28. ALDIZKARIA - 2004ko martxoaren 5a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

36/2004 FORU AGINDUA, otsailaren 10ekoa, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak emana. Honen bidez aldatzen da 030 eredua, helbide-aldaketa edo norberaren edo familiakoen datuen aldakuntzaren berri ematekoa, zeina pertsona fisikoek nahiz juridikoek erabil baitezakete helbide fiskalez aldatu direla adierazteko; horrez gain inprimakia non eta nola aurkeztu behar den zehaztu eta aurkezpen telematikorako prozedura ezartzen du.

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrak 17.3 artikuluan ezartzen dio tributupekoari espresuki egindako adierazpenaren bidez helbide-aldaketa Zerga Administrazioari jakinarazi beharra.

Eginbehar hori, pertsona fisikoen kasuan, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren urteroko aitorpenen bidez bete izan da. Kasu horietan, ordea, helbide-aldaketak ez du ondoriorik ekartzen aipatu aitorpena aurkeztu aurretik, eta horrek arazoak sor diezazkieke subjektu pasiboei Zerga Ogasunarekiko harremanetan, bereziki zergaren aitorpena egitera behartuak ez direnei.

Arazo horiek saihesteko, eta tributupekoek beren betebeharretan Zerga Administrazioaren laguntza izateko duten eskubidea aintzat hartuz, zeina jasoa baita Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 9. artikuluaren a) letran eta 91. artikuluan, komenigarritzat jo da tributupeko horiek helbide-aldaketaren berri emateko erabil dezaketen eredu normalizatua onestea.

Halaber, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarako aurkeztutako aitorpenen kudeaketa-prozedurak hobetzeko, eredu horrek ahalbidetzen die zerga horren subjektu pasibo guztiei, lehenago aipatu bezala inor behartu gabe betiere, aitorpenak aurkeztu baino lehen norberari edo familiari buruzko datuen aldakuntzaren berri ematea, baldin eta aldakuntza horrek eragina badu, besteak beste, familia unitatearen izate eta osaeran, familia-unitateko kideetakoren bat minusbaliatutzat hartzeari dagokionean, egoera zibilean edo posta elektronikoaren helbidean, zergaren kudeaketan ondorio fiskal esanguratsua badute.

Pertsona juridikoei dagokienez, ez dago gaur egun eredu normalizaturik beren helbide fiskalaren aldaketa adierazteko, eta horregatik, behartzeari buruz goian adierazi den moduan, eredu honek komunikazio hori egitea ahalbidetzen die. Helbide-aldaketaren berri ematen duen adierazpenak Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 37.3 artikuluaren ondorioak izanen ditu.

Azkenik, aitorpen batzuk telematika bidez aurkezteko orotariko baldintzak eta prozedura ezartzeko Ekonomia eta Ogasun kontseilariak azaroaren 26an emaniko 337/2002 Foru Agindua onetsi zenez geroztik izaniko esperientzia dela-eta, komeni da 030 ereduaren kudeaketak komunikazio telematikoko teknologia berriak erabiltzea, alde batetik, zergadunei erraztasunak emateko bere eginbeharrak egin ditzaten eta, bestetik, zergen aitorpenak arintasunez kudeatzeko, emaniko datuen tratamendu lasterraren bidez eta kontrol informatikoaren bidez.

Nafarroako Foru Komunitateko Gobernuari eta Administrazioari buruzko apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2.b) artikuluak kontseilariei ematen die, beren Departamentuetako eskumenei dagokienez, erregelamenduak foru aginduz emateko ahalmena.

Horrenbestez, ahalmen hori erabiliz,

AGINDU DUT:

Lehena._030 ereduaren onespena.

Helbide aldaketa edo norberaren edo familiaren datuen aldakuntzaren berri emateko 030 eredua onesten da. Foru agindu honen II. eranskinean dago jasota, eta bi alez osatua da, bata Administrazioarentzat eta bestea interesatuarentzat.

Bigarrena._030 ereduaren erabilpena.

1. Helbide-aldaketaren berri emateko, 030 eredua aurkez dezakete helbide fiskal berria adierazteko erabili nahi duten zergadunek.

2. Norberaren edo familiaren datuen aldakuntzaren berri emateko, 030 eredua honako hauek aurkez dezakete: pertsona fisiko izanik norberaren datu pertsonalak edo familiarenak edo familia-unitateko kide diren seme-alabei dagozkienak aldatu direla adierazteko erabili nahi duten zergadunek.

Hirugarrena._030 eredua nola bete.

1. 030 ereduarekiko egokia den adierazpena egiteko, oro har, helbide-aldaketaren edo bere datu pertsonalak edo familiari dagozkion datuen aldakuntzaren berri eman nahi duen zergadun bakoitzak berea eginen du.

2. Hala ere, ezkontza dela medio egoera zibilaren aldaketaren berri ematean, hala nola helbide-aldaketak edo adierazpena aurkeztu beharra ekarri duen beste edozein aldakuntzak bi ezkontideengan edo bikote egonkorreko kideengan eragina duenean, biek bete eta sinaturik aurkeztuko dute.

3. Adierazpena pertsona juridiko baten helbide fiskalaren aldaketari buruzkoa denean, haren ordezkaritza bere gain duenak beteko du 030 eredua.

Adierazpen horrek Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 37.3. artikuluan adierazten diren ondorioak izanen ditu.

Laugarrena._030 eredua inprimakiz non eta nola aurkeztu.

030 ereduari egokitutako adierazpena Ekonomia eta Ogasun Departamentuak egindako inprimakiz aurkeztuko da.

Bosgarrena._030 ereduaren aurkezpen telematikorako orotariko baldintzak.

1. 030 ereduaren aurkezpen telematikoa baldintza hauen pean dago:

a) Aitortzaileak identifikazio fiskaleko zenbakia eduki behar du (IFZ).

Ezkontideek edo bikote egonkorreko kideek aitorpen bateratua egiten badute, bakoitzak bere identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ) eduki behar du.

b) Aitortzaileak 2CA motako erabiltzaile-ziurtagiri bat izan behar du, Diru eta Tinbre Fabrika Nazionala-Diruaren Errege-Etxeak emana eta bere nabigatzailean instalatua.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan, bi ezkontideek aitorpen bateratua egiten badute, biek behar dute 2CA motako erabiltzaile ziurtagiria, Diru eta Tinbre Fabrika Nazionala-Diruaren Errege-Etxeak emana.

c) Aurkezlea hirugarren pertsonen izenean adierazpenak aurkezteko pertsona edo entitate baimendua baldin bada, Diru eta Tinbre Fabrika Nazionala-Diruaren Errege Etxeak emandako 2CA motako erabiltzaile ziurtagiria izan beharko du eskura bere nabigatzailean.

d) Aurkezpen mota hau hautatzen duten aitortzaileek kontuan hartuko dituzte aurkezpena egiteko behar diren arau teknikoak, foru agindu honetako I. eranskinean ageri direnak.

e) 030 eredua bide telematikoz aurkezteko, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak prestaturiko inprimakia erabili beharko du aitortzaileak, ordenagailuko pantailan agertuko dena.

2. Akats formalak dituzten aitorpenak aurkeztea.

Bide telematikoz igortzen den aitorpenean akats formalak agertzen direnean, sistemak berak emanen dio horren berri aitortzaileari akatsak azaltzeko mezuen bitartez, behar den zuzenketa egin dezan.

Seigarrena._030 ereduaren aurkezpen telematikoa egiteko prozedura.

1. Nafarroako Zerga Ogasunak aitortzaileen esku utziko du interneteko zerbitzari bat. Bertan atzematen ahal da 030 ereduaren aurkezpen telematikoarekiko lotura. Zerbitzua erabili ahal izateko, aitortzaileak Nafarroako Atariaren webgunearekin konektatu beharko du eta kontzeptu fiskala eta egin beharreko aitorpena daukan fitxategia hautatu.

2. Prozedura hau lehen aldiz baliatzean, erabiltzaileak segurtasuneko ziurtagiri bat jaitsi beharko du, horrek adieraziko baitio zerbitzari seguru batekin ari dela lanean.

Ziurtagiri horrek zerbitzaria identifikatzen du erabiltzailea aplikazioan sartzen den une beretik, eta erabiliko diren datuen pribatutasuna mantentzen.

3. Ondoren, erabiltzaileak eredua aurkezteko aukera izanen du eskura.

Eredura iristean, adierazi nahi diren datuak emanen dira.

Ondoko datu hauek eskatzen dira:

Aurkezpena: Eredua norberaren izenean edo beste norbait ordezkatuz aurkezten den beharko da adierazi.

Hizkuntza: (gaztelania/euskara).

Aurreko datuak adierazitakoan, hurrengo inprimakira joko du aitortzaileak. Erabiltzaileak adierazi nahi dituen datuak jasotzen ditu inprimaki horrek. Datuak Internet bidez bidaliko dira Nafarroako Gobernuaren zerbitzarira, ondoren tratamendua egin dadin.

4. Eredua bidali aurretik egiaztapenak egiten ahal dira.

5. Gero, aitorpena bidaliko du. Horretarako, Diru eta Tinbre Fabrika Nazionala-Diruaren Errege-Etxeak eman eta nabigatzailean jarritako 2CA motako erabiltzaile-ziurtagiria aukeratzean sortutako sinadura digitala erabiliko du. Aitorpena onartzen bada, Nafarroako Zerga Ogasunak inprimakia itzuliko dio, elektronika bidez egiaztatua, aurkeztu den eguna eta ordua adierazita.

Ezkontza dela medio egoera zibilaren aldaketaren berri ematean, hala nola helbide-aldaketak edo adierazpena aurkeztu beharra ekarri duen beste edozein aldakuntzak bi ezkontideengan edo bikote egonkorreko kideengan eragina duenean, bien sinadura digitalarekin bidali behar da.

Aurkezpena onartzen ez bada, atzemandako akatsak azalduko dira pantailan. Kasu horretan, akatsak sarrerako inprimakian zuzendu eta aitorpena berriz bidaliko da.

Aitortzaileak inprimatu eta gorde eginen du aitorpen onartu eta egiaztatua, kode elektronikoarekin batera. Aitorpen hori izanen da aurkeztu izanaren froga-agiria.

AZKEN XEDAPENA

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta lauko otsailaren hamarrean._Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Francisco J. Iribarren Fentanes.

I. ERANSKINA

Tributu aitorpenak bide telematikoz aurkezteko arau teknikoak

Aitorpena aurkezteko modalitate hau aukeratzen duten aitortzaileek ondoko baldintzak bete beharko dituzte:

1. Softwareak bete beharrekoak, bidaltzeko:

Aurkezlearen ekipo informatikoak honako hau izan beharko du instalatua:

_Microsofteko sistema eragile hauetako bat: Windows 98, Windows Me, Windows NT 4.0, Windows 2000 edo Windows XP.

_Internet Explorer 5 nabigatzailea edo hobea.

_Agiriak ikusteko tresna bat, Adobe Acrobat Reader 5.0 edo hobea.

2. Ondoko hauek instalatu beharko ditu nabigatzailean:

FNMT entitate jaulkitzailearen erro ziurtagiria, 2 CA motakoa, notazio hexadezimalean adierazten denean 36 F1 1 B 19 serie-zenbakia duena eta honako hatz-marka hau, "hash sha 1" algoritmoarekin sortua:

43 F9 B1 10 D5 BA FD 48 22 52 31 B0 D0 08 2B 37 2F EF 9A 54

3. Ondokoak instalatu beharko ditu:

2CA motako erabiltzaile ziurtagiri bat izan behar du, Diru eta Tinbre Fabrika Nazionala-Diruaren Errege Etxeak emana, nabigatzailean berean nahiz txartel adimenduneko gailu kriptografiko batean instalatua, kautotzeko eta sinadura digitala sortzeko.

4. Igorpen prozesuan honako prozesu hau abiaraziko da, urratsez urrats aurrera egiteko modukoa, baldin eta igorlearen ekipoak lehenago deskribatutako baldintzak betetzen baditu eta nabigatzailearen konfigurazioak javascript, javaren applet-ak eta cookie-ak exekutatzen uzten badu, eta, gainera, eskatzen ahal diren baimenak ematen badira:

Erabiltzaile eta zerbitzari ziurtagiriak erabiliz, bi muturretan "SSL-V3" protokoloaren estandarrei jarraituz konektatzen diren ekipoak kautotzea, aitorpenaren aurkezlearen eta hartzailearen (Nafarroako Zerga Ogasuna) ekipoak, alegia.

II. ERANSKINA

Iragarkiaren kodea: F0402550