34. ALDIZKARIA - 2004ko martxoaren 19a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

760/2004 EBAZPENA, otsailaren 23koa, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana: Honen bidez onesten dira ezgaitasunak dituzten pertsonen alorrean irabazi asmorik gabeko entitateentzako 2004. urteko dirulaguntzetarako deialdiaren arauak.

Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari kudeatzaileak, otsailaren 23an emandako 760/2004 Ebazpenaren bitartez, onetsi du ezgaitasunak dituzten pertsonen alorrean irabazi asmorik gabeko entitateentzako 2004. urteko dirulaguntzetarako deialdia.

O I N A R R I A K

1._Xedea.

Deialdi honen helburua da irabazi asmorik gabe diharduten entitateentzako dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea 2004rako, betiere egoera zailean dauden gizataldeak gizarteratzeko jardueren eta etorkinen eta ijitoen gutxiengo etnikoaren gizarte sustapena bultzatzekoen esparruan.

2._Jarduera-esparrua eta helburua.

Dirulaguntzaren xede diren proiektuak Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean gauzatuko dira eta honako helburu hau izanen dute: egoera zailean dauden gizataldeak gizarteratzea eta etorkinen eta ijitoen gutxiengo etnikoaren gizarte sustapena bultzatzea Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira, dena dela, arlo nagusitzat kultura, aisia eta astialdiko jarrduerak dituzten erakundeak, betiere haien finantzaketa Nafarroako Gobernuaren bestelako deialdi publikoetan sartzen bada.

3._Onuradunak.

Deialdi honen xede diren laguntzetara biltzeko baldintzak honako hauek dira: irabazi asmorik gabeko entitatea izatea eta estatutuen arabera eranskin honetako 1. puntuan mugatutako hiru esparruetako edozeinetan esku hartu ahal izatea; jarduera horiek Nafarroan gauzatzea eta Gizarte zerbitzuen arloan diharduten entitate, zerbitzu eta zentroen erregistroan egotea.

Gizarteratzeko Etxebizitzaren programako dirulaguntzetara honako hauek bakarrik bil daitezke: programa horretan lankide diren erakunde izateaz gain, lankidetza-hitzarmena sinatua dutenak.

4._Eskabideak aurkezteko epea.

Elkarte eta entitateek hogei egun balioduneko epea izanen dute eskabideak aurkezteko, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Eskabideak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuan (González Tablas, z.g., 31005 Iruña) edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Prozedura Administratiboari buruzko 38.4 artikuluan ezarritako tokietan aurkezten ahalko dira.

5._Agiriak eta betebeharrak:

Eskabide orokorraren inprimakia, entitatea legez ordezkatzeko ahalmen nahikoa duen pertsona batek sinatua, honako agiri hauekin batera:

a) Entitateari buruzko dokumentazioa. (Ez da dokumentu hori aurkeztu beharko ez bada aldaketarik izan eta Nafarroako Foru Komunitateko edozein organoren esku badago. Kasu horretan, eskatzaileak zilegi izanen du ez aurkeztea baldin eta idatzita adierazten badu noiz eta zein organo edo bulegotan aurkeztu zuen eta, gehienez ere, 5 urte igaro ez badira zegokion espedientea bukatu zenetik):

_Entitatearen estatutuak.

_Legezko helbidea.

_Legezko ordezkariaren kredentzialak.

_Nafarroako Gobernuko Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteriaren Zuzendaritza Nagusiko Entitateen, Zerbitzuen eta Zentroen Erregistroko inskripzioaren egiaztagiria.

_Identifikazio Fiskaleko Txartela.

_Nafarroako Foru Ogasunarekiko zerga guztiak eguneratuak izatearen ziurtagiria.

b) Entitatearen eta proiektuaren azalpena, III. eranskinean ageri den gidaren arabera, non zehaztuko baita:

_Helburuak.

_Zein organori zuzentzen zaion. Kopuru estimazioa.

_Eginen diren jarduerak.

_Metodologia.

_Jardueren egutegia (dirulaguntza eskatzen den urte bereko abenduaren 31 beranduenik ere) .

_Ebaluazioa.

c) Aurreko ekitaldi ekonomikoaren balantzea eta burututako jardueren txostena.

d) Bestelako erakundeei abian den ekitaldirako eta helburu bererako eskatu eta emandako dirulaguntzei buruzko zinpeko aitorpena.

e) Ordainketak transferentzia bidez egiteko eskaria (eskaera berrientzat).

f) Eskatzaileak bere eskabidearen alde interesgarri jotzen duen zeinahi agiri.

6._Balorazioa.

Eskabideen tramitazioa Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuan eginen da, Gizarteratzearen Atalaren bidez, eta han aztertuko da aurreko artikuluetan aipatutako baldintzak betetzen diren.

Eskabideak aipatu diren baldintzak betetzen ez baditu, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Gizarteratzearen Atalak interesatuari hots eginen dio, hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu dezan, eta hala egin ezean, eskaera bertan behera geldituko zaio, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Prozedura Administratiboari buruzko Legearen 42. artikuluak ezarritako moduan ebazpena eman ondotik.

Ez da dirulaguntza eskabiderik tramitatuko baldin eta txosten teknikoak eta ekonomikoak aurkeztu ez badira eta, halakorik balego, aurreko urteko dirulaguntzaren gastuaren fakturak ekarri ez badira.

Eskaerak Batzorde Tekniko batek eginen ditu, honela osatuko baita: Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarteratzearen zuzendariordea, Gizarteratzearen Ataleko burua, Etorkinen Sustapenerako Bulegoko burua eta eginkizun horretarako hautatzen diren atal horretako bi teknikari (Gutxiengo etnikoena eta Gizarteratzearena): Batzorde horrek laguntzak eman behar dituen organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio.

Dirulaguntza-eskabideak honako taldeetan banatuko dira baloratzeko:

A) Ijitoen gutxiengo etnikoaren gizarte sustapenerako proiektuetarako dirulaguntzak.

B) Etorkinen gizataldearen gizarte sustapenarekin zerikusia duten proiektuetarako eskaerak.

C) Gizarte arrisku edota bazterketa egoeran dauden pertsonen gizarteratzea sustatzen duten proiektuetarako eskaerak.

D) Gizarteratzeko Etxebizitzaren programaren funtzionamendu gastuetarako eskaerak.

Balorazioa honako hauen arabera eginen da:

a) Proiektuak II. eranskinean adierazitakoaren arabera Gizarteratzerako Atalaren arlo eta helburu nagusiekin ados egotea.

b) Entitateak egindako jarduera nolakoa den eta nola egokitzen den gizarteratzearen esparruan atzemandako eskaerarekin.

c) Aurreko ekitaldietan abiarazitako programen jarraipena bultzatzea, interes publikoarengatik jarraipen hori komenigarria denean.

d) Aurreko urteetan garatutako programak eraginkorrak izatea.

e) Proposatzen diren helburuak beteko direla bermatzeko azpiegitura aski izatea.

f) Proiektua zuzentzen zaien pertsonen kopurua, emaitzen aurreikuspena.

g) Dirulaguntzaren xede diren proiektuetan entitateak egin duen ibilbidea, aurreko esperientzia gizarteratzearen esparruan.

h) Gauzatu nahi diren proiektuek behar ez den bikoizketarik ez ekartzea, eta beste entitate publiko nahiz pribatuek halakorik ez eskaintzea.

i) Lehentasuna ematea jarduera jakin batzuetarako proiektuei, eta ez langile-egiturak ezartzekoei.

j) Beren jarduerak beste entitate batzuen eta beste gizarte baliabide publikoen osagarri izatea eta haiekin koordinatzea.

k) Entitateak edota partehartzaileek edo beste entitate publiko eta pribatuek kofinantzaketa izatea.

l) Aretoak konpartitzea eta elkarteen batasuna izatea.

m) Elkartean boluntarioak izatea eta haien inplikazio maila programako jardueretan.

n) Aurkezten diren eskabideen kopurua.

Lortzen den puntuazioaren arabera eta helburu horretarako bideratzen den aurrekontuaren arabera emanen da dirulaguntza, betiere kontuan hartuz ezin izanen dela aurrekontu hori gainditu.

Ataleko teknikariek edozein unetan zilegi izanen dute proiektua berregiteko eskatzea, dirulaguntza-proposamenera egokitzeko.

7._Ebazpena:

Batzordeak ofizioz eginen du eskaeren ebaluazioa, betiere deialdi honetan ezarritako balorazio-irizpideen, moduen eta lehentasunen arabera, eta ebazpen proposamen bat emanen du.

Aurkeztutako eskabideen ebazpena Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari kudeatzaileari dagokio, eta, laguntzarik badago, bertan zehaztuko da xedea, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta laguntza noiz eta nola justifikatu.

Eskaerak ukatutzat joko dira, aurkezteko epea bete eta handik sei hilabetera ebazpen espresurik eman ez bada.

Dirulaguntza urte batez jasotzeak ez dakar berekin hurrengo deialdietan ere jasotzea.

8._Dirulaguntzaren ordainketa.

Ordainketa gutxienez bi zatitan eginen da: lehenbizikoa, diruz laguntzekoaren ehuneko hirurogeiraino bitartekoa, laguntza erauki eta proiektua onesten duen ebazpena sinatzean, eta hurrengoa edo hurrengoak, berriz, ebazpen horretan adierazten den moduan; nahitaezkoa izanen da ordaintzeko, azkena ordaindutako dirukopuruaren justifikazioa. Horretarako, programaren sarrera eta gastuen balantzea eta diruz lagundutako programan egindako gastuen zerrenda aurkeztu behar du entitateak, eta bertan zehaztuko dira: dokumentuaren zenbakia, kontzeptua, igorlea, igorpenaren data, ordainketaren zenbatekoa eta ordainketaren data. Zerrenda horrek ziurtagirien bermea beharko du (fakturak edo antzeko froga-balioa duten dokumentuak); jatorrizkoak izan beharko dute, eta kopia bat erantsirik aurkeztuko dira. Egiaztagiri guztiek (fakturak, banku-laburpenak, jasotze-agiriak, etab.) igorlea, hartzailea, data, kontzeptua, prezioa eta ordainketa-modua adierazi beharko dute, eta dagokien ordainketa frogatzen duen dokumentuarekin batera aurkeztu beharko dira.

Proiektua bukatu eta hilabeteko epean entitateak NGOIari aurkeztu behar dio ordaindutako dirukopuru guztien justifikazio ekonomikoa, aurreko lerroaldean adierazitako moduan.

Dirulaguntzaren aurrerapena 60.000 euro baino gehiagokoa baldin bada, entitate onuradunak banku abala edo ordenamendu juridikoan aurreikusitako beste bermeren bat ekarri beharko du, dirulaguntzaren aurrerapenaren ordainketa egin ahal izateko. Berme horrek aurreratu beharreko zenbatekoaren adinakoa behar du izan.

9._Betebeharrak eta ez betetzeak.

Proiektu jakin baterako dirulaguntza jasotzen duten entitateak behartuak daude:

a) Dirulaguntza ematerakoan oinarritarako aurkeztutako proiektua eta jarduerak deialdi honen oinarri, baldintza, betebehar formal eta materialen arabera gauzatzera, eta dirua, betiere, eman zen kontzeptuetarako baizik ez da erabiltzen ahalko.

b) NGOIak kontrol tekniko eta finantzarioa egiteko jarduerak onartzera; horretarako eskatzen dioten dokumentazio guztia eskura jarriko du, eta, eskatuz gero, ikuskapena egin beharreko leku edo instalazioetara sartzeko bidea utziko du.

c) Beste edozein administraziori xede berarekin eskatutako nahiz lortutako dirulaguntzen berri ematera organo emaileari.

d) Dirulaguntza nork emana den adieraztera, programaren zabalkundea eta publizitatea egiten den orotan. Zabalkunde idatzia edo grafikoa egiten baldin bada Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko logotipoa paratu behar da dirulaguntza jaso duen entitatearena bezainbestekoa eta ikusteko baldintza berdinetan.

e) Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren ezaugarri, beharkizun eta baldintzetan egindako aldaketa guztiak Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari jakinaraztera eta horiek egiteko baimena eskatzera. Halaber, beste edozein organismok edo erakunde pribatu zein publikok, dirulaguntza geroago emanez gero, laguntza horien zenbatekoa jakinarazi beharko dio.

f) Programa gauzatu ezin bada edo dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak bete ezin badira, jasotako dirua itzultzera, edo dena justifikatu ezin bada, justifikatu ezina itzultzera; horrekin batera, berandutzagatiko interesa, dirulaguntza ordaintzen denetik eskatuko zaio, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legearen 19. artikuluak xedatzen duenaren arabera.

g) NGOIari aurkeztera dirulaguntza eman zen urtearen ondoko urtarrilean txosten bat, IV. eranskinaren araberakoa, programa nola gauzatu den adierazteko, non jasoko baitira honakoak:

_Proiektua nola gauzatu den agertzen duten datu kuantitatibo eta kualitatiboak.

_Proiektuaren balantze ekonomikoa.

_Beste edozein dokumentazio grafiko edo idatzizko, borondatez eman nahi dena, diruz lagundutako proiektuaren exekuzioa edo martxa onaren berri emateko.

10._Helegiteak.

Deialdi honen oinarrien aurka eta bere aplikazio egintzen aurka gora jotzeko helegitea jartzen ahalko da Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legearen 114. eta 115. artikuluetan adierazitakoari jarraikiz.

11._Aplikatu beharreko arauak.

Deialdi hau Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeak dioenari jarraikiz eman da eta, hortaz, zuzenean aplika daiteke bere osotasunean.

Iruñean, bi mila eta lauko otsailaren hogeita hiruan._Zuzendari kudeatzailea, José Luis Alli Fernández.

Iragarkiaren kodea: F0403649.