I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
228/2004 FORU AGINDUA, abuztuaren 23koa, Hezkuntza kontseilariak emana, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak otsailaren 18an emandako 42/2000 Foru Aginduaren artikulu batzuk aldatu eta beste batzuk eransten dizkiona, 25 urtetik gorakoak Unibertsitatean sartzeko proba arautzeko.
25 urtetik gorakoak Unibertsitatean sartzeko proba arautzen duen ekainaren 20ko 743/2003 Errege Dekretuak, bigarren xedapen gehigarrian, ezartzen du autonomia erkidegoek ahalmena dutela, zeinek bere kudeaketa esparruan, sartzeko proba hori antolatzeko batzorde bana eratzeko. Batzorde horiek proba orokorreko eta proba berariazkoko ariketen metodologiari, garapenari eta edukiari buruzko jarraibide orokorrak ezarriko dituzte eta ariketak baloratzeko irizpide eta jarraibideak finkatu.
Bestalde, Unibertsitatean sartzeko Nafarroako Foru Komunitatean egiten diren probetan Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Hezkuntza Departamentuak izanen dituzten aholku-emaileen eta koordinatzaileen izendapenaren luzapena 2004ko irailaren 1ean bukatu zen, bai, halaber, unibertsitatean ikasten hasteko proba horretarako antolaketa batzordeko kideena. Lehenbiziko haiek otsailaren 18ko 42/2000 Foru Aginduaren 15. eta 16. artikuluan ezarritakoaren arabera izendatu ziren eta bigarrenak urriaren 25eko 394/2000 Foru Aginduaren bidez.
Horren ondorioz, Hezkuntza eta Kultura kontseilariaren otsailaren 18ko 42/2000 Foru Aginduan egin nahi den aldaketa honen helburua hartan araututako alderdi batzuk eguneratzea da, gertatu diren gorabehera batzuei egokitzeko, baita 25 urtetik gorakoak Unibertsitatean sartzeko Nafarroako Foru Komunitatean egiten diren probak arautzea eta sartzeko bi proba horietarako koordinazio batzorde bakarra eratzea ere.
Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2 artikuluko c) eta d) idatz-zatietan ematen zaizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Hezkuntza eta Kultura Departamentuak otsailaren 18an emandako 42/2000 Foru Aginduaren artikulu batzuk aldatzea eta beste batzuk eranstea, 25 urtetik gorakoak Unibertsitatean sartzeko probak arautzea helburu. Hona hemen aldaketak:
2. artikulua.
Artikuluaren bukaeran esaldi hau eranstea:
"Unibertsitateari dagokio, orobat, 25 urtetik gorakoak sartzeko probak Nafarroako Foru Komunitatean egiteko matrikula".
4. artikulua.
Artikulu honen hasieran esaldi hau eranstea:
"Errege Dekretuko 5. artikuluan eta "743/2003 Errege Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian" aipatzen den Antolaketa Batzordearen kideak hauek..."
5. artikulua.
Artikulu honen hasieran esaldi hau eranstea:
"1640/1999 Errege Dekretuko 5. artikuluak
"eta 743/2003 Errege Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriak" esleitzen dituzten eskumenak galarazi gabe...".
5. artikuluaren azkenean, titulu gisa, honako hau eranstea:
"BATXILERGOTIK UNIBERTSITATEAN SARTZEKO PROBAK".
7. artikulua.
Artikuluaren bukaeran esaldi hau eranstea: ..."edo filosofikoa, sartzeko probaren antolaketa batzordeak zozketaz hautatua. Proba horren emaitza ikastetxeetan jakinaraziko da, kasuan kasuko ikasturteko uztailaren 1etik aurrera".
15. artikulua.
Honela dioen tokian: ..."betiere departamentuek proposamena egin ondoren".
beste hau jartzea: ..."betiere Unibertsitatean sartzeko koordinatzaile nagusiak proposamena egin ondoren".
Eta esaldi hau kentzea: "Bi ikasturtetan izan beharko da karguan eta kargualdi hori beste bi ikasturtez luzatzen ahalko da".
16. artikulua.
Lerroalde hau eranstea "...eta katedradun izatea" esaldiaren ondotik: "eta Hezkuntza Departamentuko Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuko jarduneko ikuskatzaileen artean".
Esaldi hau kentzea: "Bi ikasturtetan izan beharko da karguan eta kargualdi hori beste bi ikasturtez luzatzen ahalko da".
18. artikulua.
Artikuluaren bukaeran, titulu gisa, hau eranstea:
"25 URTETIK GORAKOAK UNIBERTSITATEAN SARTZEKO PROBAK".
19. artikulua.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak, ikasturte bakoitzean, matrikulatzeko eta probak egiteko egunak finkatuko ditu.
20. artikulua.
1. Lehen zatia: Proba orokorra:
a) Lehenbiziko ariketa: Eguneko gai bat garatzea edo horren gaineko testu iruzkina egitea, azterketa proposamen berean sartuko diren informazio-iturrietatik abiatuta.
b) Bigarren ariketa: Gaztelania, Gaztelaniazko testu baten azterketa eta ulermena.
c) Hirugarren ariketa: Atzerriko hizkuntza. Aukeran ematen dira ingelesa, frantsesa, alemana, italiera eta portugesa. Hizkuntza horretan idatzitako testu arrunt baten azterketa (testu ez-espezializatua).
2. Bigarren ariketa: Proba berariazkoa.
Proba honetarako lau aukerabide daude, 743/2003 Errege Dekretuaren 2.4. artikuluarekin bat.
Aukerabide bakoitzak hiru ariketa ditu: nahitaezko bi irakasgai eta aukerako beste bat, ondoko eskaintza hauen artetik ikasleak hautatu beharrekoa:
_A aukera ( zientifiko-teknologikoa):
Nahitaezkoak:
_Matematika.
_Fisika.
Aukerakoa: Hauetako bat:
_Kimika.
_Biologia.
_B aukera (Osasun zientziak).
Nahitaezkoak:
_Kimika.
_Biologia.
Aukerakoa: Hauetako bat:
_Matematika.
_Fisika.
_C aukera (Giza zientziak):
Nahitaezkoa:
_Artearen Historia.
_Latina.
Aukerakoa: Hauetako bat:
_Gizarte Zientziei aplikatutako Matematika.
_Geografia.
_D aukera (Gizarte Zientziak).
Nahitaezkoak:
_Gizarte Zientziei aplikatutako Matematika.
_Geografia.
Aukerakoa: Hauetako bat:
_Artearen Historia.
_Latina.
3. Proba berariazkoaren irakasgai bakoitzeko azterketa proposamenetan testuak, galderak, aferen zerrendak eta informazio-iturri ezberdinen azterketa sartzen ahalko dira, ikasleak dituen gaitasunak erakusteko aukera izan dezan.
4. Ariketa bakoitzaren iraupena, bai proba orokorrekoak, bai berariazkokoak, ordu eta erdikoa izanen da.
5. Proba berariazkoaren irakasgaiei dagokienez, Unibertsitateak argitara emanen ditu ariketen edukiak.
21. artikulua.
1. Epaimahaia probaren deialdia egiten den urtean berean Unibertsitatean irakasten ari diren irakasleek osatuko dute. Lehentasuna izanen dute Unibertsitateak berak izendatutako arloko aholku-emaileek.
2. Epaimahaia eratzen denean, buruak kideei jakinaraziko dizkie antolaketa batzordeak hartutako irizpide orokorrak, egoki aplika ditzaten. Ikasleei ere jakinaraziko zaizkie, proba hasi aitzin.
3. Epaimahaiak antolaketa batzordeak ezarritako irizpide orokorren arabera zuzenduko ditu ariketak, hala nola azterketa proposamenetan zuzentzeko eta kalifikatzeko ezartzen diren irizpide berariazkoen arabera.
4. Mahaiburuak ikasleen anonimatua bermatuko du.
5. Lanak bukatutakoan, epaimahaiko buruak eta idazkariak txosten bat bidaliko diote antolaketa batzordeari, eta bertan ikasleen emaitzak eta prozesuan ikasleen edo mahaikideen inguruan gertatuko inguruabar guztiak jasoko dira.
22. artikulua. Ariketak zuzentzeko irizpideak.
Azterketa protokoloetan, nahitaez, zati bakoitzaren ponderazioaren berri eman beharko da. Kalifikazioak ahalik eta objektiboenak eta zuzenenak izan daitezen, emaitzekin batera zuzentzeko eta kalifikatzeko erabili diren irizpide berariazkoak argitaratuko dira, proba bukatu eta gero.
23. artikulua. Kalifikazioak
1. Probaren bi zatitan egin beharreko ariketa bakoitzari batetik hamar puntu bitarteko puntuazioa emanen zaie.
2. Lehenengo zatiaren kalifikazioa hiru ariketen batez besteko aritmetikoa izanen da. Bigarren zatiko kalifikazioa ateratzeko, batuketa hau eginen da: nahitaezko bi irakasgai bakoitzean lortutako emaitzaren ehuneko 40 gehi ikasleak hautatutako irakasgaian lortutako emaitzaren ehuneko 20. Probako azken emaitza bi probetan lortutako noten baturaren batez bestekoa izanen da.
3. Unibertsitatean sartzeko proba gainditzeko, behin betiko kalifikazioan bost puntu edo gehiago lortu behar dira.
24. artikulua. Erreklamazioak.
1. Ikasleak uste badu foru agindu honetako 22. eta 23. artikuluan aipatutako ebaluazio irizpide orokorrak eta/edo zuzentzeko irizpide berariazkoak oker aplikatuko direla, zilegi izanen du mahaiburuari eskatzea ariketen zuzenketa berrikusteko.
Horrelako eskaerak aurkezteko epea hiru egun baliodunekoa izanen da, emaitzak argitaratzen diren egunetik hasita.
2. Epaimahaiak emandako kalifikazioen aurka, ikasleek erreklamazioa aurkezten ahalko dute, antolaketa batzordeari zuzendua, aurreko atalean aipatutako epaimahaiaren ebazpena argitaratzen den egunetik hasita hiru egun balioduneko epean.
Antolaketa batzordeak hartzen duen ebazpenak amaiera emanen dio administrazio bideari.
2. Foru agindu hau Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Teknikora, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura eta Nafarroako Unibertsitate Publikora igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
3. Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2004ko abuztuaren 23an._Hezkuntza kontseilaria, Luis Campoy Zueco.
Iragarkiaren kodea: F0413330