34. ALDIZKARIA - 2004ko martxoaren 19a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

108/2004 FORU DEKRETUA, martxoaren 1ekoa. Haren bidez, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentua izendatu da organo eskudun Basa fauna parke zoologikoetan zaintzeari buruzko urriaren 27ko 31/2003 Legeak xedatzen duena betetzeko.

Basa fauna parke zoologikoetan zaintzeari buruzko urriaren 27ko 31/2003 Legea, berriki onetsia, gatibutzan bizi den basa fauna zaintzeaz dagoen hutsune juridikoa betetzera etorri da. Hutsune horrek, Europako ingurumenaren gaineko araudia derrigorrez aplikatu beharrarekin eta ingurumena babesteko eta natura zaintzeko nazioarteko hitzarmenen bidez hartutako konpromisoekin batera, lege hori gauzatzera eraman du. Legea ingurumen alorreko oinarrizko legeriaren barrenean dago, eta parke zoologikoetako basa faunaren babespena ziurtatzea eta parkeek biodibertsitatea zaintzen laguntzea nahi du.

Urriaren 27ko 31/2003 Legearen III. kapituluak parke horiek baimentzeko eta ikuskatzeko araubide berria ezartzen du. Parke zoologikoak jendeari ireki, haietan funtsezko aldaketak egin eta handitzeko bakoitza kokatzen den erkidego autonomoko organo eskudunaren baimena izan beharko da. Orobat, eskumena ematen dio legearen II. kapituluan eta araudi autonomiko aplikagarrian bildutako zainketa neurriak eta baimen bakoitzean ezarritako berariazko baldintzak betetzen ote diren egiaztatzeko.

Estatuko legea 22/1999/EE Zuzentarauaren transposizioa baita eta Ingurumen Ministerioak sustatu baitu, bidezko iduri du gai horretan Foru Komunitateko organo eskuduna Nafarroako Gobernuko Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentua izatea.

Beste aldetik, gaiaren arabera, bere gain hartu beharreko eginkizunek aztertu beharreko alderdietan ukitzen ahal dituzte beste departamentu batzuk. Hori dela medio, eginkizun horiek modu egoki eta arrazionalean betetzeko, komenigarria da batzorde aholku-emaile teknikoa sortzea. Batzorde horrek parke zoologikoak jendeari ireki, haietan funtsezko aldaketak egin eta handitzeko baimenak emateari, ikuskapen lanak egiteari eta haiek kontrolatzeari buruzko alderdi guztiak aztertu eta baloratuko ditu.

Batzorde Tekniko aholku-emailea departamentuartekoa izanen da eta hartan parte hartuko dute gaian inplikatutako departamentuek, bereziki, animalien osasunaren, segurtasunaren eta ikuskizun publikoen arloetan eskumenak bereganatuak dituztenek. Eginkizunak laguntza eta aholkularitzakoak izanen dira, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, Foru Komunitateko zoologikoetan gatibutzan dagoen basa fauna babesteari dagokionez, bere gain hartu dituen eskumenen gainekoak.

Hori horrela, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta lauko martxoaren batean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra._Basa fauna parke zoologikoetan zaintzeari buruzko urriaren 27ko 31/2003 Legeak xedatzen duena betetzeko, Nafarroako Foru Komunitateko organo eskuduna Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentua izanen da.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena._Batzorde Tekniko Aholku-emailea sortu da, departamentuarteko organo gisa eta zoologikoei baimena eman eta ikuskatzeko gaietan, basa fauna parke zoologikoetan zaintzeari buruzko urriaren 27ko 31/2003 Legeak xedatzen duena betetzeko.

Eginkizunak laguntza eta aholkularitzakoak izanen dira, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak bere gain hartu dituen eskumenen gainekoak, betiere parke zoologikoak paratu, aldatu edo haunditzeko baimena eman aurreko baldintzak bete ote diren aztertu eta baloratzeari lotuak. Batzordean parte hartuko dute bakoitzaren eskumenen arabera gaian inplikatutako departamentuek, bereziki, animalien osasunaren, segurtasunaren eta ikuskizun publikoen arloetan eskumenak bereganatuak dituztenek.

Halaber, Batzordeak ahalmenak izanen ditu zoologikoen nukleoak nola dauden eta emandako baimenetan ezarri diren baldintzak hertsiki betetzen ote diren ikuskatu eta kontrolatzeko lanen gaineko alderdi tekinikoetan aholku emateko.

Bigarrena._Batzordeak buru izanen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departementuko Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendaria, eta kideak honako Departamentu hauetako ordezkariak: Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren bi ordezkari, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren beste bi eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren beste bi. Batzordeak bere kideen artetik bat aukeratuko du idazkari lanetan aritzeko. Departamentu bakoitzaren bi ordezkarietako batek, bederen, lanbide kualifikazioa bere esparruko gaien eginkizun propioetan aritzeko teknikari espezializatuarena izan beharko du.

Batzordearen funtzionamendu eta antolamendu arauak iristen ez diren orotan, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Prozedura Administratiboari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako arau orokorrei men eginen zaie.

Hirugarrena._Ahalmena ematen zaio Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari foru dekretu hau garatu eta betetzeko behar diren egintzak agindu ditzan.

AZKEN XEDAPENA

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta lauko martxoaren batean._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, José Andrés Burguete Torres.

Iragarkiaren kodea: F0403516