34. ALDIZKARIA - 2004ko martxoaren 19a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

756/2004 EBAZPENA, otsailaren 23koa, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari nagusiak emana, gizarte zerbitzu oinarrizkoek berariazko programak garatzeko behar dituzten dirulaguntzetarako deialdi publikoko arauak onesten dituena.

Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari kudeatzaileak 756/2004 Ebazpena eman du otsailaren 23an, udalen gizarte zerbitzu oinarrizkoek berariazko programak garatzeko behar dituzten dirulaguntzetarako deialdi publikoa onesteko, oinarri hauei jarraikiz:

O I N A R R I A K

1._Helburua. Deialdi honen helburua udalei Nafarroako Gobernuaren diru-ekarpenak eskuratzeko aukera eskaintzea da, urtarrilaren 16ko 11/1987 eta apirilaren 20ko 98/1989 Foru Dekretuek arautzen duten moduan.

1.1. Berariazko programak garatzeko laguntza edo dirulaguntzak, aurrekontuetan dirurik bada, gizarte beharren maila haztatuaren arabera. Programa horiek finantzatzeko, kontuan hartuko dira langileen kostua gehi jarduera eta gastu orokorrak garatzeko kostu horren % 30, eta zenbateko horri ehuneko % 60ko dirulaguntza aplikatuko zaio.

Langileen gastuak kalkulatzeko oinarrizko soldata, antzinatasuna eta gizarte segurantza hartuko dira kontuan.

1.2. 5.000 bizilagunetik beherako oinarrizko eskualdeetarako, eman beharreko zenbatekoa honelaxe kalkulatuko da: toki entitateek zenbateko osoaren zati bat hartuko dute beren gain (berariazko programen eta oinarrizko ekipoaren kostuak), populazioarekiko proportzioan, 5,71 pezeta bizilagun bakoitzeko, eta gainerakoa Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak ordaindu beharko du. Dirulaguntza 2003rako kontratatutako langileen gastuak oinarri hartuz kalkulatuko da (gizarte-langileak edota suspertzaile soziokulturalak, administrari laguntzaileak eta familia-langileak), aurreko 1.1. puntuan ezarritako langile-kostuak gehiturik.

2._Betebeharrak. Deialdi honetara bil daitezke Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen titular diren udal eta mankomunitateak, salbu eta Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuarekin lankidetza-hitzarmena dutenak eta aurten Gizarte Zerbitzuen Oinarrizko Laguntza Berrantolatzeko Plan Pilotua prestatzeko zehazten direnak.

3._Agiriak. Berariazko programak egiteko agiri hauek aurkeztu beharko dira Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuan:

3.1. Eskualdeko alkate-udalburuen eskabide orokorra; bertan konpromisoa hartu beharko dute ezarritako berariazko programekin jarraitzeko eta dagokien zati proportzionala finantzatzeko, eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari udalek esleitutako aurrekontua adierazi beharko dute.

Mankomunitateen edo udalez gaindiko bestelako elkarteen kasuan, bertako buruak izenpetu beharko du eskabidea.

3.2. Programa berri bat ezarri nahi izanez gero, Proiektua, eskaintzen den ereduaren arabera prestatua, non azalduko baitira eskualdean programa horretarako dauden berariazko premiak, eta udalek hartarako egindako aurrekontua eta esleitutako kontusaila.

3.3. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak espedientea hobekien ebazteko beharrezkotzat jotzen dituen agiri guztiak eskatzen ahalko ditu.

4._Ebazpena eta irizpideak.

4.1. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Zuzendaritzak hiru pertsona izendatuko ditu organo kolegiatu eskuduneko kide, Oinarrizko Osasun Laguntzaren eta Gizarteratzearen Zuzendariordetzakoen artetik, ebazpenaren proposamena egin dezaten. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Zuzendaritzak, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hilabeteko epean, eman edo ukatzeko ebazpena emanen du. Ebazpen horien aurka helegite arrunta paratzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epearen barrenean.

Emandako dirulaguntzak ordaintzeko, etxez etxeko laguntzarako programaren aurrerakin bat eginen da, salbu eta Gizarte Zerbitzuen Oinarrizko Laguntza Berrantolatzeko Plan Piloturako zehazten diren oinarrizko gizarte zerbitzuen kasuan, horientzako aurrerakina lankidetza-hitzarmena formalizatu baino lehen finkatuko baita.

4.2. Ez da tramitatutako inolako dirulaguntza-eskaerarik ez badarama deialdi honetako 5. puntuan eskatzen den dokumentazioa.

4.3. Harturiko berariazko programetarako espedienteen balorazioan, irizpide hauek aplikatuko dira:

4.2.1. Programaren bideragarritasuna eta errentagarritasuna.

4.2.2. Bizilagun kopurua.

4.2.3. Populazioaren sakabanatze eta zahartze mailak.

4.2.4. Laguntza beharra (etxez etxeko laguntzarako programa).

4.3.5. Eskatzaileek aurreko ekitaldian gizarte zerbitzuetan benetan gastaturiko diru-kopuruak.

4.3.6. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuaren aurrekontuan dagoen dirua.

5._Frogagiriak.

2003. urtean dirulaguntza jaso duten toki entitateek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte deialdi hau argitaratu eta hilabeteko epean:

5.1. Zerbitzuaren eta programen gastuen frogagiriak, horretarako luzatuko diren ereduen arabera.

5.2. Zerbitzuko langileen gastuen ziurtagiriak, udal edo mankomunitateetako idazkaritzak edo kontu-hartzailetzak luzaturikoak.

5.3. 2003ko urriko eta azaroko bi TC2en fotokopia, dirulaguntzaren xede diren langileak adieraziko dituena.

5.4. Garaturiko programa bakoitzean eginiko jardueren txosten teknikoa, ereduen arabera moldatua.

6._Onuradun diren udal eta mankomunitateak beharturik egonen dira:

A) Dirulaguntzaren xede den jarduera egitera edo horrek behartzen duen portaera izatera.

B) Jarduera egin izana edo hartarako jokabidea hartu izana frogatzera, baita dirulaguntza lortzeko baldintzak betetzen direla edo jaso dela ere.

C) Eskumena duten organoek, eman edo jaso diren dirulaguntzen inguruan, egin ditzaketen egiaztapen lan guztiak onartzera.

D) Dirulaguntza eman duen organoari edo, betiere, entitate kolaboratzaileari, helburu bererako beste dirulaguntzarik eskatu edo lortu duen jakinaraztera.

E) Kontabilitate edo erregistro liburuan laguntza jaso izana erregistratzera, indarreko arauen arabera horrelako liburuak izatera behartuta baldin badago.

Betetzen ez badira, dagokiena itzuli beharko dute.

7._Dirulaguntza hauek bateragarriak dira edozein jatorritako bestelako dirulaguntzekin, baina horietariko batek ere edo guztiek elkarrekin ezin gaindituko dute programen kostua.

8._Gastua 2004ko aurrekontuaren 924003-93300-4600-313400 kontusailaren kargura eginen da, 4.751.679,21 euro esleitu baitzaizkio bertatik.

9._Eskaria egiteko epea.

Eskabideak eta agiriak aurkezteko epea 30 egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

10._Deialdi honen eta hau burutzeko egintzen aurka gora jotzeko helegitea paratzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114. eta 115. artikuluekin bat; Lege hori urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatu zen.

11._Deialdi honetan aurreikusi ez diren afera guztiak, Nafarroako Administrazio Publikoen eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Legeari jarraikiz ebatziko dira.

Iruñean, bi mila eta lauko otsailaren hogeita hiruan._Zuzendari kudeatzailea, José Luis Alli Fernández.

Iragarkiaren kodea: F0403647