99. ALDIZKARIA - 2003ko abuztuaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

280/2003 FORU AGINDUA, uztailaren 1ekoa, Garraio eta Telekomunikazio zuzendari nagusiak emana, Iruñeko 89,3 MHz-ko frekuentzia modulatuko uhin metrikoen soinuzko irrati-difusioko emisoraren kontzesioa Radio Blanca, S.A. enpresari berritzea onesten duena.

Radio Blanca, S.A. enpresak eskatu du frekuentzia modulatuko uhin metrikoen soinuzko irrati-difusioko emisoraren kontzesioa berritu dakiola. Iruñean dago eta haren frekuentzia 89.3 Mhz-koa da. Kontzesioa Nafarroako Gobernuak eman zion behin betikoz, 1992ko abenduko 28ko Erabakiaren bidez. Erabaki hori 1993ko urtarrilaren 13ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen.

Abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzkoak, 55. artikuluan ezartzen duenez, Nafarroari dagokio irrati-difusio eta telebistaren araubidea legez garatu eta aurrera eramatea, Irrati eta Telebistaren Estatutu Juridikoa arautzen duen legean ezarritako modu eta kasuetan.

Telekomunikazioen antolamenduari buruzko abenduaren 18ko 31/1987 Legeak, Telekomunikazioei buruzko apirilaren 24ko 11/98 Lege Orokor indardunaren seigarren xedapen iragankorraren bidez indarrean jarritakoak, bere 26.5 artikuluan xedatzen duenez, hedabide sozialetan eskumena duten autonomia erkidegoei, Nafarroari kasu, dagokie frekuentzia modulatuko uhin metrikoen soinuzko irrati-difusioko zerbitzuen kontzesioak ematea, eta arestian aipatu Telekomunikazioen antolamenduari buruzko Legeak, bere Seigarren Xedapen Gehigarrian, Zerga, Administrazio eta Gizarte arloko Neurriei buruzko abenduaren 30eko 53/2002 Legeko testuaren arabera, ezarri du kontzesioak hamar urterako eman eta epe berberako berritzen ahalko direla, salbu eta titularrak kontsesioaren funtsezko eginbeharren bat bete ez badu edo oinarrizko eskubideren bat urratzeagatik epai irmoaren bidez zigortu badute, legeek irrati eta argindar jabari publikoa erabiltzeko gaitasuna ematen duten tituluei ezarritako baldintzak deusetan galarazi gabe.

Beraz, kontzesioak berritzeko aukera ezarrita dago, eskuarki, aipatu Telekomunikazioen antolamenduari buruzko Legean. Gainera, kontuan hartu behar da honako kasu honetan, Frekuentzia Modulatuko Uhin Metrikozko Irrati Plan Tekniko Nazionala onetsi zuen ekainaren 8ko 1433/79 Errege Dekretuak bere 8.4 artikuluan ezarri zuen ezen, kontzesioak berritzen ahalko zirela baldin eta kontzesioaren hartzaileak eskatzen badu, eta berritzeko erabakigarria izanen zela kontzesioan ezarritako baldintzak zorrotz betetzea. Era berean, kontzesio horiek berritzeko aukera ezarria dago, hala otsailaren 15eko 37/1990 Foru Dekretuan nola azaroaren 10eko 336/1997 Foru Dekretuan, biek frekuentzia modulatuko uhin metrikoen soinuzko irrati-difusioko emisoren kontzesioak arautzen baitituzte Foru Komunitatean.

Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak, 2003ko ekainaren 12an, behar den adostasun txostena eman du. Bertan Radio Blanca, S.A.k kontzesioa berritzeko baldintzak bete dituela adierazten da eta, beraz, bidezko da hamar urterako onestea.

Horrenbestez, Telekomunikaziko Zerbitzuak jakinarazi eta proposatutakoarekin bat, eta urriaren 7ko 3912/1999 Foru Aginduaren bidez eskuordeturik ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Iruñeko 89,3 MHz-ko frekuentzia modulatuko uhin metrikoen soinuzko irrati-difusioko emisoraren kontzesioa berritzea, beste hamar urterako, Radio Blanca, S.A. enpresari (IFZ: A-28281368).

2. Emisora horrek hasierako kontzesioaren baldintza eta ezaugarrien arabera iraun beharko du lanean.

3. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

4. Ebazpen honen berri ematea Telekomunikazioetarako eta Informazioaren Gizarterako Estatuko Idazkaritzako Irrati-espektroa Planifikatu eta Kudeatzeko Zuzendariordetza Nagusiari, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluari, Telekomunikazio Zerbitzuari eta Radio Blanca, S.A. enpresari.

Iruñean, bi mila eta hiruko uztailaren batean._Garraio eta Telekomunikazio zuzendari nagusia, Angel Sanz Barea.

Iragarkiaren kodea: C3216361