150. ALDIZKARIA - 2004ko abenduaren 15a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

I R U Ñ A

Deialdia, Iruñeko Udalaren zerbitzuko kazetari izateko bi lanpostu oposizio bidez betetzeko

Tokiko Gobernu Batzarrak, 2004ko azaroaren 16ko 5/PR erabakiaren bidez, ondotik ematen den deialdia onetsi zuen:

1._Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Iruñeko Udalaren zerbitzuko kazetari izateko bi lanpostu oposizio bidez betetzea. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginean (abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak onetsia), hura garatu eta betetzeko Erregelamenduan, gainerako aplikazio arauetan eta deialdiaren oinarrietan xedatutakoari jarraituz eramanen da aurrera deialdi hau. Bi lanpostuak honela banatu dira, txandetan:

_Lanpostu 1, txanda irekian.

_Lanpostu 1, igoera txandan.

1.2. Hauek dira eskaintzen diren lanpostuak:

_2 lanpostuak Hiritarren Partaidetzako Alorrekoak dira eta plantilla organikoan zenbaki hauek dituzte: 100502-2 eta 100502-3.

1.3. Hautapen probak gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuaziora ez iristeagatik, bete gabe gelditzen bada igoera txandako lanpostu hutsa, orduan txanda irekikoari gehituko zaio.

Era berean, igoera txandan hutsik dauden lanpostuak baino izangai gehiagok gainditzen badute, txanda horretan lanpostua eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsa eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta eskuratutako azken puntuazioaren arabera.

Gisa berean, txanda irekiko lanpostua eskuratzeko aukera izanen dute, aurreko lerroaldean adierazitako moduan, deialdiko 7.2. oinarrian agiriak aurkezteko ezartzen den epea bukatzen denean txanda horretan parte hartzeko eskakizun berariazkoak betetzen ez dituzten igoera txandako izangaiek.

1.4. Izendapenarekin batera pertsona izendatu horiek nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko dira, Iruñeko Udaleko funtzionarioen arloan indarrean dauden xedapenetan ezarri diren eskubide eta betebehar guztiekin.

1.5. Lanpostuek A mailako lansariak izanen dituzte, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta Iruñeko Udalari aplikatzen ahal zaizkion gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.

1.6. Izangaiak, hautapen probak gainditu eta deialdi honetako lanpostuetan aritzeko izendatu ondoren, Iruñeko Udalean sartu eta funtzionario eginez gero, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta alta emanen zaie, araubide horretan aurreikusitako babesean.

Deialdi honetako lanpostuetarako izendatu eta lehendik eskubide pasiboen eta osasun eta gizarte laguntzaren araubidean, hots, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta gainerako xedapen osagarrietan aipatzen den hartan, afiliatuta dauden funtzionarioek bertan segitzea aukeratu ahal dute edo Gizarte Segurantzan afiliatzea.

1.7. Izendatuek beren destinoko lekuan beharko dute bizi, eta horretarako, Iruñeko udalerrian finkatuko dute beren bizilekua.

1.8. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek.

2._Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta agiriak aurkezteko epea (deialdiaren 7.2 atalean adierazia) bukatzen den unetik eta lanpostuaren jabetza hartu arte, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.

Espainiarren eta Europar Batasuneko bertze estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek ere parte har dezakete, betiere zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beheitikoak badira, edo goitikoak, haien kontura biziz gero.

b) Adinez nagusi izatea.

c) Informazio Zientzietako lizentziadunaren titulua izatea, edo deialdian parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean lortzeko baldintza guztiak betetzea.

Atzerrian lorturiko tituluak izanez gero, aipatu epea betetzen den egunean, Espainiakoekin parekatuak daudela frogatzen duen agiriaren jabe izatea.

d) Lanpostuaren eginkizunetan aritzeko gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaiturik edo gabeturik ez egotea, eta Administrazio Publiko baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Nazionalitate espainiarra ez duten izangaiek frogatu beharko dute beren Estatuko Funtzio Publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela.

2.2. Igoera txandako izangaiek, aurreko atalean aipatu diren baldintzez gain, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunetik hasita deialdi honetako 7.2. oinarrian agiriak aurkezteko epeak iraun bitartean eta lanpostuaren jabetza hartu arte, honako hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako edozein Administrazio Publikotako langile finkoa izatea, eta jatorrizko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

b) Deialdiko lanpostuen maila berean edo baxuagoan egotea.

c) Administrazio Publikoetan bost urteko antzinatasun onartua izatea.

2.3. Hirugarren oinarrian xedatutakoa izan ezik, betebehar horiek hauta-probak gainditu eta lanpostu horretarako izendatzeko proposamenean azaltzen diren izangaiek frogatu beharko dituzte, deialdi honen zazpigarren oinarrian aurreikusitako epe eta moduan.

3._Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Iruñeko Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozein baliatuz, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean. Aipatu eskabideak deialdian eranskin gisara argitaratutako ereduari lotuko zaizkio, eta haietan izangaiek adierazi beharko dute eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela, eskabideak aurkezteko ezarritako epea amaitu baino lehenago. Eredua Iruñeko Udaleko Zuzeneko Kudeaketarako Bulegoan eskura daiteke (Casa Marceliano, Merkatuko karrika, 7-9), edo interneten, www.pamplona.net webgunean.

Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2. Eskabideari Iruñeko Udalaren kontuan 25 euro sartu izanaren frogagiria erantsi beharko zaio, espedientea formalizatzeko tasaren eta azterketa eskubideen ordain.

Azterketa eskubideak ordaindu izanaren ordainagiria aurkezten ez bada, izangaia baztertu eginen da.

3.3. Deialdian igoera txandan parte hartu nahi duten izangaiek, gainera, 2.2. atalean aipaturiko betebeharren egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

4._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Ekonomia, Lehendakaritza eta Hiritarren Partaidetzako zinegotzi delegatuak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondoren, Ekonomia, Lehendakaritza eta Hiritarren Partaidetzako zinegotzi delegatuak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

5._Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Mahaiburua: José Iribas Sánchez de Boado, Ekonomia, Lehendakaritza eta Hiritarren Partaidetzako zinegotzi delegatua.

Ordezkoa: Juan José Unzué Gaztelu, Funtzio Publikoaren zinegotzi berezia.

Mahaikidea: Gerardo Huarte Ilárraz, Nafarroako Gobernuko Hedabideen Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezkoa: Juan José Balerdi Usabiaga, Nafarroako Gobernuko Prentsa Bulegoaren Ataleko burua.

Mahaikidea: Jesús Zorrilla Ruiz, Nafarroako Unibertsitateko Kazetaritzako diseinuko irakaslea.

Ordezkoa: Francisco Sancho Crespo, Nafarroako Unibertsitateko Proiektuetako irakaslea.

Mahaikidea: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordearen ordezkari bat, batzordeak berak izendatua.

Ordezkoa: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordearen ordezkari bat, batzordeak berak izendatua.

Mahaikide idazkaria: Juan Echenique Huarte jauna, Hiritarren Partaidetzako Alorreko zuzendaria.

Ordezkoa: Ana María Setién Rodríguez, Iruñeko Udaleko Alkatetzako Kabineteko zuzendaria.

Hauta-probak egiten hasi aitzin eratuko da epaimahaia.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, gutxienez ere kideen gehiengo osoa bertan ez bada.

Organo kolegiatuaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide-idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.3. Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean aipatzen diren abstentzio arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta deialdia egin duen organoari eman beharko diote horren berri.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute mahaikideak errefusatzea, arrazoi horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sor daitezkeen afera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituak hartzen ahalko ditu, proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoan aritzera mugatuko dira eta haietan soilik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6._Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizioa, gutienez, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik 3 hilabete iragaten direnean hasiko da. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean zehaztuko da ariketak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

Ondoren, epaimahaiak jakitera emanen ditu gainerako probak egiteko iragarkiak.

6.2. Ondoko ariketa hauek egin beharko dira oposizioaldian:

Lehen ariketa: teorikoa. Zozketaz ateratzen diren bi gairen gainean idatzi beharko da, gehienez ere lau orduz; gai bat zerrendako I. zatikoa izanen da eta bestea, II. zatikoa.

Bigarren ariketa: teorikoa. Zozketaz ateratzen diren bi gairen gainean idatzi beharko da, gehienez ere lau orduz; gai bat zerrendako III. zatikoa izanen da eta bestea, IV. zatikoa.

Hirugarren ariketa: praktikoa. Bi kasu praktiko ebatzi beharko dira, oposizioko gai zerrendarekin eta erakunde publiko bateko komunikazio jarduerekin zerikusia duten bi kasu. Gehieneko denbora epaimahaiak finkatuko du frogaren hasieran.

6.3. Oposizioko ariketen balorazioan 100 puntu eman daitezke gehienez ere, honela banatuak:

Lehen ariketa: 30 puntu gehienez. Gai bakoitzean gehienez 15 puntuko puntuazioa ematen ahal da.

Bigarren ariketa: 30 puntu gehienez. Gai bakoitzean gehienez 15 puntuko puntuazioa ematen ahal da.

Hirugarren ariketa: 40 puntu gehienez.

6.4. Oposizioko ariketak baztergarriak izanen dira. Bazterturik geldituko dira horietako ariketaren batean gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak. Nolanahi ere eta ariketa guztietan, bazterturik geldituko da edozein gai edo probatan 0 puntuko kalifikazioa duen izangaia.

6.5. Oposizioko lehen eta bigarren ariketak idatziz eginen dira eta izangaiek irakurriko dizkiote epaimahaiari jendaurreko ekitaldi batean.

6.6. Ariketa bakoitza amaitutakoan, epaimahaiak jendaurrean paratuko du, Iruñeko Udalaren iragarki oholean eta ariketa egin den lekuan, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, bakoitzaren kalifikazioekin. Horrez gain, oposizioko hurrengo proba non, zein egunetan eta zer ordutan eginen den adierazten duen oharra argitaratuko du, gutienez hura hasi baino 48 ordu lehenago.

6.7. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala eraman beharko dute edo, bertzenaz, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiaren iritziz onargarria den bertze nortasun agiriren bat. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak edo nortasuna aipatutako agirien bidez frogatzen ez dutenak. Epaimahaiak ariketen irakurketara ezartzen duen egunean agertzen ez diren hautagaiak ere baztertuak izanen dira.

6.8. Hautapen probak egiteko, eskaera egin duten minusbaliatuendako bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira.

7._Probak gainditu dituztenen zerrenda, izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

7.1. Oposizioko azkeneko probaren kalifikazioa emanik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, lortutako puntuazioaren araberakoa, oposizioko probetan izangai bakoitzak lortutako kalifikazioak baturik, Iruñeko Udalaren iragarki oholean eta azken ariketa egin den lekuan. Gero, Tokiko Gobernu Batzarrari igorriko dio probak puntuaziorik altuenekin gainditu eta deialdiko lanpostuen kopuruan sartzen diren izangaien aldeko izendapen proposamena, zerrenda horrekin eta espediente osoarekin batera.

Hautapen proben azken emaitzan berdinketarik izaten bada, oposizioaldiko ariketetan _hurrenez hurren eta ordena berean_ puntuaziorik altuena lortu dutenen alde ebatziko da.

7.2. Izendapen proposamena jakinarazi eta ondoko 30 egun naturaleko epean, proposaturiko izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dizkiote Lehendakaritzako Alorrari:

7.2.1. Iruñeko Udalaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finko ez den izangaiak:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea eta identitatea frogatzen dituen bertze agiri baliokideren batena.

b) Deialdiaren 2.1 oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, salbu eta aurretik aurkeztu bada.

c) Iruñeko Udaleko zerbitzu medikuek egindako txostena, karguaren eginkizunetan aritzea eragozten dion eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.

d) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik berezi ez izanaren zinpeko aitorpena.

e) Zin egitea edo hitz ematea Nafarroako Foru Araubidea begiratu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.

f) Europako Batasuneko herritarra izanez gero, Espainian bizitzeko egoitza-txartela.

g) Europako Batasunetik kanpokoa bada, Espainian bizi eta lan egiteko baimena.

Deialdi hau egin ez duen Nafarroako bertze administrazio publikoren bateko langile finkoek, gainera, aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak frogatzen dituen ziurtagiria, hots, sarrerari, antzinatasunari, mailari, egoera administratiboari eta abarrei buruzkoa.

7.2.2. Iruñeko Udaleko edo haren erakunde autonomoetako langile finko den izangaiak:

a) Deialdiaren 2.1 oinarrian eskatu den tituluaren fotokopia konpultsatua edo hura lortzeko eskubideen ordainagiriarena. Igoera txandako izangaiak, eskabidearekin batera titulu hori aurkeztu baldin badute, hura ekartzetik salbuetsirik egonen dira.

b) Iruñeko Udalaren zerbitzuko kazetari izateko lanposturako izendatua izateko Lehendakaritzako Alorrak eskatzen duen dokumentazioa.

7.3. Norbaitek agiri horiek goian adierazitako epean aurkezten ez baditu, behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin izanen dute izendatu edo kontratatu eta haren jarduketa guztiak deuseztatu eginen dira. Hori, dena dela, ez da eragozpen izanen eskabidean gezurra esateagatik izan lezakeen erantzukizuna eskatzeko.

7.4. Arestiko atalean azaldutakoa gertatuz gero, Tokiko Gobernu Batzarrak 7.1 oinarrian aipatzen den zerrendan ondotik heldu den izangaiarekin beteko luke utzitako hutsunea eta horrekin ere aurreko ataletako prozedura bera erabiliko litzateke.

8._Lanpostu hutsak hautatzea.

8.1. Aurreko oinarrian xedatu dena betetzen duten lehiatzaileek Lehendakaritza Alorrak hartarako jartzen dien epean aditzera eman beharko dute eskaintzen zaizkien lanpostu hutsetatik zein hautatzen duten. Aukeratu beharreko lanpostuak hasieran deitutakoak izanen dira, edo beste batzuk, zerbitzuaren beharrei jarraikiz horiek aldatzea erabakitzen bada.

8.2. Hautapen probak igoera txandaren bidez gainditzen dituzten izangaiek, edozein kasutan, lehentasuna izanen dute deialdiko lanpostu hutsak betetzerakoan, txanda horretakoak ez diren izangaien aurretik.

9._Izendapena, lanpostuen esleipena eta jabetza hartzea.

9.1. Tokiko Gobernu Batzarrak funtzionario izendatuko ditu aitzineko oinarrietan ezarritakoa bete duten izangaiak, kazetari izateko lanpostuetan aritzeko, eta lanpostu hutsak esleituko dizkie ebazpen baten bidez.

9.2. Izendapen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

9.3. Izangai izendatuek hilabeteko epea izanen dute lanpostuaren jabetza hartzeko, izendapena jakinarazten denetik hasita. Epe horretan eta ezinbertzeko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez badute, Iruñeko Udaleko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko dituzte. Hala bada, 7.4 atalean ezarritakoari jarraituko zaio.

9.4. Izangairen bat funtzionario bihurtu eta lanpostuan batere aritu gabe zuzenean eta berak eskatuta borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik bertatik, data hartan beste Administrazio Publiko batean ari delako, kasuko lanpostu hutsa ere beteko da deialdiko 7.4 atalak agintzen duen moduan.

9.5. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, izendapena egin aurretik hautaturiko lanpostua ez da aldatuko. Beraz, funtzionario berriei, zuzenean, lanpostu horiek esleituko zaizkie.

10._Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

Iruñean, 2004ko azaroaren 16an._Tokiko Gobernu Batzarreko idazkaria, José Iribas Sánchez de Boado.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: .................., adinez nagusia, nortasun agiri nazionala (edo baliokidea): ..............., jaioteguna: ........., jaioterria: ...................... (.......................), nazionalitatea: ......................., helbidea: ................. (...............), karrika: .................., posta kodea: ................., telefonoa: ................, laneko telefonoa: ..............

Zure aitzinean agertu eta adierazten dut:

Iruñeko Udalaren zerbitzuko .............. izateko ......... lanpostu ................. bidez betetzeko deialdian parte hartzeko onar nazatela eskatzen dudala, txanda honetan (deialdia ...... zenbakiko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, .........(e)an):

f Txanda irekia

f Igoera txanda*

f Ezgaituentzako txanda murriztua*

Karguan aritzea galarazten didan eritasun edo akats fisiko edo psikikorik ez dudala.

Indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez dudala.

Ez naizela diziplina-espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez naizela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe naizela.

Deialdian ezarritako azterketa eskubideak ordaindu ditudala, eta horren egiaztagiria erantsi dudala.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean baldintza guztiak betetzen ditudala.

f Ezgaitasuna dudala eta, beraz, azaltzen den egokitzapena eskatzen dudala, adierazten diren arrazoiengatik. (Beste orri batean azaldu behar dira eskatutako egokitzapenak eta haietarako arrazoiak).

f Minusbaliatua naizela frogatzen duen agiria aurkezten duela, erakunde eskudun batek luzatua.

Horrenbertzez,

Iruñeko Udalaren zerbitzuko ............ izateko ......... lanpostu ......... bidez betetzeko deialdian onar nazatela eskatzen dut.

Iruñean, ........(e)ko ..................aren ............(e)an.

(Sinadura)

(*) Deialdiak jasotzen duenean soilik.

IRUÑEKO UDALEKO ALKATEA.

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

Komunikazioko gaiak

1._Komunikazioa eta informazioa. Komunikazioaren eta informazioaren definizioak. Informazioaren egiteko soziala. Komunikatzeko erak. Masa komunikazioa.

2._Komunikazioko mundu ordena berria. Globalizazioa eta informazioaren gizartea. Interneta eta haren ondorioak. Teknologia berriak eta komunikazio sareak.

3._Informazioa hartzeko eskubidea. Informazioaren ondorio juridikoak. Erantzuteko eta zuzentzeko eskubideak.

4._Informazioa hartzeko eskubidearen mugak: ohorerako eskubidea, norberaren nahiz familiaren intimitaterako eskubidea, norberaren irudirako eskubidea.

5._Informatzaileen eskubideak eta betebeharrak. Informatzailearen askatasuna eta erantzukizuna. Objektibitatea, inpartzialtasuna eta lanbideko deontologia. Kontzientzia klausula eta sekretu profesionala.

6._Kazetaritza idatziaren generoak: berria, kronika, erreportaia, elkarrizketa, etab.

7._Berria. Titularraren definizioa, ezaugarriak eta elementuak. Titularrean eragina duten faktoreak. Titulazioko arauak. Berriaren egitura. Informazio iturrien erabilera eta tratamendua.

8._Iritzi publikoa eta iritzi orokorra. Audientziaren azterlanak Espainian. Banaketa Egiaztatzeko Bulegoa (OJD). Komunikabideen Azterlan Orokorra (EGM). Prentsako, irratiko eta telebistako audientzien neurketa.

9._Eguneroko prentsa. Sorrera, bilakaera eta gaurko egoera. Eguneroko prentsaren ezaugarriak Espainian. Azken berrikuntzak. Banaketa.

10._Egunerokoa ez den prentsa. Sorrera, bilakaera eta gaurko egoera. Egunerokoa ez den prentsaren ezaugarriak Espainian. Argitalpen bereziak. Doako argitalpenak.

11._Irratia. Bilakaera eta egungo egoera Espainian. Orotariko irratia, formula irratia, berrien irratia eta musikala. Informazioa irratian. Ikusleak eta audientziak.

12._Telebista. Bilakaera eta egungo egoera Espainian. Informazio programak. Ikusleak eta audientziak. Estatuko, autonomia erkidegoetako eta tokian tokiko telebistak. Arautze juridikoa.

13._Albiste agentziak. Sorrera eta garapena. Nazioarteko agentziak. Informazio orokorreko eta bereziko agentziak Espainian. Agentzien funtzionamendua.

14._Sarean dagoen informazioa. Multimedia enpresak. Internetek informazio eta komunikazio bide gisa dituen ezaugarriak. Ohiko komunikabideak (prentsa, irratia eta telebista) eta ingurune digitala.

15._Publizitatea. Publizitateko mezuaren sorrera. Publizitatea, komunikabideetan. Publizitate bideak Espainian.

16._Erakundeen publizitatea. Erakundeen eta enpresa publikoen publizitate jarduerak Espainian. Helburuak eta erabilitako bitartekoak. Alderdi ekonomikoak.

17._Komunikazio kabineteak. Egitura, helburuak eta eginkizunak. Komunikazio kabineteak erakunde publikoetan eta enpresa pribatuetan. Prentsa oharrak. Prentsaurrekoen prestaketa.

18._Korporazio komunikazioa eta diseinua. Korporazio irudia. Harreman publikoen arloko teknikak eta erakundearen irudia. Kanpainen prestaketa. Diseinu grafikoaren egitekoa komunikabideetan.

19._Informazio enpresak. Komunikabideen inplikazio ekonomikoak. Komunikabide nagusien jabetza Espainian.

Gai orokorrak eta aktualitatekoak

1._Espainiako Konstituzioa. Oinarrizko edukia eta Konstituzioko printzipioak. Oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak.

2._Koroa. Erregearen kokapena Konstituzioaren arabera. Erregearen botereak. Gobernuarekiko eta Gorteekiko harremana. Berronespena. Ondorengotzako ordena. Erregentzia.

3._Gorte Nagusiak. Diputatuen Kongresuaren eta Senatuaren eraketa eta funtzionamendua.

4._Konstituzioaren defentsa juridikoa. Konstituzio Auzitegiaren osaera, izaera eta egitekoak. Botere judizialaren organoak eta prozedurak.

5._Espainiako hauteskunde-sistema. Hauteskunde nagusiak egiteko deia. Hauteskunde kanpaina. Hauteskunde sistemak, Kongresuan eta Senatuan. Hauteskunde prozedura.

6._Estatuko gobernua. Antolaketa. Gobernuko lehendakaria eta lehendakariordea. Ministroen kontseilua. Ministerioen arteko banaketa.

7._Estatuko Administrazio Zentrala. Antolaketa eta egitekoak. Dirusarrerak eta gastuak. Organo periferikoak.

8._Justizia Administrazioa. Egitekoa, Konstituzioaren arabera. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia. Bertze organo batzuk.

9._Estatuaren lurralde antolamendua: autonomia erkidegoak. Administrazio Zentralaren eta erkidegoen arteko harremana. Eskumenen banaketa.

10._Toki administrazioak. Eskumenak. Dirusarrerak eta gastuak.

11._Inmigrazioa Espainian. Bilakaera. Zer herrialdetatik etortzen diren. Zer eskualdetan hartzen dituzten. Arautze juridikoa.

12._Espainiako ekonomia. Garapen dinamika. Ekoizpen sektoreak. Indize ekonomikoak. Aberastasunaren banaketa. Europako Batasuneko beste herrialde batzuekin konparatzea. Lan merkatua Espainian.

13._Europar Batasunaren antolamendua. Batzordea. Parlamentua. Kontseilua. Justizia Auzitegia. Eskualdeetako Lantaldea. Bakoitzaren osaera, egitekoak eta eskumenak. Haien erabakien ondorioak.

14._Nazioarteko ekonomia. Munduko eremuen bilakaera ekonomikoa. Kanpo-zorra.

15._Nazioarteko politika (I). Munduko estatu indartsuenen kanpo politika. Gutxi garatutako herrialdeen egoera eta munduko ordenan duten egitekoa.

16._Nazioarteko politika (II). Egungo mundu ordenako gatazkarik handienak zein diren.

17._Nazioarteko erakundeak. Nazio Batuen Erakundea, NATO, Unesco eta beste erakunde batzuk. Helburuak, osaera, funtzionamendua eta izan dituzten lorpenak.

18._Ingurumenaren defentsa munduan. Natura hondatzeko prozesua. Naturaren aldeko ekimenak eta ekintzak.

Foru Komunitateari buruzko gai orokorrak

1._Nafarroako geografia. Populazioa eta dentsitatea. Lurraldearen banaketa geografikoa. Klima. Lurraren erabilera.

2._Nafarroa XVI. mendea bitarte. Historiaurrea eta erromatartzea. Erresumaren sorrera, eraketa eta bilakaera.

3._Nafarroa Gaztelako erresuman sartzea: historia, izaera juridikoa eta ondorioak.

4._XIX. mendea Nafarroan. Lege Itundua. Gerra karlistak.

5._Nafarroa XX. mendean. Jarduera politikoa eta gizartea mendearen lehen herenean. Bigarren errepublika. Gerra zibila. Nafarroa Francoren pean.

6._Trantsizio politikoa Nafarroan 1984 arte. Gertakizun politikoak eta sozialak. Alderdi eta koalizio politikoen bilakaera. Hauteskundeen emaitzak.

7._Azken urteetako historia Foru Komunitatean. Gertakizun politikoak eta sozialak 1984tik aitzina. Alderdi eta koalizio politikoen bilakaera. Hauteskundeen emaitzak.

8._Forua Hobetzea. Negoziazioak. Legearen egitura eta ezaugarriak. Nafarroaren ahalmen eta eskumenak. Estatuarekiko eta autonomia erkidegoekiko harremanak.

9._Nafarroako Gobernua. Lehendakariaren eta kontseilarien hautapena, egitekoak eta erantzukizuna. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/90 Foru Legea.

10._Nafarroako Parlamentua edo Gorteak. Egitekoak, osaera, erregelamendua eta funtzionamendua. Comptos Ganbera: egitekoak, antolaketa eta gauzatu dituen ekintzarik garrantzitsuenak.

11._Nafarroako egitura ekonomikoa. Ezaugarriak. Ekonomiako indizeak eta sektoreak. Finantza sistema. Barneko eta kanpoko merkataritza. Enpresen arloko jarduera.

12._Lan merkatua Nafarroan. Populazio aktiboa, lan-tasa eta langabezia. Sektore, eskualde eta adinen araberako banaketa. Enplegua sustatzeko ekintzak.

13._Nafarroako hezkuntza sistema. _Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta DBH. Batxilergoak eta Lanbide Heziketa. Unibertsitateak. Ikerketa. Helduen prestakuntza.

14._Nafarroako osasun sistema. Oinarrizko osasun laguntza. Ospitale sistema. Zonakatzea. Aurreneurriak.

15._Nafarroako aztarna kulturalak. Ondare historiko-artistikoaren ezaugarriak, mantentze-lanak eta erabilera. Donejakue bidea, Nafarroan. Egungo kultura eta artea.

16._Euskara Nafarroan. Ezarpena. Hizkuntz eremuak. Euskararen Foru Legea.

17._Bertako komunikabideak. Prentsa, irratia eta telebista Nafarroan. Sorrera eta garapena. Hedapena eta audientziak.

18._Publizitatea Nafarroan. Sektorearen ezaugarriak. Publizitatea, komunikabideetan. Publizitate agentziak.

Nafarroari eta Udal Administrazioari buruzko gai orokorrak

1._Iruñeko geografia. Kokapena. Klima. Ingurune fisikoa. Demografia. Komunikazoak.

2._Iruñeko historia (I. mendetik X.era). Pompaeloren garai bikaina. Bisigodoen aldia. Kristautzea. Orreagako gudua.

3._Iruñeko historia (XI. mendetik XV.era). Antso Handia. Burgoen gudua eta Batasunaren Pribilegioa. Izurria.

4._Iruñeko historia (XI. mendetik XV.era). San Frantzisko Xabierkoa. Gerra karlistak. Gamazada. Iraultza industriala. Bilakaera soziologikoa.

5._Hirigintza (I). Hiri historikoa. Lehen Zabalgunearen eta Bigarren Zabalgunearen sorrera. Víctor Eusa.

6._Hirigintza (II). Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak: 1956koa eta 1984koa. Auzoen sorrera.

7._Hirigintza (III). 2002ko Plan Orokorra. Hiri finkatuaren berreskurapena. Arrosadia eta Lezkairu. Hiriaren ekipamenduak.

8._Iruñearen ondare historiko-artistikoa. Harresi barruko hiria. Jauregiak eta etxe ederrak.

9._Herriko Etxea. Eraikuntzaren historia. Fatxada. Oin nagusia. Ezkaratza eta eskailerak. Harrerak egiteko aretoa. Osoko bilkuren aretoa.

10._Udal administrazioa. Osoko bilkura. Alkatea eta zinegotziak. Tokiko Gobernu Batzarra. Kudeaketa eremuak. Udal erakunde eta sozietateak. Udalaren erregelamendu organikoa. 57/2003 Legea, abenduaren 16koa, udal gobernua modernizatzeko neurriei buruzkoa.

11._Protokoloa Iruñeko Udalean. Ekitaldi instituzionalak. Ohiturak. Erlijioa eta tradizioak. Sinboloak eta zeremoniala.

12._Herritarrendako Laguntza Zerbitzua (SAC). Herritarrendako laguntza Udalean, hiru aukeraren bidez gauzatua: buruz buru, telefonoz eta telematikaren bidez. Ezaugarriak, abantailak eta helburuak. Egitekoak. Izapideen kudeaketa.

13._Iruñerria. Kokapen geografikoa. Populazioa. Mankomunitatea: sorrera, bilakaera, osaera, antolaketa eta eskumenak.

14._Udal aurrekontua. Egitura. Gastuen sailkapen ekonomikoa eta funtzionala. Aurrekontuko dirusarrerak. Onesteko eta aldatzeko bideak.

15._Kontratazio administratiboa Nafarroan (I). 10/1998 Foru Legea, Nafarroako Administrazio Publikoen Kontratuei buruzkoa. Aplikazio eremua eta araubide juridikoa; Administrazioaren kontratuen xedapen amankomunak. Administrazio kontratu ohikoenak. Administrazioaren prerrogatibak.

16._Kontratazio administratiboa Nafarroan (II). Administrazioarekin kontratatzeko beharkizunak: gaitasuna eta kaudimena, sailkapena eta bermeak. Kontratua prestatzeko jarduketa administratiboak: kontratazio espedientea; kontratuaren prestaketa; pleguak. Interesatuen proposamenak. Kontratazio mahaia. Lizitazioen publikotasuna.

17._Kontratazio administratiboa Nafarroan (III). Esleitzeko prozedurak eta erak. Burutzea, formalizatzea eta jakinaraztea. Kontratuak betetzea, aldatzea eta iraungitzea. Lagapena eta azpikontratazioa.

18._Languntza teknikoa emateko kontratuak eta zerbait erosteko kontratuak. Adjudikatzeko bideak. Kontratuen exekuzioa. Aldaketak eta iraungipena.

19._Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea. Udalen ordenantza fiskalak. Tasak eta prezio publikoak.

20._Administrazio egintza. Kontzeptua, elementuak, motak eta beharkizunak. Administrazio ebazpen eta egintzen jakinarazpena. Administrazio egintzaren deuseztasuna eta deusezgarritasuna. Administrazioaren isiltasuna.

21._Administrazio prozedura eta hura arautzen duen legea. Aplikazio eremua eta printzipio orokorrak. Interesatuak. Administrazio prozedurei buruzko xedapen orokorrak: abiaraztea, antolamendua, instrukzioa, amaiera eta betearazpena.

22._Egintzen berrikuspena administrazio bidean. Administrazio errekurtsoak. Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua.

23._Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua. Hautapena. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Egoera administratiboak. Eskubideak, betebeharrak eta bateraezintasunak. Diziplina araubidea.

Iragarkiaren kodea: L0418010