12. ALDIZKARIA - 2004ko urtarrilaren 28a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ZIZUR NAGUSIKO UDALAREN MUSIKA ESKOLA

Barne araudia

Zizur Nagusiko Udalaren Musika Eskolako Patronatuko Batzordeak, 2003ko azaroaren 24an egindako bilkuran, hirugarren artikuluko hamabosgarren atala aldatzea erabaki zuen Musika Eskolaren barne araudian, eta honela gelditu da testu osoa.

Atarikoa:

Elkarrenganako errespetoan oinarrituko dira Musika Eskolaren funtzionamendu egokia eta ikasle, irakasle, guraso eta irakaskuntzaz kanpoko langileen arteko bizikidetza, hezkuntzaren prozesuan parte hartzen duten guztien artean behar bezalako bizikidetza lortuko bada eta, aldi berean, talde guztiek ahalik eta errendimendu handiena izanen badute.

Lehen artikulua._Bizikidetza eta portaera arauak:

8.1. Materiala: guztion betebeharra da ikastetxeko materiala, altzariak eta instalazioak zaintzea, hura beti ahalik eta hobekiena kontserbatu eta erabiltzea.

A._Ikasgela, komun, korridore eta abarretan hondatutakoaren berri emanen diote ikasleek irakasleari, nahita edo ustekabean hondatu. Irakasleak zehaztuko ditu erantzukizunak, bakoitzarenak zein taldearenak.

B._Arreta ezagatik edo nahita hondatu bada, egileek ordainduko dute konponketa eta Eskola Kontseiluak aztertuko du arazoa, ikasketaburuak proposatuz gero.

2. Garbiketa: arreta handiz zainduko dira garbi ikastetxeko bazter guztiak: ikasgelak, korridoreak, komunak, patioak, etab., papera, pipita azalak, otarteko hondarrak, etab. bota gabe. Ardura ezagatik zikintzen denean, egileek hartuko dute garbiketaren ardura.

3. Kartelak: horretarako diren oholetan bakarrik jartzen ahal dira kartelak, zuzendaritzakoei jakinarazi ondoren. Horiek karteletan errespetoa gordetzeaz arduratuko dira.

4. Erretzea: galarazita dago eraikin barrenean erretzea, propio adierazitako tokietan izan ezik.

5. Edari alkoholdunak: galarazita dago edari alkoholdunak saltzea eta kontsumitzea.

6. Biltzeko tokiak: ahal dela, ez da korridore, eskailera eta komunetan bilduko edo jostatuko.

Bigarren artikulua._Asistentzia, puntualtasuna eta egonaldia ikastetxean.

1. Puntualtasuna: klaseak eta beste edozein jarduera bere orduan hasi eta bukatuko dira.

2. Asistentzia: klasera huts egitea espero denean, aldez aurretik jakinaraziko da eta eritasunagatik edo funtsezko beste arrazoi batengatik denean, beti egiaztatu beharko da. Ikaslea ikastetxera itzuli eta ondoko hiru eskola-eguneko epean, eguna eta ordua zehaztuko dira, gurasoek edo ikasleen ordezkariek idatzi eta sinatutako azalpena irakasleari aurkeztuta. Zenbait kasutan, gurasoek edo arduradunek etorri beharko dute ikastetxera.

3. Ausentziak: edozein ustekabe dela eta, ikasleak ikastetxetik atera behar badu, une horretako irakaslearen baimena beharko du. Itzulitakoan, frogagiria aurkeztu beharko du.

4. Eskola orduak: ikasleak, eskola orduetan, ezin dira korridore, eskailera, komun eta abarretan egon Edozein arrazoi dela eta, ikasgelan ez badaude, prestatzen den tokian egon beharko dute.

Hirugarren artikulua._Ikasleen eskubideak:

Ikasleen eskubide eta betebeharrei buruzko urriaren 28ko 1543/1988 Errege Dekretuko puntu garrantzitsuenak biltzen ditu artikulu honek ("Estatuko Aldizkari Ofiziala" 309.a, 1988ko abenduaren 26koa, astelehena).

1. Ikasle guztiek oinarrizko eskubide eta betebehar berdinak dituzte, adinaren eta egiten ari diren ikasketen ondoriozkoak baino beste bereizkuntzarik gabe.

2. Ikasleek beren eskubideez baliatzeko, hezkuntza komunitateko kide guztien eskubideak onartu eta errespetatuko dira.

3. Ikasleek beren nortasuna guztiz garatuko duen prestakuntza hartzeko eskubidea dute. Horretara bideratuko da beti ikastetxeen programazio orokorra. Ikasleek ere parte hartuko dute hura onesten, Eskola Kontseiluaren bitartez. (Musika Patronatua).

4. Ikasle guztiek dute eskubidea beren kontzientzia askatasuna, sinesmen erlijiosoak, moralak edo ideologikoak errespetatuak izateko, baita intimitatea ere sinesmen horiei dagokienez.

5. Ikasleek badute eskubidea ikastetxeen funtzionamenduan eta bizitzan parte hartzeko, eskola jardueran eta haien kudeaketan. Indarra duten xedapenei jarraituz hartuko dute parte ikasleek Eskola Kontseiluan (Musika patronatua).

6. Ikasleek badute eskubidea haien ordezkariek informazioa eman diezaieten.

7. Ikasleek badute elkartzeko eskubidea, hau da, ikasleen elkarteak, federazioak eta konfederazioak sortzeko.

8. Ikasleek zilegi dute ikastetxean biltzea eskolako jarduerak nahiz eskolaz kanpokoak egiteko, baita hezkuntzari edo prestakuntzari lotutako helburua dutenetan jarduteko ere.

Ikastetxeko zuzendariak bermatuko du ikasleek biltzeko duten eskubidea. Ikastetxearen programazio orokorrean ezarriko da eskubide hori baliatzeko ordutegia eskolaldiaren barrenean, ikastetxeko jardueren ohiko garapena kontuan hartuta. Horretarako, eskola orduak ez diren beste batzuk erabiliko dira.

9. Ikasleek badute eskubidea familia, ekonomia eta ingurune sozio-kulturalaren ondoriozko eskasiak berdinduko dituzten laguntzak hartzeko, hainbat hezkuntza mailatan sartzeko eskubidea izan dezaten. Ikastetxeak emanen du laguntza horren inguruko informazioa.

10. Ikasleek eskubidea dute beren eskola errendimendua objektibotasun osoko irizpideen arabera baloratua izateko. Ikaslearen etengabeko ebaluazioaren prozesua aplikatzeko, programatutako klase eta jardueretan hartu beharko du parte ikasketa planeko irakasgai guztietan. Ikasleek, gurasoek edo tutoreek kurtso bakoitzeko jarduera akademikoen edo ebaluazio partzialen edo bukaerakoen kalifikazioari buruz, irakasleei argibideak eskatzeko duten eskumena ukatu gabe, haiek edo haien legezko ordezkariek ebaluazioen kalifikazioak erreklamatzen ahal dituzte, ezarritako epean eta moduan.

11. Ikasleek badute eskubidea eskola orientazioa zein lanbideei dagokiena hartzeko, ahalik eta garapen pertsonal, sozial eta profesionalik handiena iristeko, haien gaitasun, gogo edo interesen araberakoa.

Hezkuntza komunitateak behar diren jarduerak antolatuko ditu haiek lortzeko.

12. Hezkuntza komunitateko kide guztiak behartuta daude aipatu Errege Dekretuan ezarritako eskubideak errespetatzera.

13. Adjudikatutako plazari uko egiten dioten ikasleek eskubidea dute lehen hiruhilekoa, matrikula egitean ordaindua, atzera eskuratzeko, baldin eta idatzita egiten bada uko eta behar bezala sinatuta badago urte horretako abuztuaren 31 baino lehen.

14. Musika Eskolako matrikula deuseztatzeko eskatzen duten ikasleek, Pablo Sarasate kontserbatorioan sartzeko proba gainditua dutenez gero, badute eskubidea matrikula eta lehen hiruhileko gisa ordaindutako guztia atzera eskuratzeko, kontserbatorioan egindako matrikularen gordekina aurkeztu ondoren.

15. Musika Eskolan baja hartu nahi duten ikasleek idatzita egin beharko dute eskaera eta Musika Eskolako idazkaritzan aurkeztu. Ikasleak sinatuko du adinez nagusia bada, edo aitak, amak, tutoreak edo legezko ordezkariak, adingabea bada.

Formalki aurkeztutako bajaren eskaerak hura onartzen dela esan nahiko du eta, aurkezten denetik aitzina, Eskolako ikasleek dituzten eskubide guztiak galduko dira, klasera etortzekoa batez ere (itxaron zerrendan daudenek beteko dute, norbait egonez gero).

Ikasturte bakoitzean, bajaren eskaera abenduaren 20a baino lehen aurkezten bada, ez zaio ikasturteko bigarren ordainagiria igorriko ikasleari, eta otsailaren 28a baino lehen aurkeztuta, hirugarren ordainagiria.

Laugarren artikulua._Ikasleen betebeharrak:

Ikastea ikasleen oinarrizko betebeharra da. Betebehar horrek honako hauek ditu ondorio:

A._Klasera etorri eta ikasketa planak garatzeko diren jardueretan parte hartzea.

B._Ikastetxeko jarduerak garatzeko onetsitako ordutegia betetzea.

C._Ikasketari buruzko irakasleen jarraibideak segitzea.

Ikasleen betebeharra da bizikidetzako arauak errespetatzea ikastetxe barrenean. Betebehar horrek honako hauek ditu ondorio:

1. Kontzientzia askatasuna eta sinesmen erlijiosoak zein moralak errespetatzea, baita hezkuntza komunitateko kide guztien duintasuna, integritatea eta intimitatea ere.

2. Hezkuntza komunitateko kiderik ez baztertzea jaioterri, arraza, sexu, hizkuntza edo beste edozein inguruabar pertsonal edo sozial dela-eta.

3. Ikastetxeko ondasun higigarriak eta instalazioak errespetatu eta behar bezala erabiltzea.

4. Ikastetxeko bizitzan eta funtzionamenduan parte hartzea.

Bosgarren artikulua._Arau-hausteak eta zehapenak (aipatu Errege Dekretuko 24.etik 31.era bitarteko artikuluak, biak barne).

Arau-hauste arinak, larriak eta oso larriak izaten ahal dira:

1. Honakoak dira arau-hauste arinak:

a) Berandu etortzea, justifikatu gabe.

b) Klasera huts egitea, justifikatu gabe.

c) Ikastetxeko dependentziak, haren materiala edo hezkuntza komunitateko beste kideen gauzak edo ondasunak nahita hondatzea, baina ez modu larrian.

d) Justifikatu gabeko edozein egintza, ikastetxeko jarduerak arinki galarazten dituena.

Zehapenak arau-hauste arinetan:

a)

Kargu-hartzea, buruz buru.

b) Kargu-hartzea, gurasoei jakinaraziko zaiena adingabea denean.

c) Arau-hauste arinetan -c) atala-, hondatutakoa konpontzen laguntzea, eskola ordutik kanpo.

d) Ikastetxeko jarduerak hobetu eta garatzen laguntzen duten lanak egitea.

Egokitzen den irakasleak zehatuko ditu arau-hauste arinak edo ikasketaburuak, arau-hausteak hala eskatuz gero.

Egokitzen den irakasleak zuzenduko ditu arau-hauste arinak izatera iristen ez diren egintzak.

2. Arau-hauste larriak eta oso larriak eta haien zehapenak Musika Patronatuari dagozkio, zeinak 1988ko urriaren 28ko 1543 Errege Dekretuko 25. 3 eta 4 eta 26.2 eta 3 artikuluetan ezarritakoaren arabera jardungo baitu ("Estatuko Aldizkari Ofiziala" 309 zenbakikoa, 1988ko abenduaren 26a).

_Ebaluazio bakoitzean irakasgai baten orduetatik % 20 baino gehiago justifikatu gabe huts eginez gero, larritzat hartzen da.

_Informalitateagatik galdutakoa justifikatu gabeko arau-haustetzat hartzen da, berandu etortzean klase-orduaren % 30 baino gehiago galtzen bada.

_Inoiz juzgatzen baldin bada ikasle batek behin eta berriz eta oinarririk gabe justifikatzen dituela bere hutsegiteak, ikasketaburuak zilegi du neurri zuzentzaileak hartzeko proposamena egitea Patronatuari, justifikazioak hobeki kontrolatzearren.

_18 urtez goitiko ikasleek -hutsegiteen justifikazioak aurkeztea hautatzen dutenek-edozein lan harremanetan eskatzen ahal direnen pareko frogagiriak aurkeztu beharko dituzte.

_Ikasleek klasera egindako hutsegiteen erregulazioa finkatu beharko du Musika Patronatuak barne araudietan, eta dituzten zehapenak.

Seigarren artikulua._Irakaslearen eginkizunak:

_Ardura hartzea, hezkuntza prozesua ahalik eta hobekiena burutu dadin, ikasleen nortasuna, interesak eta taldean duten integrazioa ezagutuz.

_Orientazioa eta aholkua ematea ikasleei haien hezkuntza edo lanbide aukerei buruz.

_Gurasoei seme-alaben berri ematea haien ikasketei, asistentziari, errendimenduari eta zailtasunei buruz.

_Bere taldeko ikasleen dokumentazio administratibo-pedagogikoa betetzea.

_Ikasketaburuak irakasleen lana koordinatuko du, behar diren bilerak eginez, aldizka, maila bakoitzean.

_Tutoretza orduak:

Gurasoekin egoteko, ikasleei arreta egiteko eta ikasketaburuarekin biltzeko orduak irakasle bakoitzaren ordutegian adieraziko dira eta gurasoei zein ikasleei jakinaraziko zaizkie ikasturte hasieran.

Ordutegia prestatzen denean, bat egin beharko dute ikasle taldeen orduek haien irakasleak dituenetako batekin, ikasleekin biltzeko aukera izan dezan.

Komenigarria irudituz gero, irakasleak bilerak egiten ahal ditu bere taldeko gurasoekin, ikasturte hasierako bileraz gain.

_Ebaluazio batzordeak:

Aldizka, taldearen jarduna eta errendimendua baloratzen duen organoa da, ikasleak banan-banan hartuta edo talde gisa.

Irakasleek nahitaez hartu behar dute parte ebaluazio saioan.

Taldeko irakasleek oharrak jarriko dituzte ebaluazio aktetan.

Ebaluazio saioan, ikasleen balorazioa eginen da, banan-banan eta talde gisa, errendimenduari, jarrerari eta interesari begira, eta ardura berezia merezi duten kasuak aztertuko dira, eta konponbideak proposatuko.

Zazpigarren artikulua._Gurasoak:

a) Gurasoek elkarte bat edo gehiago antolatzen ahal dituzte.

b) Zilegi dute ikastetxea kudeatzen parte hartzea, Musika Patronatuan dituzten ordezkarien bitartez.

c) Elkarteek laguntza ekonomikoa ematen ahal diete ikastetxeak antolatzen dituen eskolaz kanpoko jarduerei.

d) Seme-alaben errendimendu akademikoaren berri izanen dute ikastetxeak, sinatuta, igorriko dizkien kalifikazio buletinen bitartez. Beharrezko bada, irakaslearekin egonen dira, haiek edo irakasleak berak eskatuta.

Bestalde, seme-alaben portaeraren berri emanen zaie aipatu den kalifikazio buletinaren bidez, oharren atalean.

Seme-alaben hutsegiteen, jokabide desegokiaren eta abarren berri izanen dute, jakinaraziko baitzaie.

Gurasoek hutsegiteak justifikatu beharko dituzte ikaslea ikastetxera itzultzen denean.

Ikasleak eskola orduetan alde egin behar badu, gurasoen ohar bat ekarri beharko du ikastetxetik ateratzeko.

Gurasoek jakin behar dute zuritu gabeko hutsegiteak pilatuz gero arau-hauste arina, larria edo oso larria osatzen dela eta bere zehapena dutela, araudi honen arau-hauste eta zehapenen atalean jaso bezala.

Ikaslearen errendimendu akademikoa edo portaera behar bezalakoak ez direnean, semearen edo alabaren aukera, gaitasun eta nahiarekin bat datozen beste ikasketa batzuk egiteko egokieraren berri emanen zaie gurasoei, haiek eskatuta edo irakasleak aholkatuta.

e) Gurasoek laguntza emanen dute ikastetxearen eskolaz kanpoko jardueretan, seme-alabek parte hartzera bultzatuz. Horrela, seme-alaben garapen kulturala handiagoa izan dadin lagunduko dute.

Gainera, behar denean, haietan laguntzeko eskatuko zaie (laguntzaile eskola-orduetatik kanpoko irteera programatuetan, ekarpen ekonomiko txikiak, ...)

Musika Eskolako Patronatuko Zuzendaritza Batzordeak hartutako erabakien bidez aldatua:

_Hirugarren artikulua, 13 eta 14. idatz-zatiak, 1998ko urriaren 29an egindako bilkuran.

_Hirugarren artikulua, 15. idatz-zatia, 2003ko azaroaren 24an egindako bilkuran.

Hezkuntza komunitate guztiak bete beharko du araudi hau, nahitaez, eta edozein artikulu urratuz gero, zehapena jarriko da urraduraren ezaugarrien edo larritasunaren arabera.

Araudi honetan edozein aldaketa egiteko, Musika Patronatuak onetsi beharko du.

Zizur Nagusian, bi mila eta hiruko azaroaren hogeita bederatzian. Batzordeko burua, Paloma Núñez Centaño.

Iragarkiaren kodea: L0301038