151. ALDIZKARIA - 2004ko abenduaren 17a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

405/2004 FORU AGINDUA, abenduaren 2koa, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak emana, Balio Erantsiaren gaineko Zergari dagozkion zenbait aitorpen-likidazio telematika bidez aurkezteko baldintza orokorrak eta prozedura ezartzen dituen apirilaren 15eko 113/2003 Foru Agindua aldatzen duena.

Apirilaren 15eko 113/2003 Foru Aginduaren bidez, Balio Erantsiaren gaineko Zergari dagozkion aitorpen-likidazioak telematikoki aurkezteko baldintza orokorrak eta prozedura onetsi ziren. Aitorpen horien artean, F-60 eredua sartu zen, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren urteko aitorpen laburtua, alegia.

113/2003 Foru Aginduko 4. artikuluak Balio Erantsiaren gaineko Zergaren urteko aitorpen laburtuaren eredu berria ezarri zuen, hileroko aitortzaileek aurkeztu beharrekoa. Bertan adierazi zen aitorpen hori urteko azken aitorpen-likidazioarekin batera aurkeztu behar dela.

Nafarroako Zerga Ogasunak Balio Erantsiaren gaineko Zergako aitorpenak telematikoki aurkezteko irabazi duen esperientzia dela-eta, komeni da Balio Erantsiaren gaineko Zergako urteko laburpena eta ekitaldiko azken aldiko aitorpen-likidazioa batera aurkezteko sistema bide telematikoa darabilten zergako subjektu pasibo guztiei zabaltzea.

Hori horrela, foru agindu honetan Balio Erantsiaren gaineko Zergako urteko aitorpen laburtuaren eredu berria ezarri da, beren aitorpenak bide telematikoaz hiru hilabetean behin egiten dituzten subjektu pasiboek ekitaldiko azken aldiko aitorpen-likidazioarekin batera haren eranskin gisa aurkeztu beharrekoa.

Hori dela eta, beren aitorpen-likidazioak bide telematikoaz hiru hilabetean behin egiten dituzten Balio Erantsiaren gaineko Zergako subjektu pasiboek erabili izan duten F-60 eredua, urteko aitorpen laburtuarena, ezin erabiliko da 2005eko urtarrilaren 1etik aurrera. Haren ordez, foru agindu honetan onesten den eredu berria erabiliko da. Subjektu pasiboek horixe bete beharko dute 2004ko urteko laburpena egiteko.

Horrenbestez, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legeko 112.1 artikuluan eta Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduko 62.4 artikuluan (martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsi baitzen) ageri den baimena erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. 113/2003 Foru Agindua, apirilaren 15ekoa, Balio Erantsiaren gaineko Zergari dagozkion zenbait aitorpen telematika bidez aurkezteko baldintza orokorrak eta prozedura ezarri dituena aldatzea. Hona hemen aldaketak:

Bat._1. artikuluko 1. idatz-zatiko e) letra kentzen da.

Bi._2. artikuluaren izenburua.

"2. artikulua. Baldintza orokorrak, 308, 309, 318, 319,F-61, F-66, F-67 eta F-69 ereduen aitorpen-likidazioak telematika bidez aurkezteko."

Hiru._Artikulu berri bat gehitzea (5. artikulua).

"5. artikulua. Balio Erantsiaren gaineko Zergaren urteko aitorpen laburpenaren eredu berria onestea, hiru hilabetean behin aurkeztu beharrekoa, eta nola eta noiz aurkeztu.

Onetsi egin da Balio Erantsiaren gaineko Zergaren urteko aitorpen laburpenaren eredu berria, hiru hilabetero aitorpena egin behar dutenentzat, eta foru agindu honen III. eranskineko ereduari lotuko zaio.

Aitorpen hori bide telematikoez aurkeztuko da, laugarren hilekoari dagokion aitorpen-likidazioarekin batera; jarduera uzten denean, berriz, urteko azken aitorpen-likidazioarekin batera.

Balio Erantsiaren gaineko Zergari dagokion urteko aitorpenaren laburpena aurkezteko epea Zergaren araudian orokorrean ezarritakoa izanen da.

Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legeko 61. artikuluan xedaturikoarekin bat, urtean-urtean alde duten saldoa itzul dakiela eskatzeko eskubidea duten subjektu pasiboek foru agindu honetako III. eranskinean ageri den urteko aitorpen laburtuaren eredu berrian bidezko den atala betez erabiltzen ahalko dute eskubide hori, aurreko lerroaldean ezarririko epean aurkezturik. Jarduera laugarren hiruhilekoa ez beste aldi batean utziz gero, eskabidea urteko azken likidazioaldia aurkezteko epea bukatzen denetik izapidatuko da."

2. artikulua. 113/2003 Foru Aginduko III. eranskineko edukia, 5. artikuluari dagokionez, 1. artikuluko Hiru idatz-zatiaren bidez emaniko idazketaren arabera, foru agindu honetan erantsirik heldu dena izanen da.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2005eko urtarrilaren 1etik aurrera aurkezteko diren aitorpenei aplikatuko zaie.

Iruñean, 2004ko abenduaren 2an._Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Francisco J. Iribarren Fentanes.

"III. ERANSKINA

Iragarkiaren kodea: F0418489