24. ALDIZKARIA - 2004ko otsailaren 25a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

3/2004 FORU AGINDUA, urtarrilaren 8koa, Hezkuntza kontseilariak emana, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko Lege Organikoaren bederatzigarren xedapen iragankorrean ezarritakoari jarraikiz, borondatezko erretiroa aurretiaz hartzeko 2004. urtean aurkezten diren eskaerei uko egiteko epea finkatzen duena.

Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko Lege Organikoaren bederatzigarren xedapen iragankorraren lehenengo idatz-zatiak ezartzen du Lege horren beraren 10.1 eta 14.1., 14.2. eta 14.3. xedapen gehigarrietan aipatzen diren irakasleen kidegoetako funtzionarioek, Estatuko Klase Pasiboen Araubidearen aplikazio esparruaren barrenean badaude, borondatezko erretiroa aurretiaz hartzen ahalko dutela, 1991. eta 1996. urte bitartean, biak barne, betiere baldintza batzuk betez gero.

Horren ondotik, ikastetxeen parte-hartze, ebaluazio eta gobernuari buruzko azaroaren 20ko 9/1995 Lege Organikoaren lehenbiziko xedapen iragankorrean ezarri zen Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko Legearen bederatzigarren xedapen iragankorrean aipatzen diren hezkuntza kidegoetako funtzionarioek borondatezko erretiroa aurretiaz hartzeko aukera izanen dutela, Lege Organiko horretan ezartzen diren irakaskuntzak, oro har, ezartze bidean dauden bitartean, betiere xedapen horretan eta hura osatu eta garatzeko arauetan adierazten den bezala.

Neurri Fiskal Administratibo eta Arlo Sozialekoei buruzko abenduaren 27ko 24/2001 Legearen 51. artikuluan ezarritakoarekin bat, 2002ko urriaren 4tik aurrera beste lau urterako luzatu da Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren bederatzigarren xedapen iragankorraren behin-behineko indarraldia.

Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko Legearen bederatzigarren xedapen iragankorrak ezartzen du eskaera kasuan kasuko jubilazio-organoari bidali behar zaiola, borondatezko erretiroa hartu nahi den urteko lehenbiziko bi hilabeteetan. Erretiroak eskaera egin den urteko abuztuaren 31tik aurrera izanen ditu ondorioak.

Erretiro eskaerak Langileriaren eta Zerbitzuen Zuzendaritza Nagusian behar bezala tramitatzearren, bidezkoa da borondatezko erretiroa aurretiaz hartzeko 2004. urtean aurkezten diren eskaerei uko egiteko epe bat finkatzea, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko Lege Organikoaren bederatzigarren xedapen iragankorrean ezarritakoarekin bat.

Apirilaren 1eko 165/1996 Foru Dekretuaren bidez, Foru Diputazioko funtzionarioen Erretiro eta Zahar-sarien Erregelamenduari atxikirik ez dauden langileen erretiroak tramitatzeko eskumena Hezkuntza eta Kultura kontseilariari esleitu zitzaion.

Horrenbestez, apirilaren 1eko 165/1996 Foru Dekretuak eman dizkidan eskurantzez baliaturik:

AGINDU DUT:

1. Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko Lege Organikoaren bederatzigarren xedapen iragankorrean ezarritakoari jarraikiz, borondatezko erretiroa aurretiaz hartzeko 2004. urtean aurkezten diren eskaerei uko egiteko azken eguna finkatzea, hots, 2004ko apirilaren 30a.

2. Foru Agindu honen aurka gora jotzeko helegitea paratzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

3. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

4. Foru Agindu hau Idazkaritza Teknikora, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura eta Giza Baliabiden Zerbitzuko Langileri Atalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta lauko urtarrilaren zortzian._Hezkuntza kontseilaria, Luis Campoy Zueco.

Iragarkiaren kodea: F0400871