153. ALDIZKARIA - 2004ko abenduaren 22a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

364/2004 FORU DEKRETUA, azaroaren 30koa, Mendabiako Udalaren 666 metro koadroko herrilurraren onura publikoa deklaratu eta haren desafektazioa onesten duena, gero trukatzeko.

Mendabiako Udalak Nafarroako Gobernuari eskatu dio 666 metro koadroko herrilurraren desafektazioari aginduzko onespena eman diezaiola. Lursail horrek 12. poligonoko 489. lurzatiaren puska bat hartzen du, "San Bartolomé" izeneko alderdian.

Lurzati hori Elena Sancho Elviraren 260 metro koadrorekin eta Piedad Sancho Elviraren beste 260 metro koadrorekin trukatu nahi da; hain zuzen ere, Mendabiako Udal Planeko UE-26 unitatean sarturiko 12. poligonoko 3. lurzatiaren parte dira lurzatiok.

Truke horren helburua Mendabiako 12. poligonoko 489. lurzatiaren gainerakoaren titulartasun pribatua lortzea da, eta, horretarako, herrigunetik kanpo ematen zaie partikularrei trukean antzeko azalerako lurra, nekazaritzako biltegi bat eraikitzeko egokia.

Mendabiako Udalak hertsiki bete du espediente honen xede den arloaren gainean Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak dioena, baita Nafarroako Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamenduan ezarritakoa ere (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsia).

Horiek horrela, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta lauko azaroaren hogeita hamarreko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. Mendabiako Udalaren 666 metro koadroko herrilurraren onura publikoa deklaratu eta haren desafektazioa onestea. Lursail horrek 12. poligonoko 489. lurzatiaren puska bat hartzen du, "San Bartolomé" izeneko alderdian. Lurren trukaketa foru dekretu honetako 2. artikuluaren baldintzetan egin arte herrilurtzat joko dira.

2. Baimena ematen zaio Mendabiako Udalari lurzati hori trukatzeko, Elena Sancho Elviraren 260 metro koadrorekin eta Piedad Sancho Elviraren beste 260 metro koadrorekin; hain zuzen ere, Mendabiako Udal Planeko UE-26 unitatean sarturiko 12. poligonoko 3. lurzatiko bi zatirekin.

Truke horren helburua Mendabiako 12. poligonoko 489. lurzatiaren gainerakoaren titulartasun pribatua lortzea da, eta, horretarako, herrigunetik kanpo ematen zaie partikularrei trukean antzeko azalera duen lurra, nekazaritzako biltegi bat eraikitzeko egokia.

3. Aipatu desafektazioaren onespena Udalak gai honetaz 2004ko martxoaren 25ean onetsitako baldintza-agiria hertsiki betetzearen baldintzapean dago, batez ere klausula berezi bat, zeinean adierazten baita herrilur hori herri ondarera itzuli behar dela desafektazioa eragin zuten helburuak desagertu edo betetzen ez badira. Klausula hori kontratua gauzatzen duen agiri publikoan eta, gero, Jabetzaren Erregistroko inskripzioan ere agerraraziko da.

4. Mendabiako Udalak espediente honen xede diren lurren mugak jarri beharko ditu, katastroko kartografia ofizialean agertuko da eta aldaketaren berri eman beharko zaie Nafarroako Zerga Ogasuneko Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuari eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Nekazaritzako Egituren Zerbitzuari. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan desafektazioaren xedea gauzatu dela frogatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu, foru agindu hau argitaratu eta urtebeteko epean.

5. Nekazaritzako biltegiaren sustatzaileak, Mendabiako 12. poligonoko 489. lurzatia desafektatzea nahi baitu hura eraikitzeko, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002Legeko 117. artikuluan araututako prozeduraren arabera tramitatu beharko du, 119. artikuluan jasotako dokumentazioaz baliatuz, eta betiere nekazaritzako biltegiaren beharra bere ustiapenaren arabera justifikatu beharko du.

6. Foru dekretu honek bide administratiboa agortzen duela adieraztea. Horren aurka, aukeran, errekurtso hauetariko bat paratzen ahal da:

_Berraztertzeko errekurtsoa, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

_Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Mendabiako Udalak, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiko errekerimendua egin dezake, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

7. Foru dekretu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematea eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari eta Mendabiako Udalari jakinaraztea.

Iruñean, 2004ko azaroaren 30ean._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, José Javier Echarte Echarte.

Iragarkiaren kodea: F0418318