12. ALDIZKARIA - 2004ko urtarrilaren 28a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

349/2003 FORU AGINDUA, abenduaren 11koa, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariak emana, Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak 1998ko abenduaren 17an emandako Foru Agindua indarrik gabe uzten duena. Foru Agindu haren bidez, etorkinendako prestakuntza programak eta sektore hori Nafarroako Foru Komunitatean integratzekoak egiteko laguntzen prozedura arautu zen.

Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legeek, ekitaldi bakoitzean, bai eta urte batzuetan egin diren aurrekontu luzapenek ere, kontusail bat izan dute departamentu honi dagozkionen artean, hain zuzen ere "Etorkinen prestakuntza eta integraziorako ekintzak" izenekoa, eta urte bakoitzean diru kopuru bat izan du.

Kontusail horren kargura, 1999. urteaz geroztik, etorkinendako prestakuntza eta integrazio ekintzak diruz lagundu dira Nafarroan; beharra duten taldeekin garatzen den politiketako bat da hori, eta Enplegu Planetan eta Bazterketa Sozialaren aurkako Planean aurreikusita dago.

2004. urterako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege proiektuan, Nafarroako Parlamentuan tramitatu eta onesten baita, departamentu honi atxikitako Nafarroako Enplegu Zerbitzuko kontusailen artean bada kontusail bat, aipatu dena ordezten duena, izen honekin: "Hitzarmena UGT eta CC.OO.ekin, etorkinen prestakuntza eta integrazio ekintzetarako".

Lortu nahi den helburua da Nafarroako Enplegu Zerbitzuak etorkinen prestakuntza eta integraziorako diruz laguntzen dituen ekintza guztiak bideratzea, bere zentro laguntzaile integraletako biren bitartez (UGT eta CC.OO.), lankidetza hitzarmenaren tresna juridikoa erabiliz.

1998ko abenduaren 17ko Foru Aginduak, arlo horretan egun indarra duen araudiak, 9. artikuluan ezartzen du urte bakoitzeko urtarrilean aurkeztu beharko direla eskaerak.

Aipatu araudiak indarra izaten jarraitzeak itxaropen faltsurik eta babes gabeziarik ez sorrarazteko laguntzen hartzaile izan litezkeen beste entitate batzuei, bidezkoa da foru agindu bat ematea, egun indarra duen araudia indarrik gabe uzteko.

Horren arabera,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra._Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak 1998ko abenduaren 17an emandako Foru Agindua indarrik gabe uztea. Foru Agindu haren bidez etorkinendako prestakuntza programak eta sektore hori Nafarroako Foru Komunitatean integratzekoak egiteko laguntzen prozedura arautu zen.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Foru Agindu honek indarra hartzean tramitatzen ari diren espedienteei orain indargabetu den araudia aplikatzen segituko da, behin betiko ebazpenera arte.

AZKEN XEDAPENA

Foru agindu honek 2003ko abenduaren 31n hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta hiruko abenduaren hamaikan._Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilaria, José Javier Armendáriz Quel.

Iragarkiaren kodea: F0301500