I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.3. Nahitaezko Desjabetzapenak
267/2004 FORU DEKRETUA, abuztuaren 9koa, "NA-4230 errepideko zeharbidea Alkotzen barna" izeneko proiektuaren eranskinak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaezko desjabetzapena egiteko, presakoa dela adierazten duena.
Alkozko Kontzejuak 2002ko otsailaren 4ko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, hasiera eman zitzaion "NA-4230 errepideko zeharbidea Alkotzen barna" proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideak desjabetzeko prozedurari eta, horrekin batera, proiektua jendaurrean jarri zen. 2003ko uztailaren 23an, Kontzejuak hasiera batez onetsi zituen proiektu horren eranskina eta proiektuak ukituriko ondasun eta eskubideen zerrenda. Orobat, proiektuaren eranskina eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda hamabost egunez jendaurrean jartzea erabaki zuen.
Jendaurreko epea alegaziorik aurkeztu gabe bukatu zenez, 2003ko urriaren 29ko erabakiaren bidez behin betikoz onetsi zuen "NA-4230 errepideko zeharbidea Alkotzen barna" proiektuaren eranskina. Ultzamako Udalak, 2004ko otsailaren 4an, erabakia berretsi zuen, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 41.2 artikuluak ezarri bezala.
Toki entitatearen iritziz, obra horiek presakoak dira herriko hirigunean segurtasun handiagoa eman behar zaiolako ibilgailuen eta oinezkoen trafikoari; bestalde, euri urak biltzeko modua aurreikusi da, ur horiek errepidera joan ez daitezen.
Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluari jarraikiz, Ministroen Kontseilua da presako prozedura deklaratzeko organo eskuduna. Hortaz, Nafarroako Gobernuak badu eskumena, Gobernuaren erabaki baten bidez.
Toki entitateak frogatu du, gainera, 2004ko aurrekontuan behar adina diru dagoela desjabetzapenaren ondoriozko kalte-ordainak pagatzeko.
Nafarroako Gobernuak, Alkozko Kontzejuak alegatutako arrazoiak ikusirik, bidezkotzat jo du desjabetzapenak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak emandako eskumenak erabiliz, Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak 2004ko abuztuaren bederatzian egindako bilkuran hartu zuen Erabakiarekin bat,
DEKRETATU DUT:
Artikulu bakarra._Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legearen 52. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, "NA-4230 errepideko zeharbidea Alkotzen barna" izeneko obren proiektuaren eranskinak ukituriko ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea.
AZKEN XEDAPENA
Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean berean hartuko du indarra.
Iruñean, 2004ko abuztuaren 9an._Nafarroako Gobernuko jarduneko lehendakaria, Francisco J. Iribarren Fentanes._Toki Administrazioko kontseilaria, Alberto Catalán Higueras.
Iragarkiaren kodea: F0418957