28. ALDIZKARIA - 2004ko martxoaren 5a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

37/2004 EBAZPENA, otsailaren 17koa, Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Fonotekaren edukiak hobetze lanetan laguntzeko beka baten deialdia onesten duena. Beka hori unibertsitateko titulua 2000. urtean edo geroago eskuratu eta Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) edo horren baliokidearen jabe direnek eska dezakete, hala nola Euskal Filologiako azken ikasmailan ari diren ikasleek.

Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusi honentzat, Nafarroako barietate dialektalen zabalkundeak, iraupenak eta garapenak duen interesa ukaezina da.

Nafarroako Fonotekaren proiektuak xede du Nafarroako euskalkien grabazioak biltzea, fondo bat eratzeko, zeinak barreiaturiko materialak bildu, beraiek gorde eta beren kontsulta eta ikerketa ahalbidetuko dituen.

Dagoeneko Fonotekan dagoen grabaketen kopurua kontuan harturik, Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak, Hizkuntzaren Garapen, Programazio eta Ikerketa Zerbitzuaren bidez, Nafarroako Euskararen Fonotekaren edukiak hobetze lanetan laguntzeko beka baten deialdia egitea beharrezkotzat jotzen du, Euskal Filologiaren lizentziaturako azken urteko ikasleentzat eta Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) edo baliokidearen jabe diren unibertsitateko titulatuentzat (betiere titulazioa 2000. urtean edo geroago lortu bada) Nafarroako euskalkiei buruzko ezagutza handitu ahal izan dezaten.

Hizkuntzaren Garapen, Programazio eta Ikerketa Zerbitzuaren, Letratuaren eta Kontuhartzailetza Delegatuaren adostasun txostenak ere badira.

Horrenbestez, eta Hezkuntza kontselariak uztailaren 16an eman 357/2003 Foru Aginduaren bitartez eskuordeturik ditudan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Euskararen Fonotekaren edukiak hobetze lanetan laguntzeko beka baten deialdia onestea. Beka hori Euskal Filologiaren lizentziaturako azken urteko ikasleei eta Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) edo baliokidearen jabe diren unibertsitateko titulatuei (baldin eta titulazioa 2000.urtean edo geroago lortua bada) zuzenduta dago. Deialdia arautuko duten oinarriak Ebazpen honen eranskinean daude.

2. 4.005 euroko gastua, gehienez ere, baimentzea, 2004. urteko aurrekontuaren "Hizkuntz ikerkuntzarako laguntzak" izeneko 432000-43200-4816-455100 lerroaren kargura.

3. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematea eta igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontuhartzaile-delegatuari, Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusira, Hizkuntzaren Garapen, Programazio eta Ikerketa Zerbitzura, Hizkuntzaren Garapenerako Atalera, Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Programen Bulegora, Administrazio Orokorraren Bulegora eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta lauko otsailaren hamazazpian._Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusia, Pedro Pegenaute Garde.

E R A N S K I N A

NAFARROAKO FONOTEKAREN EDUKIAK HOBETZE LANETAN LAGUNTZEKO BEKA BATEN DEIALDIA

X e d e a

Deialdi honen helburua Euskal Filologiaren lizentziaturako azken urteko ikasleei eta Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) edo baliokidearen jabe diren unibertsitateko titulatuei (betiere titulazioa 2000. urtean edo geroago lortu bada) zuzendutako beka bat ematea da, Nafarroako Fonotekaren edukiak hobetze lanetan lagundu dezaten.

Oinarrizko helburuak

Deialdi honen helburuak honako hauek dira:

a) Nafarroako euskalkiei buruzko ezagutza handitu nahi duten unibertsitateko titulatuen eta Euskal Filologiaren lizentziaturako azken urteko ikasleen formakuntzan laguntzea.

b) Nafarroako Fonotekaren edukiak hobetzea.

O i n a r r i a k

1._Eskaria egiteko epea.

Beka hori deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta ondoko hogei egun naturalen barrenean eskatu ahalko da.

2._Betebeharrak.

2.1. Beka eskuratu ahal izateko, gutxienez unibertsitateko diplomatu tituluaren edo baliokidearen jabe izan behar da (betiere titulazioa 2000. urtean edo geroago lortu bada) baita Euskararen Gaitasun Agiriaren (EGA) edo baliokidearen jabe ere. Era berean, Euskal Filologiaren lizentziaturako azken urteko ikasleek ere bekak eskuratu ahal dituzte (horiek ez dute Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) edo baliokidea aurkeztu behar).

2.2. Eskatzaileek, Nafarroako Gobernuko Erregistro Nagusian edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan ezarritako moduetako edozeinetan, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Eskabide orria.

b) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua.

c) Lizentziatura edo Diplomatura tituluaren eta dituen gainerako titulu edo diplomen fotokopia konpultsatua.

d) Euskararen Gaitasun Agiria edo baliokidearen fotokopia konpultsatua.

e) Ikasketa espedientearen ziurtagiria, ikasturte bakoitzeko irakasgai guztien kalifikazioekin.

f) Curriculum vitae-a, ondoko hauen berri ematen duena: egindako ikasketak eta jarduerak, argitalpenak, lortutako bekak eta sariak, hizkuntzak, egindako ikerketa lanak, informatikari buruzko ezagupenak eta bidezkotzat jotzen dituen gainerako merezimenduak. Alegatutako merezimenduak agiri bidez egiaztatu behar dira.

2.3. Oso-osorik beteta ez dauden eskaera-orriak aurkezten dituztenek eta alegatutako merezimenduak baloratzeko behar diren agiriak eransten ez dituztenek 10 eguneko epea izanen dute akatsak zuzentzeko, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

3._Hautaketa.

3.1. Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusiak horretarako izendatuko duen Batzordeak hautatuko du bekaduna; aipatutako batzordean honako hauek hartuko dute parte:

_Hizkuntzaren Garapen, Programazio eta Ikerketa Zerbitzuko zuzendariak.

_Hizkuntzaren Garapenerako Ataleko buruak.

_Hizkuntzaren Garapenerako Ataleko bi euskara teknikarik.

Batzorde horrek aurkezten diren eskaerak aztertu eta baloratuko ditu; gero, puntuazioaren arabera dagokien izangaiei beka emateko proposamena eginen du eta haien zerrenda jendaurrean paratuko.

Erabiliko den baremoa honako hau izanen da:

_Ikasketa-espedientea: gehienez ere 10 puntu.

_Bestelako ikasketak, ikastaroak, etab.: gehienez 5 puntu.

_Argitalpenak, bekak, etab.: geienez ere 5 puntu.

Azken atalek aipatzen dituzten ikasketa, ikastaro, argitalpen, beka etab.ek nahitaez bekadunak egin beharreko lanei buruzkoak izan behar dute puntuak lortu ahal izateko.

3.2. Beka Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez emanen da, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta 3 hilabeteko epearen barruan.

3.3. Onuradunak beka eman zaiola jakinarazi eta hurrengo 10 egunetan hasi beharko ditu praktikak. Bestela, bekari behin betikoz uko egin diola ulertuko da.

3.4. Edozein arrazoirengatik bekari uko egiten bazaio, horren berri emanen zaio Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendariari, eta beka beste bati emanen zaio, batzordeak ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraikiz.

4._Diru zenbatekoa eta ordainketa.

4.1. Bekaren zenbatekoa 4.806 eurokoa da.

4.2. Bi hilabetean behin ordainduko da, Hizkuntza Garapenerako atalburuak adostasun txostena eman ondoan.

4.3. Foru agindu honetan ezarritakoa aurrera eramateko 4.005 euroko gastua baimendu da 2004. urteko aurrekontuko "Hizkuntza ikerkuntzarako laguntzak" izeneko 432000-43200-4816-455100 lerroaren kargura.

4.4. Egin beharreko lanak 2005. urtean ere burutuko direnez, urte horri dagokion gastua urte horretako aurrekontuetan esleitzen den diruaren baldintzapean egonen da.

5._Iraunaldia.

Nafarroako Fonotekako laguntza beka honek hamabi hilabete iraunen du.

6._Bekadunaren eginbeharrak.

6.1. Bekadunak burutuko dituen laguntza lanek ez dute izanen eta ez dute ekarriko batere lan harremanik Nafarroako Gobernuarekin.

6.2. Laguntza lanetan hasi aurretik, bekadunak geroagoko lanetan erabiliko duen programa informatikoari buruzko ikastaroa burutu beharko du.

6.3. Bekadunak Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiko bulegoetan jardungo du lanean eta zerbitzuen beharren araberako lanaldia izanen du; astean, batez beste, hogei orduko dedikazioa eskatuko da. Laguntza lanak behin zehaztuta, beste toki batzuetan burutu ahalko dira, betiere astean hogei orduko dedikazioa mantenduz.

6.4. Bekadunak honako arlo hauetan lagunduko du, nagusiki:

_Grabaketak entzundakoan ahal diren datuak ateratzea eta tratatzea.

_Grabaketa bakoitzean agertzen diren gaiak sailkatzea.

_Interesgarrienak diren grabaketen transkripzioak egitea.

_Fonotekaren edukiak hobetzeko proposamenak egitea.

_Fonotekaren edukia aztertu eta osatu ahala sor daitezkeen beste lan batzuk.

_Edukien antolamendu, trataera eta zabalkunderako proposamenak aurkeztea.

6.5. Bekadunaren lana Fonotekaren arlo teknikoaz arduratzen den Xarelan enpresak eta Hizkuntza Garapenerako Atalak ikuskatuko dute. Ikuskatze hori bekadunak zer egin behar duen jakiteko egonen diren bileretan gauzatuko da.

6.6. Bekaren laguntzaldia bukatu baino lehen bekadunak egin dituen lanen gaineko memoria aurkeztuko du; memoria horretan, bekadunaren ustez Fonotekaren edukiak hobetzeko egin daitezkeen lanak zeintzuk diren ere zehaztu beharko du.

7._Lankidetzaren ziurtagiria.

7.1. Hikuntza Garapenerako atalburuaren txostena ikusi ondoren, bekak iraun duen denboran egindako lanen ziurtagiria luzatuko du Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak.

8._Gorabeherak.

8.1. Oinarri hauek aplikatu eta interpretatzean sor litezkeen gorabeherei buruzko ebazpena Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiari dagokio.

8.2. Deialdi honetan aurreikusitako eginbeharrak ez betetzeak beka kentzea ekarriko du berarekin.

9._Izate juridikoa eta helegiteak.

9.1 Deialdi honetan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko erregimen orokorra ezarri zuen ekainaren 9ko 8/97 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da.

9.2. Deialdi honen eta bere oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, errekurritutako ekintza jakinarazi edo argitara eman eta biharamunetik hilabeteko epearen barruan.

Iragarkiaren kodea: F0402816