101. ALDIZKARIA - 2004ko abuztuaren 23a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

I T Z A

Kultur eta kirol jardueretarako dirulaguntzak arautzen dituen ordenantza

Jendaurrean egoteko epea ireki zen iragarkia argitaraturik, maiatzaren 19an, 2004ko 60. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Herriko Etxeko iragarki oholean, eta epe hori iragan da inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe; beraz, behin betikoz onetsitzat jotzen da ondotik ematen den ordenantza, eta haren testua Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikulua betetzeko.

Itza Zendean, 2004ko martxoaren 25ean._Alkatea, María Socorro Pérez Ollo.

KULTUR ETA KIROL JARDUERETARAKO DIRULAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Itza Zendeako udalerrian dirulaguntzak emateko irizpideak eta prozedura egituratu eta finkatzea da ordenantza honen xedea. Helburu batzuk zehaztu nahi dira, eta herritar eta entitateei laguntza hauek baldintza beretan eskuratu ahal izateko aukera bermatu. Laguntza hauek udal eskumeneko zerbitzu eta jarduerak osatu edo ordezkatzen dituzten zerbitzu eta jardueretarako dira.

2. artikulua. Dirulaguntza da Udalaren kontura Udalbatzak ematen duen edozein sorospen, zuzenekoa zein zeharkakoa, ekonomikoki baloratzen ahal dena, hala nola, bekak, sariak eta laguntza pertsonaleko gainerako gastuak.

3. artikulua. Dirulaguntzak emateko, arau hauei jarraituko zaie:

1._Borondatezkoak eta aldi baterako izanen dira, ordenantza honek bertzelakorik xedatu ezik.

2._Ezin izanen dira aurrekaritzat hartu.

3._Salbuepenik ez bada, dirulaguntzak, gehienez, kasu bakoitzean dagokion jardueraren kostuaren 100eko 50 eginen du.

4._Ez da eskatzen ahalko dirulaguntza handitu edo berritzerik.

4. artikulua. Ez dute baliorik izanen dirulaguntzak emateko eskuzabaltasun hutsez hartzen diren erabakiek.

II. KAPITULUA

Eskatzaileak

5. artikulua. Honako hauek eskatzen ahalko dituzte dirulaguntzak:

A._Irabazteko asmorik gabeko entitate eta elkarteek, helbidea udalerrian badute.

B._Pertsona fisikoek, ekinbide jakin bateko talde baten ordezkari partikular gisa, baldin eta irabazteko asmorik gabea bada eta egoitza udalerrian badu.

III. KAPITULUA

Dirulaguntza jaso dezaketen jarduerak

6. artikulua. Hauek dira dirulaguntza har dezaketenak: eskaera egiten den urte berean udalerriaren barnean egiten diren jarduera programatuak, arlo hauetakoak izanik:

_Kirolak.

_Kultura.

7. artikulua. Hauek ezin izanen dute dirulaguntzarik bildu:

a) Udalerritik kanpo egiten diren jarduerek.

b) Lokalak egokitzeak edo eraikinetan egindako bertze edozein obrak.

c) Ondasun higiezinen erosketak.

IV. KAPITULUA

Eskaera egiteko prozedura

8. artikulua.

1._Udalak, osoko bilkuran, zenbateko bat finkatuko du urtero aurrekontuan, dirulaguntza jaso dezaketen jardueretarako.

2._Zenbatekoa aurkeztutako eskabideen artean banatuko da, urte bakoitzean finkatzen diren xedeen arabera.

3._Udalak deialdiaren oinarriak onetsi eta argitaratuko ditu urte bakoitzeko urtarril-martxoetan.

9. artikulua. Hurrengo urtean egin gogo diren jardueretarako dirulaguntzak jasotzeko eskabideak aurkeztu beharko dira. Eskabide horiek apiril-maiatzetan aurkeztu beharko dira.

10. artikulua. 5. artikuluan aipatzen diren eskatzaileek ondoko agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Jarduera bakoitzeko eskabide bana, entitateko buruak edo behar bezala egiaztatutako eskuordetza duenak sinatua. Dirulaguntza zein programa edo jardueratarako eskatzen den adieraziko da, baita jarduera bakoitzean aurreikusten den parte hartzaileen kopurua ere.

b) Egin gogo den eta dirulaguntza eskatzeko arrazoi den jardueraren programa zehatza eta haren aurrekontu osoa, atalez atal zehaztua.

V. KAPITULUA

Dirulaguntzak esleitzeko irizpideak

11. artikulua. Deialdiaren oinarriak onestean finkatzen diren irizpide berariazkoez gain, oinarrizkotzat jotzen dira honako hauek dirulaguntzak emateko:

a) Jarduerak Itza Zendearako duen interes orokorra.

b) Herritarren partaidetza zuzena programa hauetan.

c) Antzeko jardueren urria.

d) Oinarrizko kirolaren eta kulturaren sustapena, kirol eta kultur ikuskizunaren aurretik.

12. artikulua. Egindako eskaerak azterturik, Udalak ebazpena emanen du.

VI. KAPITULUA

Onuradunen betebeharrak.

13. artikulua. Diruz lagundutako jarduerak, zer urtetan ematen diren, urte horretako abenduaren 31 baino lehen burutu beharko dira.

14. artikulua. Jardueraren dokumentazioan eta inprimatutako propagandan Oltza Zendeako Udalaren dirulaguntza jaso duela adieraztea izanen da onartutako dirulaguntza jasotzeko baldintza.

15. artikulua. Dirulaguntza onarturik ez da baimenik emanen bertze deusetarako erabiltzea.

16. artikulua. Jarduera baterako dirulaguntzaren eskabidea aurkezte hutsak berarekin dakar ordenantza hau eta dirulaguntza emateko oinarriak jakitea eta onartzea.

17. artikulua. Ordenantza honetako betebehar eta zehaztapenak ez betetzeak dirulaguntza galtzea ekar dezake, eta betiere hurrengo deialdietan parte hartzeko eskubidea galtzea.

VII. KAPITULUA

Justifikazioa eta kobrantza

18. artikulua. Ordenantza honetako oinarrien arabera emandako dirulaguntza jasotzeko, beharrezkoa da diruz lagundutako jarduera egina izatea eta agiriok aurkeztea Herriko Etxean:

a) Egindako jardueraren memoria, xeheki emana.

b) Entitateko buruak sinatutako eskabidea, alkateari idatzia, dirulaguntzaren ordainketa eskatu beharrez. Bertan, kontu korrontearen zenbakia adierazi behar da, hartara transferentzia egiteko.

c) Emandako dirulaguntza zenbat, horrenbertze egiten duen faktura.

d) Jarduerak sortutako gastuen zerrenda eta dokumentazio idatzia.

e) Bertze entitate publiko nahiz pribatuek emandako dirulaguntzen zerrenda.

19. artikulua. Aurreko artikuluan aipatu fakturak baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Jatorrizkoak izatea, edo idazkariak konpultsatutako fotokopiak.

b) Dirulaguntza eman den urteko data izatea, eta jarduera puntuala izan bada jardueraren egunekoa izatea.

c) Hartzailearen N.A.N. edo I.F.K.-I.F.Z. edukitzea.

d) Etxe hornitzailearen zigilua eta izenpea edukitzea.

e) Eskaera egitean aurkeztutako aurrekontuaren araberakoa izatea.

20. artikulua. Jarduera egin eta ondoko 30 egunean aurkeztuko dira 18. artikuluan aipatutako frogagiriak. Udalak espedientea aztertuko du eta Udalak edo Alkatetzak onetsi eta, hala behar badu, ordainduko du, baina ahalmena izanen du dirulaguntza murrizteko, benetan egindako gastuei dagokien portzentajeraino.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Salbuespenez eta bakarrik 2004. urterako, Udalak ekainean onetsiko ditu deialdiaren oinarriak. Orobat eta bakarrik 2004. urterako, dirulaguntzak eskuratzeko eskabideak uztailean eta abuztuan aurkeztu beharko dira.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek 20 artikulu eta azken xedapen bat biltzen ditu, eta indarra hartuko du Udalak behin betikoz onetsitakoan eta testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denean, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/90 Foru Legearen 325. artikuluan agindutakoari jarraikiz.

Iragarkiaren kodea: L0412326