153. ALDIZKARIA - 2004ko abenduaren 22a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

BUÑUEL

Plan Partzialeko aldaketa behin betikoz onetsirik

Buñuelgo Udalak, 2004ko urriaren 20an egin osoko bilkuran, erabaki zuen behin betikoz onestea herriko industrialdeko Plan Partzialeko aldaketa, Navarra de Suelo Industrial, S.A.k (NASUINSA) sustaturik.

Argitara ematen da, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 81. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Buñuelen, 2004ko urriaren 25ean._Alkatea, Santiago Mayayo Chueca.

HIRIGINTZA ARAUDIA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Buñuelgo industrialdeko Plan Partzialeko aldaketak helburua du eremu horretan sartutako lurren hirigintza araudia argi eta garbi baieztatzea, etorkizuneko garapenetarako, lehenagoko araudiaren arabera jadanik dagoen industri jarduerak hartutako betebeharrak aldatu gabe.

Sartzen diren aginduak ulertuko dira maila goragoko legezko nahiz erregelamenduzko arauetan xedatutakoa ukatu gabe.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Plan Partzialeko aldaketa hau, indarra hartzen duenetik, planoetan adierazten den eremu guztian aplikatuko da, bai jatorrizko Plan Partzialean definitutako lehen etapan urbanizatutako lurzatietarako, bai etorkizunean definitzen diren lurzatietarako, lurzatiak batu eta bereizten direneko kasuak barne, halakorik gertatzen bada. Beraz, Buñuelgo industrialderako 1983an onetsi zen Plan Partzialeko aginduen ordezkoa izanen da. Buñuelgo planeamendu orokorrak, 1983ko Plan Partziala prestatu ondotik onetsi zenak, poligonoan indarra zuen Plan Partzialeko testuak eta baldintzak onartzen zituen; hortaz, ez da beharrezkoa planeamendu orokorra aldatzea jatorrizko Plan Partzialaren osagarri eta, zati batean, ordezko den dokumentu hau onetsi eta gero.

3. artikulua. Diharduen administrazioa.

Plan Partzialeko aldaketa Nafarroako Gobernuaren ekimenez egiten da, hura baitzen orain aldatzen den Plan Partzialaren jatorrizko sustatzailea.

4. artikulua. Indarraldia.

Udal Planeko aldaketak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean behin betiko onespena argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Indarraldia mugagabea izanen da, harik eta berrikusi eta maila bereko nahiz goragoko bertze dokumentu bat behin betikoz onesten den arte.

5. artikulua. Sailkapena.

Plan Partzialeko aldaketak bere eremuan sartutako lurren sailkapenari eusten dio.

Aldaketa honek eremu osoari eragiten dio, araudiaren aplikazioari dagokionez. Hartara, araudi berria lurzati guztietan aplikatuko da, baita jarduerak dituztenetan ere obra lizentzia behar denetan (jarduera handitzen edo berritzen delako, eta lurzatiak batzen edo bereizten direlako).

6. artikulua. Sailkapena.

Plan Partzialeko aldaketak aitzineko dokumentuan definiturik ez zeuden erabilera mota hauek zehazten ditu, gaur egungo legeriaren deskripziora hobeki egokitzen baitira:

a) Esleipen mailaren arabera:

_Orokorrak.

_Xehekatuak

b) Egokitasunaren arabera:

_Aurreikusiak: eremu bati esleiturik, haren ehuneko 50 baino gehiago okupatzen duren erabilerak dira.

_Onartuak: nagusien osagarriak dira, definizioz, eta ez dira esleitutako azaleraren ehuneko 50 baino gehiago izanen.

_Debekatuak: aitzinekoetan espresuki sartu ez diren guztiak.

c) Eginkizunaren arabera:

_Industriarakoa.

_Askotarakoa.

_Erabilera publikoko askotarakoa (ekipamendurako).

7. artikulua. Erabileren bateragarritasun taula.

_Erabilera xehekatu aurreikusia: industriarakoa (mugarik gabe, industria motaren aldetik).

Erabilera onartuak: aparkalekuak, biltegiak, ekipamendua, azpiegiturak, berdegune pribatuak, etzebizitzen zerbitzua, nekazaritza.

Erabilera debekatuak: gainerakoak.

_Erabilera xehekatu aurreikusia: askotarakoa (ekipamenduak barne).

Erabilera onargarriak: aparkalekuak, industria, merkataritza, biltegiak, ekipamendua, azpiegiturak, berdegune pribatuak, etzebizitzen zerbitzua, nekazaritza, haurrendako parkea, trafikoa, hirugarren sektorea, erabilera sozialerako edo zerbitzuetarako ekipamenduak.

Erabilera debekatuak: gainerakoak.

Ez da mugarik baimentzen den industri erabilerarako.

8. artikulua. Urbanizatzeko eskubidea eskuratzea.

Eremuan sartutako lurretan urbanizatzeko eskubidea eskuratua da jatorrizko Plan Partzialaren bitartez.

9. artikulua. Garapena.

Plan Partzialak sailkaturiko lurzorua urbanizatzeko proiektuen bitartez garatuko da, jatorrizko Plan Partzialean definitzen zen bezalaxe.

10. artikulua. Ekipamendu eta lagapenak.

Udalerriak erabilera publikoko eremuen lagapenak eskuratuak ditu, lehengo planeamenduarekin eta Nafarroako Gobernuaren eta Buñuelgo Udalaren artean 1995eko maiatzaren 3an sinaturiko hitzarmenarekin bat. Plan Partzialeko aldaketa jadanik lagatako eremuei dagokienez eta haien aprobetxamenduak aldatzen ez baditu ere (zerbitzuetarako eremuek, nagusiki, ez zutelako eraikitzeko eskubiderik berariaz esleiturik, eta horrela zutenetan muga araudiari baizik ez zegokiolako, kontzeptu aldetik ekipamenduetarako eremuak baitziren) nahitaezkoa da Udalaren onespena, kontuan harturik Udala dela lekualdatuko eta bere erabilera eta handi-zabaletan birdefinituko diren eremuen jabea.

11. artikulua. Jarduketa sistema.

Lurzatien eta eremu publikoen definizio berriari dagokionez, aldaketa honen kudeaketa 1995ean sinaturiko lagapen hitzarmenean gehigarri bat sinatuz eginen da, izan ere aldaketak ez du aprobetxamendurik ez banaketarik aldatzen, eta bi administrazioei baizik ez dagokie (Gobernua eta Udala), eta ez jabe pribatuei.

II. KAPITULUA

Arau orokorrak

12. artikulua. Hirigintzako aprobetxamendua.

Jatorrizko Plan Partzialak argi eta garbi adierazten zuen lurzatien eraikigarritasuna, haien okupaziotik abiatuta, baina ez zuen koefizienterik esleitzen industrialdeko erabilera ezberdinetarako. Industrialdearen kokapenak eta xedeak industriaz bertzeko erabilerak merkaturatzeko biderik ematen ez dutenez (horra zergatik, aldaketa honetan, askotarako erabilerek industria erabilera onartutzat jotzen duten), eta lurzatien aprobetxamendua argitu nahirik birkokapenik, lur batzerik edo lur bereizketarik egiten ote den, erabileren homogeneizazio koefizientea 1 da eraikuntzako erabilera guztietarako eta 0, berriz, eremu libreetarako, erabilera publiko edo pribatukoak izan.

Banaketa eremutako, industrialdeko lurzoruan urbanizagarri gisa definitzen dena baizik ez da jasotzen, hiri lurzoru finkatuaren azalera sartu gabe. Eremu honetan alderdi batzuk bereizi dira, haren eginkizun xehekatuaren ariora, alderdi bakoitzeko eraikigarritasuna eta erabilera eta tipologia eraikigarri ezberdinen ponderazio koefizienteak ezarriz, aprobetxamendu homogeneizatu guztia ereduko aprobetxamendua kalkulatzeko oinarri gisa zehazten duten parametro gisa. Hiri lurzoru finkatuko lekuneak ez dira aintzat hartzen aprobetxamenduen kontaketarako, egungo kalifikazioari eta egungo aprobetxamenduei eusten zaielako.

Horrenbertzez, banaz-betzeko aprobetxamendua kalkulaturik gelditu da industrialdea osatzen duen banaketa eremu eta exekuzio unitate bakarrerako:

_Banaketa eremuko ereduko aprobetxamenduaren kalkulua, ezarritako koefizienteen ariora.

Industria, beheko solairuan 275.544 1,00 275.544

Industria edo bulegoak, solairuartekoan 0 1,00 0

Industria, pribatu librea 156.346 0,00 0

Askotarako eraikigarria 4.216 1,00 4.216

Askotarakoa, pribatu librea 178.720 0,00 0

OSOTARA 279.760

Ereduko aprobetxamendua exekuzio unitatean: 279.760 AU/644.635 m² = 0,434 AU/m².

13. artikulua. Urbanizazio proiektuak.

Planeamenduaren garapena urbanizatzeko proiektuen bidez eginen da, jatorrizko Plan Partzialak agintzen duenarekin bat.

Urbanizatzeko proiektuek aldaketak eragiten ahalko dituzte bide-sisteman, betiere haren aldaketak bertzelako aprobetxamendurik edo bertzelako lurzatiketarik ekartzen ez badu.

Urbanizatzeko garatzen diren proiektuek kontuan hartuko dute oztopo fisiko eta zentzumenezkoak kentzeari dagokionez indarra duen legeria, baita legeria hori garatzen duten dekretuak ere.

14. artikulua. Lurzatiketa.

Planoetako lurzatiketa ez da behin betikoa. Lurzatien banaketa aldatzen ahalko da industrien premien ariora, bai moduloak erantsiz, bai lurzatiak batuz, bai lurzatiak bereiziz. Horren ondoriozko lurzatia jatorrizko lurzatitzat hartuko da, ondorio guztietarako.

Ondoriozko lurzati guztiek sarbide bermatua izan behar dute, bide-sistema publikotik.

Gutieneko lurzatiak ezartzen dira, etxe sail bakoitzerako:

A lurzatiak. Lurzatien gutieneko azalera: 600 m².

B lurzatiak. Lurzatien gutieneko azalera: 1.200 m².

C lurzatiak. Lurzatien gutieneko azalera: 1.200 m².

D lurzatiak. Lurzatien gutieneko azalera: 800 m².

E lurzatiak. Lurzatien gutieneko azalera: 800 m².

F lurzatiak. Lurzatien gutieneko azalera: 1.400 m².

G lurzatiak. Lurzatien gutieneko azalera: 2.500 m².

H lurzatiak. Lurzatien gutieneko azalera: 300.000 m².

A askotarakoak. Lurzatien gutieneko azalera: 0 m².

B askotarakoak. Lurzatien gutieneko azalera: 0 m².

C askotarakoak. Lurzatien gutieneko azalera: 0 m².

Lurzatiak batzea eta bereiztea zuzenean eginen da, lizentziarako obra proiektuan, ekarriz industrialdearen sustatzaileak bereizketa onetsi duelakoa eta segurtatuz urbanizatzeko behar diren azpiegiturak, beharrik izanez gero eta dagokion proiektuaren bidez, ondoriozko lurzatietan behar diren aparkalekuetarako, araudi honetan ezarritako irizpideen ariora edo irizpideak justifikatuz norberaren irizpidearen ariora, horiek justifikatzeko araudi honetan informazio aski ez bada.

Ondoriozko lurzatiaren eraikigarritasuna aterako da hainbanatuz lurzatia osatzen duten jatorrizko pusketako eraikigarritasuna ondoriozko lurzatiaren azalerara bakoitzak ekartzen duen azaleraren heinean, halako moldez non industria eremu osoko ondoriozko eraikigarritasuna eta jatorrizko eraikigarritasuna berdinak izanen baitira beti. Gauza bera aplikatzen ahalko da behar diren aparkalekuetarako. Zenbat aparkaleku ateratzen diren jakiteko, etxe sailerako behar direnak hainbanatuko dira ondoriozko lurzatiaren eraikigarritasunaren ariora.

15. artikulua. Aldi bereko urbanizazioa eta eraikuntza.

Udalak urbanizazioa eta eraikuntza batera egiteko baimena eman dezake, baina horretarako eskatu beharko ditu erregelamenduz ezarritako bermeak, hau da, urbanizatzeko obren ehuneko 20, gehienez ere, lizentzia jaso duen lurzatiari dagokion atalean.

16. artikulua. Bide sarea.

Bide erreserba jatorrizko Plan Partzialean egiten zen bide aurreikuspenari eutsiz definitzen da eta exekuzio pribatukoa izanen da H lurzatiari dagokionez, berari baizik ez baitio zerbitzu eginen, nahiz eta okupatzen den eremua industrialdeko berdegune gisa lagako den. Beraz, "H" lurzatiaren jabeak mantentze obrarik egiten badu, horien gaineko mantentze lanak "H" lurzatiaren jabearen bizkar izanen dira, lurzoru publikoan izanagatik ere, hura baita mendeko finka "H" lurzatiaren jaberen aldekoa.

17. artikulua. Asotsak. Onar daitekeen soinu maila.

Soinu mailak eta dardariak indarra duen araudian zehaztu baino tikiagoak izanen dira; horretarako, behar baldin bada, behar diren neurri zuzentzaileak hartuko dira, hala nola motorrak kapsulatzea, soinua pantailatzea, etab.

18. artikulua. Sute eta leherketei aitzintzea

Industriek bermatuko dute ez dutela deusik ez kargarik paratuko, sute-aho, ur-gune finko, itzalgailu, segurtasun irteera eta abarretara zuzenean ailegatzea traba dezaketenak.

19. artikulua. Leherketa arriskuak.

Hona hemen leherketa arriskua duten jarduerak:

_Jarduera sailkatuen gainean indarra duen Erregelamenduan halako arriskuarekin agertzen direnak.

_Berez edo airearekin nahastean leherketa eragiteko moduko baldintzetan manipulatzen edo biltegiratzen direnean.

Industrialdean ez da lehertzeko arriskua duen jarduerarik onartuko, istripuzko leherketa baten ondorio mekanikoak deuseztatzeko aitzintzeko eta babesteko neurriak hartzen ez badira.

20. artikulua. Urbanizatzeko eta eraikitzeko instalazioetarako xehetasunak.

Ezarri nahi diren instalazio guztiek bete beharko dituzte indarra duten erregelamendu eta jarraibide teknikoak, aplikatzen ahal bazaizkie.

III. KAPITULUA

Udal ordenantzen araudi partikularra

21. artikulua. Edukia eta aplikazio eremua.

Ondoko artikuluak, Plan Partziala osatzen duten dokumentuak diren aldetik, udal ordenantzatzat hartu beharko dira nahitaez Buñuelgo industria eremuaren barnean egiten diren obra, instalazio eta jarduera guztietan. Halaber, nahitaez bete beharko dira hirigintzari, industria eta eraikuntza jarduera eta instalazioei dagozkien erregelamendu eta legezko araudi guztiak, indarra badute, baita etorkizunean agertzen direnak ere.

Ordenantza hauek Plan Partziala behin betikoz onesten den egunean hartuko dute indarra eta indarrean denbora mugagabean iraunen dute, berritzen edo aldatzen diren arte.

22. artikulua. Eskuratzen ahal den aprobetxamendua.

Eskuratzen ahal den aprobetxamendua ereduko aprobetxamenduaren ehuneko 90 izanen da, edo indarra duen araudiaren ariora aplikatzen ahal dena.

23. artikulua. Urbanizazio proiektuak.

Plan Partzialaren garapena urbanizazio proiektuaren edo proiektuen bidez eginen da.

Nafarroako Gobernuaren herri lanen gaineko planetan aldaketak egiteagatik bide sare nagusitik bertzelako sarbidea behar bada ere, Plan Partzialean ez da aldaketarik egin beharko, betiere funtsezko eragina ez badu industrialde barneko bide-sisteman.

24. artikulua. Eraikitzeko lizentziak.

Eraikitzeko udal lizentzia emateko, Udalari proiektu teknikoa aurkeztu beharko zaio; hartan, industri eraikin eta bastizak definitzeaz gain, okupatu beharreko lurzatiaren barnea urbanizatzeko obren ebazpenak sartuko dira.

Indarra duen legeriaren arabera bidezkoak diren gainerako baimenak eta kasuan-kasuan aplikagarri diren lege berariazkoek finkatzen dituztenak deusetan ukatu gabe, egintza hauek lizentzia behar dute aurretik:

_Eraikuntza jarduerak lurzatiaren barnean.

_Eraikuntzaz kanpoko jarduerak, lurrerauzketak eta, sestretan edo azpiegituretan, aldaketak ekartzen badituzte.

_Kanpo errotuloak.

_Lurzatietako itxiturak.

_Etxolak, teilapeak edo estalpeak.

_Markesinak.

Elementu edo jarduera horietarako, araudi honetan agintzen denarekin bat definituko dira proiektuak eta emanen lizentziak.

25. artikulua. Jarduera lizentzia.

Jarduera lizentziak aldi bakoitzean indarra duen legeriarekin bat tramitatuko dira.

26. artikulua. Industria onargarriak. Mugak, bertze industria batzuetan eraginak sorrarazteagatik.

Bertzerik ez bada, industria mota guztiak eta industria erabilera guztiak onargarritzat hartzen dira, nahiz eta Nafarroako Gobernuak ezartzen ahalko dituen bidezko iruditzen zaizkion lehentasun irizpideak, honako hauei dagokienez: paratutako industriekiko harremana, industrien tamaina, enplegua azalera okupatutik, eskualdeko lehengaien erabilpena, haien bolumena eta izaera, sektorearen egonkortasuna eta aurrera begirakoak, ingurunearen gaineko eragina, etab.

IV. KAPITULUA

Hirigintzako araudia eta eraikuntzaren arauketa. Lurzati guztiendako araudia

27. artikulua. Lurzatietako sarbideak.

Lurzatien barrenean edozein obra egin baino lehen, lurzatiaren fronteko kanalizazio guztiak sendotu eta babestu beharko dira, gero ibilgailuak lurzatira sartzeko behin betiko bidea paratuko den eremu osoan. Lurzatian kokatu nahi duen enpresaren kontura eginen da sendotze hori.

Betiere, kanalizazioak, kutxetak, zintarriak edo industrialdeko bertze instalazio orokorrak hondatu edo hautsiz gero, batez ere obrak egiten direnean, berehala konponduko dira lurzatiaren adjudikazio-hartzailearen kontura.

Behin betiko sarbideak planoetan adierazten diren zehaztasun partikularrekin bat kokatu eta eginen dira.

Orobat, jabearen eginkizuna izanen da urbanizazioa burutzea bere lurzatiak okupatzen duen fronte guztian, eremu publikoraino; horretarako, dagozkion espaloi tarteak egin beharko ditu, baita sarbideetarako behar diren zintarriko oketsak eta bere lurzatiaren kanpo aldeko berdegunearen egokitzapenak ere.

Lurzatietara sartzeko eremuak, planoetan adierazten diren bide sekzio guztiekin batera, gurpil-geruzak duen ubidea izanen du muga, alde batetik, eta lurzatiaren itxitura, bertzetik. Erabili beharreko materiala industrialdea urbanizatzeko proiektuak definituko du. Ubidea ez da inola ere moztuko.

28. artikulua. Lotura industrialdeko zerbitzu orokorrekin.

Lurzati bakoitzak lotura bakarra izanen du ura banatzeko sare orokorrarekin eta argindar, telefono eta abarren sareekin, eta jabearen kontura izanen dira lotura paratzearen ondoriozko gastuak eta kostuak.

Ura banatzeko sareko hartunea horretarako aurreikusten diren adarretan eginen da, eta lurzatiaren barnean ur-kontagailu bakarra paratu beharko da, zehazten zaion motakoa, eta aise irizteko moduko lekuetan, haren irakurketa eta kontrola egiteko.

Gainera, lurzati bakoitzerako, ur-hartune bat aurreikusi beharko da, suteen kontra babesteko instalaziorako, dagokion araudiaren arabera.

Halaber, hartunearen tokian ura eteteko giltza paratu beharko dute, sare orokorraren ondoan, baita behar den kutxeta ere, hura jadanik egina ez badago.

Enpresa banatzaileek edo paratzaile baimenduek eginen dituzte argindarraren eta telefonoaren sareekiko loturak, eta lurzatiaren jabearen kontura izanen dira legez dagozkion gastuak eta kostuak, une bakoitzean indarra duen araudi orokorrean xedatutakoari jarraikiz.

Hondakin uren eta euri uren kolektoreetara, loturak egiteko ordenantzetan horretaz ari den artikuluan eta indarra duen legerian xedatuari jarraituko zaio. Hustuketa sareak bereizketa eginen du. Erregistroa egiteko eta laginak hartzeko kutxeta bat izanen da, industri efluentea kontrolatzeko inork bertze edozein isurketarekin nahasi baino lehen.

Betiere, baimenik gabeko inork ez du loturarik eginen industrialdeko zerbitzu orokorrekin, eta ez du sare, kanalizazio eta instalazioetan eskurik sartuko aldez aurretik Udalaren baimena eskuratu gabe.

29. artikulua. Lurzatiaren itxiturak.

Lurzatiak eremu publikora jotzen duen aldean, itxiturak nahitaezkoak dira; haien osagaiak izanen dira bistako in situ hormigoizko zokaloa, gutienez ere 0,60 m eta gehienez ere 1 m garai izanen duena, eta metalezko hesi zurruna, osotara 1,80 metro garai egin dezakeena eta gutienez ere ehuneko 70 hutsarte izanen duena. Metalezko itxiturak kolore zurian izanen du akabera. Garaiera horretan horma-atal itsuak paratzen ahalko dira haien zabalera lurzatiko frontearen ehuneko 25 baino gehiago bada, eta betiere 5 m baino gehiagoko luzeran.

Lurzatiak beren artean banatzeko mehelinak eginen dira burdin-hari malguko sarea erabiliz hormigoizko barra edo dado banan banakoen gainean, eta behar den gehieneko garaiera izanen dute sestra ezberdintasunak xurgatzeko.

Lurzatiaren itxiturak berdegunerik ukitzen badu, itxiturarekin parez pare joanen den zerrenda izanen du, lurzatiaren barrenean, hosto iraunkorreko espezieena; horiek 50 cm-tik emanak izanen dira, eta landatzerakoan gutienez ere 0,7 m-ko garaiera izanen dute.

Itxituren garaiera punturik apalenean neurtuko da beti, eta maldak izateagatik jauziak onartzen dira, gehienez ere 60-100 cm-koak.

Ateak lurzatiaren itxituretan.

Lurzatiaren itxituretan, ateak irristatzaileak izanen dira beren planoen gainean eta gaineko kordoi horizontala izanen dute.

Metalezko ate zurrunak paratuko dira; haien gehieneko garaiera ondoko hesiena izanen da. Gutienez ere ehuneko 70 hutsarte izanen du eta kolore zurian izanen du akabera. Lurzati batean bi ate baimentzen ahalko dira, kokatu nahi duen enpresak haien beharra aitzinetik arrazoitzen badu.

Hutsartearen zabalerak gutienez ere 2,5 m eta gehienez ere 12 m izanen du.

Lurzatien sarrerak nonahi paratzen ahalko dira, eraikuntza ondoko lurzatiaren mugari itsasten ahal zaion lurzatietan. Eraikina itsasirik izan dezaketen lurzatietan, sarbideak baturik paratuko dira bi lurzatirendako eta, hasiera batean, etxe sail bakoitzean lizentzia eskuratu duen lehenbiziko lurzatiaren sarbidearen kokalekuak baldintzapetuko du haien kokapena.

30. artikulua. Fatxada.

Fatxaden osagaiak, materialak eta koloreak, bakoitzak nahi duten bezalakoak izanen dira, bide-sistema nagusira jotzen duten fatxadetan izan ezik, horiek akabera betiberdinak izan behar baitituzte; orobat enpresak handitzen direnean, fatxadak irizpide berdintsuekin egin behar baitituzte, handitutako aldean eta jatorrizko nabeetan, eta beharrezkoa bada azken horien fatxadak berritu beharko dituzte.

Aurreko eta atzeko fatxadetan, erabili beharreko materialak kalitate onekoak izanen dira, gutienez zarpeatu eta pintatuta emanen zaie akabera, edo bertzenaz bistako hormigoi bereziko bloke aurrefabrikatua erabiliko da. Ahaleginak eginen dira fatxada nagusi guztiek itxura estetiko ona izan dezaten, eta halaber industrialdeko eremu publikoetatik behin behinekoz bada ere ikusten diren mehelinetan ere.

Fatxada nagusien baldintza estetikoak gero horren gainean prestatzen diren ordenantzek definituko dituzte.

Horri dagokionez, fatxada nagusitzat hartuko dira honako hauek: bide-sistemara edo NA-5200 eta NA-5210 errepideen fronteetara jotzen duten fatxada guztiak, eta alboko fatxaden lehen 5 metroak, mehelinak ez badira edo muga badira nahitaezkoa ez den gehieneko lerrokadurako lurzatiekin.

31. artikulua. Lerrokadurak eta gehieneko azalera eraikia.

Lerrokadurak.

Eraikuntzaren lerrokadurak plano honetan adierazten dira "3: Ondoriozko lerrokadurak". Eraikuntzaren lerrokadurek lurzati bakoitzean gehienez ere okupatzen den azalera definitzen dute, hura baita nahitaezko erreferentzia eraikigarritasuna kalkulatzeko. Lerrokadura horiek nahitaezkoak dira aipatu planoan zehazten diren fronteetan eta alboetan.

Irizpide orokor gisa, eta Plan Partzialeko aldaketa honetan definitutako lurzatiketa behin betikoz ez denez, gehieneko lerrokadurek distantzia bat definituko dute lurzatiaren alboko eta atzeko mugekin, irizipide hauen ariora:

_D etxe saileko lurzatiak. Eraikuntzaren eta lurzatiaren mugen artean bereizteko pasabideak: 3 m.

_E, F eta G etxe sailetako lurzatiak. Eraikuntzaren eta lurzatiaren mugen artean bereizteko pasabideak: 5 m.

Gehieneko azalera eraikia.

Lurzati baten eraikigarritasuna aterako da hainbanatuz lurzatia osatzen duten jatorrizko pusketako eraikigarritasuna (puska horiek planoetan eta oroit-idazkiko koadroan agertzen dira) ondoriozko lurzatiaren azalerara bakoitzak ekartzen duen azaleraren heinean, halako moldez non industria eremu osoko ondoriozko eraikigarritasuna eta jatorrizko eraikigarritasuna berdinak izanen baitira beti.

"Azalera eraikia" eraikinaren solairu bakoitzean eraikitako azaleraren batura izanen da. Horri dagokionez, erdisoto eta sotoen azalera ez da azalera eraikitzat hartuko baldintza hauek betetzen baditu:

_Kasuan kasuko forjatuaren perimetroaren ehuneko 50 baino gehiago lurraren kota naturaletik beheiti gelditzen bada 1,50 metro baino gehiago (forjatu bukatua denean).

_Kasuan kasuko forjatuaren perimetroan itxiera hormak eraikiz gero, horiek eustormak izan behar lukete, 1 m baino garaiera gutiagokoak, perimetroaren ehuneko 50 baino gehiagotan.

_Aitzineko baldintzak betez gero, erdisoto bezala kontatuko da aztertzen den solairuaren azalera, haren sapaia 2,5 metro baino gehiagora ez badago (sapaiko forjatuaren goiko kotatik neurturik) jatorrizko lurraren gainetik, proiektuaren edozein profil gainjarritan eta urbanizatzeko obren ondoriozko lurzatiaren lurrean.

Horri dagokionez, zoladuraren gaina ez da azalera eraikitzat hartuko, erdisotoak edo sotoak estaltzeko denean edo lurraren zoladura hutsa denean, bere perimetroaren ehuneko 50 baino gehiago eremu itxia ez bada.

32. artikulua. Eremu libreak lurzatien barnean.

Aparkalekuak fatxada nagusiaren eta eremu publikoaren arteko eremu librean paratuko dira; aparkaleku horiek eta ibilgailuendako aldeak behar bezala zolatuak eta mugatuak egonen dira. Askotarako lurzatietarako, aparkalekuetarako behar den lekua (haren azalera dokumentu honetan ezartzen diren irizpideen ariora definituko da) erabilerako publikoko lurzoru pribatutzat hartuko da.

Gainerako eremu libreari zoladura emanen zaio, edo berdegunea izanen da; eraikuntza proiektuan ezarritakoaren arabera urbanizatuko da, eta egoera onean mantenduko da estetikaren eta garbitasun aldetik. Hartan aparkatzeko plazak emanen dira, zenbat eta, galdatzen diren gutienekoez gain, industriak dituen langile eta premia guztiendako aski.

Debeku da arras salgaiak edo bertze gauza batzuk biltegiratzeko erabiltzea fatxaden eta bide publikoaren arteko eremu libreak, baita edozein instalazio haietan kokatzea ere.

Planoetan zehaztuko dira edo 34. artikuluaren aplikazioaren ondorioz ageriko eraikinaren eta lurzatiaren albo eta atzeko mugen artean bereizteko pasabideak. Eraikinen eta lurzatiaren mugaren artean bereizteko pasabideak libre gelditu beharko dira beti.

33. artikulua. Aparkalekuak.

Aparkalekuak indarra duen araudiari jarraikiz ezarriko dira. Lurzoru publikoan ezarriko dira, proiektatutako bide-sisteman horretarako ezarritako zerrendetan, baita lurzati askotarakoen proiektuetan aparkatzeko definitzen diren zelaiguneetan ere.

Kokatzen den enpresaren aldetik, osatu beharko dira zoru publikoan aurreikusten diren aparkatzeko plazak, erabilera publikoko eremu libre pribatuan aparkatzeko plazak eskura utziz, lurzatiaren tamainaren ariora galdetzen den plaza kopurua osatu arte. Horri dagokionez, lurzati bakoitzari esleitutako lurzoru publikoko aparkalekuak hainbanaketa honen emaitza izanen dira: lurzoru publikoko aparkaleku guztiak (askotarako lurzatikoak barne) bider lurzatiaren eraikigarritasunak industria eremuko eraikigarritasun osoaren aldean egiten duen portzentajea. Erabilera publikoko lurzoru pribatuko zelaiguneak aski ez badira behar diren aparkalekuak eskura izateko, horiek eraikinen erdisoto edo sotoetan paratuko dira, lurzatian eraiki beharreko azalera murrizten ez bada.

Lurzati askotarakoetan irekirik atxiki beharko dira erabilera publikoko eremu pribatuak ixten dituzten ateak, enpresak diharduen bitartean.

Plaza kontaketari dagokionez, aparkatzeko zelaiguneetan 25 m²-ko okupazioa kontatuko da aparkatzeko plaza bakoitzeko.

34. artikulua. Eraikinen garaiera.

Eraikinaren garaiera, gehienez ere, 10 m izanen da, estalkiaren egituraren behe aldetik neurtuta.

Lurzatien fronteetan garaiera hori nahitaezkoa izanen da aurretiko guztian eta gutienez ere aurretikoaren ondoan ezarritako 5 metroetan. Garaiera hori lurzati goitituaren aurrealdeko sestrari dagokionez neurtuko da. Eraikin erantsiaren garaieraren jarraipena eginez ateratzen dena ere garaieratzat har daiteke.

Enpresaren premien arabera beharrezkoa baldin bada garaiera handiagoa, produkzio prozesuan oinarriturik arrazoitu beharko da.

35. artikulua. Sestrak.

Eraikinen zolak bide publikoko espaloia baino beheratago para daitezke, betiere jabeak bermatzen badu hondakin uren eta euri uren hustuketa.

Nolanahi ere, beharrezkoa baldin bada, dagokion betelana edo material metaketa egin beharko da, baita lurzatiaren barnean behar diren zelaitze lanak ere, betiere jabearen kontura.

36. artikulua. Mehelinak.

Eraikin baten mehelinek, eraikin hori noizbait bertze erabilera bat duen bertze eraikin bati eransteko aukera baldin bada, gutienez ere metro bateko karela paratu beharko da estalkiaren goiko aldeak puntu horretan dagoen garaiari dagokionez, suteen hedapena zailtzeko. Su-itzaltze zerbitzuak kasu bakoitzerako suaren aurrean zehazten duen erresistentzia bete beharko du karel horrek. Zenbaitetan, beharrezkoa bada su-itzaltze zerbitzuak definitzen dituen zerrendak ematen ahalko dira haren ordez, estalkiaren ertzeetan paratuak eta mehelinaren konpartimentazioarekin jarraituz.

Eraikigarri ez diren lurzatiko mehelinetan, eremu horri jarraipena ematen ahalko zaio, leku horretan itxiturak alde batera utziz ukitutako jabeek horrela nahiago badute.

Bietariko batek edo biek errekerimendu egiten badute, aurreko artikuluan adierazitako irizpideekin bat eginen da itxitura hori, eta bi jabeen kontura.

Sestrek jarraikortasunik ez badute, hormigoizko hormatxo baten bidez burutuko dira leku horretan, luzati bakoitzean urak beren aldetik hustuko direla bermatuko duena.

37. artikulua. Bulegoak eta etxebizitzak.

Baimena ematen da industria jardueraren bulego osagarriak eta industriaren arduradunarentzat edo zaindari edo atezainentzat baizik izanen ez diren etxebizitzak paratzeko; azken hauek bakarrik 2000 metro karratu eraiki baino gehiago dituzten lurzatietan, eta Nafarroako Gobernuak aldez aurretik txostena eginda. Lurzati bakoitzeko etxebizitza kopurua gutienez ere bat izanen da, eta haien azalera, gehienez, 120 metro karratu.

Bulego eta etxebizitzetarako lokalen fatxadak eremu publikora jo beharko dute, lurzati bakoitzaren lerrokadura nahitaezkoaren aldean.

38. artikulua. Errotuloak eta iragarkiak.

Industri instalazioen errotulo eta logotipoak eraikiaren fatxadetan paratuko dira, eta haien diseinua eta materialak eraikuntza proiektuan sartuko dira. Debeku dira bandera moduko errotuloak.

Lurzatien itxituretan errotuloak ematen ahalko dira, haien inguratzailearen azalera 5 m² baino gutiago bada eta, zorutik 1,50 metro baino gutiagora badaude. Letra solteak izanen dituzte, gehienez ere 25 cm-ko garaiera izanen dutenak, horma-atal itsu baten gainean, eta logotipoa gehienez ere 50 x 50 cm izanen da luze-zabalean. Fatxadaren lerrotik ez dira 7 cm ateratzen ahalko, eta letraren zabalera betiere 10 cm baino gutiago izanen da.

39. artikulua. Markesinak.

Markesinak paratzen ahalko dira ibilgailu arinak aterpetzeko. Estalkia ez da 2,5 m garai baino gehiago izanen bere alderik garaienean, eta gehieneko sakonera 5 m izanen da plaza bakoitzeko, eta zutikako euskarrien lerro bakarrean paratzen ahalko dira.

Orobat, eraikinaren hegalkinean markesinak ematen ahalko dira, betiere pilarerik ez badute eta aparkalekuen kokaerari traba egiten ez badiote.

Markesinak fatxaden hegal gisa paratzen ahalko dira, edo bertzenaz zutikako euskarrien lerro bakarrean.

Horiek egiteko, behar den udal lizentzia eskatu beharko da, eta exekuzio proiektuan sartuko dira edo bertzenaz espediente erantsi gisa.

40. artikulua. Tximiniak eta bertze elementu arkitektoniko muntadun batzuk.

Paisaiaren nahiz urbanizazioaren barnean mugarri erreferentzial eta formal garrantzitsuak diren elementu horiek beren efgnkizun formal eta funtzionalekin bat egiten duten diseinu eta material zainduekin eginen dira.

Iragarkiaren kodea: L0416746