34. ALDIZKARIA - 2004ko martxoaren 19a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

223/2004 EBAZPENA, martxoaren 2koa, Osasun Departamentuko zuzendari nagusiak emana, Fegan S XXI, S.L. entitateari ingurumenean eta elikagaien industrietan plagizidak erabiltzeko prestakuntza ikastaro bat egiteko baimena ematen diona.

2004ko otsailaren 19an, Fegan S XXI, S.L. entitateak ingurumenean eta elikagaien industrietan plagizidak erabiltzeko prestakuntza ikastaro bat egiteko baimena eskatu zion Osasun Publikoaren Zerbitzuari; eskabidearekin batera, ziurtagiri bat aurkeztu zuen ikastaroaren homologazioa frogatzeko, Osasun eta Kontsumo Ministerioko Osasun Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Nekazaritza Idazkaritza Nagusiak 2002ko otsailaren 1ean hartutako baterako ebazpenaren bidez eman baitzen homologazio hori, eta beste agiri bat urtarrilaren 22ko 50/1996 Foru Dekretuaren 9.2 artikuluan ezarritakoa betetzen dela frogatzeko. Foru dekretu horren bitartez, Plagiziden Establezimendu eta Zerbitzuen Erregistro Ofizialaren inskripzioa eta funtzionamendua, Plagizida Arriskutsuei buruzko Mugimenduen Liburu Ofizialaren arautegia eta Nafarroako Foru Komunitatean plagizidak erabiltzeko trebetasuna lortzeko ikastaroak eta agiria arautu ziren.

Osasun Publikoaren Institutuak adostasun txostena eman du ikastaroa baimentzeko eskabidearekin batera aurkeztu diren agirien nahikotasunari buruz.

Urtarrilaren 22ko 50/1966 Foru Dekretuaren 9.1 artikuluan ezarrita dago Osasun zuzendari nagusia dela ingurumenean eta elikagaien industrietan plagizidak erabiltzen dituzten pertsonen prestakuntza ikastaroen edo proben homologazioa eta ebaluazioa tramitatzeko agintari eskuduna. Horri jarraikiz, eta Osasun kontseilariak uztailaren 11n emandako 91/2003 Foru Aginduaren bidez esleituak ditudan eskurantzak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Fegan S XXI, S.L. entitateari baimena ematea ingurumenean eta elikagaien industrietan plagizidak erabiltzeko prestakuntza ikastaro bat egiteko, 2004ko martxoaren 26, 27, 29, 30, eta 31n eta apirilaren 1, 2, 3, 5, 6 eta 7an, Castejónen.

2. Ikastaroa egin eta hurrengo 15 egunetan entitate antolatzaileak ebaluazio proba gainditu duten ikasleen zerrenda igorriko dio Osasun Publikoaren Institutuari, eta, gainera, ondoko datu hauen berri zehatza ere emanen dio: ikastaroa noiz eta non egin den eta gainditu duten ikasleen izen-deiturak, helbideak eta nortasun agiri nazionalaren zenbakiak.

3. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz (lege hori urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen).

4. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea ikastaroa egin dela, plagiziden bidezko tratamenduak egiteko prestakuntza ikastaroen homologazioaren arautegia ezartzen duen 1994ko martxoaren 8ko Aginduaren laugarren artikuluko bosgarren idatz-zatian finkatutakoari jarraikiz.

5. Ebazpen honen berri ematea Fegan S XXI, S.L. entitateari, Osasun Departamentuko Idazkaritza Teknikoari eta Osasun Publikoaren Institutuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta lauko martxoaren bian._Osasun Departamentuko zuzendari nagusia, Francisco Javier Sada Goñi.

Iragarkiaren kodea: F0404107