99. ALDIZKARIA - 2003ko abuztuaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

221/2003 FORU DEKRETUA, uztailaren 15ekoa, Uharteko Udalak sustaturiko "Ugarraldea kaleko atzeko aldean lur gaineko aparkaleku bat egiteko proiektua" izeneko obrek ukituriko ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adierazten duena, nahitaezko desjabetzapena egiteko.

Uharteko Udalak, 2002ko abuztuaren 1ean, "Ugarraldea kaleko atzeko aldean lur gaineko aparkaleku bat egiteko proiektua" izenekoaren interes orokorra eta onura publikoa adierazi zituen, baita obra haiek ukituriko ondasun eta eskubideak okupatu beharra ere.

Ukituriko ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean egoteko aginduzko epean ez da alegazio bat ere aurkeztu. Horregatik Uharteko Udalak, 2003ko apirilaren 3an hartutako Erabakiaren bidez, behin betikoz onetsi zuen ukituriko ondasun eta eskubideen zerrenda.

Presa adierazteko eskaera funtsa parte zaharrean aparkatzeko arazoak konpondu beharra da, toki entitatearen arabera, premia batzuk ase eta zirkulazioa antolatzeko. Horretarako laurogei aparkatoki sortu eta elbarriendako oztopoak kenduko dira, haiendako lau aparkatoki sortuz. Lau aparkatoki horiek gehitzen ahalko dira behar berriak badira.

Udalak dioenez, gaur egun egin asmo diren obrak egiteko prozesua eta bide arruntetik desjabetze prozesua elkarrekin koordinatzea zaila da. Horregatik lurra okupatzeko izapidea laburtu egin behar da. Hala ere, prozedurak aurrera eginen du berme juridiko guztiekin, ukituriko ondasun eta eskubideen justiprezioa zehazterakoan. Ukituriko lurrak sarri okupatu ezik, espedientea geldiaraziko da eta arriskua izanen da aparkalekua egin ez dadin eta horrek kalte eginen dio interes orokorrari.

Toki entitateak frogatu du, gainera, 2003ko aurrekontuan behar adina diru dagoela desjabetzapenaren ondoriozko kalte-ordainak pagatzeko.

Nafarroako Gobernuak, Uharteko Udalak alegaturikoak ikusirik, uste du justifikatua dagoela desjabetzapenak ukituriko ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak emandako eskumenak erabiliz, Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hiruko uztailaren hamabosteko bilkuran hartu zuen Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra._Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legearen 52. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Uharteko "Ugarraldea kaleko atzeko aldean lur gaineko aparkaleku bat egiteko proiektua" izeneko proiektuko obrek ukituriko ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea.

AZKEN XEDAPENA

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta hiruko uztailaren hamabostean._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Toki Administrazioko kontseilaria, Alberto Catalán Higueras.

Iragarkiaren kodea: C3226227