12. ALDIZKARIA - 2004ko urtarrilaren 28a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

MURILLO EL CUENDE

Behin betikoz onetsirik Hirigintza Planeamenduko Arau Subsidiarioetako bigarren aldaketa

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 70.2 artikuluan ezarritakoa betetzeko, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 27ko 35/2002 Foru Legearen 70, 78 eta 81. artikuluekin bat, Udalak xedatu du argitaratzea Murillo el Cuendeko Hirigintza Planeamenduko Arau Subsidiarioetako 2. aldaketa, behin betikoz onetsi zena Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak urriaren 2an emandako1333/2003 Foru Aginduaren bidez (2003ko 137. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratua, urriaren 27an).

Horiek horrela, hemen hitzez hitz txertatzen da aldaketaren testua.

Murillo el Cuenden, bi mila eta hiruko azaroaren hogeita zazpian. Alkate udalburua, Angel Arnaudas Granell.

Indarra duen planeamendua

Honen ondotik eransten da indarra duten arau subsidiarioek lurzoru urbanizaezinarentzat ezartzen duten araudia, hain zuzen ere 4. kapitulua_Lurzoru urbanizaezinari buruzko arauak, ezarri baitzen oinarri harturik orduan bezala gaur egun ere indarra duen legeria, 10/94 Foru Legea, uztailaren 4koa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzkoa.

Aldaketa

Aldaketaren edukia eta agiriak bat datoz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 10/94 Foru Legean eta haren erregelamenduan (85/95 Foru Dekretua) araututakoarekin.

Arau Subsidiarioetako aldaketa puntualaren edukia hemen ondotik ematen da:

A._Abeltzaintzako ustiapenak:

Mota orotako abeltzaintzako ustiapenei dagokienez, araudia osatu egiten da ondoko atal hauekin, kontuan hartuz aldaketak ez duela eraginik planeamenduak ezarritako sailkapenaren eta kategorien gainean:

_Eremu bat ezartzen da, grafikoki, non abeltzaintza intentsiboko ustiategiak eta mota orotako abeltegiak jartzea espresuki debekatuta dagoen, batez ere hartzen duena Arradako Kontzejuko lurra, hain zuzen ere arau subsidiarioetan sailkaturik dagoena lurzoru urbanizaezina, nekazaritzako edo abeltzaintzako produktibitate ertainekoa bezala (ikus eransten den planoa).

_Arau orokor gisa, ezartzen da gutxieneko distantzia bat behar dela abeltzaintza intentsiboko edozein ustiapenetatik eta abeltegitatik hiriguneen mugaraino, hain zuzen ere 2 km lerro zuzenean.

_Abeltzaintza estentsiboko ustiapenetarako, hiriguneen mugaraino ezartzen den gutxieneko distantzia 1 km-koa da.

_Zerri-azienden ustiapenetan, aipatzen da egokitu beharra legeria aplikagarriari, martxoaren 3ko 324/2000 Errege Dekretuari, haren bidez ezartzen baitira antolamenduko oinarrizko arauak, honako zehaztasun hauek eginda:

.Bakar-bakarrik baimenduko dira, arestian ezarritako esparru eta distantzien barrenean, Bigarren Taldearentzat (360 ALU bitarte) ezarritako gehieneko muga gainditzen ez duten ustiapenak, gainerakoak debekaturik gelditzen baitira.

_Lehendik dauden ustiapenak, indarra duen antolamenduaren arabera jaso eta auzitegiek deuseztatu gabeko lizentzien jabe direnak, ezarritako debeku mugen barrenean kokaturik baldin badaude, sendotutzat hartuko dira, eraikinei eta azienda-buruei dagokienez.

.Ustiapen hauetan baimentzen ahalko dira instalazioak kontserbatu eta apaintzeko obrak, bai eta hobekuntza orokorrak edo produkzio sistemakoak ere, hori dela kausa jarduera eta eraikinak handitu beharrik izan gabe.

B._Eraikuntza jarduerei buruzko arauak:

Arauturik gelditzen dira, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 10/94 Foru Legearen arabera. Esparru bakoitzari esleituriko kategoria aldatzen ahalko da, aurrera eramaten diren politika hidraulikoetan, azpiegitura energetikoetan, eta abarretan, maila handiagoko plan edo proiektuak onestearen ondorioz.

Sendotu egiten dira lurzoru urbanizaezineko eraikinak, zeinek erregularizatzen ahalko baitute beren egoera, baldin eta hirigintza arloan egindako arau-haustea (halakorik baldin bada) preskribatu bada.

Baldin eta ukitutako lurzatietan erabilerak ez badaude ezartzen den kategoriaren babes araubideari egokituak, lurzati horiek lurzoru orokorren sailean sartuko dira, eta eraikinetan egiten ahalko dira kontserbazio nahiz mantentze-lanak, baina handitzekoak, ordea, debekaturik egonen dira.

Egokitu egiten badira, onartutako erabilera berrietarako, bete beharko da kasu bakoitzean egiten den jarduerari dagokion araudi aplikagarria (abeltzaintzako jarduerak _188/86 FD_, zerri-aziendetakoak _324/00 ED_ eta industria arlokoak _84/90 FD_).

Sartzen dira "Aragoi eta Arga ibaietako beheko aldeak" _ES2200035_ eta "Errege Bardea" _ES2200037_ Batasunaren Intereseko Lekuak (BIL), eta "Altarrasa" eremua, estepako hegaztientzat garrantzitsua, zeinak grafikoki adieraziak ematen baitira. Edozein motatako jardueretarako, eraikuntzakoa nahiz bestelakoa izan, beharrezkoa izanen da Ingurumen Zerbitzuaren baimen berariazkoa.

a) Lurzoru urbanizaezinaren baldintza berariazkoak:

Baimena ematen ahalko da abeltzaintzako ustiapen bati lotutako eraikuntza berriko etxebizitzak eraikitzeko, baldin eta justifikatzen bada, haren tamaina dela eta.

Eraikinetik hasi eta hiri-lurzoruaren mugapeneko lekurik hurbilenera bitarteko distantzia honenbestekoa izanen da:

_150 metro, baratzezaintzari, aisiako baratzezaintzari, mintegiei eta nekazaritzako biltegiei laguntzeko eraikinen kasuan, jendegunetik kanpo.

_500 metro, etxeko eskorten kasuan, jendegunetik kanpo. Distantzia laburragoan kokaturik daudenak, sendotu egiten dira, baldin eta jarduerak jarraitzen badu eta 188/86 Foru Dekretuan ezarritako baldintzak betetzen badira.

_Ez da hiri-lurzorurainoko gutxieneko distantziarik ezartzen kasu hauetan: berotegiak, lurzatien itxiturak, eta onura publikoko eraikin edo instalazioak, interes sozialekoak, edo herri-lanen exekuzio, mantentze eta zerbitzuari atxikiak daudenak.

Baimena ematen ahalko da edozein motatako eraikuntza-jarduera handitzeko, honako baldintza hauek betez gero:

_Handitzea baimentzeko nahitaezko baldintza izanen da eraikinaren erabilera eta mota bateragarria izatea kokatu gogo den lurzoruaren kategoriarekin.

_Bete beharko dira b) atalean aipatzen diren okupazio, kokapen eta gutxieneko lurzati baldintzak, kontuan hartuz lehendik dagoen eraikina, gehieneko eraikuntza eta okupazioa neurtzeko orduan.

_Eraikin hauen gainean egiten diren hobekuntza, zaharberritze edo handitze lan guztiek bete beharko dituzte b) atalean ezartzen diren eraikuntzako baldintza orokorrak.

b) Okupazio, kokapen eta gutxieneko lurzati baldintzak:

LURZATIAREN AZALERA

EDO GUTXIENEKO ERAIKUNTZA LURZAT. GEHIEN.

LURZATIAREN FRAKZIOA (M²-tan) OKUPAZIOA

(M²-tan)

Baratzezaintzari laguntzeko 300 baratzeetan 20 gehienez

eraikinak eta ureztalurretan idorpea barne Bat lurzati bak.

Mintegietarako eraikinak - - % 20

Berotegi desmuntagarriak - - % 75

Nekazaritzako biltegiak,

etxeko eskortak 2.000 - % 50

Abeltzaintza estentsiboko

eraikinak-artegiak 5.000 - % 50

Abeltzaintza intentsiboko

eraikinak eta abeltegiak 5.000 - % 50

Aipatzen den lurzati azalera hori da bertan dagoenarena, edozein motatako eraikin edo instalazioa hartzeko behar den gutxienekoa zehazteko. Lurzoru urbanizaezineko bananketak egiteko, bete beharko da 205/96 FDan xedatutakoa.

Eraikinetik lurzatiaren mugarainoko tartea gutxienez ere 5 metrokoa izanen da.

c) Eraikuntzaren baldintza orokorrak:

_Eraikinen neurriak ez dira arautzen. Erreferentzia gisa, gehienez ere 60 x 25 metrokoa izanen dira, baina neurri handiagoak ere izaten ahal dituzte, baldin eta jarduera mota jakin baterako beharrezkoa bada; nolanahi ere, Udalak mugak zehazten ahalko ditu parametro guztietarako, horretarako arrazoia emanez, topografiaren, lurzatiaren neurrien, ikuspegiaren eta paisaiaren gaineko eraginaren arabera.

_Eraikinen gehieneko altuera: 5 metro estalkiaren hasieraraino. Jarduera motaren izatasunagatik justifikatzen bada, altuera handiagoetarako baimena ematen ahalko da.

_Bolumenak eta estalkiak: sinpleak izanen dira, oinak errektangularrak izanik, hegalkinik eta sargunerik gabe. Estalkiak isurialde bakarrekoak izaten ahal dira, neurri txikikoak badira, eta bi edo lau isurialdetakoak gainerakoetan.

_Materialak: sinpleak izanen dira, baina eraikuntzarako kalitate handikoak, eta aukeran uzten da izan dadin harria, zarpiatuak kolore apalez pintaturik, hormigoizko blokea edo aurrefabrikatua, harea kolorekoa, ez grisa. Estalkirako, baimendurik dago teila, zuntz-zementuzko xafla uhinkatua eta xafla jarraitu lakatua, betiere kolore buztin-gorriz, berdez eta harea kolorez, tonu apalean, debekaturik baitaude gainerako kolore eta tonuak eta baimendutako zerrenda horren barrenean ingurunearekin bat ez datozenak; bestelako materialak ere baimentzen ahal dira, baldin eta bukalana egokia bada.

_Eraikin guztiak kamuflatuko dira landareen bidez, lurzatian behar adinako tamainako zuhaitzak sartuz.

_Onartzen dira energia sorgailuak (horrelakoak nahiz zarata egin dezaketen bestelako instalazioak isolatu beharko dira akustikoki), hondakin urak arazteko bitarteko autonomoak, maila freatikotik ura hartzea, betiere behar diren baimenak baldin badira eta haren potabilizazio egokia bermatzen bada, gero pertsonek hartatik kontsumitu behar badute. Instalazio hauetarako beharrezkoa izanen da arlo bakoitzean eskudunak diren erakundeek aldez aurretik onespena ematea.

_Aldi baterako ustiapenei, oihangintzakoei, legardiei, hondakindegiei eta gisakoei lotutako instalazioek Udalaren lizentzia prekarioan emana izanen dute, eta bertan zehaztuko dira behar diren bermeak, adjudikazio-hartzaileak bere gain har dezan dagokion erantzukizuna, ustiapena amaitu ondotik instalazioak kendu eta lekua lehengoratzeko.

_Lurzoru urbanizaezineko finken itxitura ez da 2 metrotik goitikoa izanen; bera egiteko landareak erabiltzen ahalko dira (espezie autoktonoak ahal dela), edo eskora metalikoak, zurezkoak edo hormigoizkoak burdin sarearekin elkartuz egiten ahalko dira. Alanbre arantzadunez egindako hesia ere onartzen da, baldin eta egokia bada kasuko abeltzaintza-jarduerarekin. Itxituretatik bide eta errepideetarainoko distantziak izanen dira legeria aplikagarrian arautzen direnak (10/94 Foru Legea eta Errepideak babesteko legea).

_Lurzoru urbanizaezineko eraikin guztiak eduki beharko dira apaintasun eta higiene baldintza egokietan, ingurunearekin bat datozela, eta nolanahi ere Udalak ahalmena du kasu bakoitzean egokiak iruditzen zaizkion neurri zuzentzaileak eskatzeko.

_Baimena ukatu edo neurri osagarriak eskatzen ahalko dira, paisaia babesteko asmoz, baldin eta leku nabarmenetan, bizkar gainean eta gisakoetan kokaturik badaude.

_Onura publikoko eraikin edo instalazioetan, interes sozialekoetan, edo herri-lanen exekuzio, mantentze eta zerbitzuari atxikiak daudenetan, baldintza hauek bete beharko dira:

.Eraikineko fatxada bakoitzetik gutxienez ere 9 metroko tartea izanen da lurzati bereko mugaraino.

.Eraikinen altuera ez da 4,5 metrotik goitikoa izanen. Bakar-bakarrik gainditzen ahalko da altuera hori beharrezkoa bada haiek ongi funtziona dezaten.

.Sarbiderako, ur hornidurarako, saneamendurako, energia elektrikorako, eta abarrerako, konponbideren bat bilatu beharko da lurzatian berean, betiere urbanizazio egokia bermatuz, zoladura eta lorategiak barne. Lurzatiari berdegunea emanen zaio bere perimetroan, landareez baliatuz.

Iragarkiaren kodea: L0300360