151. ALDIZKARIA - 2004ko abenduaren 17a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.5. Estatutuak eta lan hitzarmen kolektiboak

717/2004 EBAZPENA, urriaren 19koa, Lehendakaritzako zuzendari nagusiak emana, Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofiziala Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan inskriba dadin eta haren estatutuak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara daitezen agintzen duena.

Ikusirik Nafarroako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofizialak aurkeztu duen inskripzio eskaera eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Barne Zuzendaritza Nagusiko eta Idazkaritza Teknikoko zerbitzu juridikoen txostena.

Kontuan izanik Nafarroako Lanbide Elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legean ezarritako baldintzak betetzen direla, bai eta lege hori garatzeko abenduaren 18ko 375/2000 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Erregelamenduan ezarritakoak ere.

Abenduaren 18ko 375/2000 Foru Dekretuak, Lanbide Elkargoei buruzko Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuenak, 24. artikuluan ezarritakoa dela bide.

Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak abuztuaren 5eko 54/2003 Foru Aginduaren bidez eskuordetu dizkidan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofiziala 14 zenbakiarekin inskribatzea Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari atxikitako Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan.

2. Nafarroako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofizialaren estatutuak, ebazpen honen eranskinean daudenak, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara daitezen agintzea.

3. Ebazpen honen berri Nafarroako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofizialari ematea eta adieraztea honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan eta hura aldatzen duen urtarrilaren 13ko 4/1999 Legean xedaturikoarekin bat.

Iruñean, 2004ko urriaren 19an._Lehendakaritzako zuzendari nagusia, Ildefonso Sebastián Labayen.

NAFARROAKO GORPUTZ HEZKUNTZAKO ETA JARDUERA FISIKOAREN ETA KIROLAREN ZIENTZIETAKO LIZENTZIATUEN ELKARGO OFIZIALAREN ESTATUTUAK

I. TITULUA

Nafarroako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako lizentziatuen lanbidea eta horren Erakunde Gidariak Nafarroako Foru Komunitatean

1. artikulua. 1.1. Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen lanbideak gizarteari zerbitzu publiko bat ematen dio interes publikoaren izenean, eta langintza horretan jardun dezake nork bere gisa, lehia garbian, edo beste norbaiten menpe, metodo eta teknika zientifikoak erabiliz helburu hauek lortze aldera: norbanakoaren prestakuntza integrala, mugimenduaren eta gorputz ariketaren bidez, gorputzaren gaitasun funtzionala eta mugimena, gorputz, kirol eta josteta jardueren antolaketa eta garapena, eta, orobat, xede horietarako diren baliabideen eta instalazioen zuzendaritza eta kudeaketa.

1.2. Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako lizentziatuen lanbide jarduera librean, zerbitzu eskaintzari eta ordainsariei dagokienez, arau eta xedapen hauek beteko dira: lehiaren defentsari eta lehia desleialari buruzkoak, eta haren funtsezko antolamenduaren gaineko legeria orokorra eta berariazkoa.

1.3. Halaber, Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako lizentziatua bere lanbide.jardueran legeen eta estatutuen araudiari lotuko zaio, lanbidearen deontologiaren arauak eta usadioak beteko ditu bai eta horien ondoriozko elkargoaren diziplina araubidea ere.

2. artikulua. 2.1. Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen lanbideko erakunde gidariak, Nafarroan, bi hauek dira: Nafarroako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofiziala, estatutu hauetan onartua (1983ko maiatzaren 25eko Errege Dekretua) eta Espainiako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusia, zeinen partaide baita Nafarroakoa.

2.2. Nafarroako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofiziala zuzenbide publikoko korporazioa da, Legeak babestua eta Nafarroako Foru Komunitateak eta Estatuak onartua; nortasun juridiko propioa du, eta ahalmen osoa bere xedeak betetzeko.

2.3. Elkargo guztiek beren jarduera eta funtzionamenduan printzipio demokratikoei eta urteko aurrekontuen kontrolaren araubideari jarraituko diete, lege eta estatutuetako xedapenei esleitutako eskumenekin.

II. TITULUA

Nafarroako Foru Komunitateko Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako lizentziatuak elkargoan sartzea, beren lanbidean aritzeko

I. KAPITULUA

Izaera, izena eta helbidea

3. artikulua. Elkargoa (nortasun juridikoa).

Nafarroako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofiziala 1983ko maiatzaren 25eko Errege Dekretuaren bidez eratu da.

Zuzenbide publikoko korporazioa da, irabazi asmorik gabea, nortasun juridiko propioa du, eta ahalmen osoa, bere helburuak betetzeko.

4. artikulua. Elkargoaren definizioa.

4.1. Nafarroako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako lizentziatuak, titulu akademiko egiaztatua izan eta beren lanbidean aritzeko gai direnak, nahitaez Nafarroako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofizialean sartuko dira.

4.2. Beste edozein entitate, talde edo elkartek ezin izanen du bere gain hartu Nafarroako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofizialaren interesen ordezkaritza.

5. artikulua. Helbidea.

Nafarroako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofizialaren egoitza Iruñean dago, Taxoare kalea, z.g. (31006, Arrosadiko kiroldegia).

Egoitzaz alda daiteke Elkargoak berak batzar orokorrean hartutako erabakiz.

6. artikulua. Elkargoaren lurralde eremua.

Nafarroako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofizialaren lurralde eremua Nafarroako Foru Komunitatea da.

7. artikulua. Nafarroako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofizialak, legeek eta estatutu hauek adierazitako mugen barnean, bere jarduera Estatu osoko Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen gainerako Elkargo Ofizialekin koordinatuko du Espainiako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargoen Kontseilu Nagusian.

8. artikulua. Elkargoaren bategitea, irenstea edo banantzea bultza dezake, Lanbide Elkargoei buruzko Foru Legean aurreikusitakoa dela bide.

II. KAPITULUA

Nafarroako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofizialaren xedeak eta eginkizunak

9. artikulua. Nafarroako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofizialaren xedeak.

Bere lurralde eremuan, Nafarroako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofizialak funtsezko xede hauek ditu:

9.1. Lanbidearen jarduna antolatu eta zaintzea, legeen esparruan.

9.2. Arau deontologikoak finkatzea eta elkargokideen ordezkaritza eta defentsa lanak egitea, bere xedeak betetzeko legeetan ezarri bezala.

9.3. Lanbide jarduera herritarren interes eta eskubideei egoki daitezen zaintzea.

9.4. Ahal den guztia egitea Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako lizentziatuek ahalik eta maila profesional eta tekniko hoberena izan dezaten.

9.5. Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako lizentziatuen etengabeko prestakuntza profesionala.

9.6. Diziplina araubidea aplikatzea, sozietatearen bermerako, eta beren eskumen profesionalen berariazko gizarte eginkizuna betetzea.

9.7. Lanbide Elkargoei buruzko otsailaren 13ko 2/74 Legearen 1.3 artikuluan, zeina abenduaren 26ko 74/78 eta apirilaren 14ko 7/97 Legeen bidez aldatu baitzen (Estatuko Aldizkari Ofiziala, 1974ko otsailaren 15ekoa, 40. zenbakia) eta Nafarroako Lanbide Elkargoei buruzko 1998ko apirilaren 6ko Foru Legearen 3. artikuluan biltzen diren guztiak.

10. artikulua. Nafarroako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofiziala honakoek arautuko dute: Estatuko eta autonomiako lege xedapenek, estatutu hauek, Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiaren Estatutuek eta Nafarroako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofizialaren korporazio-organoek, zein bere eskumenen esparruan.

11. artikulua. Nafarroako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofizialaren eginkizunak.

Nafarroako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofizialak eginkizun hauek ditu bere lurralde eremuan:

11.1. Lanbide Elkargoei buruzko apirilaren 14ko 7/97 Legearen 5. artikuluan (Estatuko Aldizkari Ofiziala, 1997ko apirilaren 15ekoa 90. zenbakia) eta Nafarroako Lanbide Elkargoei buruzko 1998ko apirilaren 6ko Foru Legearen 3. artikuluan ezarritakoak.

11.2. Nafarroan legezko ordezkaritza eta lanbidearen defentsa esklusiboa izatea era guztietako organo jurisdikzional, batzar edo aholku erakunde, kontseilu eta patronatuen aitzinean, edozein legitimazio maila edo gradutakoak direla, lanbide edo elkargoaren interesen alde, eskatzeko eskubidea edo legearen araberako beste edozein prozedura erabiliz.

11.3. Espainiako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiaren Organoetan parte hartzea, legeen eta estatutu hauen arabera.

11.4. Nafarroako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofizialaren estatutuak prestatzea.

11.5. Lurralde eremuan, lanbide eginkizunen baldintza orokorrak arautuko dituzten lege proiektuen edo edozein mailatako xedapenen berri ematea, besteak beste, honako hauek: eremua, eskatzen diren titulu ofizialak eta beste lanbideekiko bateraezintasunen araubidea.

11.6. Elkargoaren barne araubideko Erregelamendua onestea.

11.7. Behar diren neurriak hartzea Elkargoen Kontseilu Nagusiak eta Nafarroako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofizialak berak hartutako ebazpenak bete ditzaten elkargokideek.

11.8. Elkargoko kideekin diziplina eginkizunak betetzea.

11.9. Elkargoko kideen ordezkaritza bere gain hartzea antzeko entitateen aitzinean Nafarroan eta beste Autonomia Erkidegoetan eta lanbide eremuko jardueretan.

11.10. Bere aurrekontuak onestea eta elkargoko kideen ekarpenak erregulatzea.

11.11. Lanbidearen izen ona zaintzea eta elkargokideen enplegu maila ahal den handiena lortzen saiatzea.

11.12. Administrazioari eskatzea lanbidea defendatzeko behar diren neurriak har ditzala, intrusismoa saiheste aldera, gertatzen diren kasuak Administrazioan eta auzitegietan salatuz, bai eta lanbidearen kaltetan gerta daitezkeen arau-hausteak ere, eta behar diren jarduketak burutzea komeni bada.

11.13. Administrazioko aholku organoetan parte hartzea.

11.14. Adiskidetze edo arbitraje prozeduretan esku hartzea, elkargokideen artean, lanbide gorabeherak direla eta, gertatzen diren auzietan.

11.15. Txostenak eta irizpenak ematea epai edo administrazio prozeduretan, lanbidearen arloko arazoak eztabaidatzen direnean.

11.16. Elkargokide berriak onartzea eta, kasua bada, baja ematea, bidezko errekurtsoak galarazi gabe.

11.17. Lanbide ordainsarien gainean txostenak eta irizpenak ematea epai edo administrazio prozeduretan.

11.18. Elkargokideen lan profesionalak ikus-onestea, Legeak ezarritako kasuetan.

11.19. Lanbide ordainsariak kobratzea, interesatuek eskatuz gero.

11.20. Eta orokorrean, lege xedapenek Lanbide Elkargoei esleitzen dizkieten beste eskumenak, bai eta Batzar Nagusian erabakitzen direnak, legeak eta estatutu hauek errespetatuz.

11.21. Elkargokideen arteko adiskidantza eta lankidetza sustatzea, lehia desleiala eragotziz.

11.22. Elkargokideen lanbide jarduera antolatzea eta koordinatzea, beren eskumenen esparruan, etika eta duintasun profesionala zainduz eta partikularren eskubideak behar bezala errespetatuz.

11.23. Laudoak ematea, elkargokideen artean lanbide jardueran eta zerbitzu-sarietan sor daitezkeen desadostasunak ebazteko, alde interesatuak erabakiei men egin ondoren.

11.24. Lanbidearekin, gizarte eta osasun laguntzarekin, lankidetza eta mutualitateekin zerikusia duten sozietateak eta zerbitzuak sustatu, sortu eta antolatzea, eta arlo horretako harremanak, itunak eta akordioak izatea Administrazioarekin eta behar diren erakunde eta entitateekin.

11.25. Administrazioarekin edo beste entitate batzuekin elkarlanean aritzea, bere xedeekin zerikusia duten jarduerak burutuz eta zerbitzuak emanez, inork eskatuta edo bere kabuz.

11.26. Auzitegiei eta bestelako agintariei, legeetan ezarritakoa betez, elkargokideen zerrenda ematea, gai judizialetan peritu gisa esku hartzeko edo zuzenean berak izendatzea, bidezkoa den moduan.

11.27. Gaitasun fisiko eta kiroleko ziurtagiriak egitea.

11.28. Foru Komunitateko erakunde eskudunek lanbide bakoitzerako sor ditzaketen etxebizitzen eraikuntza bultzatzeko elkarteetan parte hartzea.

11.29. Ikasketa planen prestakuntzan parte hartzea eta lanbideari loturiko ikastetxeen antolakuntza arauen gaineko informazioa ematea. Horiekin eta beste entitate batzuekin harremanetan etengabe egotea, gure tituludunak lanbide bizitzan sartzen laguntzeko.

11.30. Jarduerak sustatu, sortu eta antolatzea elkargokideen maila igoera, lanbide prestakuntza eta enplegua bultzatze aldera.

11.31. Gorputz Hezkuntzaren eta Kulturaren gaineko biltzarrak, batzarrak, ikastaroak eta hitzaldiak bultzatzea, laguntza ematea eta behar denean antolatzea, ikasketa poltsak sortzea eta lizentziadunen prestakuntza eguneratzeko eta hobetzeko beste jarduera batzuk aurrera eramatea.

11.32. Komeni diren informazio, aholkularitza eta dokumentazio zerbitzuak elkargokideen eskura jartzea.

11.33. Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien arloko teknika, artea eta zientzia sustatzea eta garatzearen ardura duten entitate publiko nahiz pribatuekin harremanak jarri eta mantentzea, haien planak bultzatuz eta elkar lanean arituz.

11.34. Elkargokideen interes profesionalen aldeko beste edozein eginkizunetan aritzea, behar diren zerbitzuak ezarriz.

III. KAPITULUA

Delegazioak

12. artikulua. Nafarroako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofizialak komenigarritzat jotzen dituen esparrutan delegazioak ezartzen ahal ditu, elkargoaren xedeak hobeki betetzeko eta eginkizunak eraginkorragoak izateko. Delegazioek elkargoaren ordezkari izanen dira zein bere esparruan, Nafarroako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofizialaren Gobernu Batzordeak delegazioak sortzean edo ondorengo erabakietan ezarritako ahalmen eta eskumenekin.

IV. KAPITULUA

Lanbide jarduera

LEHENENGO ATALA

Xedapen orokorrak

13. artikulua. Nafarroako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuek beren lanbidean aritzeko dituzten eskumenak legeak zehaztutakoak dira.

Dena den, Estatuko eta Nafarroako Foru Komunitateko Lanbide Elkargoei buruzko Legeetan oinarrituta, lanbidearen jarduera antolatzeko arau-ahalmena dago, eta arautzeko gaitasuna, arautu beharreko alderdi guztietan, horien bidez Elkargoak esleitua duen ordena profesionala ziurtatzeko. Horiek horrela, Nafarroako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen eginkizunak dira lanbidean jarduteko gaitasuna ematen duten titulua lortzeko ikasketekin lotzen direnak, zeinak, inolako mugarik ezarri gabe, ondotik aipatzen diren esparru hauetakoak baitira: irakaskuntza, kudeaketa, kirola, prestaketa fisikoa, osasuna, aisia eta josteta eta, gainera, jarduera fisikoekin loturiko beste hainbat esparru.

Horiek guztiak garatuko dira eskumen hauek dituztela esparru bakoitzeko:

1._Irakaskuntza. Duten kualifikazioagatik gai dira eginkizun hauek aurrera eramateko: plangintza eta programazioa, zuzendaritza eta koordinazioa, garapena, ebaluazioa eta kontrola, aholkularitza eta laguntza teknikoa, eta arlo hauen ikuskaritza:

_Gorputz Hezkuntza, Legeak ezartzen duen gunean.

_Jarduera fisikoa eta kirolak, bere eskumeneko eremu guztietan

Eta horiez gainera, jarduera fisikoekin loturiko beste eginkizun guztiak.

2._Kudeaketa. Duten kualifikazioagatik gai dira eginkizun hauek aurrera eramateko: zuzendaritza, plangintza eta programazioa, zuzendaritza teknikoa, ebaluazioa eta kontrola, aholkularitza eta laguntza teknikoa, ikuskaritza eta ziurtagiriak eta txostenak egitea arlo hauetan:

_Jarduera fisikoak eta kirola egiten diren instalazioak, erabiltzen diren ekipamendu eta materialak.

_Jarduera fisikoak eta kirola egiten direneko zentro eta entitateak.

_Jarduera fisikoen eta kirolen planak, proiektuak eta programak, sustapen publikokoak eta pribatukoak.

Eta horiez gainera, jarduera fisikoekin loturiko beste eginkizun guztiak.

3._Kirola. Duten kualifikazioagatik gai dira eginkizun hauek aurrera eramateko: sustapena eta antolakuntza, plangintza eta programazioa, zuzendaritza eta koordinazioa, garapena eta aplikazioa, ebaluazioa eta kontrola, aholkularitza eta laguntza teknikoa arlo hauetan:

_Kiroleko teknikarien prestakuntza.

_Kirola eskola-adinean.

_Kirola guztientzat.

_Kirol federatua.

Eta horiez gainera, jarduera fisikoekin loturiko beste eginkizun guztiak.

4._Prestakuntza fisikoa. Duten kualifikazioagatik gai dira eginkizun hauek aurrera eramateko: plangintza eta programazioa, zuzendaritza eta koordinazioa, garapena eta aplikazioa, ebaluazioa eta kontrola, aholkularitza eta laguntza teknikoa, ziurtagiriak eta txostenak egitea adin eta maila guztietan aplikatutako egokitzapen fisiko orokorraren eta berariazkoaren arloan.

Eta horiez gainera, jarduera fisikoekin loturiko beste eginkizun guztiak.

5._Osasuna. Duten kualifikazioagatik gai dira eginkizun hauek aurrera eramateko: sustapena eta antolakuntza, plangintza eta programazioa, zuzendaritza eta koordinazioa, garapena eta aplikazioa, ebaluazioa eta kontrola, aholkularitza eta laguntza teknikoa arlo hauetan:

_Jarduera Fisikoaren gaineko programak, prebentziorako, eta osasuna zaindu eta hobetzeko.

_Gaitasun fisikoak normalizatzea eta mugimendu trebeziak berreztea.

_Konpentsaziozko ariketa fisikoak egoera ez-patologikoetan.

Entitate publikoek edo pribatuek sustatuak.

Eta horiez gainera, jarduera fisikoekin loturiko beste eginkizun guztiak.

6._Aisia eta Josteta. Duten kualifikazioagatik gai dira eginkizun hauek aurrera eramateko: plangintza eta programazioa, zuzendaritza eta koordinazioa, garapena eta aplikazioa, ebaluazioa eta kontrola, aholkularitza eta laguntza teknikoa arlo hauetan:

_Jarduera fisikoen eta kirolen bidez burutzen diren aisia eta josteta planak.

_Kirol turismoa.

Sustapen publikokoa eta pribatukoa.

Eta horiez gainera, jarduera fisikoekin loturiko beste eginkizun guztiak.

Hori guztia, beste lanbide tituludunekin izan daitekeen lehia galarazi gabe.

Nafarroako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofizialak bidezko eta beharrezko neurriak hartuko ditu intrusismo profesionalari aurre egiteko, egilea pertsona fisikoa nahiz juridikoa izan.

14. artikulua. Nafarroako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofizialeko kideen kopurua ezin izanen da mugatu, ez eta elkargoan sartzea ukatu ere aurreikusitako eta beharrezko baldintzak betetzen dituzten profesionalei.

15. artikulua. Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako lizentziatuen eta Europako Ekonomia Erkidegoko beste herrialdeetako tituludun baliokideen eskuhartze profesionala Europar Batasunean indarra duten arauetara egokituko da.

BIGARREN ATALA

Elkargokide egitea

16. artikulua. 16.1. Legean edo estatutu hauetan aurreikusitako kasuetan izan ezik, Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako lizentziatuek, nahi eta nahi ez, Nafarroako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofizialeko kide izan behar dute, beren lanbidean Nafarroako Foru Komunitatean arituko badira.

16.2. Jakintza-arlo honetako titulu akademikoa, aitortutako Zentro Ofizialetan lortutakoa, eta dagokien maila dituztenek eskubidea dute Nafarroako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofizialean onartuak izateko, estatutu hauetan ezarritako baldintzen mende, betiere.

16.3. Aurreikusitako baldintzak betetzen dituzten profesionalei ezin zaie Elkargoan sartzea ukatu.

17. artikulua. Elkargokide mota hauek daude:

17.1. Numerarioak, estatutu hauetan eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten eta beren lanbide jarduera Gorputz Hezkuntzan ematen dutenak, edozein alderdi eta modalitatetan.

17.2. Ohorezko kideak: lanbidearen alde egindako lan aipagarri eta merezimenduzkoengatik. elkargokideen Batzar Nagusiak izendatutakoak, Gobernu Batzordeak proposatuta. Ohorezko kide horiek hizpidea izanen dute baina ez botorik Batzar Nagusietan, eta ez dira inola ere Gobernu Batzordeko kide izanen.

Nafarroako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofizialak kideen erregistro bat izanen du, non azalduko baita bakoitzaren egoera akademikoa eta zein motatako elkargokide den.

18. artikulua. Elkargoko kide egiteko baldintzak:

18.1. Espainiarra izatea edo atzerritarra, lanbidean aritzeko izatezko eta eskubidezko elkarrekikotasun printzipioa lege bidez egiaztatua eta egoitza baimena dituena, Europako Ekonomia Erkidegoaren itunean pertsonen, zerbitzuen eta kapitalen kokatze eta zirkulazio librearen arloan ezarritako legezko xedapenak galarazi gabe.

18.2. Adinez nagusi izatea eta bateraezintasun, ezgaitasun edo debekurik ez izatea.

18.3. Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako lizentziatuaren titulua izatea, edo horren baliokidea, Estatu Espainolak luzatu eta homologatua, edo, indarra duten arauekin bat, horiekin homologatutako atzerriko tituluak.

18.4. Lanbidean jarduteko gaitasuna kenduta ez egotea.

18.5. Kidetzeko kuotak eta Nafarroako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofizialak ezarriak dituen bestelakoak pagatzea.

19. artikulua. Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako lizentziatuari lanbidean aritzeko gaitasuna kentzeko arrazoiak dira honako hauek:

19.1. Epailearen edo Elkargoaren ebazpenez, lizentziatuari lanbidean aritzeko gaitasuna kentzea edo etetea.

19.2. Nafarroako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofizialetik kanporatzea dakarten diziplinazko zehapen irmoak.

19.3. Eginkizun profesionaletan jarduteko ezintasun fisiko edo adimeneko guztiak.

Ezintasuna ezabatuko da bere arrazoia desagertzen denean edo, estatutu hauetan aurreikusitakoaren arabera, diziplinazko erantzukizuna iraungitzean.

HIRUGARREN ATALA

Elkargoan sartzea eta bajak

20. artikulua. Nafarroako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofizialean sartzeko eskaera ekitaldi profesionala hasi baino lehen eginen da, Elkargoko lehendakari txit prestuari zuzendua, Gobernu Batzordeak une bakoitzerako zehazten dituen agiriekin batera. Eskabidea Gobernu Batzordeari aurkeztuko zaio, onets dezan, bidezkoa bada.

21. artikulua. Nafarroako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofizialean sartzea ez da irmo bihurtuko harik eta sarrera kuota eta hark ezarritako gainerako ekarpenak pagatu arte.

22. artikulua. Eskaera aurkeztu ondoko hilean, edo falta den dokumentazioa osatu edo akatsak zuzenduta aurkeztutakoaren ondorengoan, Gobernu Batzordeak bere erabakia hartuko du. Aipatutakoarekin ados egonez gero, eskaera onetsiko da, eskatzailea Elkargoko erregistroan inskribatuko dute eta lanbidean aritu ahal izanen da.

23. artikulua. Elkargoan sartzea ukatzen bazaio, Gobernu Batzordeak ebazpen arrazoitua igorriko dio interesatuari. Erabaki horren kontra gorako errekurtsoa jartzen ahal du, Kontseilu Nagusiari zuzendua, idatzizkoa eta arrazoitua, jakinarazpenaren ondoko hilabeteko epean. Jarritako errekurtsoak estatutu hauetan ezarritakoari egokituko zaizkio.

24. artikulua. Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen beste elkargo ofizial batzuetako kide diren edo izan diren Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako lizentziatuek Nafarroako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofizialeko kide izatea eskatzen badute, eskabidearekin batera ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, zeinetan azalduko baita Elkargo horietan ez zaiela baja eman kuotak ez ordaintzeagatik eta lanbidean aritzeko gaitasuna ez zaiela zehapen bidez kendu, ez dutela beste Elkargo batetik kanporatu edo, kasua bada, Elkargoen Kontseilu Nagusiaren agiria, lizentziatuek gaitasuna berreskuratu dutela ziurtatzen duena.

25. artikulua. 25.1. Elkargoko kide izateari utziko zaio arrazoi hauengatik:

a) Epai irmo bat dagoenean, epai horrek berarekin badakar lanbidean aritzeko gaitasuna galtzea.

b) Irmo bihurtu den diziplinazko espedientearen bidez Elkargotik egotzi dutelako.

c) Kuota arruntak edo apartekoak edo, Elkargoaren Estatutuetan edo Araudian ezarritako gainerako kargak ez ordaintzeagatik.

d) Elkargoan modu fede-emailean borondatezko baja hartzeagatik.

e) Kidearen heriotza, hurbileneko ahaide batek jakinarazia.

25.2. Aurreko atalean adierazitako arrazoiengatik elkargokide izaera galdu duela jakinaraziko zaio interesatuari, idatziz, eta orduan izanen du eragina. Horren berri emanen zaio Elkargoen Kontseilu Nagusiari.

25.3. Kuotak ez pagatzeagatik baja emanda egon den kideak berriro kidetu nahi badu, pagatu gabe utzitako kuotak ordaindu beharko ditu, legezko interesak eta sartu berri batek pagatu beharko lukeen zenbatekoa.

26. artikulua. Elkargoko kide izatea galtzeak ez du interesatua libratuko sortu zaizkion betebeharretatik.

27. artikulua. Elkargoko kide izatera bihur daiteke:

27.1. Alta eskatuz. Baja borondatezkoa izan bada.

27.2. Agintari administratiboek edo judizialek ezarritako zehapenen indultua edo grazia dela bide.

27.3. Zehapena betez gero. Elkargoak ezarritako diziplina zehapena, hain zuzen.

27.4. Pagatu gabe utzitako kuotak, 25.3. artikuluak dioen arabera, ordainduz gero.

Kasu guztietan propio ezarritako kuotak ordainduz gero.

LAUGARREN ATALA

Bateraezintasunak eta lanbideko esku-sartzea

28. artikulua. Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako lizentziatuaren lanbide jarduera ez da bateragarria kargu eta enplegu publikoekin, horiei buruzko lege eta arauetan bateraezintasuna espresuki aipatzen bada.

29. artikulua. Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako lizentziatuak aurreko artikuluan ezarritako bateraezintasun arrazoiren bat badu, inolako aitzakiarik gabe jakinaraziko dio Elkargoaren Gobernu Batzordeari, eta berehala lanbide jardueratik geldituko da.

30. artikulua. Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako lizentziatuek debekatuta dute beste lizentziatu bati esleitutako eginkizunetan edo lanbide jardunean aritzea edo esku hartzea, horretarako baimenik ez badute.

III. TITULUA

Elkargokideen eskubideak eta betebeharrak

31. artikulua. Elkargokideen eskubideak.

Elkargoko kideek ondoko eskubideak dituzte:

31.1. Nafarroako Foru Komunitateko lurralde osoan bere lanbidean aritzea, beren kabuz edo entitate pribatuen nahiz Administrazio Publikoaren zerbitzura.

31.2. Elkargoaren bizitzan parte hartzea eta bilkuretan, batzordeetan eta batzarretan izatea, hizpidez eta botoz, estatutu hauetan, Erregelamenduetan eta Elkargoaren arauetan aurreikusitako baldintzetan. Botoa eta ordezkaritza ezin izanen da Elkargokoak ez diren pertsonen edo boto eskubiderik ez duten kideen esku utzi. Elkargoarekiko eginbehar eta betebeharrak eguneratuta dituzten kideak dira Nafarroako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofizialaren bizitzan eta antolakuntzan parte hartzeko eta elkargokankideen eskubideak izateko eskubidea duten bakarrak.

31.3. Elkargoak ezarritako ondasunak eta zerbitzuak erabili eta haietaz baliatzea.

31.4. Elkargoaren Gobernu Organoetan hautesle eta hautagai izatea, hauteskunde arauen arabera.

31.5. Elkargoaren jarduketez eta bizitzaz informazioa jasotzea, eta orobat, kideengan eragina duten gaiez.

31.6. Elkargoaren aholkularitza eskatzea lanbidearen gaietan, Gobernu Batzordeak ezarritako arauei jarraikiz.

31.7. Lanbidean askatasun eta independentzia osoz aritzea, eta ez da beste mugarik izanen Legeak eta etika nahiz deontologia profesionalaren arauek ezarritakoak baino.

31.8. Lanbidean aritzeko duen zilegizko askatasunaren babesa eskatzea eta lortzea.

31.9. Elkargoaren ezaugarria agerian eramatea.

31.10. Irizpenak, peritazioak, balorazioak eta bestelako lan profesionalak burutzea, elkargoari erakunde ofizialek eta entitate partikularrek eskatutakoak eta aldez aurretik ezarritako prozeduragatik dagozkionak.

31.11. Lan profesional guztien agiriak Elkargoaren esku jartzea, hark ikus-onetsi eta erregistra ditzan, hala eskatzen zaionean.

31.12. Kideak berak eskatuta, eginiko lanen ordainsariak Elkargoaren bidez kobratzea.

31.13. Gobernu Batzordeari defenda dezan eskatzea, profesional kidetu bezala dituen eskubideak urratu eta kaltetu zaizkiola uste badu.

31.14. Gobernu Batzordeari jakinaraztea lanbidean partikularki edo kolektiboki eragina duten eta haren esku-hartzea eskatzen duten egitate guztien berri.

31.15. Prebisio sistemetan sartzea eta Elkargoak ezarritako zerbitzuez baliatzea, Barne Araubideko Erregelamenduan ezarritako arauei jarraikiz.

31.16. Gobernu Organoetan edo behar den lekuetan, bidezko errekurtsoak jartzea, Elkargoaren Estatutuetan eta indarra duten legezko xedapenetan ezarritakoaren arabera. .

31.17. Lanbide eta dibulgazioko egintzetan elkargokidearen lanbide maila eta zenbakia agertzea, zigilu bateratua erabiliz.

31.18. Legeek, estatutu hauek eta Espainiako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofizialen Estatutu Orokorrek esleitzen dizkioten gainerako eskubide guztiak.

32. artikulua. Elkargokideen betebeharrak.

Elkargokideek betebehar hauek dituzte:

32.1. Estatutu hauek, Barne Araubideko Erregelamenduak eta Gobernu Batzordeak legez ezarritako arauak eta xedapenak onartu eta betetzea.

32.2. Elkargoaren kuoten eta gainerako kargen ordainketak eguneratuak izatea, legez eta estatutuaren bidez finkatutako moduan eta epeetan, edozein motatakoak izanik ere.

32.3. Zein kargutarako hautatu duten, haren eginkizunak behar den arretaz betetzea.

32.4. Lanbidea arretaz eta kontu handiz burutzea, bere zerbitzuak alokatzen dituztenekiko kontratu loturaren ondoriozko eginbeharrak zintzo betez.

32.5. Kideekin begirunez eta gizabidez jokatzea, eta haien aipamena egitean ez iraintzea edo gutxiestea.

32.6. Elkargoaren ekitaldietan agertzea, kidearen jarduerekin bateragarri badira, betiere.

32.7. Elkargokideen adierazpen askatasuna, jarrerak eta iritziak errespetatzea.

32.8. Elkargoko organoen eginkizunak zuzenean edo zeharka ez oztopatzea.

32.9. Elkargoari salatzea berak ezagutzen dituen intrusismo, bateraezintasun, jarduera ez-legal edo gutxiespen profesionaleko kasuak.

32.10. Estatutu hauek, Elkargoaren Erregelamenduak edo lanbidearekin loturiko arauak urratzen ahal dituen beste edozein inguruabarren berri eman edo salatzea.

32.11. Isilpekoak edo pribatuak ez diren kontuen gainean argibide egiazko eta arduratsuak ematea, Elkargoak eskatzen dizkietenean.

32.12. Elkargoaren arbitraje eta adiskidetzearen esanetara ezinbestean jartzea, elkargokideen artean lanbideari buruz sortzen diren auzietan.

32.13. Helbide aldaketak Elkargoari jakinaraztea (bai eta norberaren datuetan gerta daitezkeen aldaketa guztiak ere)

32.14. Elkargoko Zuzendaritza organoek agintzen dizkien eginkizunak onartzea, kontrako arrazoirik ez bada.

32.15. Elkargokide eta zuzendaritza organoekiko diziplina eta lanbide-harmoniako betebeharrak betetzea.

32.16. Lanbide jardueran dohainik ez aritzea.

32.17. Beste lizentziatu bati esleitutako eginkizunetan edo lanbide jardunean ez aritzea edo esku hartzea, horretarako haren baimenik ez badute.

32.18. Gobernu Batzordeari jakinaraztea lanbidean partikularki edo kolektiboki eragina duten eta haren esku-hartzea eskatzen duten egitate guztien berri.

IV. TITULUA

Elkargoaren Gobernu organoak

33. artikulua. Elkargoak gobernu organo hauek ditu:

1._Batzar Nagusia.

2._Gobernu Batzordea.

34. artikulua. Elkargokideen Batzar Nagusia Elkargoaren ordezkaria da, osoa eta erabatekoa, eta haren subiranotasunaren erakuslea.

35. artikulua. Elkargoaren Gobernu Organo Nagusia Gobernu Batzordea da.

36. artikulua. Nafarroako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofizialaren Gobernu Batzordea osatzen duten kideen izendapena eta aldaketak egin eta hamar eguneko epean, horien berri emanen zaio Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza Departamentuari edo ordezkatzen duenari.

I. KAPITULUA

Gobernu Batzordea

LEHEN ATALA

Osaera eta eginkizunak

37. artikulua. Nafarroako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofizialaren Gobernu Batzordea kargu hauek osatzen dute:

_Batzordeburua.

_Batzordeburuordea.

_Idazkaria.

_Diruzaina.

_Batzarkideak (lau).

Gobernu Batzordea elkargokide guztien artean hautatuko da, berdintasunezko parte hartze librean.

Hautagai zerrendak gobernu-taldeka aurkeztuko dira, kargu guztiak barne.

38. artikulua. Gobernu Batzordearen eginkizunak:

38.1. Elkargoaren intereseko gai konkretuez erreferenduma egitea, bozketa sekretu edo publikoaren bidez eta Batzarrak berak ezarritako moduan.

38.2. Lizentziatuen edo elkargokideen onarpena, etenaldia, baja edo kanporatzeari buruzko ebazpena ematea, Barne Araubideko Erregelamenduan ezarritakoari jarraikiz.

38.3. Ardura izatea elkargokideek beste lankideekiko harremanetan portaera ona izan dezaten eta lanbidean ari direnean arreta eta gaitasun egokia.

38.4. Intrusismoa galarazi eta jazartzeko behar diren ekintzak eta jarduketak egitea, bai eta legez ezarritakoak ez diren modu eta baldintzetan dihardutenen jarduera ere, elkargokide izan edo ez, baztertu gabe lanbide jarduera irregularrerako aukera ematen duten pertsona fisikoak nahiz juridikoak.

38.5. Batzar Nagusiari lanbidearen ordainsari gomendatuen erregulazioa eta lanbide ordainsarien gaineko orientazio baremoak ezar ditzan proposatzea, eta aplikatzekoak diren ordainsarien gainean txostenak eta irizpenak ematea, interesatuek, elkargokideek edo Laneko Agintaritzak eskatzen dituztenean.

38.6. Gobernu Batzordeko karguak betetzeko hauteskundeetarako deia egitea, hautaketa egiteko behar den guztia prestatuz, legeen eta estatutuen arauekin bat.

38.7. Batzar Nagusiaren bilkura arrunt, aparteko edo berezietarako dei egitea eta gai-zerrenda prestatzea.

38,8. Elkargoko kideekin diziplina ahalmena erabiltzea.

38.9. Batzar Nagusiari Elkargoaren Estatutuak, Barne Araubidearen Erregelamendua eta komenigarri iruditzen zaizkion arau guztiak onesteko edo aldatzeko proposatzea.

38.10. Elkargokideen delegazioak, taldeak, batzordeak edo atalak ezarri, sortu edo onestea, korporazioaren helbururako interesgarriak badira, eta horien mugapea eta funtzionamendua arautzeaz gainera, eskuordetzen dizkieten ahalmenak finkatzea, hala behar denean.

38.11. Ardura izatea elkargokideak lanbidean ari direnean Gorputz Hezkuntzako lizentziatuari dagozkion duintasuna eta izen ona bete daitezen, bai eta elkargokideen artean harmonia eta lankidetza bultzatzea ere, lehia desleiala eragotziz, indarra duen legeriaren arabera.

38.12. Elkargoko kideei lehenbailehen informazioa ematea, axola dieten berriak jakinez gero, korporazioari dagozkionak izan, nahiz elkargoaren, lanbidearen edo kulturaren arlokoak.

38.13. Elkargoko kideak defendatzea, lanbideko eginkizunetan ari direnean edo horien ondorioz sortzen zaizkien arazoetan, zuzen eta bidezkotzat jotzen badu.

38.14. Autonomiako Gobernuan eta erregioko edozein agintariren aurrean lanbidearen intereserako onuragarritzat jotzen diren ekintza guztiak bultzatzea.

38.15. Elkargoari dagozkion eskubideak eta ekintzak gauzatzea, bereziki lanbide jardueraren askatasuna eta independentzia oztopatzen dutenen kontra.

38.16. Elkargoaren ondasunak (higigarriak eta higiezinak) eta funtsak administratzea, eta bukatutako ekitaldiko inbentarioak, aurrekontuak, kontu emateak eta balantzeak Batzar Nagusian aurkeztea, onets ditzan.

38.17. Batzar Nagusian Elkargoaren kuota arrunten, berezien, derramen, dirusarrerak eskutzeko kontuen, eta abarren proiektua proposatzea, komenigarritzat jotzen badu, estatutu hauekin eta legeekin bat.

38.18. Aholkuak eta irizpenak ematea, arbitrajeak eta arbitrajeko laudoak ematea.

38.19. Etorkizuneko jarduera planak eta urteko memoria prestatu eta Batzar Nagusian aurkeztea, han onets daitezen.

38.20. Nafarroako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofiziala bere eginkizunetan ongi aritzeko behar diren enplegatu eta teknikariak kontratatzea, eta haien lan araubidea eta ordainsariak finkatzea.

38.21. Elkargoaren administrazio zerbitzuak garatu, zuzendu eta kontrolatzea eta kontuen araubidea ezartzea.

38.22. Elkargoko zerbitzuen jarduera zuzendu, koordinatu, programatu eta kontrolatzea.

38.23. Kontseilu Nagusian Elkargoak izanen dituen ordezkariak hautatzea.

38.24. Gobernu Batzordeak komenigarritzat jotzen dituen batzordeak sortzen ahal ditu. Horien batzordeburua, nolanahi ere, Gobernu Batzordekoa izanen da edo berak izendatutako ordezkoa. Gainera, lanbide, ikasketa edo lan sektoreko batzordeak eratzea eta desegitea erabakiko du, eta funtzionamendurako arauak emanen ditu Elkargoari dagozkion kasuei eta kideen izendapenari buruzkoak.

38.25. Presazko kasuetan, Batzar Nagusiari legozkiokeen ebazpenak ematea. Hilabeteko epean, gehienez ere, ebazpenen arrazoiak azalduko ditu horretarako propio deitutako Batzar Nagusiaren aparteko bilkuran.

38.26. Elkargoaren xedeak eta eginkizunak betetzeko balio duten ekintza guztiak burutzea, estatutu hauen II. tituluko 2. kapituluan adierazitakoak, alegia, eta beharrezkoak diren zerbitzuak ezartzea.

38.27. Estatutu hauek interpretatzeko ahalmena izatea.

38.28. Lehenago aipatu ez diren eginkizunak, estatutu hauen garapenari buruzkoak.

38.29. Elkargoaren Gobernu Batzordeak zilegi du, komenigarritzat jotzen dituen kasuetan, Elkargoko organoetako kideentzat konpentsaziozko dietak ezartzea, bizi diren herritik kanpora egiten diren bilkuretan parte hartzeko.

39. artikulua. Bilkurak.

39.1. Gobernu Batzordea, eskuarki, hilean behin bilduko da edo kideen herenak eskatuta (proposatzen duten gai-zerrenda erantsirik; kasu horietan batzordeburuak gehienez ere hurrengo bost egunetan eginen du deialdia) eta Elkargoaren lehendakariak komenigarritzat jotzen duen aldiro. Gobernu Batzordeko kide guztiak bilduta badaude aldez aurretik deia egin gabe, aho bateko erabakiaren bidez, bilkura egin dezakete, aurrena gai-zerrenda onetsita. Aparteko bilkura eginen da komeni bada inguruabar bereziak direla eta, bai eta estatutu hauetan edo legeetan ezarritako kasuetan ere.

39.2. Bilkuretarako deia idazkariak eginen du, batzordeburuak aginduta, hiru egun lehenagotik bederen. Deia idatziz eginen da eta eguneko gai-zerrenda erantsiko zaio, eta ez da beste gairik jorratuko.

39.3. Erabakiak bertaratuen botoen gehiengoz hartuko dira. Batzordeburuak kalitateko botoa izanen du.

39.4. Gobernu Batzordeko bilkuretan egoten ahal dira gai jakin batzuetarako berariaz deitutako elkargokideak edo pertsonak; horiek hizpidea izanen dute, baina ez botorik.

39.5. Batzordearen erabakiz, funtsezkoak ez diren gaietan, idazkariaren sinadura delegatzen ahal da beste batzordekide baten edo Elkargoko funtzionario baten baitan.

39.6. Presako arrazoiengatik artikulu honetan ezarritako arauei jarraitu gabe egiten diren bilkuretarako deia telegrama bidez egin daiteke, edo beste bide azkarrago batez. Horrelakoetan, deitutako organoaren lehenengo erabakia izanen da bilkura presakoa dela justifikatzea .

39.7. Gobernu Batzordearen bilkurak aurretiaz ezarritako egunean eta orduan eginen dira, bertaratuak zenbat diren kontuan hartu gabe, bertaratuen quorum zehatza eskatzen ez bada. Kasu guztietan nahitaezkoa da batzordeburua eta idazkaria edo haien ordezkoak bertan izatea.

40. artikulua. Ezin dira Gobernu Batzordeko kide izan ondorengo hauek:

40.1. Epai irmoz kondenatuak izan diren elkargokideak, epaiarekin batera kargu publikoetan aritzeko gaitasuna kendu edo eten bazaie.

40.2. Diziplinazko zehapena jarri zaien elkargokideak, dela Elkargoan, zeinetan zuzendaritza karguetara iritsi nahi duten, dela beste edozein kargutan, zeinetan alta emanda dauden edo egon diren, betiere errehabilitatzen ez dituzten arte.

40.3. Beste lanbide elkargo bateko organo gidarietako kide diren elkargokideak.

41. artikulua. Batzordeburua

Nafarroako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofizialeko lehendakariak, aldi berean Gobernu Batzordekoa denak, ahalmen eta eskurantza hauek izanen ditu:

41.1. Elkargoaren legezko ordezkari izatea mota guztietako agintari, erakunde, auzitegi, entitate, sozietate, korporazio eta partikularren aitzinean, gai delarik ahalordea emateko prokuradore eta abokatuei edo beste edozein pertsonari, premia izanez gero.

41.2. Elkargoaren eta elkargoak ematen dituen zerbitzuen zuzendari nagusi izatea, beharrezkoa den afera guztietan, Batzar Nagusiaren eta Gobernu Batzordearen arauei jarraikiz.

41.3. Ardura izatea legezko xedapenak, estatutu hauek eta Elkargoaren Erregelamenduak hertsiki bete daitezen, bai eta Gobernu Organoek hartutako erabakiak ere.

41.4. Gobernu Batzordeko eta Batzar Nagusietako eta orobat, berak parte hartzen dueneko batzorde berezi guztien bilkuretarako deia egitea, gai zerrendak prestatzea, horien zuzendari izatea, eztabaidak zuzentzea, berdinketetan berak duen kalitatezko botoa erebiliz, bilkurei hasiera ematea eta bukatzea, eztabaidak bideratzea, gai bakoitzerako ezarritako txandak agortzean eztabaida bukatutzat ematea eta bozketa egitea horrela eskatzen duten gaiez.

41.5. Baimena ematea, bere sinadura eta ontzat emanarekin, bilkurak egiteko, zirkularrak edo arau orokorrak emateko, bai eta beharrezko diren dokumentu guztiak ere.

41.6. Elkargoaren funtsen edo eskurapenen kargura ordainketak egin daitezela agintzea, bere sinadura Gobernu Batzordeak hartutako erabakiaren ondorioz izendatu diren beste pertsonen sinadurekin batuz.

41.7. Oposizio edo lehiaketen epaimahaietan parte hartuko duten elkargokideak proposatuko ditu, zeregin horretarako gai direnen artean.

41.8. Elkargoari eskatzen zaizkion irizpen, aholkularitza edo peritazioak egiteko prozedurak finkatuko dizkie elkargokideei. Eginkizun hori Gobernu Batzordeko idazkariaren esku uzten ahal du.

41.9. Batzordeburuak bere ahalmenak eta eskurantzak hurrenkera honetan eskuordetzen ahal ditu: batzordeburuordea, idazkaria, diruzaina, 1. batzordekidea, ..., 9. batzordekidea (baldin badaude).

42. artikulua. Batzordeburuordea.

Batzordeburuordeari dagozkio:

42.1. Batzordeburuaren ordez aritzea, hura kanpoan denean, eskuordetzean edo agindu espresua dela bide.

42.2. Batzordeburuak agintzen dizkion elkargoko eginkizun guztiak aurrera eramatea.

42,3. Batzordeburuordeak bere ahalmenak eta eskurantzak hurrenkera honetan eskuordetzen ahal ditu: idazkaria, diruzaina, 1. batzordekidea, ..., 4. batzordekidea (baldin badaude).

43. artikulua. Idazkaria

Idazkariari ondoko eginkizunak dagozkio:

43.1. Elkargoaren dokumentazioa eta ordezkaritza elementuak prestatzea eta zaintzea eta bilkura guztien akta egitea.

43.2. Eskatzen diren ziurtagiriak eta dokumentuak egitea.

43.3. Elkargoaren zerbitzu ordenatua lortzeko behar diren liburuez arduratzea, besteak beste, nahitaez, elkargokideen, tituluen, alta eta bajen eta zehapenen erregistro-liburua, eta Batzar Nagusien eta Gobernu Batzordearen akten liburuak.

43.4. Urteko memoria erredaktatzea, Elkargoaren jardueren zerrenda eginaz, Gobernu Batzordeak aztertu eta Batzar Nagusiak onets ditzan.

43.5. Elkargora iristen diren eskaera eta komunikazio guztiak jasotzea eta horien berri batzordeburuari ematea.

43.6. Elkargoaren bulegoen administrazioa antolatzea eta zuzentzea, eta langileriaren burutza bere gain hartzea.

43.7. Erregistro baten ardura izatea eta zaintzea. Erregistro horretan ordena alfabetikoz elkargokide bakoitzaren historiala idatziko da, bai eta, hala behar denean, ikus-onetsiak, lan-poltsa eta ezar daitezkeen bestelako datuak.

43.8. Elkargoaren artxiboa eta zigilua bere ardurapean izatea.

43.9. Kanpoko jakinarazpenak jaso eta bideratzea, eta Elkargoak komenigarritzat jotzen dituenak luzatzea, horien berri batzordeburuari emanez.

43.10. Elkargokideei Aholkularitza Juridikoarekiko harremanak erraztea.

43.11. Orokorrean, Elkargoaren administrazio lanaren eta dokumentazioaren arduradun nagusia izanen da.

43.12. Elkargoaren organoen bilkura guztietan izanen da edo bestela haren ordezkaria, eta bilkura bakoitzaren akta eginen du.

43,13. Idazkariak bere ahalmenak eta eskurantzak hurrenkera honetan eskuordetzen ahal ditu: diruzaina, 1. batzordekidea, ..., 9. batzordekidea (baldin badaude).

44. artikulua. Diruzaina

Diruzainari ondoko eginkizunak dagozkio:

44.1. Elkargoaren ondasunak eta baliabideak biltzea eta zaintzea eta Gobernu Batzordeari zerbitzua hobetzeko arauak proposatzea.

44.2. Behar den formaltasun guztiak betez, funtsen sarrera-irteerez eta inbentarioez arduratzea, eta behar diren egiaztagiriak gordetzea.

44.3. Ahaleginak egitea Elkargoaren gastuak eta dirusarrerak onetsitako aurrekontuetara egoki daitezen eta gerta daitezkeen gorabeherak aldian-aldian Gobernu Batzordeari jakinaraztea.

44.4. Hiru hilabetean behin, bederen, Gobernu Batzordeari aurkeztea dirusarreren eta gastuen egoera aurrekontuekiko, eta kutxaren egoeraren berri ematea.

44.5. Dirusarrera eta gastuen urteko orria formalizatzea, eta ekitaldi ekonomiko bakoitzeko aurrekontuen proiektuak egitea, Gobernu Batzordeak Batzar Nagusian aurkeztu beharrekoak, han onets daitezen.

44.6. Aurrekontu bereziei, 39.5. artikuluan aipatutakoei, buruzko txostena egitea.

44.7. Batzordeburuak emandako ordainketa-aginduak gauzatzea.

44.8. Banku kontuetan dirua sartzea eta ateratzea, batzordeburuarekin batera.

44.9. Elkargoaren funtsak administratzea.

44.10. Elkargoaren ondasunen inbentario zehatza egitea eta ondasunok administratzea.

44.11. Kontabilitatea kontrolatzea eta kutxa ikuskatzea.

44.12. Edozein motatako kobrantzak egitea, Elkargoaren izenean.

44,13. Diruzainak bere ahalmenak eta eskurantzak hurrenkera honetan eskuordetzen ahal ditu: 1. batzordekidea, ..., 4. batzordekidea (baldin badaude).

45. artikulua. Batzordekideak.

Batzordekideek Gobernu Batzordeak ezartzen dizkien eginkizunak izanen dituzte. Horien hurrenkera Elkargoan duten izendapen edo aitzinatasunaren araberakoa izanen da.

BIGARREN ATALA

Karguen hautaketa eta kargu uztea

46. artikulua. Gobernu Batzordeko karguak hautapen bidez beteko dira. Hauteskunde horietan elkargokide guztiek har dezakete parte, ohorezko kideak izan ezik, estatutu hauetan ezarritako prozedurari jarraikiz.

47. artikulua. Gobernu Batzordeko kargu guztiak Nafarroako Foru Komunitatean egoitza izan eta hautesle diren elkargokideekin beteko dira. Agintealdia lau urtekoa izanen da eta berriro hautatuak izan daitezke.

48. artikulua. Gobernu Batzordeko karguentzat, beren lanbide jardueran, antzinatasunezko baldintza hauek ezarri dira:

48.1. Batzordeburu kargurako, hautatua izan aitzineko hiru urtez jarraian elkargokide izatea.

48,2. Batzordeburuorde, idazkari eta diruzain karguetarako, hautatuak izan aitzineko bi urtez jarraian elkargokide izatea.

48,3. Batzordekide kargurako, hautatua izan aitzineko urte batez elkargokide izatea.

49. artikulua. Hautetsi batek kargua uzten badu, haren ordezkoa Gobernu Batzordeko buruak izendatuko du eta horren berri emanen du hurrengo Batzar Nagusian. Ordezkoaren agintaldia ordeztuarena bukatzean amaituko da.

50. artikulua. Gobernu Batzordeko kideen hautaketa.

Hautesle izateko eskubidea dute elkargokide guztiek, "ohorezkoak" izan ezik, eta eskubide hori bozketa libre, zuzeneko eta sekretuaren bidez erabiliko dute, estatutu hauek zehaztu bezala.

51. artikulua. Hauteskundeak aurreko agintaldia amaitu aurreko hiru hileko epean eginen dira.

52. artikulua. Botoa emateko eskubidea dute elkargokide guztiek, Elkargoan sartu eta bi hilabete igaro ondoren.

53. artikulua. Deialdia.

Gobernu Batzordeak eginen du hauteskundeetarako deia, berrogei egun lehenago gutxienez, eta bertan iragarriko du hauteskundeen data, hurrengo artikuluan zehazten den moduan, hauteskundeak egiteko eguna, lekua eta orduak azalduz.

54. artikulua. Publizitatea.

Idazkariak deialdia egin eta ondorengo bost egunetan, Elkargoaren iragarki oholean jarriko dira:

a) Hauteskundeetarako deialdia, honakoak agerraraziz:

1._Hautagai taldeen aurkezpena, hautatu beharreko kargu guztiak eta agintaldia adieraziz.

2._Hauteskundeak egiteko lekua, eguna eta ordua.

3._Hautesontziak zer ordutan itxiko diren, kontaketari ekiteko.

b) Botoa emateko eskubidea duten elkargokideen zerrenda.

c) Botoa postaz emateko baldintzak, beste modu batera egitea erabakitzen ez den bitartean, hauek izanen dira:

1._Hautesleak, boto papera bete ondoren, jaso-agiridun posta ziurtatuaz igorriko dio Elkargoko idazkariari, gutunazalean "Posta bidezko botoa" dela adieraziz.

2._Elkargoko idazkariak ontzat hartuko ditu posta bidezko botoak hauteskunde egintza hasten den momentura arte, eta bozketen kontrolerako zerrendan adieraziko ditu era horretan emandakoak. Posta bidezko botoak hauteskunde egintza amaitzean sartuko dira hautesontzietan.

55. artikulua. Erreklamazioak hautesle zerrendari buruz.

Hautesle zerrendak argitara eman ondoko bost egunetan elkargoko kideek haien aurkako erreklamazioak egin ahal izanen dituzte eta hurrengo bost egunetan horien gaineko ebazpena emanen du Gobernu Batzordeak.

56. artikulua. Hautagai zerrendak.

56.1. Hautagai zerrendak Elkargoaren idazkaritzan aurkeztuko dira, deialdia egin eta ondorengo hamabost egunetan.

56.2. Hautagai zerrendak taldeka eginen dira, kargu guztiak bilduz, estatutu hauen 38. artikuluan adierazi bezala, eta kasu guztietan elkargokideen ehuneko hamarreko sinadurekin abalatuko dira, hautagai zerrendakoak kenduta.

56.3. Hautagai zerrenda guztietan, baliozkoak izateko, gutxienez kargu hauek aipatuko dira: Batzordeburua, batzordeburuordea, idazkaria, diruzaina eta hiru batzordekide. Hori guztia estatutu hauetako 38. artikuluaren arabera.

56.4. Elkargokideak ez dira kargu bat baino gehiagotara aurkezten ahal.

57. artikulua. Hautagai zerrendak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunean Elkargoaren iragarki oholean paratuko dira, elkargokideek erreklamazioak edo inpugnazioak egin ditzaten ikusgai jarri eta ondorengo bost eguneko epean.

58. artikulua. Hurrengo bost egunetan, Gobernu Batzordeak erabakia hartuko du aurkeztutako erreklamazio edo inpugnazioen gainean eta ebazpena eman eta ondorengo bi egunetan jakinaraziko die interesatuei.

59. artikulua. Erreklamazioak egiteko epea amaitu eta biharamunean, Gobernu Batzordeak aldarrikatuko ditu eskatutako baldintzak betetzen dituzten hautagai taldeak eta jendaurrean jarriko ditu, zerrenda batean, Elkargoaren iragarki oholean.

60. artikulua. Hautagai talde bat baztertu ahal izateko, arrazoitu egin behar da eta horren berri eman beharko da hurrengo egun baliodunean. Taldeak errekurtsoa aurkeztea zilegi du, estatutu hauen 146. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

61. artikulua. Goian aipatutako epe guztiak egun naturaletan kontatuko dira.

62. artikulua. Hauteskunde mahaia.

62.1. Hauteskunde egunean, hauteskunde mahaia eratuko da, bozketari ekiteko ordua baino hogeita hamar minutu lehenago, honela osatua: mahaiburua, idazkaria eta bi mahaikide, zozketa bidez hautesleen zentsutik aldez aurretik hautatuak.

62.2. Hautagai dena edo hautagai zerrendan ageri dena ezin izanen da hauteskunde mahaiko kide izan.

62.3. Hautagai zerrenda bakoitzak ikuskatzaile bat, bozketan eta kontaketan ordezkari izanen duena, izenda dezake elkargokideen artetik.

63. artikulua. Hauteskunde mahaia ezarritako orduan eratu ondotik, mahaiburuak adieraziko du bozketari noiz ekin. Bozketa amaitzeko ezarritako orduan, horren bukaera iragarriko du, ateak itxiko dira eta bozketako tokian gelditu diren elkargokideak baino ez dute botoa emanen. Horren ondoren, mahaiburuak hautestontzian sartuko ditu posta bidez bidalitako boto paperak dituzten gutunazalak, hauteslea zentsuan inskribatua dagoela eta botoa ematera pertsonalki etorri ez dela egiaztatu ondoren. Hondarrean mahaikideek eta ikuskatzaileek emanen dute botoa, eta mahaiburua izanen da azkena.

64. artikulua. 64.1. Boto paperak Gobernu Batzordeak onetsitako ereduaren parekoak izanen dira, Elkargoak hautagaien eta hautesleen eskura jarriko dituenak.

64.2. Hautagaiek, nahi izatera, boto paperak prestatzen ahal dituzte, baina Elkargoak argitaratutakoak bezalakoak behar dute izan, balio izateko.

64.3. Hauteskundeak egiteko lokalean behar adina boto paper izanen da.

65. artikulua. Boto emaileek beren nortasuna egiaztatuko dute, elkargokide agiria aurkeztuz hauteskunde mahaian. Mahaikoek egiaztatuko dute hauteslea hauteskunde zentsuan dagoela, idazkariak boto emailearen izena eta deiturak irakurriko ditu ozenki eta botoa eman duela adieraziko. Horren ondoren, idazkariak berak sartuko du boto papera tolestua hautestontzian. Ez da onartuko eskuordeturiko botorik.

66. artikulua. Boto kontaketa.

66.1. Bozketa amaiturik, kontaketari ekingo zaio; kontaketa publikoa izanen da eta boto paper guztiak ozenki irakurriko dira.

66.2. Baliogabetzat joko dira zirriborroak, zuzenketak edo urradurak, bai eta hautespenarekin zerikusirik ez duten azalpenak dituzten boto txartelak eta hautagai zerrenda bat baino gehiago dituztenak ere.

67. artikulua. Emaitzak.

Kontaketa buruturik, mahaiburuak emaitza irakurriko du eta ondoren boto gehien lortu duen zerrenda hautatu dela aldarrikatuko du. Boto berdinketarik bada, Nafarroako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofizialean denbora gehien daraman hautagai zerrenda hautatuko da.

68. artikulua. Hauteskundeetako emaitza akta batean agerraraziko da. Aktan mahaikideek sinatuko baitute, eta gainera honako hauek paratuko dira: mahaikideen izena, boto emaileen kopurua, hautagai zerrendek izendatutako ikuskariak, izandako gorabeherak eta aldarrikatu den hautagai zerrenda.

69. artikulua. Inpugnazioak.

Elkargokideek hauteskunde egintzari inpugnazioak jarri nahi izanez gero, horiek idatzizkoak izanen dira, Nafarroako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofizialari zuzenduak eta hurrengo hiru egun naturaleko epean jarri beharko dira, estatutu hauen VII. tituluan ezarritakoarekin bat.

70. artikulua. Hauteskundeak egin eta hurrengo laugarren eta zortzigarren egunen artean, biak barne, kargua uzten duen Gobernu Batzordea bilduko da, xede hauekin:

70.1. Erabakia hartzeko jarri diren inpugnazioen gainean.

70.2. Hautetsien aldarrikapena egiteko, bidezkoa bada.

71. artikulua. Gobernu Batzordea bildu eta bost egunetan, Nafarroako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofizialerako hautetsien izenak jakinaraziko dizkiete Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari edo Nafarroako Gobernuak eskuordetzen duenari eta Espainiako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiari.

72. artikulua. Aldarrikatutako hautetsiak beren karguaz jabetuko dira hauteskundeak ondoren egiten den lehenbiziko Gobernu Batzordean.

73. artikulua. Gobernu Batzorde berriak, hauteskundeen ondorengo lehenbiziko bilkuran, bere kideen artean Espainiako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusian izanen dituen ordezkariak hautatuko ditu.

74. artikulua. 74. artikuluan adierazitako hautaketaren ondorengo bost egunen buruan, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari edo Nafarroako Gobernuak eskuordetzen duenari eta Espainiako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiari jakinaraziko dizkiete azken horren organoan Nafarroako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofizialak izanen dituen ordezkarien izenak.

75. artikulua. Kargu-uzteak.

Gobernu Batzordeeko kideek kargua utziko dute arrazoi hauek direla eta:

75.1. Parte ez hartzeagatik edo karguan aritzeko Estatutuetan eskatzen diren baldintzak galtzeagatik.

75.2. Hautatuak edo izendatuak izen direneko agintaldia bukatzeagatik.

75.3. Interesatuak karguari uko egiteagatik.

75.4. Bidezko arrazoirik gabe bilkura huts egitea hiru aldiz jarraian edo bost aldiz urtebetean.

75.5. Zentsura mozioa onetsi delako, hurrengo kapituluan arautuari jarraikiz.

Hutsik gelditu diren karguak betetzeko, prozedura hauek erabiliko dira:

a) Hautetsi baten kargua hutsik gelditzen denean, estatutu hauetako 50. artikulua aplikatuko da.

b) Gobernu Batzordeko karguen % 75 baino gehiago hutsik geldituz gero, Elkargoen Kontseilu Nagusiak bidezko iruditzen zaizkion neurriak hartuko ditu Batzordea behin-behinekoz osatzeko Elkargoan antzinatasun handiena duten kideekin.

Behin-behineko Batzordea eratu eta 60 eguneko epean hauteskunde orokorretarako deia eginen du eta bere eginkizunetan arituko da harik eta Gobernu Batzorde berria bere karguaz jabetzen den arte.

Hauteskunde horiek 47. etik 75.era arteko artikuluetan (biak barne) ezarritako prozedurari jarraikiz eginen dira.

c) Hautagai zerrendarik ez bada heskundeetarako deialdian, honela jokatuko da:

Zozketa bidez batzorde bat, lau kidez osatua, izendatuko da elkargokide guztien artean, eta karguak batzordekideek izendatuko dituzte beren artean. Horrela eratuko da Behin-behineko Batzordea.

Behin-behineko Batzordea eratu eta 90 eguneko epean hauteskunde orokorretarako deia eginen du eta bere eginkizunetan arituko da harik eta Gobernu Batzorde berria bere karguaz jabetzen den arte.

Hauteskunde horiek 47. etik 75.era arteko artikuluetan (biak barne) ezarritako prozedurari jarraikiz eginen dira.

II. KAPITULUA

Batzar Nagusiak, arruntak eta apartekoak

76. artikulua. Osaera

76.1. Batzar Nagusia Nafarroako Elkargoari atxikitako kideen zentsu osoak osatuko du, eta arrunta nahiz apartekoa izan daiteke.

76.2. Elkargokideek pertsonalki nahiz ordezkoen bidez har dezakete parte Batzar Nagusian. Eskuordetza hori izenduna izanen da eta erregelamenduz ezarritako baldintzen araberakoa.

77. artikulua. Batzar Nagusi arrunta urtean behin gutxienez bilduko da.

78. artikulua. Deialdia

Batzar Nagusirako deia hauek egin dezakete:

78.1. Gobernu Batzordeak, eta bere izenean batzordeburuak.

78.2. Batzordeburuak, elkargokideen % 20k bederen espresuki eta bidezko arrazoiak jarrita eskatzen dutenean.

Bi kasuotan, jorratu beharreko gai zerrendako puntuak adieraziko dira.

79. artikulua. 79.1. Premiazko arrazoiak salbu, Batzar Nagusirako deia gutxienez 20 egun natural lehenago eginen da. Deia Elkargoaren iragarki oholean paratuko da, gai zerrendarekin batera, eta batzarrean ez dira beste gairik jorratzen ahal, deialdian adierazitakoak baino.

79.2. Aurrekoa deusetan galarazi gabe, elkargokideei batzarrerako hitzordua ere igorriko zaie idatziz, gai zerrendarekin batera.

79.3. Elkargoaren Idazkaritzan, jendea hartzeko orduetan, elkargokideen eskura egonen da deitutako Batzarrean eztabaidatuko diren gaiei buruzko dokumentazioa, deialdiaren idatzizko jakinarazpenari atxiki dakiokeena galarazi gabe.

80. artikulua. Batzar Nagusi arrunta egiteko gai zerrenda hau gutxienez beteko da:

80.1. Aurreko aktaren irakurketa eta onespena.

80.2. Batzordeburuaren txostena, aurreko Batzarraz gero izandako jardueren eta gertakizun garrantzitsuenen gainean, Elkargoarekin zerikusia badute, betiere.

80.3. Aurreko ekitaldiko gastuen eta diru-sarreren kontu orokorra aztertu eta bozkatzea.

80.4. Gobernu Batzordeak hurrengo ekitaldirako prestatutako aurrekontua aztertu eta bozkatzea.

80.5. Deialdian agertzen diren proposamenak irakurri, eztabaidatu eta bozkatzea.

80.6. Proposamenak eta galde-eskeak.

81. artikulua. Elkargokideek, Batzar Nagusia egin aurreko hamabost egunetan, eztabaidatzeko eta horietaz erabakia hartzeko batzarrera eraman nahi dituzten proposamenak aurkezteko aukera dute. Gobernu batzordeak gai zerrendako "Proposamenak" izeneko puntuan sartuko ditu gai horiek, hogei elkargokidek gutxienez izenpetuak, eta irakurtzerakoan Batzar Nagusiak erabakiko du bidezkoa den edo ez horiei buruzko eztabaida hastea.

82. artikulua. Aparteko Batzar Nagusiak.

82.1. Aparteko Batzar Nagusiak batzordeburuaren nahiz Gobernu Batzordearen ekimenez eginen dira, edo elkargokideen % 20k gutxienez behar bezala arrazoitu eta eskatuta, artikulu honetako 4. atalean adierazitakoa salbu.

82.2. Aparteko Batzar Nagusirako deia egiteko arrazoia Gobernu Batzordearen kontrako zentsura.-mozioa baldin bada, eskaera elkargokideen % 25ek bederen izenpetu beharko dute eta behar bezala arrazoitu.

82.3. Aparteko Batzar Nagusirako deia batzordeburuaren edo Gobernu Batzordearen erabakiz egin baldin bada, hirurogei egun naturaleko epean eginen da, erabakia hartzen denetik aitzina, eta epe bera izanen da elkargokideen eskariz egiten bada, eskaera egiten denetik kontatzen hasita.

82.4. Proposamenak Elkargoaren helburuekin zerikusirik ez badu, Gobernu Batzordeak, arrazoitutako ebazpenaren bidez, uko egiten ahal dio Aparteko Batzar Nagusia egiteari, eskatzaileek errekurtsoak jartzeko duten aukera galarazi gabe.

83. artikulua. Batzar Nagusiaren eskumenak.

83.1. Elkargoaren jarduketa ildo eta plan orokorrak finkatzea, Gobernu Batzordearen proposamena edo elkargokideen % 20k gutxienez aurkeztutakoa onetsi ostean.

83.2. Jardueren urteko memoria, Gobernu Batzordeak aurkeztutakoa, onestea.

83.3. Aurrekontu arruntak eta apartekoak onestea, eta orobat, kontuen likidazioak eta inbentarioak.

83.4. Ondasun higiezinen erosketa, karga, hipoteka edo besterentzea onestea.

83.5. Elkargoan sartzeko eskubideak, kuota arrunt eta apartekoak eta derramak finkatzea eta beste motatako dirusarrerei buruz bidezkoa dena erabakitzea.

83.6. Elkargoaren egoitza beste herri batera aldatzeko erabakia hartzea.

83.7. Estatutuak eta Barne Araubideko Erregelamendua finkatzea eta horiei buruzko aldaketak egitea.

Batzarrean boto eskubidea duten bertaratuen eta ordezkatuen gehiengo osoaren aldeko botoa beharko da 6. eta 7. ataletako erabakiak hartzeko.

84. artikulua. Gobernu Batzordearen bilkurak aurretiaz ezarritako egunean eta orduan eginen dira, bertaratuak zenbat diren kontuan hartu gabe, bertaratuen quorum zehatza eskatzen ez bada. Kasu guztietan nahitaezkoa da batzordeburua eta idazkaria edo haien ordezkoak bertan izatea.

85. artikulua. Eztabaidatzen den gai oro onesteko boto eskubidea duten bertaratuen eta ordezkatuen gehiengo soilaren aldeko botoa beharko da, non ez den beste proportzio bat finkatzen.

Ez dute boto eskubiderik kuota arruntak edo apartekoak ordaindu ez dituzten elkargokideek, edo diziplina prozedura baten bidez zehaturik egon direnek.

Bozketak batzordeburuak ezarritako moduan eta hurrenkeran eginen dira eta hark berak erabakiko du bozketa arruntak, izendunak edo sekretuak izanen diren: azken bi modu hauetan egiteko, bertaratuen % 25ek gutxienez eskatu beharko dute. Nolanahi ere, bozketa sekretua izanen da, elkargokideen ohorearekin zerikusia duten gaiak ukitzen direnean.

86. artikulua. Batzar Nagusiaren egintzak eta erabakiak Antolamendu Juridiko Nagusira egokituko dira, estatutu hauetara eta organo nagusiek kasuan-kasuan hartzen dituzten erabakietara.

87. artikulua. Batzar Nagusi arrunt eta apartekoetan hartzen diren erabakiak nahitaez bete beharko dituzte elkargokide guztiek, estatutu hauetan ezarritako errekurtsoak galarazi gabe.

88. artikulua. Batzar Nagusiko egintzak edo erabakiak zuzenbide osoz deusezak izanen dira baldin eta Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Lege indardunaren 62. artikuluko kasuetako bat gertatzen bada, honakoak bereziki:

88.1. Legeen edo estatutu hauen kontrakoak direnak.

88.2. Duten edukiagatik bete ezinezkoak direnak.

88.3. Finkatutako lege prozedura guztiz eta erabat saihestuz emandakoak.

89. artikulua. Batzordeburua eta Gobernu Batzordea beharturik daude aurreko artikuluan aipatu egintzak zuzenbide osoz deusezak direla deklaratzera.

90. artikulua. Kontseilu Nagusiaren(tzako) txostenaren ondoren, batzordeburuak egintza horiek zuzenbide osoz deusezak direla deklaratuko du, edozein momentutan, ofizio bidez edo alde batek eskatuta, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legearen 102. artikuluan eta harekin bat datozenetan xedatutakoaren arabera.

91. artikulua. Zentsura-mozioa edo botoa Aparteko Batzar Nagusian baino ezin da aurkeztu, horretarako propio deituta, estatutu hauetan ezarritakoari jarraikiz.

Horretarako, Aparteko Batzar Nagusia eratuko da elkargokideen zentsuko erdia eta bat gehiago bertaratzean.

Aipatu quoruma izanik, mozioa aurrera ateratzeko bertaratuen erdien eta beste baten aldeko botoa beharko da.

92. artikulua. Estatutu hauek osorik edo hein batean aldatzen ahal dira propio horretarako deitutako Aparteko Batzar Nagusiak erabakitzen badu, boto eskubidea duten bertaratuen eta ordezkatuen gehiengo osoaren aldeko botoen bidez.

Estatutuak aldatzeko proposamen Gobernu Batzordeak edo elkargokideen % 33k, batak zein besteak, egiten ahal dute.

V. TITULUA

Baliabide ekonomikoak

93. artikulua. Elkargoaren ekitaldi ekonomikoa urte naturala izanen da.

94. artikulua. Elkargoko buruak aginduko ditu ordainketak, eta diruzaina arduratuko da ordaintzeaz eta kontuak eramateaz.

95. artikulua. Elkargoak diruzaina ez den beste pertsona bati eskuordetzen ahal dio bere baliabideen administrazioa, horretarako behar diren laguntzak galarazi gabe.

96. artikulua. Gobernu Batzordeak administratuko du Elkargoaren ondarea. Ahalmen hori, dena den, diruzainaren esku dago.

97. artikulua. Elkargoaren kontuak onesteko Batzar Nagusia egin aurreko hamabost egun naturaletan, elkargokide guztiek kontuak aztertzen ahal dituzte. Batzar Nagusian edo deialdian aztertu beharreko balantzearen laburpen bat emanen zaie batzarkideei.

98. artikulua. Elkargoaren baliabide ekonomikoak:

Elkargoak diru-baliabide hauek ditu:

98.1. Elkargoaren ondarea osatzen duten jarduera, ondasun edo eskubideek sortzen dituzten era guztietako etekinak, bai, halaber, elkargoaren kontuetan jarritako funtsen etekinak.

98.2. Elkargoratzeko kuotak eta kuota arruntak, eta izan daitezkeen derramak.

98.3. Erregelamenduz ezarritako isunak.

98.4. Irizpenak, ebazpenak, txostenak, peritazioak, ziurtagiriak edo kontsultak egiteagatik finkatutako eskubideak.

98.5. Elkargokideei beren lan profesionaleko ordainsarien gainean kentzen zaien portzentajea.

98.6. Argitalpen, inprimaki, harpidetza, zerbitzu emate edo zilegizko beste edozein jardueraren ondoriozko dirusarrerak.

98.7. Elkargoaren aldeko herentzia, legatu, dohaintza, dirulaguntza eta ekarpenak.

98.8. Enkarguren bat, aldi baterakoa nahiz iraunkorra, betetzeko Elkargoak ondasun edo errenta jakinak administratzean edozein kontzepturengatik jasotzen duen dirua.

98.9. Legezko xedapenekin bat lortzen diren beste edozein diru-baliabide.

2. eta 5. ataletan aurreikusitako diru-baliabideak finkatzeko, Biltzar Nagusian memoria bat eta aurrekontu bat aurkeztu behar dira, han onets daitezen.

99. artikulua. Elkargoaren diru-baliabideak hauetan erabiliko dira:

99.1. Elkargoaren beharrak eta zerbitzuak betetzeko, Biltzar Nagusian adostutako helburuen arabera.

99.2. Ekarpenak egiteko Espainiako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiari.

100. artikulua. Elkargoaren ondarea.

Elkargoak bere ondarea administratu eta erabiltzeko eskumen osoa izanen du bere egintza eta kontratu guztietan, eta horretan ez du beste mugarik Legeak ezarritakoak baizik, hain zuzen ere Elkargoari dagozkion xede eta eginkizunen ondoriozkoak.

101. artikulua. Ondasun higiezinen titulartasuna jabetza erregistroan agerraraziko da, inskripzioa egitean, zeina Elkargoaren Gobernu Batzordeak nahitaez egin beharrekoa baita, eta haren izenean batzordeburuak.

102. artikulua. Elkargoaren funtsak banketxeetan edo aurrezki kutxetan gordeko dira haren izenean. Dirua atera ahal izateko gutxienez bi sinadura beharko dira.

103. artikulua. Gobernu Batzordeak urtero aurkeztuko ditu Batzar Nagusian:

103.1. Aurreko ekitaldiko aurrekontuaren likidazioa.

103.2. Ekitaldi berrirako aurrekontua.

104. artikulua. Aurrekontuak.

Elkargoaren araubide ekonomiko-administratiboa urte naturaletan gauzatuko da eta bertan adieraziko dira diru-baliabide guztiak eta zenbatetsitako gastuak.

VI. TITULUA

Aipamenen eta erantzukizunen araubidea

I. KAPITULUA

Goraipamenak eta sariak

105. artikulua. Nafarroako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofizialak merezimendu aipagarriak edo lanbideari edo Elkargoari emandako beste zerbitzu batzuk saritzen ahal ditu goraipamenak eginez. Goraipamen horien bidez saritzen ahal dira elkargokideak eta, orobat, beste pertsona fisiko, juridiko edo erakundeak, are eta hil ostean ere.

106. artikulua. Goraipamenak egitean, Barne Araubidearen Erregelamenduak ezarritako arauei jarraituko zaie.

107. artikulua. Goraipamenak esanguratsuak eta adierazgarriak izanen dira, adibidez, diploma, ohorezko elkargokidearen titulua, domina, plaka edo bestelakoak, interesatuaren aparteko merezimenduen aitorpen gisa. Goraipamen horiek elkargokidearen espediente pertsonalean jaso beharko dira.

II. KAPITULUA

Elkargokideen erantzukizunak

108. artikulua. Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatu elkargokideen erantzukizun zibila edo penala kendu gabe, elkargokideek diziplinazko erantzukizuna dute lanbide betebeharretan arau-hausteak eginez gero.

109. artikulua. Gobernu Batzordea organo eskuduna da diziplina ahalmena erabiltzeko.

110. artikulua. 110.1. Nafarroako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofizialak zehatuko ditu elkargokideek egindako estatutu hauen, Barne Araubideko Erregelamenduaren eta Gobernu Organoek hartutako erabakien kontrako arau-hausteak.

110.2. Elkargoaren zehapena jartzeko aldez aurretik diziplina espedientea ireki behar da, zeina tramitatuko baita estatutu hauetan xedatutakoari jarraikiz, eta, osagarri gisa, Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko arauei.

110.3. Diziplina zehapenak Gobernu Batzordearen erabakiz bakarrik jartzen ahal dira, bozketa sekretuan batzordekideen bi herenek aldeko botoa emanez gero.

110.4. Ezartzen diren diziplina zehapenak elkargoko kidearen espediente pertsonalean jaso beharko dira.

110.5. Zehapena Gobernu Batzordeko kideren bati jartzea erabakitzen bada, espedientea Elkargoen Kontseilu Nagusiak irekiko du.

111. artikulua. Elkargoko diziplina (hutsegiteak eta zehapenak).

Diziplina zehapena jaso dezaketen hutsegiteak oso larriak, larriak eta arinak izan daitezke.

112. artikulua. Hutsegite oso larriak ondokoak dira.

112.1. Delitua edo hutsegitea egiteagatik interesatuari epai irmoa jartzea eta ondorioz, lanean aritzeko gaitasuna kentzea ekarri dutenak.

112.2. Lanean aritzea, interesatua edo bitartekari bat, bateraezintasunik egonez gero.

112.3. Epai irmoz ezarritakoaren arabera, lanbide jardunean dolozko delituak egitea, partaidetza gradua edozein dela ere.

112.4. Lanbide jardunean Elkargoaren Gobernu Batzordeko kideen eta beste elkargokideen duintasunari eta ohoreari erasotzea.

112.5. Mozkortzea edo drogak hartzea, horrek lanbide jarduera larriki kaltetzen badu.

112.6. Zenbait jardueratan aritzea, elkarteak sortzea edo elkarte horietan sartzea, horien xedeak eta eginkizunak Elkargoarenak eta harenak bakarrik direnean edo nolabait Elkartearen xede eta eginkizunak oztopatzen dituztenean.

112.7. Zuzendaritzako karguak dituzten elkargokideek egindako egintza batzuk, arau-hauste penalekoak izan ez arren, lanbide jardueran onestasunaren kontrako hutsegite larriak, botere abusuak edo bidegabeko irabaziak baldin badira.

112.8. Ezarritako legezko zehapena ez betetzea.

112.9. Leialtasuna, lanbidearen duintasuna, erregela etikoak, lanbidearen kode deontologikoa eta estatutu hauetan ezarritako betebeharrak larriki erasotzen edo iraintzen dituzten egintzak eta omisioak egitea.

112.10. Hutsegite larriengatik bi aldiz zehatu izan ondoren beste hutsegite larri bat egitea.

112.11. Lanbideari lotuta dauden gaiak jendaurrean azaltzea, ahoz zein idatziz, baldin eta horrela lanbidearen ospeari erasotzen bazaio edo Elkargoa edo elkargokideak gutxiestea eragiten badu.

112.12. Ordainsarien gaineko kuotak edo portzentajeak ez ordaintzea.

112.13. Estatutu hauetako 33. artikuluan, elkargokideen betebeharrei buruzkoan, ezarritakoa ez betetzea.

112.14. Intrusismo profesionala egitea eta hura estaltzea.

112.15. Moralaren ikuspegitik, kopurua edo larritasuna kontuan hartuta, Nafarroako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako lizentziatuen lanbide jarduerarekin bateraezinak diren arau-hausteak egitea.

113. artikulua. Hutsegite larriak ondokoak dira.

113.1. Egintzen edo omisioen bidez, Elkargoaren jarduera eta haren egintzak nahita oztopatzea.

113.2. Karguak, zeinetarako hautatu baitzuten elkargokideek, berekin dituen betebeharrak bertan behera uztea, horienganako utzikeria eta interes falta.

113.3. Elkargoaren organoek behar bezala erabakitakoak ez betetzea.

113.4. Aldez aurreko prozedura baten edo espediente baten kariaz, zuzenbidearen arabera eskatzen den laguntza edo informazioa ez ematea, bidezko arrazoirik gabe.

113,5. Hutsegite arinengatik bi aldiz zehatu izan ondoren beste hutsegite arin bat egitea.

113.6. Elkargora ekarritako dokumentazioa edo informazioa faltsutzea edo ezkutatzea, estatutu hauen arabera Elkargoak ezagutu beharrekoak badira.

113.7. Elkargoaren Estatutuen edo Erregelamenduaren arauak ez betetzea.

113.8. Lehia desleiala eta 31. artikuluan esku-sartze profesionalari buruz xedatutakoa urratzea.

113.9. Gobernu Batzordeko kideak eta elkargoaren gainerako kideak begirunerik gabe tratatzea.

113.10. Trebetasun falta eta lanbide prestigioa kaltetzen duten egintzak edo lanak burutzea.

113.11. Beste Elkargo autonomo batean lanean aritzea, antolakuntzaren eta kontrolaren ondorioetarako horren berri eman gabe.

114. artikulua. Hutsegite arinak ondokoak dira.

114.1. bilkuren buru egiten duenaren jarduketa eragoztea edo oztopatzea, edo bilkuretan hitza hartzean zakarkeriaz eta begirunerik gabe jokatzea.

114.2. Bidezko arrazoirik izan gabe bere karguari dagozkion bilkuretara ez agertzea. Kargua dela eta, dagozkion eginkizunak edo esleitu zaizkionak ez egitea, aski arrazoi izan gabe.

114.3. Lanbide egoitzaz aldatu izanaren berri ez ematea Elkargoari.

114.4. Estatutuak eta Elkargoak legez ezarri dituen beste arauak betetzean behin eta berriz arduragabekeriaz jokatzea, espresuki hutsegite larri edo oso larriak ez direnean.

114.5. Lanbideko lanetan garrantzi gutxi duten okerrak egitea.

114.6. Lanbidearen irudi egokia eta zuzena ez zaintzea.

115. artikulua. Elkargoko diziplina, zehapenen sailkapena.

Hona ezarri ahal izanen diren zehapenak:

115.1. Hutsegite oso larriengatik:

Elkargotik kanporatzea, elkargokide izatea galtzea eta lanbidean aritzeko ezgaitzea, sei hilabetetik hiru urtera bitarte.

115.2. Hutsegite larriengatik:

a) Lanbidean aritzeko ahalmena kentzea, gehienez ere sei hilabetez.

b) Jendaurreko kargu-hartzea, Elkargoaren esparruan.

c) Elkargoaren organoetan duen kargua edo elkargokide izateagatik dituenak galtzea.

115.3. Hutsegite arinengatik:

a) Kargu-hartze pribatua.

b) Idatzizko ohartarazpena.

116. artikulua. Hutsegite oso larriengatiko zehapenez gainera, horri buruzko ebazpena komenigarritzat jotzen diren hedabideetan argitaratzea erabakitzen ahal da.

Zehapen horiek ez dituzte galarazten beste jurisdikzioetan elkargokideak eginiko hutsegite beragatik jartzen ahal dizkiotenak.

Hutsegitearen larritasun mailaren araberakoa izanen da zehapena, eta arau-haustearen kualifikazioa eta inguruabar aringarri edo astungarriak kontuan hartuz mailakatuko da, errudunaren erantzukizuna alda dezaketelako. Horiek guztiak Gobernu Batzordeak bere kasa baloratuko ditu.

117. artikulua. Hutsegiteen preskripzio epea bost urtekoa izanen da hutsegite oso larrietarako, bi urtekoa larrietarako eta sei hilabetekoa arinetarako.

Diziplina prozedura hasteak preskripzioa etenen du eta berriz ere epea abian jarriko da, baldin eta diziplina espedientea, arau-hausleari egozten ahal ez zaizkion arrazoiengatik, sei hilabete baino gehiago gelditzen bada.

Hutsegite oso larrietan ezarri diren zehapenak hiru urte igaro ondoren preskribatuko dira, hutsegite larrietan ezarri diren zehapenak bi urte igaro ondoren, eta hutsegite arinetan ezarri direnak sei hilabeteren buruan.

118. artikulua. Hutsegite oso larriengatik eta hutsegite larriengatik Elkargoak ezarritako behin betiko zehapenen berri emanen zaio Espainiako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiari.

III. KAPITULUA

Prozedura

119. artikulua. Ez da inondik inora zilegi izanen zehapena jartzea diziplina espedientea tramitatu gabe, kapitulu honetan arautzen den prozeduraren arabera.

120. artikulua. Zehapen prozeduran beti errespetatuko da espedientatuaren errugabetasun presuntzioa.

121. artikulua. Elkargokideei zehapenak jartzeko ahalmena Nafarroako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofizialaren Gobernu Batzordeari dagokio.

122. artikulua. Prozeduraren instrukzioa eta espedienteari buruzko ebazpen proposamena horretarako izendatzen den batzordekideari dagozkio, non ez zaion ahalmen hori xede horrekin sortutako organo bati eskuordetzen.

123. artikulua. Prozedura ofizioz hasiko da, Gobernu Batzordeak erabakita, bere kabuz edo Elkargoko beste organo batzuek eskatuta nahiz salaketa baten ondorioz, biak ala biak arrazoituta.

124. artikulua. Gobernu Batzordeak, erabaki arrazoitua dela bide, behin-behineko neurriak hartzen ahal ditu, eman daitekeen behin betiko ebazpenaren eraginkortasuna segurtatzeko.

125. artikulua. Prozedura hasten denean, interesatuari honakoak jakinaraziko zaizkio: zein diren egozten zaizkion egintzak, egintza horiek dakartzaten arau-hausteak eta, halakoetan, ezar dakizkiokeen zehapenak, eta gainera, instruktorearen izena, zehapena jartzeko gai den organoarena eta zein den gaitasun hori ematen duen araua.

126. artikulua. Hamabost eguneko epean, jakinarazpena jasotzen denetik hasita, interesatuak alegazioak egin ditzake eta bidezko iruditzen zaizkion agiri eta arrazoiak.

127. artikulua. Interesatuak eskatzen duenean edo instruktoreari beharrezkoa iruditzen zaionean, probaldi bati emanen zaio hasiera, komenigarritzat jotzen diren probak egin ahal izateko, gehienez ere hogeita hamar egunekoa eta gutxienez hamarrekoa.

128. artikulua. 128.1. Prozedurari buruzko erabakia hartzeko egintza garrantzitsuak egiaztatzen ahal dira Zuzenbidez onar daitekeen edozein probaren bidez.

128.2. Instruktoreak arbuiatzen ahal ditu interesatuak proposatutako probak, bidegabekoak edo alferrikakoak direla nabarmena bada, betiere ebazpen arrazoituaren bidez.

129. artikulua. Instruktoreak interesatuari jakinaraziko dio probak non, noiz eta zer ordutan eginen diren, berak aukeratzen dituen teknikarien laguntzarekin ager dadin.

130. artikulua. Instruktoreak behar diren txosten guztiak eskatzen ahal ditu prozeduraren gaineko ebazpena emateko.

131. artikulua. Prozedurari hasiera eman eta instruktoreak ebazpen proposamena erredaktatu baino lehen, burututako jarduketa guztien berri emanen zaio interesatuari, entzute tramitean, gutxienez ere hamar egunekoa eta gehienez hamabostekoa, alegazioak egin eta bidezko iruditzen zaizkion dokumentuak eta egiaztagiriak aurkez ditzan.

132. artikulua. Ebazpen proposamena, egindako jarduketa guztiak barne, Gobernu Batzordeari igorriko zaio, hura baita zehapenak jartzeko ahalmena esleitua duen Elkargoko organoa.

133. artikulua. Prozedurari amaiera ematen dion ebazpenak arrazoitua behar du izan, espedientean azaldutako auzi guztiak ebatziko ditu, eta ebazpenean ez da onartzen ahal prozeduran zehar agerrarazitakoez bestelako egintzarik.

134. artikulua. 134,1. Diziplina zehapenak Gobernu Batzordearen erabakiz bakarrik jartzen ahal dira, bozketa sekretuan batzordekideen bi herenek aldeko botoa emanez gero.

134.2. Bilkura horretan egon behar dute Gobernu Batzordea osatzen duten kide guztiek. Bidezko arrazoirik izan ezean, agertzen ez denak, batzordekide izatea galduko du.

135. artikulua. Diziplina zehapenak elkargoko kidearen espediente pertsonalean jaso beharko dira.

136. artikulua. Elkargoaren Gobernu batzordeak elkargokideen diziplina erantzukizunaren gaineko espedienteetan zehapenen gainean hartutako erabakien lekukotza igorriko dio Espainiako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiari.

137. artikulua. Gobernu Batzordearen zehapen ebazpenei gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal zaie Espainiako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiari zuzendua, estatutu hauetan aurreikusitakoaren arabera.

138. artikulua. Ezarritako zehapenak oso-osorik beteko dira. Zehapenaren gaineko ebazpena irmo bihurtu eta biharamunetik aurrera hasiko da epea kontatzen.

139. artikulua. 139.1. Elkargokideei jartzen zaizkien diziplina zehapenak, oharpen gisa, haien espedientean jasota geldituko dira, irmo bihurtzen direnetik hasita.

139.2. Oharpen horien deuseztapena ofizio bidez gertatuko da edo interesatuak zehapena erabaki zuen Elkargoko Organoari eskatuta, epe hauetan: bost urte, hutsegite oso larrietarako, bi urte, hutsegite larrietarako, eta urtebete arinetarako, denak zehapena betetzen denetik kontatzen hasita.

139,3. Gertatzen diren deuseztapenak Espainiako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiari igorriko zaizkio, lekukotza bidez.

139.4. Deusezapenak ez du berrerorketa izan dela hautematea galarazten, baldin eta espedientatuak beste hutsegiteren bat egiten badu.

VII. TITULUA

Erabakien eta horien inpugnazioaren araubide juridikoa

140. artikulua. Batzar Nagusien eta Nafarroako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofizialaren erabakiak berehala beteko dira.

141. artikulua. 141.1. Elkargoan akten bi liburu egonen dira, nahitaez; batean Batzar Nagusiko aktak idatziko dira, eta bestean Gobernu Batzordearenak.

141.2. Aktak batzordeburuak eta idazkariak sinatu behar dituzte, erregelamenduak eskatzen duen bezala, edo, haien eginkizunetan aritu diren ordezkoek.

142. artikulua. Batzar Nagusi Arrunt eta Apartekoetan hartutako erabakiak Elkargoaren iragarki oholean paratuko dira, erabakiak hartu eta ondorengo hogeita hamar egun naturalen barnean. Interesatuei jakinaraziko zaizkie beraiengan eragin zuzena duten erabakiak.

143. artikulua. 143.1. Elkargoaren Organoen egintza eta erabakien kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Kontseilu Nagusiari zuzendua, salbu eta errekurtsoa jartzen bada organo horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eskuordetu eskumenak erabiliz emandako egintza edo erabakien kontra, izan ere, kasu horretan Nafarroako Gobernua da gora jotzeko errekurtsoa ezagutzeko eta ebazteko organo eskuduna.

143.2. Gora jotzeko errekurtsoaren gainean ematen den ebazpenak amaiera emanen dio administrazio bideari; beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioan errekurritu daitezke.

144. artikulua. 144.1. Elkargoaren Organoen erabakien kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzeko epea hilabetekoa da, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legearen 115. artikuluan xedatutakoaren arabera.

144.2. Errekurtsoa tramitatzeko eta ebazteko Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legearen arauak beteko dira, edo haien ordez eman litezkeenak.

144.3. Edozein errekurtso jartzeak ez du etenen inpugnatutako egintzaren exekuzioa.

144.4. Aurreko atalean xedatutakoa galarazi gabe, errekurritutako erabakiaren exekuzioa eteteko eska daiteke ondorengo inguruabarren bat gertatzen denean:

a) Exekuzioak kalteak sortzen ahal baditu, konpon ezinezkoak edo nekez konpon daitezkeenak.

b) Errekurtsoa oinarritzen bada zuzenbide osoz deusezak diren arrazoietako batean, Administrazio Prozedurari buruzko Lege indardunak aurreikusi bezala.

144.5. Hiru hilabeteko epean ebazpenik ematen ez bada, errekurtsoa ezetsitzat joko da.

145. artikulua. Elkargokideek zilegi dute Elkargoaren Organoen erabakiak inpugnatzea, bakoitzak bere argudioak azalduta, nork bere erabakiz edo/eta erabakia betetzearekin inplikatuz.

146. artikulua. 146.1. Eskubide eta errekurtso hauek erabiltzeari eta tramitatzeari dagokienez, estatutu hauetan zehaztu ez den guztian, indarra duen Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legean eta harekin bat datozen xedapenetan ezarritakoari jarraituko zaio.

146.2. Lege hura aplikatuko da administrazio ahalmenak erabiliz burutzen diren Elkargoko organoen egintza guztietan, Legearen 22. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

147. artikulua. 147.1. Elkargoko organoen egintzak zuzenbide osoz deusezak izanen dira baldin eta Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legearen 62. artikuluko kasuetan erortzen badira, eta orobat, estatutu hauetako 88. artikuluan aurreikusitakoak.

147.2. Elkargoko organoen egintzak deuseztagarriak izanen dira baldin eta goian aipatu legearen 63. artikuluko kasuetan erortzen badira.

148. artikulua. 148.1. Espainiako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiaren egintzek amaiera ematen diote administrazio bideari, eta Berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal zaie, Kontseilu Nagusiari berari zuzendua, edo Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioan inpugnatzen ahal dira zuzenean.

148.2. Berraztertzeko errekurtsoa jartzeko epea hilabetekoa izanen da egintza berariazkoa bada. Bestela epea hiru hilabetekoa izanen da, ustezko egintza gertatu eta biharamunetik kontatzen hasita.

148.3. Errekurtsoa ebazteko eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, aurkezten denetik kontatuta. Epe horretan ebazpenik ematen ez bada, isiltasun administratiboaren bidez ezetsitzat joko da.

148.4. Ezin izanen da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri harik eta espresuki ebatzi arte edo ezarritako berraztertzeko errekurtsoaren ustezko ezespena gertatu arte.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Gorputz Hezkuntzako instruktoreen, instruktore maisuen eta irakasleen lanpostuak, estatutu hauek onesten direnean elkargoko kide badira, "iraungitzeko" egoeran egonen dira, baina elkargokide diren aldetik beren eskubide guztiak kontserbatuko dituzte, Estatutuetan aurreikusitakoaren arabera.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena._Denboraren zenbaketa.

Estatutu hauetan aipatzen diren denbora unitateak, kontrakorik adierazten ez deino, egun naturaletan kontatuko dira eta beharrezkoa izanez gero, Kode Zibilak ezarritakora egokituko dira.

Bigarrena._Bategite, irenste, banantze eta desegitea.

1._Bategite, eranste, banantze eta desegiteei buruzko proposamenak ebazte aldera, Aparteko Batzar Nagusirako deia eginen da espresuki, hasieran Gobernu Batzordeak proposatuta.

2._Bategitea eta irenstea onesteko, bertaratuen eta ordezkatuen bostetik lauren aldeko botoak beharko dira.

3._Banantzea eta desegitea onesteko, Elkargoaren zentsuaren lautik hiruren aldeko botoak beharko dira.

Hirugarrena._Bategite, irenste, banantze eta desegitea ongi burutzeko prozedura Nafarroako Lanbide Elkargoen Erregelamenduan dago aurreikusia.

Laugarrena._Sozietatearen ondarea (xedea).

Elkargoa desegiten bada, sozietatearen ondarearen lehenbiziko xedea pasiboa estaltzea izanen da. Gainerako aktiboa Espainiako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiarentzako ekarpen gisa erabiliko da.

Kapitulu honetan aurreikusi ez den orotan, Nafarroako Lanbide Elkargoen Erregelamenduan xedatutakoari jarraituko zaio.

Bosgarrena._Aurreko aginduetan ezarritakoak ez du galarazten Konstituzioak eta Estatuko eta Nafarroako Foru Komunitateko legeek Nafarroako lanbide elkargoen arloan ezartzen dutena.

Iragarkiaren kodea: F0416373