24. ALDIZKARIA - 2004ko otsailaren 25a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

39/2004 FORU AGINDUA, otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak emana, Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren aitorpenaren araubidearen menpeko dokumentuak eta aitorpenak non aurkeztu behar diren zehazten duena.

1928ko otsailaren 24ko Errege Aginduz Nafarroako Jabetza-erregistratzaileei aitortu zitzaien Eskubide Errrealen gaineko Zergaren eta Nafarroako Foru Diputazioak ezar zezakeen ondasun-eskualdaketaren gaineko beste zerga batzuen likidatzaile-eginkizunetarako eskumena.

1928ko apirilaren 20ko Erregelamenduak, Eskubide Errealen gaineko Zergaren eta ondasunen eskualdaketaren gainekoaren aplikaziorakoak, ezarri zuen 115. artikuluan ezen Diputazioaren Tinbre eta Eskubide Errealen Bulegoaren eta Likidazio-bulegoen esku egonen zela zergaren administrazioa, barruti judizial bakoitzeko Jabetza-erregistroetan kokatuko baitziren. 116. artikuluak xedatu zuen ezen Bulego bakoitzean barrutiko Jabetza-erregistratzailea soil-soilik arduratuko zela zergaren likidazioaz, edo legez haren ordezko zena, zeinak izanen baitziren zergaren likidatzaile ofizialak.

Arau bertsuak jaso ziren 1949eko otsailaren 11ko Eskubide Errealen gaineko Zergaren eta Ondasun-eskualdaketen gainekoaren erregelamenduetan eta 1942ko urtarrilaren 23ko Tinbrearenean, eta Oinordekotzen eta Ondare-eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko zergak onetsi zituen 1970eko apirilaren 10eko Foru Diputazioaren Erabakian.

Harrezkeroztik Jabetza-erregistratzaile batzuekin elkarlanak izan du jarraipena eta likidatzailletzat hartuak izan dira, nahiz eta adierazi beharra dagoen elkarlana unez uneko premia juridiko, ekonomiko eta administratiboetara egokitu behar izan dela.

Horrela, Oinordetzen, Ondare-eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergei buruzko Arauen 201. artikuluak _1970eko apirilaren 10ean Foru Diputazioaren Erabakiz onetsi ziren_ aldaketa nabarmena ekarri zion; izan ere, zenbait zerga hein batean aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko martxoaren 14ko 3/2002 Foru Legearen arabera, honela gelditu baitzen idatzirik, 2002ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin: "Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zerga kudeatu, ikuskatu, likidatu eta biltzeko eskumena Ekonomia eta Ogasun Departamentuari dagokio". Hala ere, arau haren Zortzigarren Xedapen Gehigarriak arautzen du Ekonomia eta Ogasun kontseilariari eman beharreko baimena, bai Nafarroako Foru Komunitateko jabetzaren erregistratzaileei Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren kudeaketa eta likidazioaren arloan eginkizunak ezarri ahal izateko, eta baita eginkizun horiei buruz haiekin akordioak sinatzeko ere.

Xedapen Gehigarri horretan eratxikitako eskurantzak erabiliz, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak, uztailaren 2ko 188/2002 Foru Aginduz, baimena eman zuen Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren eta Espainiako Jabetzaren eta Merkataritzako Erregistratzaileen Elkargoaren artean lankidetza-hitzarmen bat sinatzeko Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zerga kudeatzearren, eta gaur egun indarrean da oraindik.

Foru Agindu honen xedea da Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren beraren likidazio-bulegoak edo Jabetza-erregistratzaile batzuenak zehaztea, han aurkeztu beharko baititu zergadunak Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergari buruzko Erregelamenduak 40. artikuluan aipatzen dituen dokumentu eta aitorpenak, kontzeptu horri dagokion likidazioa egin diezaioten, baldin eta subjektu pasiboak ez badu aitorpen-likidazioa aurkezteko aukera egin.

Nabarmentzekoa da, tradizioari jarraikiz, Jabetza-erregistratzaileen Lankidetza-hitzarmenean ezarritako esparruan zerga hori kudeatzeko eskudun Tutera, Tafalla eta Lizarrako Barruti Hipotekarioetako Jabetza-erregistratzaileak bakarrik direla, numeraziorik baxuena duten erregistroen titularrak alegia, hala nola Agoizko Barruti Hipotekarioko Jabetza-erregistratzailea.

Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren Erregelamendua onetsi zuen urtarrilaren 26ko 16/2004 Foru Dekretuaren 40. artikuluan xedatutakoari jarraituz, Ekonomia eta Ogasun kontseilariari ematen baitio subjektu pasiboek zergaren likidazioa egin dakien aurkeztu beharreko aitorpenak eta dokumentuak non aurkeztu behar dituzten zehazteko ahalmena,

AGINDU DUT:

Lehena._Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren Erregelamenduaren 40. artikuluak aipatzen dituen aitorpenak eta dokumentuak honako arau hauei jarraikiz aurkeztuko dira:

1. "Mortis causa" eskurapenak.

a) Kausatzailea Nafarroan hil bada:

a') Banaketa-dokumentua edo jaraunspen-ondasunen azalpenekoa, Nafarroan egiletsia: Zergadunak aukeran du kausatzailea hil zen lekuko likidazio-bulegoan edo dokumentua egiletsi den lekuari dagokionean aurkeztea.

b') Nafarroatik kanpo egiletsitako dokumentua: Kausatzailea hil den lekuari dagokion likidazio-bulegoan.

b) Kausatzailea Nafarroatik kanpo hil bada:

a') Nafarroan egiletsitako dokumentua: Egiletsi den tokiari dagokion likidazio-bulegoan.

b') Nafarroatik kanpo egiletsitako dokumentua: Ondasun edo eskubide eskualdatuak daudekeen lekuei dagozkien likidazio-bulegoetako edozeinetan, eta, Nafarroan ez badaude, bertan ezarritako bulegoetako edozeinetan.

2. Dohaintzak eta gainerako "inter vivos" eskurapen kostugabeak:

a) Nafarroan egiletsitako dokumentu publiko nahiz pribatuak: Egilesten diren likidazio-bulegoan.

b) Nafarroatik kanpo egiletsitako dokumentu publiko nahiz pribatuak:

a') Nafarroan dauden ondasun higiezinei edo ondasun higiezinen gaineko eskubide errealei buruzkoak: Ondasun horiek aurkitzen diren edo dauden lekuari dagokion likidazio-bulegoan.

b') Zerga Nafarroan ordaindu behar duten ondasun higigarri eta azienda-ondasunak: Eskuratzailearen helbideari dagokion likidazio-bulegoan, eta bat baino gehiago badira, haietako edozeinen helbideari dagokionean.

c') Ondasun higiezin eta higigarriei batera dagokienean: Lehenbizikoentzat ezarritakoaren arabera dagokionarena izanen da eskumena.

3. Bizitza-aseguruen kontratuen onuradunek dirukopuruak jasotzen dituztenean:

a) Kausatzailea bera norbanakoaren aseguruaren kontratatzaile edo talde-aseguruko aseguratu dela-eta, onuradunaren jaraunspen-eskurapenaren osagai diren kopuruak: Aurreko 1. arauan jasotako irizpideen arabera aurkeztea non dagokion, likidazio-bulego harexetan.

b) Bizitza-aseguruen kontratuen onuradunek jasotako gainerako dirukopuruak: Eskuratzailearen helbideari dagokion likidazio-bulegoan, eta bat baino gehiago badira, haietako edozeinen helbidean.

4. "Mortis causa" eskualdaketei buruzko dokumentuak izanik, oinordetza bati buruzko dokumentu guztiak bulego berean aurkeztuko dira. Haietako baten lehen aurkezpena egiaztatu duenak gainerakoak eskatu beharko ditu.

5. Dokumentu bakar batean jasoak badira zenbait jaraunspenetatik eskuratutako ondasunak, denboran azkena gertatutakoa aurkeztu behar den bulegoan aurkeztu behar da.

6. Egintza edo kontratu bakarrak zenbait likidazio partzial behin-behineko nahiz behin betiko badakartza, bigarrena eta hurrengoak lehenbizikoa egin duen likidazio-bulegoak egin behar ditu.

7. Usufruktu edo pentsioen iraungipenari buruzko dokumentuak, edo baldintzak bete direla jasotzeko xedea dutenak, haiek eratu edo ezartzeko egintza edo dokumentuen berri jakin zuten bulego berean aurkeztu behar dira.

8. Dokumentu berean baldin badira zerga beraren peko bi egintza edo kontratu edo bi baino gehiago, likidazio-bulego bakar batena izanen da eskumena, hain zuzen ere dokumentuan jasotako egintza edo kontratuetako bat likidatzeko eskumena izanik, hura aurkeztu zaiona.

Zenbait eskualdaketa jasotzen dituzten dokumentuak izanik, lehenago likidazio-bulego desberdinetan egin bazaizkie behin-behineko edo behin betiko likidazioak, arau honen arabera ezarritako eskumenari men eginen zaio, nahiz eta eskualdaketak dokumentu bakar batean bildurik egon.

9. Aurreko arauei jarraikiz ezin bada zehaztu eskumena, kasu guztietan, Likidazio-bulego nagusiari eramanen zaio.

Bigarrena._Dokumentu bat aurkezten bada aurreko ataleko arauei jarraikiz eskumenik ez duen Likidazio-bulego batean, likidatzaileak bulego eskudunera bidaliko du, eta gorabeheraren berri ohar baten bidez emanen, eta, gainera, ofizioz, interesatuari dagokion oharra igorriko dio. Kasu horretan, lehenik aipatutako bulegoan aurkeztutako datan aurkeztutakotzat hartuko da.

Hirugarrena._Foru agindu honen ondorioetarako, likidazio-bulegotzat hartuko dira bai Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Oinordetzen eta Dohaintzen, Ondare-eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergen Atala, Likidazio-bulego nagusia izanen baita, bai Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zerga kudeatu eta likidatzeko eginkizunak eman zaizkien Nafarroako Foru Komunitateko Jabetza-erregistratzaileen ardurapeko bulegoak, Zergaren Testu Bateginaren Xedapen Gehigarrian xedatutakoaren arabera.

Laugarrena._Likidazio-bulego bakoitzaren lurralde-eskumenaren muga ezartzeko, legeria hipotekarioak une bakoitzerako zehazten duen Barruti Hipotekariorako ezarritako mugapenak aginduko du.

AZKEN XEDAPENA

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta lauko otsailaren hamahiruan._Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Francisco J. Iribarren Fentanes.

Iragarkiaren kodea: F0402539