12. ALDIZKARIA - 2004ko urtarrilaren 28a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

721/2003 FORU DEKRETUA, abenduaren 29koa, Nafarroako eskualde behartsuentzako konpentsazioko kalteordainak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra arautzen duena.

Kontseiluaren 1257/1999 Erregelamenduak, maiatzaren 17koak, zeinak arautzen baitu zer laguntza emanen diren Nekazaritzaren Berme eta Orientaziorako Europako Fondotik (FEOGA), araubide bat ezartzen du eskualde behartsuei eta ingurumen aldetik mugak dituzten horiei Batasunaren laguntzak emateko, aipatu Fondoaren Berme Atalarekin batera finantzatua. Neurri horiek Nafarroako Nekazaritza Garatzeko 2000-2006 Programan ere aurreikusiak daude (2000ko irailaren 14an Batzordeak onetsia baitu, C(2000) 2660 zenbakia duela.

Laguntza horiek Nafarroako Foru Komunitatean modu egokian aplikatzen jarraitzeko, beharrezkoa da eskualde behartsuentzako konpentsazioko kalteordainei dagozkien dirulaguntzak emateko arau orokorrak ezartzea, Nafarroako Gobernuak 2000ko abenduaren 27an hartutako Erabakiaren bidez onetsitako Nafarroako Nekazaritza garatzeko 2000-2006 Programako aurreikuspenen barruan.

Eskualde behartsu horien foru aginduan ageri da.

Foru dekretu hau egiteko kontuan hartu dira, besteak beste, ondoko xedapen hauek: a) Kontseiluaren 1257/1999 Erregelamenduak, maiatzaren 17koak, zeinak arautzen baitu zer laguntza emanen diren nekazaritzaren garapenerako Berme-FEOGAtik: b) Europako Batzordearen otsailaren 26ko 445/2002 Erregelamendua, aurretik aipatu Europako Batasunaren erregelemandua aplikatzeko xedapenak ematen dituena; c) Nafarroako Nekazaritza Garatzeko 2000-2006 Programa; d) Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroari buruzko Foru Legearen testu bategina, uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez sortua; eta d) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legea.

Halaber, kontuan hartu da eskualde behartsuentzako konpentsazioko kalteordainak 2000., 2001. eta 2002. urteetan arautzen dituzten foru aginduetan hartutako esperientzia ere. Horrela ikasi da, hain zuzen, laguntza publiko horren funtsezko alderdiak erregulatzeko araubide orokor bat onestea komeni dela, urteroko foru aginduek laguntzetarako ezartzen dituzten berariazko betebeharrak ezertan ukatu gabe.

Horiek horrela, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2003ko abenduaren 29an egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Helburua eta aplikazio eremua.

Foru dekretu honen xedea da araubide orokor bat ezartzea, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak "Nafarroako eskualde behartsuentzako konpentsazioko kalteordainak" izeneko laguntzak eman, kudeatu eta kontrola ditzan; laguntza horiek Batzordeak 2000ko irailaren 14ko C(2000)2660 Erabakiaren bidez onetsitako Nafarroako Nekazaritza Garatzeko 2000-2006 Programan aurreikusi ziren.

2. artikulua. Definizioak.

Foru dekretu honen ondorioetarako, Europako Batasuneko arautegian diren definizioez gain, ondoko hauek erabiliko dira:

1. "Nekazaritzako ustiategiak": nekazaritza batez ere merkaturako titularrak enpresa gisa antolatutako ondasun eta eskubideen multzoa. Berez, unitate tekniko-ekonomikoa osatzen du.

2. "Ustiategiaren titularra": nekazaritzan diharduen pertsona fisiko edo juridikoa, ustiategia osatzen duten ondasun eta eskubideak enpresa irizpideekin antolatzen dituena eta haren kudeaketaren arrisku eta erantzukizun zibil, fiskal eta sozialak bere gain hartzen dituena.

3. "Nagusiki nekazaria den pertsona": betebehar hauek guztiak biltzen dituen pertsona fisikoa:

a) Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan inskribaturik dagoen ustiategi baten titular izatea.

b) Urtero gutxienez bere errentaren 100eko 50 bere ustiategiko nekazaritza jardueratik eskuratzea, eta gutxienez erreferentziako errentaren 100eko 15.

Nekazaritzako errentatzat hartuko dira nekazaritza kooperatiba edo bestelako nekazaritza elkarteen nahitaezko eta borondatezko fondoei egindako aportazioen aldera jasotzen diren ordainsariak, betiere titularra elkartekide aktiboa bada.

c) Ustiategiarekin zuzenean lotutako jardueretan urtean emandako denbora gutxienez bere lan denbora osoaren erdia izatea..

d) Gizarte Segurantzako nekazaritza araubide berezian bere gaingo langile gisa alta emanda egotea, edo bere gaingo langileen edo autonomoen araubide berezian, bere nekazaritza jarduera zein den.

Hartarako, nekazaritza jardueratzat hartuko dira titularra, hauteskunde publiko batzuen ondorioz, ordezkaritzako instituzio publiko batean kide eta partehartzaile izatea, eta bai sindikatu, kooperatiba edo lanbideko ordezkari organoetan, betiere nekazaritza sektorekoak badira.

4. "Eskabidearen titularraren errenta osoa": subjektu pasiboaren errenta honela dago osaturik:

_Lanaren, kapitalaren, enpresa jardueren eta lanbide jardueren etekinak. Dibidenduak haien zenbateko osoaren arabera kontatuko dira, intregrazio koefizientea aplikatu gabe.

_Ondare gehitze eta murrizteak.

_Errenta esleipenak eta zorrak.

Kenketak eta konpentsazioak ez dira errentaren osagarriak.

Foru dekretu honetan ezarritako laguntzei begira, kontuan hartuko da zerga oinarriaren zati orokorra, edo, bestela, haren ordez erabiltzen den epigrafea, hala, behar izanez gero, dagokion foru aginduan zehaztuko dena.

Ustiategiko titularraren errenta osoa ebaluatzeko, zilegi izanen da azken bost urteetako hirutan Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenen zerga oinarriaren zati orokorraren edo haren ordez erabilitzen den epigrafearen bataz bestekoa hartzea. Azken ekitaldia ere sartuko du bost urteko talde horretan.

5. "Nekazari gaztea": Nekazari gaztea, hemezortzi urte edo gehiago dituen baina berrogei egin ez dituen eta jarduera nagusiko nekazari gisa nekazaritzan aritzen den pertsona. Hartarako, adinez nagusi izatearen balio berekotzat hartuko da ezkontzaren bidez edo guraso botere eman izanaren bidez emantzipaturik egotea.

6. "Azienda Larriko Unitatea" (A.L.U.): zezenak, behiak eta bi urtez goitiko azienda gorriko beste abere batzuk, hala nola sei hilabetez goitiko behor aziendakoak. Bestelako adin eta espezieetarako, ondoko baliokidetzak hartuko dira:

_Sei hilabetetik bi urte bitarteko behi azienda: 0,60 ALU.

_Ardiak eta ahuntzak: 0,15 ALU.

7. "Eskualde behartsuak": Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak 2002ko maiatzaren 15ean emandako foru aginduan aipatzen direnak, bertan ezartzen baitira Nafarroako mendialdea eta eskualde behartsuak.

8. "Bazkatokia": ustiategiko azienda elikatzeko xede nagusia duen nekazaritzako azalera erabilgarria, bazka edo sega-belardi gisakoa, besteak beste ondoko lur hauek barne hartzen dituena:

_"Zuhaixka-larrea": zuhaixka eta sasiak dituen lurra, azaleraren % 20 baino gehiago hartzen dutenak, gutxienez ere azaleraren % 50 larrerako baldin bada. Aprobetxamendua zuzenean bakarrik erabiliko dute abereek zenbait urtez.

_"Zuhaitz-larrea": oihan eta bazka aprobetxamenduko azalera, abereendako irekia, zuhaixkarik gabeko lurrarekin, abereak bertan bazkatzeko erabili izan baldin bada. Abereek bakarrik zuzenean aprobetxatzen dute. Udalek edo beste edozein erakunde eskudunek eragozpenak dituztenenan sartzeko edo erabiltzeko zuhaitz azalerak ez dira aintzakotzat hartuko, ez eta aprobetxamendu hori Antolamendu Proiektuetan, Kudeaketarako Plan Teknikoetan edo hauen aldaketetan xedatzen denarekin ez datorrenean ere.

_"Larrerako alfer lurrak": nekazaritzako aspaldiko lurrak, eskutik utziak izateagatik, lugorri edo lur etze bihurtu direnak. Bertan berezko landareak daude, bakar-bakarrik bazkatzerako erabiltzen direnak.

_"Belardiak": gehienbat zuzenean aprobetxatzen diren larreak, gramineo nagusi latzek osatzen dituztenak. Eguraldia dela eta udan agortzen ahal dira. Lurreko landaredia aldatzen ahal da. Tarteka-marteka espezie egurtsuak agertzen dira. Aldian-aldian aprobetxatzen ahal da, sega-belardirako.

_"Berezko larrea": berezko landaredia duen lurra (erein gabe). Abereek zuzenean aprobetxatzen ahal dute edo bestela hortz, belar edo siloratzearen bidez, zenbait urtez.

_"Larre artifiziala": gehienbat gramineoez eta lekadunez osaturiko laborantza, abereak bazkatzeko, mantentzeko landatzen direnak.

_Bazka-landare monofitoak edo nahasketa bakunekoak, 1251/1999 EE Erregelamenduko 1. eranskineko belarkien laborantzak, bitariko aprobetxamendukoak.

_"Bortuko larreak": udako mendiko larrea, belar finekoa, gehienbat zuhaitzen mailatik goiti, bakar-bakarrik zuzenean aprobetxatzen dena.

_"Ohiko lugorria" eta "galondoak": berezko landaredia, nekazaritzako lurretan agertzen dena, lurra urtebete edo gehiago erabili gabe uzten denean, eta belarki labore baten hondarrak. Aziendak zuzenean bazkatzekoa izanen da.

9. "Bazkatoki parekoa": Zuhaixka-larrearen kasuan deklaratutako bazkatoki-azalerari 0,5eko koefizientea jarriz aterako da; zuhaitz-larrea denean koefizientea 0,25ekoa izanen da; lugorri, galondo eta alfer lur edo larreen kasuan 0,15ekoa, eta bestelako bazkatokietarako 1ekoa.

10. "Bazkatoki konputagarria": Eskualde behartsuan edo mendialdean kokaturiko bazkatoki parekoa da, ustiategiaren azienda kargaren arabera egokitua, ondoren azaldu bezala:

_Ustiategi osoan azienda-zama nekazaritzako ohiko egiteko egokien kodean jarritako mugatik goitikoa baldin bada (azienda larriko bi abelburu hektareako), bazkatokia ez da aintzat hartuko laguntza zenbatekoa den kalkulatzerakoan.

_Azienda-zama bazkatoki parekoaren hektareako 1,4 azienda larriko abelburutik goitikoa baina nekazaritzako ohiko egiteko egokien kodean jarritako mugatik beheitikoa denean (azienda larriko bi abelburu hektareako), laguntza kalkulatzeko kontuan hartuko den azalera biderketa batetik ateratzen dena izanen da, alegia, deklaratutako hektareak bider 1,4, zati ustiategiko abeltzaintzako dentsitate egiazkoa.

Bazkatokia, hektareatan, ez da inoiz ustiategiko azienda larriko abelburuen balioa baino handiagoa izanen.

11. "Azalera ez-hautagarria": Nafarroako eskualde behartsuen ordainetarako, laguntza jasotzeko modukotzat hartzen ez den azalera, ondoko azalera hauek barne hartzen dituena:

_Zereala ekoiztekoak eta gainerako belarki-laboreak, Espainiako belarki-laboreka eskualdekatzeko Planaren arabera, lehorreko batez besteko errendimendua hektarea bakoitzeko 3,2 tonakoa baino handiagoa duten eskualdeetan daudenak.

_Udareak, sagarrak eta mertxikak ekoizteko azalera guztiak, laboreek ustiategiaren hektarea bat baino gehiago hartzen baldin badute.

_Ureztaketa azalerak eta eskualde behartsuetan ardoa ekoiztekoak.

_Eskualde behartsuetan edo mendialdean ez dauden nekazaritzako lurrak.

12. "Laborantzako lur parekoak edo laborantzako unitate parekoak": ustiategiak Nafarroako eskualde behartsu edo mendialdeko batean duen nekazaritzako azalera erabilgarriko hektarea, dagokionaren arabera, ondoko koefiziente hauek aplikatzen zaizkiona:

_Ureztaketa lurretako hektarea: 1,00.

_Laborantza estentsiboko eta lehorreko landaketetako hektarea: 0,50.

_Zuhaitz eta zuhaixka landaketak, zuretakoak ez direnak; hektarea: 0,30.

13. "Ordainaren xede izan daitekeen azalera": Ordainei begira, ondoko azalera hauen batura da:

_12 puntuan aipatutako laborantzako lur parekoak edo laborantzako unitate parekoak.

_10. puntuan azaldutako bazkatoki konputagarria.

14. "Ustiategiko koefizientea": ordainak kalkulatzeko, nekazaritzako ustiategiaren balorazioa da, kontuan harturik haren kokalekua eta ezaugarriak. Foru dekretu honen I. eranskinaren ezarritako puntuazioen batura da eta oinarrizko moduluari aplikatzen ahal zaion gehikuntzaren portzentajea osatzen du. Gehikuntza hori ez da inoiz aipatu oinarrizko moduluaren 100eko 100 baino handiagoa izanen.

15. "Oinarrizko modulua": publikoaren zenbatekoa, eurotan adierazia, ordainaren xede izan daitekeen azaleraren hektarea bakoitzeko. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak foru agindu baten bitartez beste zenbateko batzuk ezarri arte, ondokoak aplikatuko dira: 30 euro hektareako eskualde behartsuetan eta 37,5 euro mendialdekoetan.

Ustiategi bat eskualde behartsu batean edo mendialdeko batean kokatzeko, kontuan hartuko dira ustiategiari buruz deklaratutako azalera guztiak. Jarduketa eremua zehaztu ondoren, haren barruan ustiategiko udalerri izendatuko da azalera handiena biltzen duena.

16. "Nekazaritzako ohiko egiteko egokiak": nekazari zentzudun batek eskualde horretan, Batzordearen uztailaren 3ko 445/2002 EE Erregelamenduak zehazten duen moduan, erabiliko lituzkeen praktika normalak. Praktika horiek Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak 2000ko abuztuaren 21ean emandako foru aginduan definitzen dira.

17. "Abeltzaintza estentsiboa": Laguntza hauetarako, abeltzaintza estentsibotzat hartuko da abeltzaintzako ustiategietan egiten dena, ondokoetakoak izan ezik:

_Esnea ekoizteen duten abelgorrien ustiategikoak.

_Ukuilu iraunkorreko ardien ustiategikoak.

18._Bertako aziendaren ustiatetegi estentsiboak: aurreko puntuko baldintza betetzen badu eta ALUen % 80 gutxienez bertako arrazez osatua bada. Horretarako, ez dira bertako arrazatzat hartuko esnetarako abelgorriak, ahuntzak eta latxa edo rasa arrazetakoak ez diren ardiak.

3. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

1. Laguntza hauek eskatzen ahalko dituzte Foru Komunitatean osorik edo gehienbat dauden abeltegien titular edo titularkide diren pertsona fisikoek, Nafarroan bizi baldin badira.

Gainera, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nagusiki nekazari izatea.

Deklaratutako errenten ehuneko berrogeita hamarra nekazaritzatik ateratzeko betebeharretik salbuetsirik egonen dira ondoko hauek:

_Beren jarduera laguntza hauek eskatu baino bi urte lehenago hasi duten nekazari gazteak.

_Ezkontideak ustiategia eskualdatu dien eskatzaile berriak, baldin eta aurreko titularrak konpentsazio-ordainak jasotzen ari bazen eta eskualdaketa ustiategiaren ezaugarriak gehiegi aldatu gabe egin bazen.

b) Urte bakoitzeko foru aginduan aipatzen den ekitaldiko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren dirusarrerei buruz deklaratutako errenta osoa ekitaldi horretako lanbide arteko gutxieneko soldataren halako 2,5 baino handiagoa ez izatea.

c) Ustiategia non dagoen, udalerri horretako bizilaguna izatea, edo, bestela, inguruko udalerri batekoa, betiere behartsu gisara katalogatuak badaude eta udal erroldan bost urteko gutxieneko antzinatasuna badute. Titularren batek bere bizitza udalerri behartsu batetik beste behartsu batera aldatu baldin badu, etenaldirik gabe, antzinatasuna bi udalerrietan emandakoa izanen da.

d) Nekazaritzako ustiategi baten titularra izatea edo, bestela, ustiategi asoziatibo bateko kidea; kasu horretan, elkartea Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribaturik egonen da. Bazkide bakoitzak laguntza jaso ahalko du bere parte-hartzearen arabera, eta, hala behar denean, laguntza hori erantsi eginen zaio banakako ustiategiarengatik dagokionari, ordain bakarra kalkulatzeko.

e) Nekazaritza jasangarrian arituz, ustiategi osoan nekazaritzako ohiko egiteko egokien metodoak erabiltzea, hain zuzen foru dekretu honen 16. artikuluko 2. puntuan adierazitakoak.

2. Laguntza jasotzea eta eskatutako betebeharren egiaztapena banaka eginen dira, baita onuraduna ustiategi asoziatibo bateko bazkide denean ere.

3. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak betebehar horien egiaztapena eskatu ahalko du Zuzenbidean onatzen ahal den edozein baliabideren bitartez, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legearen 80. artikuluari jarraituz.

4. artikulua. Nekazaritzako ustiategien betebeharrak.

Laguntza hauen onuradunen nekazaritzako ustiategiek ondoko baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribaturik egotea.

b) Laguntza jaso ahal duen azaleraren 100eko 50ean gutxienez, Nafarroako Foru Komunitatean eskualde behartsu gisara katalogaturiko alde batean egotea.

c) Eskualde behartsu baten gutxienez bi hektareako nekazaritzako azalera erabilgarria izatea.

d) Ingurumen, higiene, abereen ongizateari eta landare osasunari buruzko gutxieneko arauak betetzea.

5. artikulua. Laguntzak kalkulatzea.

1. Foru dekretu honetan aurreikusitako laguntzak nekazaritzako ustiategiaren ordainaren xede izan daitekeen hektarea bakoitzeko emanen dira.

2. Laguntzak kalkulatzeko ondoko atal hauekl aplikatu ondoren lortutako emaitzak biderkatuko dira:

a) Ustiategian ordainaren xede izan daitekeen azaleraren hektareen arabera; hektareak hainbat tartetan banatuko dira, eta bakoitzari ondoren aipatzen diren koefizienteak aplikatuko zaizkio:

_1. tartea: lehen 5 hektareak: koefizientea: 1

_2. tartea: 5-25 hektarea: 0,75 koefizientea.

_3. tartea: 25-50 hektarea: 0,50 koefizientea.

_4. tartea: 50-100 hektarea: 0,25 koefizientea.

_5. tartea: 100 hektarea baino gehiago. 0 koefizientea.

b) Eskatzailearen errenta osoaren arabera:

_Lanbide arteko gutxieneko soldataren halako 1,5 baino gutxiago: 1,20 koefizientea.

_Lanbide arteko gutxieneko soldataren halako 1,5 edo gehiago: 1 koefizientea.

c) Ustiategiaren koefizientea, foru dekretu honen 14. 2. artikuluan definitua.

d) Oinarrizko moduluaren zenbatekoa, foru dekretu honen 15. 2. artikuluan definitua.

3. Ez da dirulaguntzarik emanen baldin eta eskabideari dagokion zenbatekoa 50 eurotik beheitikoa bada.

6. artikulua. Eskabideak aurkeztea.

Ordaina lortzeko, ustiategiaren titularrak laguntzarako eskabide bat aurkeztu beharko du Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak dagokion foru aginduaren bitartez kanpaina bakoitzerako ezartzen dituen modu, toki, epe eta zehaztapenekin.

7. artikulua. Gorabeheren jakinarazpena.

Eskatzaileak beharturik daude idatziz jakinaraztera Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari beren ustiategian gertatzen diren gorabeherak, hauen berri izan bezain laster, gorabehera horiek laguntzak eskuratzeko baldintzak ez betetzea badakarte.

8. artikulua. Eskabideak izapidatu eta haien gainean ebazteko era.

1. Laguntzak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariaren 2000ko maiatzaren 15eko Foru Aginduaren arabera ebatziko dira. Foru dekretu horrek finkatzen du zer prozeduraren bidez eman eta kudeatuko diren FEOGAren Berme Atalak kofinantzatzen dituen laguntzak eman eta kudeatzeko prozedura, Nekazaritza Garatzeko Europako Batasuneko arautegiarekin bat.

2. Sei hilabetekoa da administrazio ebazpena jakinarazteko gehieneko epea, eskaera Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Erregistroan sartzen denetik hasita.

3. Laguntza ekonomikoa emanda ere, onuradunak hari uko egiten baldin badio idatziz adierazi beharko dio Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari, onartutako laguntzaren berri ematen duen ebazpena jakinarazi eta hogeita hamar eguneko epean. Horrela egiten ez badu, laguntza bera eta hura jasotzeko baldintzak onartzen dituela ondorioztatuko da.

4. Laguntzen ordainketa urtero eginen da, eskatutako konpromiso eta betebehar guztiak betetzen direla egiaztatu ondoren.

9. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

Onuradunek honako baldintza orokor hauek bete beharko dituzte:

a) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak egiten duen edozein egiaztapen onartzea, eman edo hartutako dirulaguntzekin zerikusia dutenak.

b) Helburu bereko beste dirulaguntza publikorik eskatuz gero, haien berri ematea Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari.

c) Hartutako diru laguntza kontabilitatean edo liburu-erregistroan erregistratzea, indarra duen araudiaren arabera horretara beharturik egonez gero.

d) Berariazko konpromisoa hartzea laguntza lehen aldiz eman ondoko bost urteetan gutxienez nekazaritzan aritzeko, eskualde behartsu batean, Batzordeak 2002ko otsailaren 26an emandako 445/2002 EE Erregelamenduaren 33.1 artikuluan ezarritako ezinbesteko kasuetan izan ezik, eta, bereziki, ustiategia onura publikoko arrazoiengatik erosten zaionean eta erretiro pentsio bat hartzen hasten denean edo nekazaritzako jarduerak aldez aurretik uzteko laguntzak jasotzen dituenean salbu.

10. artikulua. Bateraezintasunak.

Nafarroako eskualde behartsuentzako laguntzen onuradunak ezin izanen du nekazaritzako jarduera aldez aurretik uzteko laguntza publikorik, erretiro pentsiorik, langabezi sorospenik edo antzeko beste prestazio publikorik jaso.

11. artikulua. Ikuskapenak.

1. Foru dekretu honetako laguntzen onuradunak tokian-tokiko eta administrazioaren hainbat kontrolen eta diru zehapen edo murrizketaren menpean egonen dira, alegia, Europako Batasunaren laguntzen zenbait araubideri buruzko kudeaketa eta kontrolerako sistema integraturako Europako Batasuneko arauetan ezarritakoen menpean.

2. Aurreko zenbakian zehaztutako kontrolez gain, eskatzaileek laguntza honek berekin dakarren berariazko kontrolak egin beharko dituzte.

3. Ustiategietako kontrolak 2419/2001 EE Erregelamenduko III. tituluari jarraikiz eginen dira. Urtero, onuradunen % 5ek gutxienez egin beharko dute.

4. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak 2000ko abuztuaren 21eko foru aginduan ezarritakoak dira Nekazaritzako Praktika Egokien Kodea betetzeko kontrolaren metodoak, hartan zehazten baitira nekazaritzako ohiko praktika egokiak landa garapenerako, zenbait laguntza jasotzeko FEOGAren Berme Atalaren eskutik.

5. Bazkatokiak abeltegia ez dagoen udalerri batean deklaratu baldin badira, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak egonaldiko, garraioko eta bestelako agiriak eskatzen ahalko ditu, azalera horiez baliatzen ari dela egiaztatzeko.

12. artikulua. Ordainketak, arau-hausteak eta zehapenak.

1. Foru dekretu honetan aurreikusten diren laguntzei buruzko itzulketak, arau-hausteak eta administrazio zehapenak gobernatzeko, Europako Batasunaren arautegiek horri buruz agintzen dutena gorabehera, Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako Administrazioaren dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeko 21., 27. eta 28. artikuluek agintzen dutena hartuko da aintzat.

2. Arau hausteak finkatzeko eta zehapenak ezartzeko Administrazioak erabiltzen duen prozedurak abenduaren 9ko 369/1997 Foru Dekretuak agintzen duena hartuko du aintzat. Foru dekretu horren bidez nekazaritza, abeltzaintza eta elikagaien arloetan zehapenak ezartzeko administrazio prozedura ezarri zen.

3. Aurrerako azienda gorriko abere batean 96/23/EE Zuzentarauaren bidez debekaturik dauden substantzien hondarrak aurkitzen direnean, edo baimendutako substantziak izan arren legeak agindu ez bezala erabilitako substantzien hondarrak baldin badira, hala nola ustiategian baimenduta ez dauden produktu edo substantziak, edozein modutan, aurkitzen badira, edo baimenduta badaude ere, legeak agindu ez bezala erabili baldin badira produktu edo substantzia horiek, ekoizlea ordainetarako laguntzetatik at geldituko da urte batez, gertaera horiek egiaztatu diren egunean hasita. Arau-haustea berriz egiten baldin bada, haren larritasunaren arabera, zehapena bost urte bitarte luzatu ahalko da, errepikapena egiaztatzen den egunean hasita..

4. Abereen jabeak edo edukitzaileak hondarren kontrolerako programa publikoak edo 96/23/EE Zuzentarauan aurreikusitako ikerketa eta ikuskapenak egiteko behar diren ikuskapen eta lagin-hartzeak oztopatzen dituenean, aurreko zenbakian ezarritako zehapena aplikatuko da.

5. Halaber, Europako Batasunaren arauekin bat, deklarazio faltsu bat axolagabekeria larri baten ondorioa izan dela frogatzen baldin bada, onuraduna urte horretan herrien garapenerako maiatzaren 17ko 1257/1999/EE Erregelamenduko dagokion kapituluan ezarritako neurrietatik bazter geldituko da. Nahita egindako deklarazio faltsua baldin bada, zehapen hori hurrengo urtera luzatuko da.

6. Ondoren azaltzen diren egoera hauek ezinbesteko arrazoiak izanen dira dagokion kanpainako laguntzak jasotzeko eta horietan ez da bidezko izanen hartutako zenbatekoak itzultzea:

a) Ekoizlearen heriotza.

b) Ekoizlearen lanbide-eritasun luzea.

c) Ustiategiaren zati handi baten desjabetzapena, konpromisoa hartu zenean ezin baldin bazen aurreikusi.

d) Hondamendi natural bat, ustiategian nekazaritzako azaleran kalte gogorra egin duena.

e) Ustiategiko aziendarako eraikinen istripuzko suntsiketa.

f) Epizootia bat, ekoizlearen azienda osoa edo zati bat ukitzen duena.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehendabizikoa._Foru dekretu honetan ezarrita ez dagoen orotan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta bere erakunde autonomoetako dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zuen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean xedatutakoari men eginen zaio.

Bigarrena._Foru dekretu honen aplikazio bidean ematen diren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi edo, hala badagokio, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Hirugarrena._Ordainak sortzen dituen gastuak honako kontusailaren kargura ordainduko dira: Nafarroako aurrekontu orokorren "Konpentsazioko ordaina PDR (FEOGA-G)" izeneko 710001/71230-4700-717102 kontusaila, eta FEOGAren Berme Atalak dagokion zatia finantzatuko ditu.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena._Indarrik gabe gelditu dira foru dekretu honetan ezarritakoaren kontra dauden maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Bigarrena._Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta hiruko abenduaren hogeita bederatzian._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, José Javier Echarte Echarte.

I. ERANSKINA

Ustiapenaren koefizientea

1._Udalak sailkatzeko parametroak:

1.1. Ustiategiko udalerriaren aldatza eta kota:

25 puntu: 75/268/EEE Zuzentarauari jarraikiz mendialdekotzat hartutako udalerriak, hortaz aparte ondoko ezaugarri hauek dituztenak :

_600 m-ko batez besteko altitudea edo gehiagokoa edo % 20ko edo gehiagoko batez besteko aldatza.

20 puntu: 75/268/EEE Zuzentarauari jarraikiz mendialdekotzat hartutako udalerriak, hortaz aparte ondoko ezaugarri hauek dituztenak:

_600 m-ko batez besteko altitudea edo gehiagokoa edo % 15eko edo gehiagoko batez besteko aldatza.

15 puntu: mendialdeko gainerako udalerriak eta 75/268/EEE Zuzentarauari jarraikiz eskualde behartsutzat hartutakoak.

1.2. Titularraren udalerriko biztanle hustuketa.

Biztanle hustuketarako joera neurtzeko kontuan hartu dira ondoko 4 adierazle hauek:

a) Populazio dentsitatea: (2 puntu), parametro honen balioaren arabera honela banatuak:

_10 biztanle/km² baino gutxiago dituzten udalerriak: 2 puntu.

_20-35 biztanle/km² dituzten udalerriak: puntu bat.

b) Biztanle hustuketarako joera: (4 puntu). 1991. eta 1996. urteetako biztanleriaren zentsuak erkatuz ebaluatu da.

_Biztanleriaren beheratzea <% 10 duten udalerriak: 4 puntu.

_Biztanleriaren beheratzea % 0-10 bitartekoa duten udalerriak: 2 puntu.

_Biztanleriaren handitzea <% 5 duten udalerriak: puntu bat.

c) Biztanleriaren egitura, 60 urte baino gehiagoko biztanleen ehunekoaren arabera neurtua:

_Biztanleen % 32 60 urte baino gehiagokoa duten udalerriak: 2 puntu.

d) Onuraduna bizi den herrigunearen tamaina:

_Egitatezko 500 biztanle baino gutxiago dituzten udalerriak: 2 puntu.

1.3. 2. helburuko eskualde gisa katalogatutako udalerria: 10 puntu.

1.4. Lehorreko lurren errendimendua 2,2 tn/ha baino txikiagoa: 10 puntu.

2._Ustiategiak sailkatzeko parametroak:

2.1. Titularra nekazari gaztea bada: 15 puntu.

2.2. Hobetzeko plan batean dagoen ustiategia: 10 puntu.

2.3. Nekazaritzako kooperatibetako kidea: 5 puntu.

2.4. Ustiategietik ateratako produktuen eraldaketa eta salmenta: 5 puntu.

2.5. Bertako aziendaren ustiatetegi estentsiboak: 10 puntu.

2.6. BIL deklaratutako udalerrian edo lurralde entitatean dagoen ustiategiak(*): gehienez ere 15 puntu.

(*) Puntuazioa kalkulatzeko, BIL-ak udalerrian ukitutako azalera, bateko hainbestean adierazia, 15 puntuz biderkatuko da.

Iragarkiaren kodea: F0301803