12. ALDIZKARIA - 2004ko urtarrilaren 28a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

1351/2003 EBAZPENA, abenduaren 2koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana, Nafarroako Unibertsitate Publikoa - Nafarroako Kutxa 2003ko Argazki Zientifiko eta Teknologikoaren Sarietarako deialdia onetsi eta dagokion gastua baimentzen duena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Kutxak sinatutako hitzarmenaren ondorioz, erabaki zen deialdia egitea Argazki Zientifiko eta Teknologikoaren 2003 Lehenengo Lehiaketarako. Deialdia Nafarroako Unibertsitate Publikoko tituludunentzat eta Unibertsitateko Komunitateko kide guztientzat da egina.

Ikerketarako errektoreordeak egindako proposamena ikusirik.

Unibertsitatearen Aholkularitza Juridikoak egindako txostena ikusirik.

Ekonomia Gaietarako Zerbitzuko zuzendariak egindako txostena ikusirik.

Kontuak hartuta eta aldeko fiskalizazioa eginda.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatutuen 40. artikuluan esleituta dauzkadan eskumenak betez,

EBATZI DUT:

Lehenengoa._Onestea, salbuespenez, ebazpen honek sortutako gastua. Gehienez ere, 3.600 euroko zenbatekoa izango du, eta 2003ko gastuen aurrekontuko Argazki Zientifiko eta Teknologikoaren Sariak izeneko 31.30.00.482.16 kontusailaren kargura ordainduko da.

Bigarrena._Onestea Nafarroako Unibertsitate Publikoa - Nafarroako Kutxa Argazki Zientifiko eta Teknologikoaren 2003 Sarietarako deialdia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko tituludunentzat eta Unibertsitateko Komunitateko kide guztientzat.

Hirugarrena._Deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Laugarrena._Ebazpen hau helaraztea Ekonomia Gaietarako Zuzendaritzari, Kontabilitate Atalari, esku-hartzaileari eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Nafarroako Kutxaren arteko Hitzarmena Jarraitzeko Batzordeari.

Bosgarrena._Ebazpen honen aurka interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar dezakete Nafarroako Unibertsitate Publikoko Errektorearen aurrean, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa maila bereko Nafarroako epaitegietan, bi hilabeteko epean, hau argitaratu edo jakinarazten den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, bi mila eta hiruko abenduaren hiruan._Errektorea, Pedro Burillo López.

NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOA NAFARROAKO KUTXA ARGAZKI ZIENTIFIKO ETA TEKNOLOGIKORAKO 2003KO SARIAK LEHIAKETAREN OINARRIAK

Abenduaren 2ko 1.351/2003 ebazpena

Nafarroako Unibertsitate Publikoak ikerketa bultzatu eta sustatzeko daraman politika dela medio, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Kutxak elkarrekin sinatutako hitzarmenaren babesean, Ikerketarako Errektoreordetzak beharrezkotzat dauka ikerketa zientifiko eta teknikoaren interesa sustatzea. Horregatik Ikerketa Batzordeak proposatu du onestea argazki zientifiko eta teknologikoaren 2003 lehiaketa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko tituludunentzat eta Unibertsitateko Komunitateko kide guztientzat.

Lehenengoa._Deialdiaren helburua.

Deialdi honen helburua da, publikotasun, objektibotasun eta norgehiagoka printzipioen arabera arautzea Nafarroako Unibertsitate Publikoko tituludunek edo Unibertsitateko Komunitateko kideek egindako argazki zientifiko eta teknologikoko sariak emateko prozedura.

Bigarrena._Sari modalitateak.

Bi modalitate bereizi dira, eta sari hauek izango dituzte:

A._Zuri eta beltzeko modalitatea:

_1.200 euroko saria.

_600 euroko akzesita.

B._Koloreko modalitatea:

_1.200 euroko saria.

_600 euroko akzesita.

Hirugarrena._Izangaiek bete beharrekoak.

Deialdi honetan parte ahal izango dute Unibertsitate Komunitateko kide guztiek, baldin eta, lanak aurkezteko epea bukatzen den unean, zerbitzu aktiboko edozein administrazio egoeratan edota ematen diren ikasketaren batean matrikulatuta badaude.

Laugarrena._Lanak aurkezteko modua.

1. Lehiatzaile bakoitzak hiru lan (argazki zein diapositiba) aurkez ditzake, gehienez ere, modalitate bakoitzean. Lanak jatorrizkoak izanen dira, saritu gabeak eta aurretik argitaratu gabeak.

2. Lehiatzaileek izenorde edo lelo batekin aurkeztu beharko dituzte lanak. Argazki bakoitzaren atzeko aldean edo diapositiba bakoitzaren markoan izenordea edo leloa idatziko dira eta lanaren izenburua.

3. Lehiatzaile bakoitzak N.A.N.aren fotokopia bat aurkeztuko du eta, horretaz gainera, gutunazal bat eta fitxa bat lan bakoitzeko, eta azken horretan idatzita: izenburua, izena, deiturak, helbidea, telefonoa eta Unibertsitatearekin duen harreman mota.

4. Lanak 35 mm-ko diapositibetan edo 30 x 40 cm-ko argazkietan aurkeztu beharko dira. Argazkiak 40 x 50 cm-ko kartulina gainean aurkeztu beharko dira.

5. Lehiatzaileek Unibertsitateko Erregistro Orokorrean (Administrazio eta Kudeaketako eraikinean) aurkeztuko dituzte lanak 2004ko otsailaren 10a baino lehenago. Jendearentzako orduak 8:30etik 14:30era bitartekoak dira, astelehenetik ostiralera arte.

Bosgarrena._Sarituen betebeharrak.

1. Saritutako lanak Nafarroako Unibertsitate Publikoarentzat izango dira. Sariduna izateak lanen jabetza Nafarroako Unibertsitate Publikoari ematea ekarriko du eta harena izango da lanak jendeaurrean erreproduzitu, banatu eta argitaratzeko eskubidea, betiere zainduko direla lanaren egileak dituen eskubide moralak.

2. Deialdiko oinarriak betetzen ez badira, edo datuak ezkutatu, aldatu edo haietan iruzur egiten bada, saria kendu ahal izango da. Hala gertatzen denean, doakionak sariagatik hartutako dirua itzuli beharko du.

Seigarrena._Sarien Epaimahaia.

Honako kide hauek osatutako epaimahaiak emango ditu sariak:

_Ikerketarako Errektoreordea, epaimahaiburu izango dena.

_Ikasleen Gaietarako eta Unibertsitate Zabalpenerako Errektoreordea, epaimahaibururorde izango dena.

_Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketa Batzordeko bi kide. Bata Ingeniaritzen edo Oinarrizko Zientzien edota Osasun Zientzien arlokoa izango da, eta bestea Ekonomia eta Enpresa Zientzien, Zuzenbidearen eta Giza eta Gizarte Zientzien arlokoa.

_2 kide, entzute handikoak argazkigintzaren alorrean.

_Nafarroako Kutxako ordezkari bat, idazkari lanetan arituko dena.

Epaimahaia Ikerketarako Errektoreordeak eskatuta osatuko da, eta horretarako deialdia egingo du. Halaber, Ikerketerako Errektoreordeak egingo ditu epaimahaiaren jarduna errazteko beharrezkoak diren gestioak.

Zazpigarrena._Sariak emateko modua.

1. Epaimahaiak 2004ko martxoaren 31 baino lehenago egingo du sariak emateko proposamena.

2. Epaimahaiak Unibertsitateko Errektoreari bidaliko dio sariak emateko proposamena. Errektoreak behin betiko ebazpena emango du Unibertsitatea-Nafarroako Kutxa Argazki Zientifikoaren Sariak emateko erabakia hartuko duena.

3. Epaimahaiak eman gabe utzi ahal izango ditu sariak, lanek kalitate nahikoa ez dutela uste badu. Sariak ezin dira zatitu. Epaimahaiak bere irizpidearen arabera ebatziko ditu oinarri hauen interpretazioan sor daitezkeen zalantzak.

4. Sariak emateko ekitaldi publikoa egingo da 2004ko lehen seihilekoan.

5. Errektorearen behin betiko ebazpena Errektoretza eraikineko iragarki-oholean jarriko da, Sariak emateko ekintza publikoa baino 15 egun lehenago, gutxienez ere.

6. Saritu gabeko lanak Ikerketarako Errektoreordetzan jaso ahal izango dira, sariak emateko ebazpena argitara ematen den egunari jarraitzen dion hilabetean. Unibertsitateak nahi bezala erabili ahal izango ditu epe horretan jaso ez dituzten lanak.

7. Unibertsitateak kontu handienarekin erabiliko ditu lehiaketara aurkeztutako lanak. Hala ere, argazkiak bidaltzean, erakustean, maneiatzean eta itzultzean galdu, ostu edo hondatzen badituzte, ez du horretan erantzukizunik.

Zortzigarrena._Argitaratzeko modua.

Sarietarako deialdi hau eta bere oinarriak argitaratuko dira Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, Nafarroako Unibertsitate Publikoko bitarteko elektronikoetan, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Sail-eraikinetako eta Errektoretza Eraikineko iragarki oholetan. Era berean, Ikerketarako Errektoreordetza ahalik hedapen handiena ematen ahaleginduko da.

Bederatzigarrena._Errekurtsoak.

Deialdi honen eta deialdi honetako oinarrien aurka, eta deialdi honen ondorio diren ekintzen aurka interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango dute, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Errektorearen aurrean, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa maila bereko Nafarroako epaitegietan, bi hilabeteko epean; epeok idazki hau jendaurrean jartzen, jakinarazten edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunaren hurrengotik aurrera kontatuko dira.

Iragarkiaren kodea: F0301593