34. ALDIZKARIA - 2004ko martxoaren 19a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

102/2004 FORU DEKRETUA, otsailaren 23koa, Nafarroako Euskararen Kontseiluko kideak izendatzen dituena.

Martxoaren 11ko 135/1996 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako Euskararen Kontseilua sortu zen. Geroago, aldaketa batzuk egin ziren abenduaren 24ko 689/1996 Foru Dekretuaren bidez.

Kontseilu horretako pertsona batzuk kargua dela-eta dira kontseilukide. Hauexek: Nafarroako Gobernuko lehendakaria, kontseiluburu izanen dena; Hezkuntza kontseilaria, kontseiluburuorde izanen dena; Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusia; Hezkuntza zuzendari nagusia, egun Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusia dena; eta Euskaltzaindiko lehendakaria.

Bestetik, aipatu foru dekretuan aipatzen diren zenbait erakunde eta entitatetako ordezkariak dira kontseiluko kide, zortzi hain zuzen, eta beste zazpi euskararen eta euskal kulturaren arloan izen ona duten pertsonen artetik aukeratuak. Kontseiluko idazkaria Hizkuntzaren Garapen, Programazio eta Ikerketa Zerbitzuko zuzendaria da.

Kide izatea karguaren ondorio ez den kasuetan, Nafarroako Gobernuak eginen du izendapena, lau urterako. Betiere, izendapenerako erabilitako prozedura bera erabiliz, kargutik ken litzake Nafarroako Gobernuak, edo ordeztu.

Martxoaren 11ko 135/1996 Foru Dekretuaren f) letran diren kideak berresteko behar diren kontsultak bukatu bitarte, bidezko da Nafarroako Euskararen Kontseiluko kide batzuk izendatzea, bai eta Kontseiluko idazkaria ere.

Horiek horrela, Hezkuntza kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta lauko otsailaren hogeita hiruan egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Honako kide hauek izendatzea Nafarroako Euskararen Kontseiluko kide, abenduaren 24ko 689/1996 Foru Dekretuak aldatutako martxoaren 11ko 135/1996 Foru Dekretuaren 2.1. artikuluko b) eta d) letretan aipatutakoari jarraikiz, haien kargua dela-eta ari daitezen:

_Hezkuntza kontseilaria, batzordeburu izanen dena.

_Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusia, Hezkuntza zuzendari nagusiaren ordez.

2. artikulua. Nafarroako Euskararen Kontseiluko kide hauek kargutik kentzea, martxoaren 11ko 135/1996 Foru Dekretuaren 2.3 artikuluari jarraikiz, euskararen eta euskal kulturaren arloan izen ona duten pertsonen artetik:

_Julen Calvo Jiménez jauna.

_José Andrés Alvaro Oscáriz jauna.

3. artikulua. Honako kide hauek izendatzea Nafarroako Euskararen Kontseiluko kide, martxoaren 11ko 135/1996 Foru Dekretuaren 2.g) artikuluari jarraikiz, euskararen eta euskal kulturaren arloan izen ona duten pertsonen artetik:

_Adoración López Jurío andrea, Julen Calvo Jiménez jaunaren ordez.

_Iñaki Ayesa Ajona jauna, José Andrés Alvaro Oscáriz jaunaren ordez.

4. artikulua. Julen Calvo Jiménez jauna, Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiko Euskararen Garapen, Programazio eta Ikerketa Zerbitzuko zuzendaria, Nafarroako Euskararen Kontseiluko idazkari izendatzea.

AZKEN XEDAPENA

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean berean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta lauko otsailaren hogeita hiruan._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Hezkuntza kontseilaria, Luis Campoy Zueco.

Iragarkiaren kodea: F0403186