24. ALDIZKARIA - 2004ko otsailaren 25a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

B U R L A T A

Deialdia, Burlatako Udaleko famili langile izateko bi lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

O I N A R R I A K

1._Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da famili langile izateko bi lanpostu, funtzionarioen araubidekoak, oposizio-lehiaketa bidez betetzea, Burlatako Udaleko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuan ari daitezen. Lanpostuak txanda hauetan daude banaturik:

_1 lanpostu txanda irekian.

_1 lanpostu igoera txandan.

1.2. Hautapen probak gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuaziora ez iristeagatik, bete gabe gelditzen bada igoera txandako lanpostu hutsen bat, orduan txanda irekikoei gehituko zaie.

Igoera txandan hutsik dauden lanpostuak baino izangai gehiagok gainditzen badute, txanda horretan lanpostua eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsa eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta eskuratutako azken puntuazioaren arabera.

Era berean, txanda irekiko lanpostua eskuratzeko aukera izanen dute, aurreko lerroaldean adierazitako moduan, deialdiko 8.1 oinarrian agiriak aurkezteko ezartzen den epea amaitzen denean txanda horretan parte hartzeko eskakizun berariazkoak betetzen ez dituzten igoera txandako izangaiek.

1.3. Udalak kontratatu ahalko ditu, eskuratutako puntuazioaren ordenaren ariora, 30 puntu edo gehiago lorturik probak gainditu bai baina lanposturik lortzen ez duten izangaiak, zerbitzu berean ordezkapenak egin ditzaten. Zerrenda osagarri horrek urtebeterako balioko du, argitaratzen den egunetik, eta lehentasuna izanen du beste edozein zerrendaren aurrean, lanpostuak aldi baterako betetzerakoan.

1.4. Izendapenak Burlatako Udaleko funtzionario publiko bilakatuko ditu izendatuak, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean kidetuko eta hartan izena emanen, jabetza hartzen dutenetik, betiere aipatu araubidearen babesean.

Deialdi honetako lanpostuetarako izendatu eta lehendik eskubide pasiboen eta osasun eta gizarte laguntzaren araubidean, hots, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta gainerako xedapen osagarrietan aipatzen den hartan, afiliatuta dauden funtzionarioek bertan segitzea aukeratu ahal dute edo Gizarte Segurantzan afiliatzea.

1.5. Lanpostuak Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan D mailarako ezarritako ordainsariak izanen ditu. Orobat onesten diren osagarriak izanen ditu edota, horrelakorik ez bada, Burlatako Udalaren plantilla organikoan lanpostu horretarako ezartzen direnak.

1.6. Lanaldia lanpostu bakoitzerako ezarritakoa izanen da eta zerbitzuaren beharretara egokituko da. Administrazio organo eskudunak edozein momentutan aldatu ahalko du.

1.7. Oinarri hauetan aurreikusita ez dauden gaietan Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduan xedatutakoa aplikatuko da.

2._Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunetik hasita, deialdi honetako 8.1. oinarrian ezarritako agiriak aurkezteko epeak iraun bitartean eta lanpostuaren jabetza hartu arte:

_Espainiako herritarra izatea, edo Europako Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europako Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio; orobat, espainiarren eta Europako Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek hartu ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

_Adinez nagusia izatea.

_Eskola-Graduatuko titulua edo Lanbide Heziketako Lehen Mailako titulua edo baliokidea izatea, gutxienez, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

_Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

_Eginkizun publikoetan aritzeko desgaituak edo gabetuak ez egotea eta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik baztertuak ez izatea.

2.2. Igoera txandako izangaiek, aurreko atalean aipatu diren baldintzez gain, honako hauek ere bete beharko dituzte, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunetik hasita, deialdi honetako 8.1. oinarrian ezarritako agiriak aurkezteko epeak iraun bitartean eta lanpostuaren jabetza hartu arte:

_Nafarroako edozein Administrazio Publikotako langile finkoa izatea, eta jatorrizko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

_Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo baxuagokoa izatea.

_Administrazio Publikoetan bost urteko antzinatasun onartua izatea.

2.1 atalean ezarritako gutxieneko titulazioaren baldintzaren ordez, administrazio publikoaren zerbitzuan egindako zortzi urte onartuak froga daitezke.

3._Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Burlatako Udaleko erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira (San Juan kalea, 1, 31600 p.k.) 8:30etatik 14:00etara, edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztientzako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 20ko 30/1.992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz. Horretarako, hogeita hamar egun naturaleko epea izanen da, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak deialdi honetako ereduari lotuko zaizkio (I. eranskina).

3.2. Eskabidearekin batera ondoko agiriak aurkeztu beharko dira:

a) NANaren edo baliokidea den nortasun agiriaren fotokopia konpultsatua.

b) Titulazioaren fotokopia konpultsatua edo hura lortzeko eskubideak ordaindu izanaren frogagiria.

c) Langileen lanpostuetarako deialdiak tramitatzeko tasa (3,65 euro) diruzaintzan ordaindu izanaren frogagiria edo hura ordaintzeaz salbuetsia egotearena (ez dute tasa hori ordaindu beharko langabezian diren izangaiek, betiere Nafarroako Enplegu Zerbitzuak luzatutako enplegu eskatzailearen txartela, eguneratua, aurkezten badute).

d) Izangaiak lehiaketaldian aurkezten dituen merezimenduak ziurtatzen dituzten agiriak, jatorrizkoak. Administraziotik kanpoko lanak edo denbora epe ez osoko kontratuak (asteburuetako lanak, ordezkapenak eta abar) egiaztatzeko, izangaiaren lan bizitza adierazten duen agiri ofiziala, Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak luzatua, aurkeztu beharko da.

Ikastaroei dagokienez, berriz, asistentzia edo matrikulazio frogagiriak, haien iraupena, ordutan, agertzen duten agiriekin batean.

Merezimenduak ezin badira egiaztatu jatorrizko agiri baten bidez, izangaiak balorarazi nahi dituen merezimenduen frogagirien fotokopia kautotuak edo fotokopiak (jatorrizkoarekin batean, konpultsatu ahal izateko) aurkeztuko dira.

3.3. Izangaiek oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkezten dutenean egiaztatu eta frogatu beharko dituzte, agiri bidez, baldintzak eta merezimenduak, edo, betiere, eskabideak aurkezteko epea akitzen den egunean.

3.4. Eskabideak aurkezteko eman den epea luzaezina da.

3.5. Oposizio-lehiaketa 2004ko maiatzean hasiko dela aurreikusten da.

4._Izangaien onarpena.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek, onartu eta baztertuen zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko hamar egun baliodunen barrenean, erreklamazioak egin ahalko dituzte edo, aurkeztutako dokumentazioan akatsik egonez gero, haiek zuzendu.

4.3. Erreklamazio epea iraganik eta horiek ebatzitakoan, Alkateak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko, probak hasteko egunarekin batera.

5._Epaimahaia.

5.1. Epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Mahaiburua: Burlatako Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Gizarte Ongizate eta Hirugarren Adinaren Informazio Batzordeko burua.

Mahaikidea: Burlatako Udaleko Gizarte Ongizate Departamentuko teknikaria.

Ordezkoa: Id.

Mahaikidea: Burlatako Udaleko langileen ordezkaria.

Ordezkoa: Id.

Mahaikidea: Nafarroako Gizarte Ongizate Institutuko langilea.

Ordezkoa: Id.

Idazkaria: Udalbatzakoa edo hark eskuordetzen duena.

5.2. Lehiaketako merezimenduen balorazioa egin aurretik deitu eta eratu beharko da epaimahaia, eta kideen erabateko gehiengoa, bederen, beharko da haren eraketak eta lehenengo jarduketak balioa izan dezaten.

5.3. Epaimahaiak ebatziko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzean sor daitezkeen afera guztiak.

5.4. Epaimahaiak erabakiko du bere zein kidek parte hartu behar duten oposizio-lehiaketako une bakoitzean.

5.4 Epaimahaiak aholkulariak deitu ahalko ditu proba batzuetarako nahiz guztietarako. Aipatu aholkulariek beren esparru teknikoetan bakarrik, ez bestetan, lagundu ahal diote epaimahaiari.

6._Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko Alkatetzaren ebazpenean berean adieraziko du Udalak oposizioa zein toki, egun eta ordutan hasiko den.

6.2. Lehenengo lehiaketaldia izanen da eta ondotik oposizioaldia hasiko da oinarri hauetan ezarritako moduan.

6.3. Epaimahaiak honako baremo honen arabera baloratuko ditu izangaien merezimenduak:

Esperientzia:

a) Famili langile gisa Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuan urtebete osorik aritu izanagatik edozein administrazio publikotan edo berariaz etxez etxeko zerbitzura bideratua dagoen edozein enpresetan, lanaldi osoan: 1 puntu. Zatiki bakoitzetik (6 hilabete osorik), 0,5 puntu.

b) Aurreko a) atal horretako araubide eta baldintza beretan egin baina urteka edo seihileko osoetan konta ez daitezkeen lanengatik: 0,003 puntu lan egindako egun bakoitzeko.

Aurreko ataletako batura ez da 12 puntu baino handiagoa izanen.

Prestakuntza osagarria: Lanpostuarekin ikusteko zuzena duen ikastaro bakoitzagatik:

a) 20 ordu baino gutxiagoko ikastaroak: 0,10 puntu.

b) 20 ordu eta hortik goitikoak, 40 ordutara ailegatu gabe: 0,5 puntu.

c) 40 ordu eta hortik goitikoak, 100 ordutara ailegatu gabe: 1 puntu.

d) 100 ordu eta hortik goitikoak: 1,5 puntu.

Ikastaroa egin izana ziurtatzen duen agirian ez bada haren iraupena zehazten, 0,10 puntu emanen dira.

Aurreko ataletako batura ez da 8 puntu baino handiagoa izanen.

Epaimahaiak lehiakideek alegatu merezimenduen gaineko azalpen eta datuak eskatu ahalko ditu noiznahi.

Euskaraz jakitea: euskaraz jakiteagatik, gehienez ere 10 puntu. Hizkuntza Eskola Ofizial batek luzaturiko gaitasun agiriarekin edo ofizialki haren baliokidetzat jotzen den titulazioarekin frogatu ahalko da, eta, orobat, epaimahaiak zehaztuko duen proba bat gaindituz.

6.4. Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak argitara emanen ditu Udalaren iragarki oholean lehiaketaldian izangaiek lortutako puntuazioak.

6.5. Oposizioaldia.

6.5.1. Lehenbiziko proba.

II. eranskineko programako bi gai idatziz azaldu beharko dira, izangai batek epaimahaikoen aurrean ariketa hasterakoan zozketaz aukeratuta. 0 puntutik 20ra bitartekoa izanen da puntuazioa eta bazterturik geldituko dira gutxienez ere 10 puntu erdiesten ez dituztenak.

6.5.2. Bigarren proba.

Ariketa honetan famili langilearen egitekoei dagozkien ezagutzak eta gaitasunak baloratuko dira, lanarekin zuzenean ikusteko duen kasu praktikoa argituz. 0 puntutik 20ra bitartekoa izanen da puntuazioa eta bazterturik geldituko dira gutxienez ere 10 puntu erdiesten ez dituztenak.

6.5.3. Hirugarren proba.

Izangaiek ariketa psikotekniko batzuk egin beharko dituzte, lanpostuaren ezaugarri profesiografikoaren eskakizunetara zein neurritan egokitzen diren zehazteko. Proba hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Zerbitzuak eginen du eta puntuazioa 20 puntuko izanen da gehienez ere. Bazterturik geldituko dira gutxienez 10 puntu erdiesten ez dituztenak.

Proba hau bigarren ariketaren ondotik egin daiteke eta haren atal bakoitza bereizirik planteatu ahalko da.

6.5.4. Laugarren proba.

Euskaraz mintzatzen eta idazten jakitea baloratuko da, horrela eskatu dutenendako. Proba honek gehienez ere 10 puntu izanen ditu.

6.5.5. Aitzineko probak gainditu dituzten izangaiek elkarrizketa izanen dute epaimahaikoekin, egin beharreko lanaren gorabeherez eta izangaiak oposizio-lehiaketan emandako argibideez. Proba hori 0tik 5 puntura baloratuko da eta ez da baztergarria izanen.

6.5.6. Lehen eta bigarren ariketak pliken sistemaren bidez eginen dira.

6.5.7. Ariketa bakoitza amaituta, epaimahaiak aditzera emanen ditu, gehienez ere 20 eguneko epean, izangai bakoitzak lortutako puntuazioak eta hurrengo ariketak eginen diren eguna eta tokia.

6.5.8. Plikak jendaurrean irekiko dira, eta aldez aurretik iragarriko dira horretarako eguna eta ordua.

6.5.9. Probetarako deiak.

Udaleko iragarki oholean emanen da argitara probak zein egun, ordu eta tokitan eginen diren, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago, edo hogeita lau ordu lehenago hasitako proba baten jarraipena baldin bada.

6.5.10. Identifikazioa eta beste.

Izangai guztiek nortasun agiri nazionala edo legezko baliokidea daramatela agertu beharko dute probetara, eta erakutsi beharko dute eskatzen zaienean, bestela egotzi eta bazterturik geldi baitaitezke, non ez duten egintza berean Zuzenbidean baliozko den beste bideren baten bitartez beren nortasuna egiaztatzen.

Oharrak, apunteak eta abar transkribatzea eta bestelako iruzurrik egitea berehala baztertzeko arrazoia izanen da, deusetan ukatu gabe bidezko izan litezkeen jarduketa penalak.

7._Probak gainditu dituztenen zerrenda eta epaimahaiaren proposamena.

7.1. Izangaien azkeneko kalifikazioa lortzeko oposizio-lehiaketako puntuazio guztiak batuko dira.

7.2. Azken ariketa amaiturik, epaimahaiak aditzera emanen du Udaleko iragarki oholean gainditu dutenen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta, eta puntu gehien lortu duten izangaiak izendatzeko proposamena eginen dio Burlatako Udalari. Proposamen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da.

8._Agirien aurkezpena.

8.1. Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko hogeita hamar egun naturaletan, proposatutako izangaiek deialdiko baldintzak betetzen dituztela ziurtatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte Udalean. Besteak beste, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

8.1.1. Burlatako Udalaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finko ez diren izangaiek:

a) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik berezia ez izanaren zinpeko aitorpena.

b) Eskatu titulazioaren kopia kautotua edo fotokopia (Udaleko bulegoetan aurkeztuko den jatorrizkoarekin konpultsatuko dena), baldin eta 3.1. atalean eskatu epearen barnean aurkeztu ez izana justifikatu bada.

c) Osasun ziurtagiri ofiziala, eritasun fisiko edo psikikorik ez duela ziurtatzen duena.

Deialdi hau egin ez duen Nafarroako beste Administrazio Publikoren bateko langile finkoek, gainera, aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak frogatzen dituen ziurtagiria, hots, sarrerari, antzinatasunari, mailari, egoera administratiboari eta abarrei buruzkoa.

8.1.2. Burlatako Udaleko langile finkoak diren izangaiek Burlatako Udaleko funtzionarioaren egoera eskuratzeko agiriak, Udalak berak eskatutakoak, aurkeztu beharko dituzte.

8.2. Zuzenbidean ezarritako bestelako bideak ere onartuko dira, eskatzen diren agiriak aurkezteko arrazoizko ezintasunik gertatuz gero.

8.3. Inork agiri horiek goian adierazitako epean aurkezten ez baditu, behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin izanen dute izendatu edo kontratatu eta haren jarduketa guztiak deuseztatu eginen dira. Hori, dena dela, ez da eragozpen izanen eskabidean gezurra esateagatik izan lezakeen erantzukizuna eskatzeko.

Arestiko atalean azaldutakoa gertatuz gero, 7.2 oinarriak aipatzen duen zerrendan ondotik heldu den izangaiak beteko du utzitako hutsunea, eta horrekin ere aurreko ataletako prozedura bera erabiliko da.

9._Izendapena eta jabetza hartzea.

9.1. Hautapen prozesua akiturik, eta izangaiek 8.1 oinarrian aipatutako agiriak aurkeztu ondotik, alkateak, ebazpen bidez, proposatutako izangaia Burlatako Udaleko funtzionario izendatuko du, famili langile gisa aritzeko. Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

9.2. Izangai izendatuek hilabeteko epea izanen dute lanpostuaren jabetza hartzeko, izendapena jakinarazten denetik hasita. Aipatu epean eta behar bezain ongi arrazoitutako kasuetan izan ezik, izangairen batek ez baldin badu lanpostua bere egiten, Burlatako Udaleko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Halakorik gertatuz gero, 8.3 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

10._Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari berari zuzendua, errekurritutako erabakiak argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

b) Gora jotzeko errekurtsoa Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi ondoko hilabetearen barrenean.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien sailari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

I. ERANSKINA

Eskabide eredu ofiziala

Izen-deiturak: ......................, adinez nagusia, NANa: ................ Jaioteguna eta jaioterria: .........., ............. (...........), bizilekua, jakinarazpenak egiteko: ............ (.......), kalea: ..........., zenbakia: ......., posta kodea: .............. eta telefonoa: ...........

zure aitzinean agertzen naiz eta erarik bidezkoenean honako hau diot:

Burlatako Udalaren zerbitzuko famili langile izateko bi lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian parte hartzeko onar nazatela eskatzen dudala, aipatu txandan (deialdia ...... zenbakiko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, .........(e)an).

f Txanda irekia.

f Igoera txanda

Karguan aritzea galarazten didan eritasun edo akats fisiko edo psikikorik ez dudala.

Indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez dudala.

Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Deialdiko 2. oinarrian adierazten den titulazioa badudala.

Deialdian ezarritako azterketa eskubideak ordaindu ditudala, eta horren egiaztagiria erantsi dudala.

Baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala eskabideak aurkezteko epearen azken eguna baino lehen.

Euskarazko probak egitea eskatzen dudala (.........)

Euskararen gaitasunaren agiria edo ofizialki baliokidea den beste titulu bat aurkezten dudala (.......)

Horrenbestez,

Eskabide hau onartu eta, ondorioz, Burlatako Udaleko famili langile izateko bi lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dut.

Burlatan, 2002ko .............aren ..............(e)an.

(Eskatzailearen sinadura)

...................... jaun/andreak, .............. NANa dudanak, eskabidea aurkeztu dut Burlatako Udaleko famili langile izateko bi lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdirako.

II. ERANSKINA

1._Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea. Organoak.

2_Udalerria. Kontzeptua eta osagaiak. Ahalmenak eta eskumenak. Udal gobernua. Burlatako Udaleko egitura organikoa eta funtzionala.

3._Hirugarren adinekoei buruzko berariazko araudia Nafarroan. Nafarroako Gizarte Ongizate Institutuko Hirugarren Adinekoentzako Atalaren antolakuntza. 2002an egindako jarduerak.

4._Gizarte Zerbitzuak Nafarroan. Legeria, ezarpena eta garapena. Etxez etxeko laguntza zerbitzua ongizatearen estatuan. Etxez etxeko laguntza gizarte zerbitzuetan. Egitura funtzional eta organikoak. Harremana eta interdependentzia.

5._Nafarroako Foru Komunitateko Plan gerontologikoa. Antolatzeko zergatiak eta oinarriak.

6._Gizarte zerbitzuen kalitatea. Kalitatearen definizioa. Kalitateaz hitzegiteko beharrezko baldintzak. Kalitatearen ikuspegia gizarte zerbitzuetan.

7.-Gizarte Zerbitzuetako erabiltzaileen asetzea. Gizarte zerbitzuetako erabiltzaileen asetze neurriak. Prestakuntza, kalitatea hobetzeko bitarteko gisa.

8._Adindunen ezaugarri fisiko, psikiko eta sozialak. Sortzen diren arazo nagusiak.

9._Etxez etxeko laguntzaren xede diren egoera sozio-familiar eta osasun egoerak. Deskripzioa, balorazioa eta haiei heltzeko manerak, famili langilearen lanaren ikuspegitik.

10._Etxez etxeko laguntzan aitzintzeko gizarte eta osasun arloko alderdiak.

11._Elikadura, medikazioa eta ariketa fisikoa, etxez etxeko laguntzan aitzintzeko bide.

12._Depresioa eta dementzia adindunengan. Zeinu nagusiak eta famili langileak nola heldu.

13._Adindunen ohiko gaisotasunak. Esku hartzeko aukerak: zaintzaile nagusia, famili langilea. Alzheimerrari buruzko ezagupenak.

14._Heriotza eta dolua adindunengan. Ondorioak familiarengan eta zaintzaileengan.

15._Denboraren pertzepzioa adindunengan. Nahasmenduak eta ondorioak. Loaren gorabeherak.

16._Etxez etxeko laguntzaren kontzeptua eta edukiak. Kontsiderazio orokorrak. Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren eredua: oinarrizko elementuak. Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren edukiak eta eginkizunak.

17._Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren eta gizarte-osasun arloko bestelako laguntzen arteko ezberdintasunak. Zaintzaile informalak.

18._Etxez etxeko zerbitzuetako ohiko laguntza motak.

19._Etxez etxeko laguntzaren mugak. Etxez etxeko laguntzailearen mugak. Ohiko arazoak. Tratu txarrak adindunei.

20._Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren gizarte eta osasun arloko eginkizunak, eta berariazko eginkizunak.

21._Famili langileak: zer diren. Eginkizunak, harremanak gizarte-osasun arloko bestelako profesionalekin. Harremanak erabiltzaileekin eta haien familiekin.

22._Famili langileen prestakuntza profesionala. Profesionaltasunaren kontzeptua. Ezagutzak, gaitasunak eta dohainak.

23._Etika profesionala. Informazioa maneiatzea. Erabiltzailearekin eta haren familiarekin landu beharreko jokaerak. Komunikazioa eta konfidentzialtasuna.

24._Etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileen zainketa pertsonala: higienea, osasun fisikoa, osasun mentala. Sortzen diren arazo nagusiak.

25._Etxez etxeko langilearen gaitasun sozialak: komunikazioa, adierazkortasuna, autopertzepzioa, autoestima.

Iragarkiaren kodea: L0401722