150. ALDIZKARIA - 2004ko abenduaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

358/2004 FORU DEKRETUA, azaroaren 22koa, Oibarko eta Irunberriko udalerrien mugaketa jurisdikzional partziala onesten duena, "Tres mugas" eta "Cuatro mugas" izeneko tokien artean.

2000ko azaroaren 30ean, Oibarko eta Irunberriko udalek, biek batera, erabaki zuten Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuari eskatzea Oibarko eta Irunberriko udalerrien mugaketa finkatzea, bi udalerrien mugak ez baitira oso zehatzak, gero, mugaketa hori Oibarko Parke eolikoaren lurretan aintzat hartzeko eta, horrenbestez, airesorgailu bakoitzaren kokagunea udalerri horietan zehazteko.

2002ko otsailaren 15ean bi udal horiek bilera egin zuten Toki Administrazioko Departamentuaren eta Espainiako Institutu Geografikoaren ordezkariekin. Azken honek dokumentazio grafikoa aurkeztu zuen, "Tres mugas" eta "Cuatro mugas" izeneko tokien artean dauden airesorgailuen kokaguneak adierazteko. Toki entitateak ados jartzen saiatu arren, ez zen akordiorik lortu. Gero, 2002ko apirilaren 9an eta 10ean, bi udal horiek Nafarroako Gobernuari eskatu zioten muga-lerroaren zuinketa partziala egin zezan.

Toki Administrazioko zuzendari nagusiak ekainaren 12an emandako 399/2002 Ebazpenaren bidez, udalerri horiek mugatzeko espedientea hasi zen eta bi udalei agindu zitzaien beren asmoak justifikatzeko egoki iruditzen zitzaizkien datu, aurrekari eta xehetasunak Toki Administraziora igorri behar zituztela.

2002ko irailaren 6an, udal horien, Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuaren eta Espainiako Institutu Geografikoaren ordezkariek mugen ibilaldia egin zuten, "Tres mugas" eta "Cuatro mugas" izeneko tokietatik. Ekintza horren ondorioz, udalek desadostasun akta bana egin zuten. Irunberriko Udalak 2004ko irailaren 24an berretsi zuen akta eta Oibarkoak 2002ko irailaren 30ean. Gero, aktekin batera, beharrezkoa zen dokumentazioa igorri zuten.

Oibarko Udalak 2002ko irailaren 30ean egindako erabaki horretan berean, mugaketa egiteko eskumena zuen organoari eskatu zion erabaki zezala Irunberriko Udalak eskumena ote zuen mugaketan parte hartzeko, edo ekintza hori Ibargoitiko Udalak egin behar ote zuen, bi udalerri horiek 1926ko uztailaren 27an sinatu zuten mugaketa aktaren arabera.

2003ko urtarrilaren 14an, Espainiako Institutu Geografikoak txostena eman zuen eta bertan muga-lerroaren zuinketa adierazi. Horrekin batera, bi toki entitateei entzunaldia eman zien. Bestalde, espedientearen berri Lurralde Mugaketaren Batzordeari eman zitzaion. Batzordeak 2003ko apirilaren 15ean egindako bilkuran, erabaki zuen egindako alegazioak Espainiako Institutu Geografikoari bidaltzea, espedientea zorrozkiago aztertzeko bi batzordekide izendatzea eta espedientea ikusitzat jotzea.

2003ko ekainaren 20an, Espainiako Institutu Geografikoak beste txosten bat prestatu zuen, egindako alegazioak erantzuteko. Espedientean, muga-lerroaren kokagunea berresten du eta adierazten du ez dagoela inolako dudarik ukituriko lurren titulartasunaren gainean, hots, titularrak Irunberri eta Oibar direla, nahiz eta afera argitzeko ardura Nafarroako Gobernuari dagokion.

Toki Administrazioko zuzendari nagusiak, urriaren 1ean emandako 753/2003 Ebazpenaren bidez, Oibarko Udalak egindako alegazioa ezetsi zuen eta, horrenbestez, erabaki zuen mugaketa prozeduran parte hartzeko eskumena Oibarko eta Irunberriko udalei zegokiela. Bestalde, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 83.3. artikuluan ezarritakoari jarraituz, bidezkoa da espedientearen jarduketetan aurrera egitea.

Espedientea osatzeko, Nafarroako Kontseiluak 2004ko urriaren 4an eman zuen adostasun txostena erantsi da.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 12.2 artikuluak xedatzen du lurren mugaketei buruz Nafarroako udalerrien artean sortzen diren auziak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ebatziko dituela, Espainiako Institutu Geografikoari txostena eskatuta.

Hori horrela, Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluari jarraikiz, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta lauko azaroaren hogeita bian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Oibarko eta Irunberriko udalerrien mugaketa partziala onestea, "Tres mugas" eta "Cuatro mugas" izeneko tokien artekoa, hain zuzen. Muga-lerroa 1926ko uztailaren 27ko mugaketa aktan azaltzen dena da, Espainiako Institutu Geografikoak 2003ko urtarrilaren 14an egindako txostenean agertzen den zuinketaren arabera trazatua. Muga-lerroaren adierazpen grafikoa (1/2500 eskalako planoa) eta mugarrien U.T.M. koordenatuak foru dekretu honi atxiki zaizkio, eranskin gisa.

2. artikulua. Toki Administrazioko Departamentuari eskatzea foru dekretu hau betearazteko behar diren guztiak egin ditzala.

AZKEN XEDAPENA

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean berean hartuko du indarra.

Iruñean, 2004ko azaroaren 22an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Toki Administrazioko kontseilaria, Alberto Catalán Higueras.

E R A N S K I N A

Foru dekretu honetako 1. artikuluan aipatzen den Oibar eta Irunberriko udalerrien muga-lerroa espedientean ageri den 1/2500 eskalako planoan adierazi da. Bi udalerri horien mugaketa aktan agertzen diren M1etik M9ra bitarteko mugarrien UTM koordenatuak hauek dira:

M1 mugarria (Cuatro mugas) X = 629,730,3 m Y = 4.722.412,5 m

M² mugarria X = 630.016,1 m Y = 4.722.418,6 m

M³ mugarria X = 630.158,2 m Y = 4.722.417,2 m

M4 mugarria X = 630.228,7 m Y = 4.722,412,7 m

M5 mugarria X = 630.571,5 m Y = 4.722.397,3 m

M6 mugarria X = 631.133,6 m Y = 4.722.456,2 m

M7 mugarria X = 631.977,7 m Y = 4.722.497,6 m

M8 mugarria X = 632.157,3 m Y = 4.722.484,7 m

M9 (Tres mugas) X = 632.282,9 m Y = 4.722.479,6 m

Iragarkiaren kodea: F0418093