34. ALDIZKARIA - 2004ko martxoaren 19a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

4/2004 FORU AGINDUA, urtarrilaren 28koa, Osasun kontseilariak emana, Nafarroan Bularra Ematea Sustatzeko Batzorde Aholku-emaile Teknikoa sortzen duena.

Nafarroan, beste lurralde batzuetan ez bezala, bularra emateko joera handia izan da, osasun arloko profesionalak horretaz sinetsita egoteari esker. Izan ere, haren sustapenean aitzindariak izan dira.

Haurraren Eskubideen Deklarazioak adierazten du haurrak osasunean hazi eta handitzeko eskubidea duela; hori betetzearren, bai haurrari bai amari zainketa bereziak eman behar zaizkie, baita jaio aurreko eta ondoko laguntza ere. Haurrak eskubidea du elikadura, bizitza, aisia eta zerbitzu mediko egokiak izateko. Horiek horrela, UNICEFek 1992an Haurraren Ospitale Adiskideak ekimena zabaldu zuen, ospitaleendako pizgarri izan zedin bularra ematearen sustapen egokiari ekiteko eta ama-haurren aipatu eskubideak gauzatzeko. EEEk, bestalde, ikerketa bat eskatu dio UNICEFi Europan bularra ematea jarraitzeko parametroak zertan dauden ezagutzeko.

Ekimen horiek ikusirik, komenigarri jotzen da Komunitate osoko amatasun zerbitzuetan bularra emateari buruzko irizpide bateratuak ezartzea eta, halaber, obstetriziako, pediatriako eta, baita ere, medikuntza orokorreko kontsulten jarduketei buruzkoak eta amek bularra emateaz duten eskaerari erantzuteko lehen mailako osasun laguntzako taldeen eta bularra ematea sustatzen duten taldeen arteko lankidetzari buruzkoak. Jarduketa horiek bular ematearen sustapen barrenean daude, beti ere ikuspegi tekniko eta zientifikotik.

Nafarroako Parlamentuak, 2002ko ekainaren 12an, ebazpen bat onetsi zuen (ekainaren 17ko "Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofiziala", 67. zk.) eta haren bitartez Nafarroako Gobernuari eskatzen zitzaion bularra ematea babestu, sustatu eta laguntzeko, OMEren eta UNICEFen irizpideei lotuz, eta Nafarroako Foru Komunitateko ospitale guztietan OMEk eta UNICEFek bultzatutako ekimena, hots, Haurren Ospitale Adiskideak, gauzatzeko behar adina baliabide paratzeko.

Horrenbestez, Osasun kontseilariak osasun arloko aholkularitza zientifiko teknikoa egituratzeari buruz 1990ko urtarrilaren 12an eman zuen Foru Aginduaren 6. artikuluak dioenarekin bat,

AGINDU DUT:

1. Nafarroan bularra ematea sustatzeko Batzorde Aholku-emaile Teknikoa sortzea eta eginkizun hauek atxikitzea:

_Bularra ematea sustatzeko jarduketa gida eta protokoloak egitea bultzatu eta aholku ematea.

_Amatasun zerbitzuetara bularra ematea sustatzeko materiala igortzea, gero obstetriziako kontsultetan, erditze geletan, ospitaleratze oinetan eta lehen mailako osasun laguntzako zentroetan banatzeko.

_Bularra ematea sustatzeko batzordeak sortzea proposatzea, amatasun zerbitzua bai baina horrelako batzorderik ez duten ospitaleetan.

_Foru Komunitatean amatasun zerbitzua duten ospitaleetan autoebaluazioa sustatu eta haren gainean aholku ematea "Haurraren Ospitale Adiskideak" izeneko galdetegiaren laguntzaz.

_Amari ospitaleko alta eman ondotik, bularra ematearen aldeko taldeen eta umeei jarraipena egiten zaien lehen mailako osasun laguntzako zentroen lana koordinatu eta gainbegiratzea.

_Medikuntzako erizaintzako eta laguntzaileendako ikasketa programetan bularra ematea sustatzeko lan ildoak sartzea proposatzea.

_Bularra ematearen sustapenerako prestakuntza ikastaroak egitea proposatzea.

_Nafarroan arlo honetako prestatzaileendako prestakuntza ikastaroak egitea sustatzea.

_Ospitaleetan, osasun etxeetan eta profesionaleen kidegoetan jaduerak sustatzea bularra ematearekin lotutako jarduna ezagutarazteko.

_bularra ematearen sustapenarekin zer ikusia izan eta osasun agintariek manatzen dioten beste edozein eginkizun.

2. Nafarroan bularra ematea sustatzeko Batzorde Aholku-emaile Teknikoak ondoko kide hauek izanen ditu:

_Osasun Departamentuko zuzendari nagusia, batzordeburu lanetan arituko dena.

_UNICEFen ordezkari bat.

_Bideko Ama Birjina Ospitaleko zuzendaria edo hark izendatzen duena.

_Lizarrako "García Orcoyen" Ospitaleko zuzendaria edo hark izendatzen duena.

_Tuterako "Reina Sofía" Ospitaleko zuzendaria edo hark izendatzen duena.

_Lehen osasun laguntzako zuzendaria edo hark izendatzen duena.

_Bideko Ama Birjina Ospitaleko Pediatria Zerbitzuko burua.

_Lehen osasun laguntzako pediatra bat.

_Emakumeari Laguntzeko Zentroen Ataleko burua.

_Nafarroako Klinika Unibertsitarioaren ordezkari bat.

_San Miguel Klinikaren ordezkari bat.

_Osasun Departamentuko Osasun Laguntzaren Zerbitzuaren ordezkari bat.

_Nafarroako Emaginen Elkartearen ordezkari bat.

_Nafarroako Erizainen Elkargo Ofizialaren ordezkari bat.

_Nafarroan sortu diren bularra ematearen aldeko taldeen ordezkari bat.

3. Batzordeak, gai zehatz batzuk aztertzeko, egoki jotzen den adina aholkulari adituren laguntza izaten ahalko du.

4. Batzordeak bere antolamendu eta funtzionamendurako erregelamendua egiten ahalko du. Hori egin ezean, Administrazio Publikoen Araubideari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/92 Legean organo kolegiatuen funtzionamendurako ezarritako arauak aplikatuko dira.

5. Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta lauko urtarrilaren hogeita zortzian._Osasun kontseilaria, María Kutz Peironcely.

Iragarkiaren kodea: F0401607