99. ALDIZKARIA - 2003ko abuztuaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

ERABAKIA, 2003ko uztailaren 15ekoa, Nafarroako Gobernuak hartua, "Vianako industrialdea" izeneko Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientea, Navarra de Suelo Industrial, S.A.k sustatua, onesten duena.

2003ko martxoaren 17an, Nafarroako Gobernuak, "Vianako industrialdea" izeneko Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedienteari hasiera ematea erabaki zuen, eta espedientea jendaurrean jartzea, uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legeak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzkoak agintzen duena betezeko. Erabaki hori 2003ko 43. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, apirilaren 7an.

Aldaketa egin da zertarako eta bideetarako erreserba bat kentzearen ondorioz, industrialdetik kanpoko azpiegituretatik sarbidea eta zerbitzuak izanen dituzten bi industri lurzati berri sortzearen ondorioz eta urbanizazioaren exekuzio fasean egin diren zenbait egokitzapenen ondorioz sortu diren beharrei egokitzeko.

I._Aurkeztutako alegazioak eta erantzuna.

Plan Sektorialaren aldaketaren jendaurreko epean Gregorio Galilea Arazuri jaunak, Vianako Udalaren alkate-udalburua baita, haren izenean eta hura ordezkatuz, alegazio-idazki bat aurkeztu du. Hona hemen idazkiaren laburpena eta eman zaion erantzuna:

Edukia:

Egun, dotazioetarako lurzatiaren eta poligonoko lurzatien arteko bidea kendu da. Bide hori kontsolidatuta dauden bost industriarako sarrera zen.

Udalaren ustez, Udalez Gaindiko Plan Sektorialak lurzati horietarako sarbidea bermatu behar du.

Erantzuna:

Alegatzaileak aipatutako industria horiek, gaur egun, sarbidea ipar-mendebaldetik dute, Iruña-Logroño N-111 errepidetik zuzenean.

Alegatzaileak ikusi du bide hori kenduko dela, baina, Viana-Recajo NA-6320 errepidetik enpresa horietara erabiltzen zen arren, behin betikoz onetsitako UGPSak kendu zuen. Gainera, bide hori ez zen publikoa, lurzati pribatu bat zeharkatzen zuen bide zortasun bat baizik.

Hala ere, aurreikusita zegoen lehengo bideak eskaintzen zuen sarbidea berriro jartzea, 9.1 lurzatian bide zortasuna ezarriz. Hori dena Birzatiketa proiektuan islatzen da.

Beraz, bidezko da alegazioa aintzat hartzea, Udalez Gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientean aurreikusi baita jada 9.1 lurzatian bide zortasuna ezartzea, Viana-Recajo NA-6320 errepidearen eta industria horien artean.

II._Aurkeztutako agiriak eta haien edukia.

Aurkeztutako agirietan NO-2 aldearen plano berri bat sartu da, non "lurzati balioanitzeko bide zortasuna" irudikatu baita, Vianako Udalaren alegazioari erantzuna emateko.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak 2003ko ekainaren 24an emandako txostena aintzat harturik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Aurkeztu diren alegazioak ebaztea erabaki honen azalpen zatian agertu den moduan.

2. Vianako industrialdea izeneko Udalez Gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientea, Navarra de Suelo Industrial, S.A.k sustatua, onestea.

3. Aditzera ematea erabaki honen kontra zilegi dela, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzea Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 116. eta 117. artikuluek agintzen dutenaren arabera; edo, bestela, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioan inpugnatzea, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 46. artikuluak agintzen duenaren arabera.

4. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuari, Navarra de Suelo Industrial, S.A.ri eta Vianako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta hiruko uztailaren hamabostean._Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Nafarroako Gobernuko idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: C3229036