzak ura eteteko giltza edukiko du.

Sukaldeek ura hartu eta husteko hartuneak izanen dituzte, harraska, garbigailu eta plater-ikuzkagilurako. Garbigailuko eta plater-ikuzgailuko hartuneek ura eteteko giltza bana edukiko dute.

Argindar sare landatua eta lurreko hartunea, behe tentsioko argindar erregelamenduaren arabera.

Telebista, irrati, telefono, kable bidezko hedabide eta abarretako hartuneen zenbatekoa eta tokia bat etorriko dira telekomunikazioei buruz indarra duen arautegiarekin.

Beira bidez ixten diren kanpoko hutsune guztiek kanpoaldean sareta edo kontraleihoa edukiko dute, gela iluntzeko eta eguzkiaren zuzeneko izpietatik babesteko moduan. Barnealdea iluntzeko sistemak onartzen ahalko dira eguzki-izpien aurkako babesa bermatzen duten kanpoko bestelako osagaiak daudenean.

Etxebizitza orok berokuntza sistema bat edukiko du, etxebizitzaren barnealde osoa 20 &deg.C-tan edukitzeko modukoa, eraikinen baldintza termikoei buruz indarra duen arautegian ezarri bezala.

21. Etxebizitzen eta eranskinen eremuak.

Etxebizitzen edo haren gelen eremu erabilgarriak eta eraikiak ondoren ematen diren irizpideen arabera neurtuko dira. Hortik ateratzen diren zifrak agertuko dira haiei buruzko agiri guztietan, baita saldu edo alokatzeko iragarkietan ere.

21.1. Eremu eraikia. Eremu hauek batuz lortuko da:

a) Fatxadak ixteko kanpoko aldeak eta mehelinek edo beste etxebizitza, lokal edo erkidegoaren osagaietatik bereizteko osagaiek mugatzen dutena.

b) Erabilera pribatuko kanpoaldeko eremuak (terrazak, balkoiak eta abar). % 100 kontatuko da, estalia egonik, bi aldeetan paretak muga dituen zatian eta % 50 gainerako eremuan. Begiratoki itxietan eremuaren % 100 kontatuko da.

Ez dira kontatuko etxebizitzaren eremu eraiki gisa beste osagai baten estalki lauak osatzen dituen terrazak, etxebizitzak bakarrik erabiltzekoak izanik ere, baldin eta eraikina jabetza horizontalki banatzeko araubidearen arabera osatua bada eta estalki hori eraikineko erkidegoaren osagaien artean sartua bada.

Kanpoaldeko toki estaligabeak, nahiz eta zolaberrituak izan, ez dira beheko oineko etxebizitzen eremu gisa kontatuko.

Arropa hedatzeko eremua terrazetako irizpidearen arabera neurtuko dira, joanerraz eta irekiak badira, eta % 100 itxiak badira.

c) Eremu eraikiaren zati proportzionala erkidegoaren osagaietan, aurreko irizpideen arabera neurturik.

21.2. Etxebizitzaren eremu erabilgarria aurreko a) eta b) atalen batura izanen da, hauek guztiak kenduta: murruak, trenkadak, terrazetako karelak, goitik gorako egiturazko osagaiak eta hodi exentuak eta 100 cm²-tik goitiko sekzio horizontala duten itxitura edo trenkadak gainditzen dituztenak, eta eremuak 1,50 m-tik beheitiko garaiera librea badu.

21.3. Etxebizitzako gela bakoitzaren edo trastelekuaren eremu erabilgarria mugatzen duten itxituren barneko aldearen perimetroaren barrukoa izanen da, etxebizitzen eremu erabilgarria neurtzeko kentzen dena kendurik.

21.4. Garaje baten eremu eraiki osoa izanen da eremu estalia kanpotik mugatzen duten itxituren kanpoko aldeko perimetroaren eta beste erabilera edo mehelin batzuetatik bereizten duen ardatzaren barruan sartzen dena.

21.5. Aparkatoki baten eremu erabilgarria zati eraiki bat da, honelaxe kalkulatzen dena: aparkatokirako mugaturiko eremua batuz eta ibilgailuak eta pertsonak joan-etortzeko eta zuzenean kanpora ateratzen diren larrialdietarako irteeren barne aldeko orotariko pasabideen eremua aparkatoki kopuruarekin zatituz.

III. ERANSKINA

Etxebizitza babestuen arau bereziak

I. KAPITULUA

Orotariko baldintzak

1. artikulua. Helburua eta aplikazio eremua.

Xedapen hauen helburua babes ofizialeko eraikin eta etxebizitzek eta Nafarroako Gobernuak etxebizitza arloan egiten dituen beste jarduketa babesgarriek bete behar dituzten baldintza bereziak arautzea.

2. artikulua. Etxebizitza babestu batean bizitzeko baldintzak.

Etxebizitza batean bizi ahal izateko foru dekretu honetako II. eranskinean ezartzen diren baldintzak eta hauek erregelamendu bidez garatu edo aldatzen dituzten xedapenak beteko dira.

3. artikulua. Baldintzak hirigintzaren aldetik.

Nafarroako Gobernuaren babes publikoaren pean sarturiko proiektuek hirigintzari buruzko legeetako eta tokian tokiko planeamenduko zehaztapenak beteko dituzte.

Horretarako, proiektuaren memoriak atal bat edukiko du, hirigintzari buruzko arautegia betetzen dela frogatzen duena. Horretarako beharko dira:

3.1. Udalaren planeamendua eta garapenarena, proiektua prestatzean kontuan hartu direnak.

3.2. Planeamendu horretako zehaztapenak, jarduten deneko orubea ukitzen dutenak. Zehaztapen horiek gutxienez kontu hauek bilduko dituzte: lur zatiketa, zoruaren erabilera, okupazioa, lerrokadurak eta maldak eta baimenduriko garaiera eta tamaina.

3.3. Aurreko lerroaldeko zehaztapenak betetzen direla frogatzen duen adierazpen espresua.

3.4. Urbanizazioa egiteko moduaren deskripzioa. Barnetik urbanizatzeko prezioari kanpotik urbanizatzeko obren zati batena gaineratuko zaio, sustatzaileak egin beharreko obren zatiarena hain zuzen ere, betiere aurrekontuak bereizirik.

Espedientearen sustatzaileak egin beharreko urbanizazio proiektua ere sartuko da. Proiektu horrek bere aurrekontua edukiko du, sailez sail antolatua. Halakorik bada, urbanizazio kostuen oihartzuna (desjabetzapen, kalte-ordain eta abarrena) erantsiko da, proiektuan sartuak izan ezik eta sustatzaileak pagatu behar izanez gero.

4. artikulua. Lurren gaitasuna.

4.1. Arautegiaren betetzea.

Gai izanen dira etxebizitza babestuak bertan eraikitzeko, eskatzen diren baldintza guztiak batera betetzen ahal dituzten lurrak: bertan bizitzeko arauak, etxebizitza babestuei buruzko arauak, hirigintzari eta ondare historikoari buruzko arautegia, Eraikuntzari buruzko Kode Teknikoa, jarduera sailkatuen erregelamendua eta abar.

4.2. Kargak.

Etxebizitza babestuak sustatzeko lurrak eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituzten etxebizitzak eraikitzea eragozten duten kargetatik salbuetsiak izanen dira.

Hirugarren artikuluan aipatzen diren urbanizazio kargak agertzen ahalko dira behin-behineko kalifikazioan. Nahitaezkoa izanen da behin betiko kalifikazioa eman aurretik haiek kentzea, banaketa horizontalaren ondoriozko finkei ez transmititzeko moduan.

Eraikuntza eta etxebizitzen banaketa galarazten ez dituzten kargak baimentzen ahalko dira, baita etxebizitzendako sobera garestiak ez direnak ere. Kasu horretan eskatuko da baldintza hori salerosketako, etxe-banaketako edo errentamenduko kontratuetan agertu dadila.

4.3. Lur urbanizatuen balioa.

Lurzoru urbanizatuaren oihartzunak sustapeneko gehieneko salneurriaren portzentaje bat ez du gaindituko. Ehuneko hori lokal guztiak elkarri lotuak baleude aterako litzatekeena izanen da. Ehuneko handiena % 17,50 izanen da babes ofizialeko etxeetarako eta % 20 beste etxebizitza babestuetarako.

Oihartzunaren balio honetan kanpoko urbanizazioaren kostu guztiak, orubea erostekoak, birzatiketaren kargak, kalte-ordainak, zortasunak ezartzekoak eta abar sartuko dira.

Lurren eta urbanizazioaren balioaren justifikazioa sustapenari loturik egonen diren lurren jabetza titulua aurkeztuz eginen dira. Horrela, finka batzuk bereizi edo bildu beharko balira, haiei dagokien balioa espresuki adieraziko da eta, hala bada, finka bereizi edo bilduari egiazki transferitzen zaizkion kargak (jatorrizko finkaren zati zirenak) ere bai.

Lurra erosteko eskritura bost urte baino zaharragoa bada, haren balioa gaurkotuko da, Kontsumorako Prezio Indizearen handitze ofizialak gehituz, baldin eta bestelako gorabeherarik gertatuko ez bada, hala nola, hirigintzaren aprobetxamenduaren aldaketa edo KPItik bereiziriko balioa nabarmen aldatzen duen beste edozein.

Baloraturiko eskritura aurkezterik ez bada, edo bertan ageri den prezioa, izapidatu baino askoz lehenagokoa izateagatik edo dohaintza izateagatik, eta abarrengatik, Etxebizitza Zerbitzuak ezin onartuzkoa bada, hirigintzari, zergei edo katastroari buruzko arautegiaren arabera baloratuko da.

4.4. Kultur intereseko ondasunek ukituriko lurrak.

Lurra espresuki mugaturiko kultur intereseko ondasun baten babes ingurunearen barruan baldin bada edo, ingurune hori mugaturik ez egonagatik ere, kultur interesekotzat jo den ondasunetik hurbil dagoelako Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren baimena beharrezkoa baldin bada, baimen hori izapidatu beharreko agiriei erantsiko zaie. Izan ere, baimena gabe lurra ez da gai izanen bertan etxebizitza babestuak eraikitzeko.

5. artikulua. Aurrekontu babesgarria.

5.1. Exekuzio materialaren aurrekontua.

Aurrekontu honetan obretan aurreikusiriko kostuak sartuko dira, materialen merkatuko prezioak, lan eskua, baliabide lagungarriak eta orotariko gastuak kontuan hartuz, haietariko baten bat dohaintza, interesik gabeko mailegu edo autoeraikuntzaren bidez lortuagatik ere.

Exekuzio materialaren aurrekontuak sustapeneko gehieneko salneurriaren % 50 gainditu beharko du. Ehuneko hori lokal guztiak elkarri lotuak baleude aterako litzatekeena izanen da.

Obretan urbanizaziokoak ere sartzen badira, bi aurrekontu bereizi prestatuko dira eraikuntzarako eta urbanizaziorako.

5.2. Orotariko aurrekontua edo kontratarena.

Etxebizitza babestuen espediente gisa izapidatu ahal izateko, orotariko aurrekontua exekuzio materialaren aurrekontuari % 8,5eko onura industriala gehiturik ateratzen dena izanen da, kontuan hartu gabe alde handiagoekin edo txikiagoekin kontratuak egiten ahal diren edo, autoeraikuntzaren kasuan, baliorik gabeko kontratuak ere bai.

5.3. Aurrekontu babesgarria.

Eraikuntzaren orotariko aurrekontuari orubearen eta urbanizazioaren balioa gehiturik ateratzen dena izanen da, 4.3 artikuluetan xedatu bezala.

Aurrekontu babesgarriak ezin gaindituko du sustapeneko gehieneko salneurria. Salneurri hori lokal guztiak elkarri lotuak baleude aterako litzatekeena izanen da.

II. KAPITULUA

Eraikinaren baldintzak

6. artikulua. Lokal lotugabeak

Etxebizitzen loturik ez dauden lokalen eremu erabilgarrien baturak, aparkatoki lotugabeak barne, ezin gaindituko du sustapeneko eremu erabilgarri osoaren % 40a.

Lokal lotugabeen eremu erabilgarria egiazko eremu erabilgarria izanen da, ezaguna bada proiektua orotariko eraikuntzaren barruan egiteagatik. Lokal eskuragarri gisa ezaguna ez bada, eremu erabilgarria kasuan kasuko eremu eraikiaren % 85a izanen da.

7. artikulua. Lokal lotuak

Etxebizitzari loturiko lokalek ezin edukiko dute argizulorik 1,8 m baino beherago, zoladura bukatuaren gainetik. Lokal bakoitzeko argiztatze eremu osoak ezin gaindituko du bere eremu erabilgarriaren % 5a.

Eraikinen deseina dela-eta, ez da posible izanen etxebizitzen ondoko tokiak eranstea.

Babes ofizialeko etxebizitza bakoitzari bakarrik aparkatoki bat lotzen ahalko zaio, bi beste jarduketa babesgarrietan. Halaber, kasu guztietan, bakarrik trasteleku bat lotzen ahalko zaio etxebizitza bakoitzari edo gehiagori, betiere eremu erabilgarrien eremuak 15 m² baino gehiago egiten ez badu.

7.1. Garajeak.

Aparkatokiaren gehieneko eremu erabilgarria 30 m²-koa izanen da, delarik lotua, delarik lotugabea.

Etxebizitza babestuen sustapen batean sarturiko garajeari, erkidegoaren garajearen barruan badago eta espedientea hastean sarbidea eginik ez badago, bakarrik behin-behineko kalifikazioa emanen zaio eta behin betikoa erkidegoaren osaeran sarbideak egiten hasteko epea ageri bada eta epe hori hiru urtetik goitikoa ez bada, behin-behineko kalifikazioa eskatu zenez geroztik, ez eta bost urtetik goitikoa ere, sarbideak bukatzen direnez geroztik. Ez da beharrezkoa izanen epe horiek zehaztea eskrituran berean bermatzen baldin bada behin-behineko sarbideak izanen direla behin betikoak bukatu arte.

7.2. Trastelekuak.

Trastelekuen gehieneko eremu erabilgarria 15 m²-koa izanen da, 1,5 m-tik goitiko garaiera librea duen eremu osoa barne. Gutxieneko eremu erabilgarria 2 m²-koa izanen da.

8. artikulua. Ezinduendako eta familia ugariendako etxebizitzen aurreikuspena.

33 etxebizitza baino gehiago dauzkaten etxebizitza babestuen sustapenetan etxebizitza bat proiektatuko da aulki gurpilduna behar duten ezinduendako eta beste bat familia ugariendako. Mota bakoitzeko bat gaineratuko da beste 33 etxebizitzako. Etxebizitza horiek sustapenaren hedabide eta iragarki guztietan adierazi beharko dira.

Ezinduendako etxebizitzak gehienbat beheko oinean kokatuko dira, planeamenduak erabilera hori onartzen badu. Bestela, igogailua edo arrapala edukiko dute, oztopo arkitektonikoei buruzko arautegiko gutxieneko baldintzak betetzen dituena.

Sustapen bat, babes araubide ezberdinetako etxebizitzak edukitzeagatik edo beste edozein arrazoirengatik, batera bi espediente bereiziren bidez izapidatzen denean, sustatzaile bera eta lurzati bera edo mugakideak izanik, ezinduendako eta familia ugariendako etxebizitzak edukiko ditu, sustapen osoari dagozkion adina, hain zuzen ere.

Sustapenak aparkatokiak badauzka, ezinduendako etxebizitza bezainbat aparkatoki edukiko ditu, gutxienez ere 3,2 x 4,7 m-koak. Banakako garajeak izanez gero, neurriak hauexek izanen dira: 3,6 x 6 m.

Teilatua eman ondoren, ezinduendako etxebizitzarik eskatu ez bada, Etxebizitza Zerbitzuari baimena eskatzen ahalko zaio etxebizitza horiek etxebizitza arrunt bihurtzeko, betiere haiek banatzeko probintziako egunkari batean iragarkien kopien bidez frogatzen bada. Iragarki horiek gutxienez ere lau hilabete izanen dituzte eta horietan adieraziko dira ezinduendako etxebizitzak badaudela. Lurzoru publikoko sustapenak izanez gero, eskaera hori egiten ahalko da etxebizitzak deialdi publikoaren bidez banatzeko prozesua eskaririk gabe bukatu dela frogatzen bada. Halaber, familia ugariendako etxebizitzen eskatzailerik egon ezik, eskatzen ahalko da etxebizitza horiek bestelako eskatzaileei eman dakizkiela.

III. KAPITULUA

Etxebizitzen baldintzak

9. artikulua. Eremu erabilgarriaren gehieneko mugak.

Etxebizitzek bertan bizi ahal izateko eskuarki ezarririko gutxieneko baldintzak beteko dituzte eta gehieneko eremu erabilgarri hauek izanen dituzte:

Logela kopurua BOE Bestelako etxebizitza babestuak

1 60 m² 60 m²

2 75 m² 80 m²

3 edo gehiago 90 m² 120 m² edo legeek onartzen

duten gehienekoa.

Babes ofizialeko etxebizitzek 90 m² erabilgarri baino gehiago edukitzen ahalko dituzte (120 m², gehienez ere), familia ugarien titulua dutenendako direnean. Etxebizitza horiek lau logela edukiko dituzte gutxienez.

Etxebizitza babestuen eremu erabilgarria kontatzean, kanpoaldeko tokien eremu erabilgarriak sartzen ahalko dira, II. eranskineko 21. artikuluan baztertzen badira ere, baldin eta haien eremuak, aurrekoari batu ondoren, artikulu honetako gehieneko eremuak gainditzen ez baditu eta berak bakarrik barnealdeko eremu erabilgarriaren % 10 gainditzen ez badu. Hala ere, salerosketako edo alokairuko etxebizitzetan, eraikinak kalifikatzen ahalko dira, erabilera pribatuko kanpoaldeko tokiek muga horiek gainditu arren, baldin eta soberakin horiek kalifikazioan sartzen ez badira eta beraz prezioan ere ez.

10. artikulua. Familia bakarreko etxebizitzei buruzko arautegi berezia.

10.1. Familia bakarreko etxebizitzen sustapenetan, lokal guztiak, halakorik bada, etxebizitzei loturik agertuko dira erregistroan.

10.2. Garajeaz gain, lokal erantsiak eta etxebizitza bakoitzari loturiko trastelekua onartuko dira, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Garajetik bereiziak izanen dira eta haien eremu erabilgarrien baturak, garajearena barne, 90 m² eginen du gehienez.

b) Beheko oinetan, sotoetan edo erdisotoetan egonen dira.

c) Famila bakar bateko etxebizitza bati erantsiriko lokal orok, 15 m² baino gehiago hartzen baditu, zuzenean sarbidea izanen du kanpoaldetik, kaletik edo haren ondoko toki libre batetik.

d) Lokalen garaiera librea 2,40 m-tik 4,00 m-ra bitartekoa izanen da, salbu eta hirigintzako planeamenduak bestelako garaierarik eskatzen badu.

10.3. Ezkaratza eta lehen oinean sarbidea duen familia bakarreko etxebizitzarako eskailera ez dira etxebizitzaren eremu erabilgarritzat joko, puntu batean ere 2,1 m-tik goitiko zabalera ez badu eta ezkaratzaren eremu erabilgarria, eskailera kenduta, 12 m² baino gehiago ez badu.

11. artikulua. Ezinduendako etxebizitzei buruzko arautegi berezia.

Ezinduendako etxebizitzak hanketan mugitzeko % 40 edo hortik goitiko ezgaitasuna dutenendako gordeko dira eta sartu-ateratzeko arautegiko xedapenak beteko dituzte. Arautegi horretan ageri ez den orotan, gutxieneko baldintza hauek beteko dituzte:

11.1. Aulki gurpildun batean dabilen pertsona bat sartzen ahalko da etxebizitzako gela eta atal guztietan, terrazak, arropa hedatzeko tokiak eta abar barne.

11.2. Gutxienez bainugela oso batean 120 cm-ko diametroa eta 200 cm-ko garaiera duen zilindro bat sartzen ahalko da, aparatuak edo ateen itxi-ateratzeak traba izan gabe. Konketak ez du idulkirik izanen.

11.3. Sukaldeetan 11.2 puntuan aipatzen den zilindroaren antzekoa sartzen ahalko da, sukaldeko tresnak paratu ahal izateko bankada osoaren aurrean.

11.4. Pasabideek 110 cm-ko zabalera izanen dute gutxienez.

11.5. Edozein pasabide edo ateren gutxieneko zabalera librea 80 cm-koa izanen da. Ateetako maratilei esku bakar batekin eragiten ahalko zaie. Helduleku birakariak ez dira onartzen.

11.6. Etxebizitzan bizi ahal izateko orotariko baldintzez gain, logela guztiek 220 cm-ko zabalera izanen dute gutxienez.

11.7. Argindar instalazioko gailu guztiak, orotariko koadroa barne, atezain automatikoak, ateak eta leihoak irekitzeko gailuak, iturgintzako etengiltzak eta abar 40 cm-tik 140 cm-ra bitarteko garaieran kokatuko dira zoladuraren gainetik.

Iragarkiaren kodea: F0404729